Inariko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
XX. mende hasierako sami familia (1936).

Aanaarko, Aanarko, Anárko edo Inariko historiak Finlandiako Lappi eskualdean dagoen Inari udalerriko historia aztertzen du.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua Izotz Aroaren ondoren heldu zela uste da, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarra urtzen hasi zen garaian; Rahajärvi eta Inari aintziretan aurkitu diren aztarnek ere hipotesi hau baieztatzen dute, finlandiar arkeologo eta historialariek 8.000 urte inguruko adina dutela defendatzen baitute. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zutela pentsatzen da. Nahiz eta oraindik lurralde honen berezko biztanleen, samien jatorria ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen eta muturreko egoera klimatikoei aurre egiteko baliabideak garatu zituzten. Sami aitzindari hauek ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren eta guztiz nomadak zirela pentsatzen da; horrela, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatuko zuten etengabe. Inariko aintziren inguruan garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, hauen artean, ehiza-tresnak, harribitxi apaingarriak eta Säräisniemi taldekotzat jo diren zeramika puskak [1].

Erdi Aroan bizimoduak antzeko jarraitu zuen Inari eta Sápmi iparraldean. Biztanleria, sakabanaturik bizi ziren eta sasoiaren arabera egonlekuz aldatzen zuten hainbat sami herri edo taldek osatzen zuten; talde horiei batasuna ematen zien lotura kultura antzekotasuna eta lurralde banaketa ziren. Euren artean eta mugaz haraindiko beste sami taldeen artean harremana etengabea izango zela pentsatzen dute adituek, elkar trukeak urteetan zehar sendotutako sarea. Dena den, talde edo herri bakoitzak bizirauteko beharrezko guztia lortzen zuen ehizaren, arrantzaren eta bilketaren bitartez; beraz, horrek guztiak kanpotarrekin kontaktua izateko beharra gutxituko zuen. Bestalde, klima hotza dela-eta, aipatzekoa da atzerriko erresumek ez zutela saiakera berezirik egin lurraldea bereganatzeko XIV. mendera arte; ondorioz, uste da bertako biztanleek jatorrizko bizimodu eta kulturari eutsi ahal izan ziotela arazo handirik gabe [2][3].

XVIII. mende hasierako Pielpajärviko baseliza.

Suediar Erresuma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hain zuzen, XIV. mendearen hasieran hasi ziren zehazten Eskandinavia iparraldeko mugak. Ipar-ekialdeko merkataritza bideak oso garrantzitsuak ziren Norvegiar eta Suediar erresumentzat, eta Novgorodeko Errepublikaren erasoek ezbaian jartzen zuten hauen segurtasuna. Horrela, eskualdea bereganatzeko hainbat liskar izan zen erresuma hauen eta novgorodarren artean; baina, azkenean, 1323. eta 1326. urteetan iparraldeko mugak zehaztu ziren. Inari suediarren kontrolpean gelditu zen eta lurraldearen mendekotasuna bermatzeko, suediarrek zerga-sistema sendoa jarri zuten martxan. Dena den, herrialdeen arteko muga ez zen horren finkoa gertatu eta eskualdea Novgorodeko Errepublikaren ondorengoa izan zen Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren eskuen artean ibili zen hainbat mendez. XVI. mendean, azkenean, Laponia probintziaren mugak egonkortu egin ziren behin betiko eta eskualdea antzinako probintziaren esku gelditu zen. Inariko biztanleen -Inariko samien- lehenbiziko aipamena ere garai honetakoa da -zehazki, 1517. urtekoa- eta errusiar duke baten eskutik iritsi da gaur egunera. Izan ere, Inariko samiek talde berezi bat osatu zuten samien gizarte-sarean. Hizkuntza bereizgarria izateaz gain -inariera edo Inariko samiera-, euren bizimodua ere ezberdina izan zen luzaroan, XX. mendera arte bizimodu guztiz nomada mantentzea lortu zuen talde bakanetakoa izan baitzen. Batik bat, ehiza eta arrantzaren bidez bizirautea lortu zuten inariarrek eta gainontzeko sami taldeak bereizten dituen elur-orein zaintza, XX. mendean baino ez ziren bereganatzen hasiko [3].

Bestalde, inariarrek zeramaten oharkabeko bizimodua XVI. eta XVII. mendeen artean amaitu zen, suediarren eragina nabarmentzen hasi zen garaira arte, alegia. Kristautasunaren bultzadaz, lehen elizak eraikitzen hasi ziren Laponian. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; Inariko lehena Pielpajärviko baseliza izan zen, 1646. urtean eraiki zena. Ermita edo baseliza honek, dena den, XVIII. mende hasieran su hartu zuen eta gaur egun zutik dagoena 1760ko erreplika da. Horrela, kristautasunaren etorrerarekin batera, samiek xamanismoa alde batera utzi eta iristen hasi ziren finn kolonoen sinesmena bereganatu zuten; hau da, kristautzea bat-batekoa izan zen. Xamanismoa eta ohitura zaharrak mantendu zituzten samiek sorgin-ehiza latza jasan behar izan zuten eta asko erreak izan ziren; azkenerako, 1661. urterako, inariko sami guztiak kristautasunera bihurtuak ziren. Samien tradizio eta sinesmen ugari galdu ziren XVII. mendean; besteak beste, joik aurre-kristauen ohitura (livđe). Gainera, sektore ekonomiko berria iparraldean sortzeko helburuarekin, samiak elur-orein zaintzan hasteko laguntzak jasotzen hasi ziren Suediar Erresumaren eskutik [2].

Errusiar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. Dena den, egonkortasun handiko garai luzea izan zen eta Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren iparraldeko muga lasaitu egin zen. XVIII. mendean baina, Finlandiaren kontrola izateko guduak hasi ziren; Finlandiako Gerran, azkenik, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finn nazionalismoaren laguntzaz eta Finlandia Inperioko Dukerri Handi bihurtu zen. Hain zuzen ere, XIX. mende honen hasiera izan zen Inariren hazkuntza areagotu zen garaia; Ekialdeko Lappiko basoak ustiatzen hasi ziren eta baliabide naturalen erauzketak eta urre sukarrak herritar asko erakarri zituen hegoaldetik. Finn kolonoekin batera, beste kultura desberdineko samiak ere iristen hasi ziren. Hegoaldetik, Rovaniemi eta Kemijärvi ingurutik, Kemiko samiak iritsi ziren, kolonoek bereganatutako euren jatorrizko lurrak atzean utzita; iparraldetik, aldiz, 1852. urtean Norvegia eta Errusiaren arteko muga itxi egin zenean, iparraldean bizi ziren sami asko etorri zen Inarira, ipar samiak. Kemiko samiak Inarikoekin kultura eta hizkuntza antzekotasun handiagoa zutenez, bat egitea erraza izan zen; ipar samiekin harremana aberasgarria izan bazen ere, euren jatorrizko hizkuntza eta bizimoduari eutsi zioten eta gaur egun, udalerrian bizi diren bi sami talde desberdin dira. Nolanahi ere, herritar askoren etorrera ikusita eta kolonoen kokatzea bultzatzeko, eskualdea zerga-sistematik salbuetsia gelditu zen hainbat urtez; inariarrak lehenbiziko bizileku egonkorrak eraikitzen hasi ziren XVIII. mendearen erdialdean [3].

Petsamoko nikel-meatzeak (1930).

Udalerria 1876. urtean sortu zen. Hain zuzen, Inariko parrokiaren lurrak XVII. mendetik zehaztuak izan ziren arren, herritarrek ez zuten udalerri eskubidea urte hartara arte jasoko. 1876an, dagoeneko, hamar inariarretik bat finn etniakoa zen.

Independentzia eta Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende hasieran, Iraultza ondoren Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an. Independentzia kontuan finlandiar gehienak ados zeuden arren, bi alderdi nagusien botere nahiak herrialdea Gerra Zibilera bultzatu zuen. Rovaniemik eta gainontzeko Ipar Finlandiako udalerriek Armada Zuriaren alde egin zuten; Oulu, Tornio eta Kemi hiriak, aldiz, Sobiet Batasunaren laguntza zuen Armada Gorriak kontrolatzen zuen Finlandia iparraldeko eremu bakarra ziren. Hiri hauetako herritar gehienak industrian ziharduten langile sozialistak zirenez, Gerra Zibila deklaratu zen unean bertan, hiriak Armada Gorriaren agindutara ezarri ziren. Hala ere, sozialistek urtebetean Gerra Zibila galdu eta administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu eta Rovaniemi begiko hiri bihurtu zuen. Izendapen horrek eragin handia izan zuen Inari udalerrian, eskualdea Rovaniemi eta herrialdeak eskuratu berri zuen Ozeano Artikoko lurraldearen erdibidean baitzegoen. Hala, 1918. urtean, Ivalo herrian geltoki zuen Petsamoko trenbidea ireki zen, Rovaniemi eta kostaldearen arteko lotura eginez, eta Petsamoko nikel-meatzeak ustiatzen hasi ziren. Ivalo hazten hasi eta Inari udalerriaren herrigune nagusi bihurtu zen. Irekiera hau, dena den, ez zen horren onuragarria izan inariarrentzat, 1919ko abenduan espainiar gripea iritsi baitzen udalerrira eta pare bat hilabetean garaiko biztanleria osoaren %10a hil baitzuen; guztira, 190 inariar. 1920rako, dagoeneko finn jatorriko herritarrak samiak baino gehiago ziren udalerrian; hain zuzen, finn inariarrak 930 ziren eta samiak, aldiz, 806 baino ez [4].

Udalerriaren eta eskualdearen urre-aro honetan, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Hirugarren Reicharekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak Lappin egokitu ziren eta herrialdearen defentsa antolatzeari ekin zioten. Finlandia astindu zuten Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerraren ondoren, herrialdeak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu behar izan zuen; akordio hau gauzatzeko, finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, alemaniarrak finlandiar lurraldetik botatzea. Laponiako Gerra hasi zen 1944ko urriaren 1ean eta Inariko biztanleak Suediara eta hego Finlandiara eraman zituzten. Lappin zeuden 200.000 soldadu alemaniarrek, bestalde, bizilagun den Norvegiara, Reicharen herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, Lothar Rendulic ofizialak probintzia osoa suntsitzeko agindua eman zuen. Finlandiar soldaduak Kemi eta Tornio ingurura joan ziren alemaniarrak bertako portu estrategikoetatik urruntzen saiatzeko eta bitartean, nazien XVII. batailoiak gotorleku sendoena zuten hiriaren jabe egin ziren, Rovaniemiren jabe hain zuzen ere. Urriaren 9an, alemaniar soldaduak hiriko azpiegitura, instalazio eta finlandiar administrazioaren eraikin nagusiak suntsitzen hasiak ziren. Laponian zegoen bigarren batailoi alemaniarrak -XXXII. batailoiak-, aldiz, iparralderantz egin zuen; Sodankylä-Ivalo-Utsjoki bidetik Norvegiara heltzea zuten helburu. Ihesean, ez zuten gainontzeko batailoiek aurkitutako erresistentziarik jasan eta arazorik gabe iritsi ziren mugaraino. Hori bai, bidean, topatutako herri guztiak suntsitzeaz arduratu ziren; hauen artean, Sodankylä eta Ivalo 1944ko azaroaren 5ean. Hala ere, inariarrak babesean zeudenez, hildakorik ez zen izan eta onik itzuli ahal izan ziren udalerrira; gerra garaipenak, era berean, berreraikitze lanak arindu zituen [5][6].

Ivalo herria, Laponiako Gerra ondoren (1944).

Gerraren ezkutuko albo-kalteak errefuxiatuak izan ziren. Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerra amaitu zirenean, 1939. eta 1941. urteetan, Finlandiak Ozeano Artikoan zituen lurraldeak galdu egin zituen: Ribatxi penintsula lehenik; ondoren, Petsamo udalerria. Ondorioz, bertako herritarrek bizilekuz aldatu behar izan zuten. Gehienak skolt samiak ziren, hizkuntza -skolt samiera- eta ohituragatik gainontzeko samiengandik bereizten direnak; horrela, Suonikylän bizi ziren samiak Näätämö eta Sevettijärvi herrietan geratu ziren; Paatsjoki ibaiaren inguruan bizi zirenak, aldiz, Keväjärvira joan ziren; eta Petsamokoak, azkenik, Nellim herrian amaitu zuten. Mugimendu fluxu honek erabat aldatu zuen Inari udalerriaren banaketa etnikoa eta eskualdearen jatorrizko biztanleak ziren Inariko samiek euren lurrak banatu behar izan zituzten [7].

Historia garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala eta guztiz ere, Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu (Parisko Itunaren ondorioz, Inarik Jäniskoski–Niskakoski lurraldea galdu zuen) eta 40 urtean, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuenetakoa bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen hain oparoa izan udalerriarentzat, industriak ez baitzituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta samiak jatorrizko ekonomiatik bizirauten jarraitu zuten 1950eko hamarkadara arte. Hain zuzen ere, hamarkada horretan arrantza industria iritsi zen Inari aintzirara. Hegoaldetik etorritako finlandiar arrantzaleek lakua hustu egin zuten urte gutxian eta gehiegizko arrantzak Inariko samien natura baliabide aberatsenarekin amaitu zuen.

1970eko hamarkadatik aurrera, aldiz, aintzira eta natura basatia babesteko ekintzak jarri ziren abian. Arrantza industriak udalerriaren motore ekonomiko nagusi izateari utzi zion eta turismo berdearen aldeko apostua egin zen Inariko Udaletik. Horrela, parke nazionalak eta eremu basatiak sustatzen hasi ziren eta negu-kirolak praktikatzeko aproposak diren muinoen artean dagoen Saariselkä herriak ere bultzada handia izan zuen. Dena den, 1990eko hamarkadatik aurrera, gero eta herritar gutxiago bizi da Inarin, batik bat, lan esparru zabalagoa bilatzen duten inariarren leku aldatzearen ondorioz. Samiak, aldiz, elur-orein zaintzaz arduratzen dira, turismoarekin eta basogintzarekin batera udalerriaren egungo motore ekonomikoa dena [3].

Bi talde etniko nagusi egon arren, finnak (%65a) eta samiak (%30a) guztiz bateratuak daude egunerokoan eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira XXI. mendean. Samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen udalerriak Enontekiö, Sodankylä eta Utsjokirekin batera 1973. urtean eta Sami Parlamentua, hain zuzen ere, Inarin eraikia izan zen 1996ean. Aipatzekoa da hiru sami kultura desberdin bereizten direla udalerrian: ipar samiak, jatorrizko Inariko samiak, eta Petsamo lurraldean bizi ziren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren erbesteratuak izan ziren skolt samiak, gaur egun Näätämö, Nellim eta Sevettijärvi herrietan bizi direnak [8].

Dena den, azken urteotan hainbat istilu izan da babestutako eremuen kontura. 2005. urtean, esaterako, sami abeltzainek eta Greenpeace erakundeak bat egin zuten Metsähallitus enpresaren aurka egiteko. Metsähallitusek pinu basoen %40a babestea erabaki bazuen ere, babestutako eremu hau emankorrak ez ziren eta sartzen zailak ziren basoek osatzen zutela salatu zuten talde ekologistak eta samiek. Hain zuzen ere, sami abeltzainek euren aspaldiko kultura mantentzeko eta neguan elur-oreinak elikatu ahal izateko ezinbestekoak dituzte udalerriko pinudiak eta zuhaitzen azalak; eta neurri horren ondorioz, eskura zeuden eta aspalditik samien egonleku izandako basoak babesgabe gelditzen ziren. Erabakiak Inariko pinu basoak herrialdeko papergintza enpresa nagusien esku gelditzeko erraztasuna ematen zuela salatu zuten aldarrikatzaileek. Azkenean, hainbat urteren ostean, Finlandiako Gobernua, Metsähallitus, Greenpeace eta samiak akordio batera iritsi ziren eta babestutako eremua %40tik %80ra zabaltzea adostu zuten 2010ean. Negoziazioan parte hartu zuten alderdi guztiak ados agertu baziren ere, Inariko Udalak urtero udalerriko naturaren gainean eskumena zabaltzeko aldarria egiten jarraitzen du [9].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Inarin esihistoria 2011.06.24
  2. a b Ojanlatva, Eija. «Historia Anarâš», Siida. Viitattu 2010.08.04
  3. a b c d Lehtola, Teuvo (1998). «Inarin historia 1500-luvulta jälleenrakennusaikaan». S.22.
  4. Lapin historia Saamelaiset ja poronhoito. 2013.05.02
  5. Helsingin Sanomat Lapin sota. 2012.02.26
  6. Lapin sota 2012.02.26
  7. Lehtola, Veli-Pekka (1997). «Saamelaiset - historia, yhteiskunta, taide». Gummerus: Jyväskylkä. ISBN 951-97541-2-1.
  8. Samediggi 2013.05.02
  9. Greenpeace 80,000 Hectares of Finnish Forest Protected in Landmark deal. 2013.04.10

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]