Fisika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Wikiproiektu bat abian da
Fisika gaiari buruz.

Fisika materiaren, energiaren eta denbora-espazioaren propietate nagusiak aztertzen dituen eta naturako fenomenoei buruzko legeak finkatzea helburu duen zientzia edo jakintza da. Hau da, fisikak unibertsoko oinarrizko osagaiak eta beraien arten sortzen diren elkarrekintzak indarrak aztertzen dituen jakintza da. Fisikak materia inorganikoa hartzen du kontuan; biologia eta beste hainbat zientzia materia organikoaz arduratzen dira. Kimikako hainbat arlo fisikakoekin lotuta daude, esaterako gorputzen lotura elektrokimikoak.

Fisika hitza Grekozko φύσισ (phisis) naturatik dator.

Albert Einsteinen 1905an (bere annus mirabilis) erlatibitate bereziaren eta efektu fotoelektrikoaren inguruan argitaraturiko artikuluak direla eta, UNESCOk 2005 urtea Fisikaren Urteurrena mundu mailan aldarrikatu zuen.

Sarrera

Fisikak natura metodo zientifikoa erabiliz deskribatzen du, horretarako askotan fisikari teorikoek naturaren modeloak sortzen dituztelarik. Hasiera batean fisikak filosofia naturala ere kontutan hartzen zuen, XIX. mendean fisika eta filosofia jakintza ezberdintzat hartu ziren arte. Hala ere, gaur egun fisikako galdera askori filosofia erabiltzen aurkitzen zaie erantzuna, esaterako atomoaren zatiketari.

Jatorria

Sakontzeko, irakurri: « Fisikaren historia»

Munduaren azterketa zientifikoa non eta noiz sortu zen Historiaurreko garaietan galtzen da. Babiloniarren garaikoak dira Astronomia eta Astrologiari buruzko lehenengo berri idatziak; gainera zenbakikuntza-sistema asmatu zuten. Babiloniako jakituria Egipto eta Feniziara pasa bide zen: egiptoarrek matematikaren arloa landu zuten bereziki eta feniziarrek, itsas bidaiari handiak zirenez, astronomiari eman zioten garrantzia.

K.a. III. milurteko dokumentu zaharretan aurkitu denez, badirudi Ekialde Urruneko herrialdeetan ere eklipseak aurreikusteko gai zirela. Dena den gure zibilizazioaren iturburua Grezia izan zen eta Antzinako Grezian, "naturaren filosofia" zen Fisika. Munduaren izaerari buruzko teoria desberdinak sortu ziren, filosofiaren alorrekoak denak ere (Demokritoren atomismoa, estoikoen ikuspegi panteista, Aristoteleren dualismoa, etab.).

Hurrengo gune zientifiko garrantzitsua Alexandria izan zen, eta bertako Liburutegiaren inguruan zientzialari eta jakintsu askok egin zuten lan. Azalpen gutxi-gehiago filosofikoez gain, fenomenoen behaketa eta zuzeneko esperimentazioari ekin zitzaion (Arkimedesen hidrostatikari buruzko lanak eta printzipio famatua, argi-isladapenaren legeak, palankari buruzko legeak, etab.). Han eratu zuen Ptolomeok teoria geozentrikoa; elizak bere egin zuen ideia hori eta Lurra unibertsoaren zentrotzat onartu zuen Koperniko, Galileo eta Keplerren garaia iritsi arte.

Zenbait mende beranduago, arabiarrek Mediterraneoaren mendebaldea konkistatu zuten eta Grezia eta Alexandriako jakituria biltzeaz gain, aurkikuntza handiak egin zituzten alkimiaren eta optikaren arloan, besteak beste.

Diziplina independente moduan, XVI-XVII. mendeetan sortu zen Fisika, zientzi iraultza gertatu zen garaian hain zuzen. Kopernikoren teoria heliozentrikoak, Galileoren mekanikak eta Keplerrek planeten higidurarako emandako legeek, ondoren Isaac Newtonek burutu zuen lanean aurkitu zuten toki eta azalpen teoriko egokia.

Newtonekin aro berria sortu zen eta bere ondoren etorritako fisikarien lanek bultzada handia eman zioten Fisikari. XVIII. eta XIX. mendeetan, hau da, mekanika klasikoaren aroan, Newtonen munduaren teoria mekanizista gorputza hartu eta garatzen joan zen eta Galileok hasitako esperimentazioaren bideak ere aurrera egin zuen. Garai oparo horretan, zientzialari askoren lanari esker, finkatzen hasi ziren Fisikaren arlo nagusiak. Besteak beste hauek nabarmendu ziren:

XIX. mendearen bukaera aldera, zientzialari horiei guztiei esker, Fisikak naturako fenomeno makroskopiko gehienen azalpen egokia ematen zuen. XX. mendearen hasieran, eta bereziki atomoaren eta oinarrizko partikulen aurkikuntzaz gero, aurreko bi mendeetan indarrean egondako Newtonen mekanika-ideiak desegokiak gertatu ziren hainbat fenomeno azaltzeko. Mundu fisikoaren ikuspegia aldatu zuten bi teoria nagusi agertu ziren: Einsteinen erlatibitatearen teoria eta Schrodinger, Bohr eta beste askoren lanaren emaitza den mekanika kuantikoa. Erradioaktibitate naturala eta artifiziala, astrofisikaren garapena eta Unibertsoaren egitura eta historiari buruzko teoria kosmologikoak, oinarrizko partikulen fisika, egoera solidoaren fisika, etab. dira XX. mendeko Fisikak ezagutu dituen berrikuntza eta alor berri nagusiak.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fisika Aldatu lotura Wikidatan