Frantzisko I.a Frantziakoa
Frantzisko I.a Frantziakoa (Cognac, 1494ko irailaren 12a - Rambouillet, 1547ko martxoaren 31a) Frantziako erregea (1515-1547) izan zen.
[aldatu] Biografia
Historialariek lehendabiziko Frantziako errege pizkundetartzat dute. Suleiman Handia Otomandar Inperioaren buruzagia aliatu eta Henrike VIII.a Ingalaterrakoa eta Karlos I.a Espainiakoa izan zituen etsai nagusiak.
Angulemako dukea zen Karlos Orléanskoaren eta Luisa Saboiakoaren semea. Luis XII.a Frantziakoaren alaba Klaudiarekin ezkondu ondoren hartu zuen erregetza.
Marignanoko garaipenaren ondoren (1515), Milanerria eskuratu zuen. Karlos I.a Espainiakoaren politika inperialaren aurka azaldu zen. Gerra ugari izan zituen Espainiaren aurka eta guztiak galdu zituen: Nafarroako birkonkistan Joanes III.a Nafarroakoari laguntza eman zion: Donibane Garaziko erasoa (1521); La Bicoqueko guduan (1523) Milanerria galdu zuen; Paviako guduan, berriz, Henrike II.a Nafarroakoa berarekin zegoen, Juan Urbieta kapitainak Frantzisko preso hartu zuenean (1525).
Bere arreba Margarita, Eresmusen aldekoa zena, Joanes III.a Nafarroakoarekin ezkondu zen eta erregina zela hark lagunduta protestanteen aldeko politika egin zuen. Absolutismoa indartu eta noblezia ahuldu egin zuen. Frantzian Italiako errenazimentua joera sartu eta Frantziako Eskola "Collége de France" sortu zuen (1530). Fontainebleauko jauregia eraikiarazi zuen. Gainera, berak eramanarazi zituen Frantziara Leonardo da Vinci, Benvenuto Cellini, Primatice, etab.
[aldatu] Ezkontza eta seme-alabak
1514an, Luis XII.a Frantziakoaren alaba Klaudia ezkondu eta zazpi seme-alabak izan zituzten:
- Luisa (1515-1517)
- Karlota (1516-1524)
- Frantzisko (1518-1536)
- Henrike (1519-1559), oinordekoa eta Katalin Medici ezkondu zuena.
- Madalena (1520-1537), Jakue V.a Eskoziakoa ezkondu zuena
- Karlos (1522-1545)
- Margarita (1523-1574) Emmanuel Filiberto Savoiakoa ezkondu zuena.
1530ean Karlos I.a Espainiakoaren alaba Leonor ezkondu zuen baina ez zuten seme-alabarik izan.
| Aurrekoa Luis XII.a Frantziakoa |
Frantziako erregea 1515-1547 |
Ondorengoa Henrike II.a Frantziakoa |