Kometa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau argizagiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kometa (argipena)».
Hale-Bopp kometa

Astronomian, kometak eguzki sistemako argizagi mota bat dira, eguzkiaren inguruan orbita oso eliptikoak eginez orbitatzen dutenak. Asteroideak ez bezala, kometak Eguzkiaren ondotik pasatzen direnean sublimatzen diren material solidoz osaturik daude, eta isats edo adats moduko bat agertzen da, 30-80 milioi kilometrokoa.

Kometa hitza grezierazko komêtês (Κομήτης) hitzetik dator eta "iletsu"/"adasdun" esan nahi du, kometek duten isats edo adats luzea dela-eta.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mila bat kometa desberdinen behaketa egin da gaur egun arte. Urtero bost-hamar aurkitzen dira. Jatorriari dagokionez, gaur egun onartzen den teoriaren arabera, Eguzkitik berrogeita hamar mila UA-tara (unitate astronomikotara) dagoen Oort/Opik-en hodeitik datoz kometak. Izar hurbilenek eraginiko asaldatzeen ondorioz, hamar milioi urtetan behin bataz beste, kometa batzuk (bilioi bat kometa bide dauzkan hodeiko kometa kopuruaren hutsaren hurrengo zatia), Eguzki sistemarantz bulkatuak dira orbita ia parabolikoz. Horiek dira kometa berriak, noiz agertuko diren ezin aurrez esan daitezkeenak. Eguzkiak eta masa handiko planetek eraginiko gorabeherek kometaren ibilbidea alda dezakete, eta aldizkako bihurtu hura. Eguzkira hurbiltzen den aldioro orbita laburtzen du kometak eta gai lurrunkor asko galtzen du.

Eguzkitik urrun, kilometro gutxiko diametroko nukleo gotor eta hotza bihurtzen da kometa. 1941ean aurkitu zen molekula lurrunkorrezko (bereziki ur izoztu eta hautsezko) metatze batek osatzen du nukleoa.

Horretan oinarriturik, Whipple astronomoak, 1950ean, «elur zikinezko bolaren hipotesia» proposatu zuen, kometek zatiki gotor erregogorrez (esaterako hautsez eta zatiki lurrunkor izoztuez) eratuak daudela dioena. Eguzkira hurbiltzean, argi koroa distiratsu batek -hots, buruak- inguratzen du gunea, ikusten zaila dena. Buru horren erradioa ehun mila kilometrotik gorakoa izan daiteke, eta hautsez eta nukleo gotorretik sublimazioz sorturiko gasez eratua da.

Kometa baten orbita. Adatsa bi koloretan ikus daiteke: urdinez (gas partikulak) eta horiz (hauts partikulak), besteak beste.

Hautsa eta gasak espaziora igorriak dira eta han galtzen dira.

Burua uzten duten hauts aleek higidura tisolarra[erreferentzia behar] hartzen dute, fotoiek eraginda.

Hortaz, kometek ezaugarri duten isats kakotua sortzen da. Buruari harrapaturiko zatiki ioituei Eguzki-haizeak eragiten die, eta Eguzkiaren kontrako noranzkoan indarrez uxatuak dira; horrela sortzen da isats zuzena, begi hutsez ezin ikus daitekeena eta ehun milioi kilometro baino luzeagoa izan daitekeena. Kometaren zatirik argitsuenek, hots, buruak eta isatsen hasierak, adatsa osatzen dute, begi hutsez ikus daitekeena.

Parametroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen kometa ezgun batzuen parametroak:

Kometa Periodoa
(urteak)
Orbita parametroak
Eszentrikotasuna Afelioa
(ua)
Perihelioa (ua)
1P/Halley 75,31 0,967 35,1 0,586
2P/Encke 3,30 0,847 4,096 0,339
Hale-Bopp (C/1995 O1) 2537 0,994 371,146 0,914
108P/Ciffreo 7,23 0,542 5,774 1,713
13P/Olbers 69,51 0,930 32,635 1,178
West (C/1975 V1-A) 558306 0,999 13560,217 0,196
109P/Swift-Tuttle 133,28 0,963 51,225 0,959
3D/Biela 6,64 0,751 6,190 0,879
Bradfield (C/2004 F4) 3679 0,999 476,543 0,168
Bennett (C/1969 Y1) 1678 0,996 281,892 0,537
Morehouse (C/1908 R1) 1,0007

Historian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela gutxi arte, kometen agerraldiak hondamendiei lotuak gertatu dira.

Haren agerraldien eta hondamendien arteko loturaren froga gisa aipa daitezke bai K. a. 12. urteko agerraldia Agripinaren heriotzarekin lotzen zela, eta bai K.o. 66. urtekoa, berehala gertatuko zen Jerusalemen suntsitzearekin lotzen zena. 1453ko maiatzaren 29ko agerraldian turkiarren gudarosteak Konstantinopla hartu zuen.

Edmond Halley (1656 - 1742) ingeles astronomoak erakutsi zuen, Newtonek adierazi berriak zituen grabitazioaren legeak aplikatuz, kometa berarenak zirela 1531, 1607 eta 1682. urteetan gertaturiko agerraldiak. Haren orbita kalkulatu zuen eta 1758an berriro ikusiko zela iragarri zuen, eta hala izan zen. Halleyren iragarpenaren egiaztatzea erabakigarria izan zen kometek gal zezaten ordu arte egotzi izan zitzaien naturaz gaineko izaera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Kometa