Enontekiö

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Eanodat / Enontekiö

Enontekiöko armarria
Armarria
Berezko izena Eanodaga gielda (ip. samieraz)
Enontekiön kunta (finlandieraz)
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Tunturi Lappiko azpieskualdea
Alkatea Pentti Keskitalo
Sorrera 1877
Eanodat / Enontekiö Finlandiako mapan
Koordenatuak 68°23′05″N 23°38′20″E / 68.38472°N 23.63889°E / 68.38472; 23.63889Koordenatuak: 68°23′05″N 23°38′20″E / 68.38472°N 23.63889°E / 68.38472; 23.63889
Azalera
-Ur-azalera
8.391,39 km² [1]
445,84 km² (%5,3)
Biztanleria
Dentsitatea
Ama hizkuntza
- Finlandiera
- Ipar samiera
- Besteak
1.889 (2011.07.31) [2]
0,24 bizt/km²
(2010) [3]
% 88,6 (ofiziala)
% 10,0 (ofiziala)
% 1,4
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Ingelesez)
(Samieraz)

Eanodat edo Enontekiö (inarieraz, Iänudâh; suedieraz, Enontekis) iparreko Lappi eskualde finlandiarrean dagoen udalerria da. Zehazki, Finlandia, Norvegia eta Suedia herrialdeen arteko muga hirukoitzean dago, muinoen ugaritasunagatik Tunturi Lappi deitzen den lurraldean. Utsjoki eta Inari ondoren, Europar Batasunean iparren dagoen udalerria da eta, hauekin eta Sodankylä udalerriarekin batera, Finlandiako Sami Lurraldea osatzen du. Enontekiök, gutxi gorabehera, 1.900 bizilagun ditu 8.391,39 km²-ko azaleran (lau aldiz Gipuzkoa osoa), eta honengatik, biztanle dentsitate txikieneko herrialdeko bigarren udalerria da. Azken urteotan, gainera, biztanleria gutxinaka jaisten ari da, batik bat Rovaniemi hirira lan bila doazen herritarrengatik. Bestetik, nabarmentzekoa da azalera guztiaren %80a baino gehiago babestutako eremuek osatzen dutela; hauen artean, aipatzekoak dira Käsivarsi Eremu Basatia, Malla Natura Erreserba Hertsia eta, batez ere, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala.

Hizkuntza ofizialak finlandiera eta ipar samiera dira eta herritar gehienak elebidunak dira; hala ere, hizkuntza nagusia lehenengoa da, ipar samiera ama hizkuntza duten herritarrak ez baitira berrehunera ere iristen (%10a). Dena den, sami etniako biztanleen ehunekoa herrialdeko altuenetarikoa da, %30ekoa, eta Sápmi lurraldea osatzen duten udalerrietako bat ere bada [4].

Herrialdeak irudimenaren laguntzaz emakumezko itxura duenez, Finlandian Käsivarsi (besoa) bezala ezagunagoa da, hain zuzen ere, emakumezko pertsonifikazio horren eskuineko besoaren lekuan dagoelako. "Eanodat" edo "Enontekiö" izena, aldiz, 1877. urtean udalerria osatzen duten herriek baterakuntzari eman zioten izena da; beraz, garrantzitsua da aipatzea ez dagoela izen hau jasotzen duen biztanle-gunerik.

Eduki-taula

[aldatu] Geografia

Sakontzeko, irakurri: Enontekiöko geografia

Finlandiako ipar-mendebaldeko muturrean dago udalerria eta Eskandinaviako hirukoitzean Norvegia eta Suediarekin egiten du muga. Bizilagunak Inari ekialdean, Kittilä eta Muonio hegoaldean, Kåfjord, Kautokeino, Nordreisa eta Storfjord udalerri norvegiarrak iparraldean eta mendebaldeko Kiruna suediarra dira. Tunturi Lappi azpieskualdean dago, herrialdeko inguru muinotsu bakarrean, eta 8.391,39 km²-ko azalera du; horrela, Finlandiako hirugarren udalerri zabalena da, Euskal Autonomia Erkidegoa baino handiagoa. Klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira; hegoaldeko muga izeien esku dago, baina iparrerantz jotzen dugun heinean, pinudiak agertzen hasten dira. Hetta herriaren inguruan, urki zilarkara zuhaitz nazionalak bihurtzen dira nagusi eta Pöyrisjärvi aintziraren bazterreko dunak, aldiz, landare ezohikoen bizilekua dira. Ipar-mendebaldeko lurretan eta 600 metro goitiko ingurunetan, bestalde, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak dauden inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenak.

Udalerria Zirkulu Polar Artikoa paraleloaren gainean dago, 200-350 bat km iparrera; honenbestez, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren 22tik uztailaren 23ra; gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, abenduaren 2tik urtarrilaren 11ra izaten da. Enontekiöko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain izozgarriak, Ozeano Artikora iristen diren ur-korronte beroek neguak leuntzen dituztelako. Bestetik, Kilpisjärvi herri inguruko eremuetan eta 600 metro goitiko muinoetan klima polarra nagusitzen da. Samiek antzinean, eta gaur egun oraindik ere egiten dituzten egutegietan, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [5].

 
2010eko Enontekiöko klima datuak [6][7]
Hetta
Klima subartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 2 -1 1 8 23 20 22 21 17 11 1 0 10,4
Batez besteko maximoa ºC -11,2 -14,2 -5,9 2,3 10,1 12,8 17,5 14 10,3 2,9 -9,9 -10,4 1,5
Batez bestekoa ºC -15 -19 -11,5 -0,7 6 9,1 13,9 10 5,8 0,4 -13,6 -14,5 -2,4
Batez besteko minimoa ºC -19,1 -25 -18,7 -5,6 1 4,2 9,6 5,1 0,2 -3 -18,1 -19,2 -7,4
Minimoa ºC -35 -39 -34 -11 -9 0 5 0 -5 -22 -31 -31 -17,6
Prezipitazio-egunak 28 28 25 19 20 15 26 22 17 24 29 26 279
Kilpisjärvi
Klima polarra Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 3,2 1,6 2,5 3,7 15,6 17,2 20,8 20,6 17,4 11,5 1,4 2,1 9,8
Batez besteko maximoa ºC -8,4 -12,3 -6,6 2 7,6 10,1 15,7 13,5 9,9 2,7 -6,8 -8 1,6
Batez bestekoa ºC -13,6 -18,3 -12,7 -3,5 3,4 6 11,3 9,1 6 0,3 -11,3 -12,9 -3
Batez besteko minimoa ºC -18,7 -24,9 -20,5 -10,3 -1,1 2,3 7,5 5 2,1 -2,7 -16,1 -19,3 -8,1
Minimoa ºC -32,1 -38,2 -32,3 -21,4 -11,1 -2,6 2,5 -0,4 -0,8 -11,4 -29,1 -31,2 -17,3
Prezipitazio-egunak 27 25 29 27 23 24 23 20 14 25 29 30 296

Herrialdeko udalerri garaiena da, bertan baitaude Finlandiako hogeita hamahiru gailur garaienak; hauen artean, Ailakkavaara, Halti, Kovddoskaisi, Ridnitšohkka, bisitari gehien jasotzen dituen Saana eta Saivaara dira muino aipagarrienak. Udalerriko eta herrialde osoko sabaia, lehen aipaturiko Halti edo Haldi muinoa da. Norvegia eta Finlandia artean dagoen muino mugakide honek, guztira, 1.328 metro ditu eta sami kulturan garrantzia handia izan duen lekua da. Muino guzti hauek Eskandinaviako mendietako ekialdeko muturrean daude eta hauetariko batean, Stuorrahanoaivin zehazki, Struve zientzialaria munduaren tamaina zehazten saiatu zen XIX. mendearen hasieran. Muino hau Struveren Geodesia-Arkua izeneko Gizateriaren Ondare kulturalaren parte da gaur egun [8].

Ipar argiak Enontekiöko zeru oskarbian.

Guztira, 825 aintzira daude udalerrian eta ur-eremua bere azalera guztiaren %5a inguru da, 445,61 km². Enontekiöko aintzira ezagun eta nagusienak, hain zuzen ere, Ounasjärvi, Pöyrisjärvi eta izen bereko herriaren ondoan dagoen Kilpisjärvi aintzirak dira; ibai luzeenak, berriz, Lappi eta Suediaren arteko muga marrazten duten Könkämäeno eta Muonio, eta Lätäseno ibaiak dira. Muino garaienez eta Utsjokiko Fielluz gain, herrialdeko ur-jauzi handienak ere udalerrian daude, Kitsiputous eta 17 m-ko garaiera duen Pihtsusköngäs ur-jauziak, esate baterako. Ur-eremu honetan, urtero milaka arrantzale erakartzen dituzten arrainak bizi dira, amuarrain marroiak, izokinak eta laponiako amuarrainak besteak beste [9].

Lurraren %83a jabetza nazionala da eta hau Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala ospetsuak, Malla Natura Erreserba Hertsiak eta Käsivarsi, Pulju, Pöyrisjärvi eta Tarvantovaara eremu basatiek osatzen dute; gainontzekoa baso txikiek eta jabetza pribatuek osatzen dute. Aipagarria da baso-eremua %19koa baino ez dela (Finlandiako batez bestekoa %72,9a da) eta azalera, lehen aipatutako ur-eremuak, zelai zabalek, inguru zingiratsu eta paduratsuek, eta tundra eremuek osatzen dutela [10].

Saana muinotik ikusten den paraje izugarria.

Faunari dagokienez, animalia artiko batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota ugari klima hotza dela-eta. Uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltza eta belatz txikia motako harrapariak, bernagorriak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, istingor arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi-txontak, mirotz zuriak, mokokerrak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurki daitezke aintziretan, haien artean, ahate gorriztak, ahatebeltzak, ahatebeltz hegalzuriak, beltxarga oihulariak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak, aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira [11].

Ugaztunen taldea, azkenik, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatunek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, tundrako otsoek, ur-ipurtatsek, ur-satitsu hankazuriek eta elur-orein basati eta etxekotu ospetsuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat. Hauek guztiak, lehen aipaturiko eremu basatietan, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean eta Malla Natura Erreserba Hertsian babestuak daude [12].


[aldatu] Historia

Sakontzeko, irakurri: Tunturi Lappiko historia

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua Izotz Aroaren ondoren heldu zela uste da, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarra urtzen hasi zen garaian; Ounasjärvi aintziran aurkitu diren aztarnek ere hipotesi hau baieztatzen dute, finlandiar arkeologo eta historialariek 8000 urte inguruko adina dutela defendatzen baitute. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zutela pentsatzen da. Nahiz eta oraindik lurralde honen berezko biztanleen, samien jatorria ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen eta muturreko egoera klimatikoei aurre egiteko baliabideak garatu zituzten. Sami aitzindari hauek ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren eta guztiz nomadak zirela pentsatzen da; horrela, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatuko zuten etengabe. Ounasjärvi, Muotkajärvi, Periläjärvi eta Pöyrisjärvi aintziren inguruetan garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, hauen artean, ehiza-tresnak, harribitxi apaingarriak, oinarrizko margolanak eta hainbat hilobi [13].

Tunturien Lappi lurraldea; XVIII. mendeko marrazkia.

Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen eta Erresumak eginiko lurralde banaketan, eskualdea antzinako Laponia probintzian ezarri zuten. Iparraldeko samiek zergak ordaindu behar izaten zituzten arren, eskualde hau ez zen oso oparoa, eta ondorioz, uste da bertako biztanleek jatorrizko bizimodu eta kulturari eutsi ziotela arazo handirik gabe. Kristautasuna ere suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mende inguruan eta orduan, lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; guztietan lehena Markkina herrixkakoa izan zen, 1611. urtean eraiki zutena. Kristautasunarekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, egonkortasun egoera honi esker, samien elur-orein zaintzaren kultura hasi zela uste dute adituek. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren (eta diren) samiek, haien artean enontekiöarrek, bizimodu berezi honengatik ipar sami deitura jaso zuten.

XVII. mende bukaeran ere Izotz Aro Txikia izan zen eta samiek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. XVIII. mendearekin batera, aldiz, egonkortasun garai luzea eten zen eta Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar inperioen arteko guduak hasi ziren. Azkenik, ia ehun urteko gatazken bukaera Finlandiar Gerra izan zen eta Errusiar Inperioak herrialdea bere osotasunean bereganatzea lortu zuen finn nazionalismo jaioberriaren laguntzaz. Aldaketa hau eman zenean, hainbat arazo bizi izan zituzten abeltzaintzatik bizi ziren samiek. Izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira, hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela-eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak; eta horregatik, samiek elur-oreinak Ozeano Artikoaren kostaldera -Norvegiara- eraman behar izaten zituzten neguan; baina, Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituztenez -1889an eta 1852an hurrenez hurren-, bertako samiak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Gainera, Muonio eta Torne ibaietako muga berriak ezarri zirenean, Kaaresuvanto eta Kuttanen moduko herriak, ibaiek zeharkatzen dituzten herriak hain zuzen ere, alde suediarraren eta finlandiarraren artean banaturik gelditu ziren [14].

Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1877. urtean, gaur egun udala osatzen duten herriak batu eta udalerri berri bat sortu zuten. Baterakuntza horri "Eanodat" edo "Enontekiö" izena eman zion batzarrak, udalerriak gaur egunera arte mantendu duen izena.

Errusiaren menpe ehun urte egon ondoren, Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu zuen. Estatus aldaketa hau oraindik errotu eta egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak udalerriko herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten; Enontekiön, esaterako, aireportua eta gaur egun museo bat den Sturmbock gotorlekua eraiki zituzten. Finlandia astindu zuten Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerraren ondoren, herrialdeak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu behar izan zuen; akordio hau gauzatzeko, finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, alemaniarrak finlandiar lurretatik botatzea. Horrela, gutxira arte soldadu nazien kide izandako finlandiarrak hauek jazartzeari ekin zioten eta bizilagun den Norvegiara, Hirugarren Reicharen herrialde satelitera, alde egitea galarazteko, soldaduak Enontekiö eta gainontzeko mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, alemaniarrek herrixka gehienak erre eta suntsitu baitzituzten -haien artean, Hetta eta Kilpisjärvi-, baina finlandiarren garaipenak, behintzat, hauen berreraikitzea arindu zuen [15].

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen hain ona izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin behar izan zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten. Nahiz eta gaur egun gero eta egitura garatuagoak iristen diren turismoari esker, eskualdeak elur-orein zaintzan murgilduta jarraitzen du oraindik eta, horregatik, lan aukera handiagoa nahi duten biztanleek urtero-urtero udalerriaren biztanleria jaisten dute.

Bi talde etniko nagusi izan arren, finlandiarrak eta samiak guztiz bateratuak daude egunerokoan, eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira XXI. mendean. Samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen Enontekiök 1973. urtean Inari, Sodankylä eta Utsjoki udalerriekin batera; 2008tik Klemetti Näkkäläjärvi enontekiöarra da erakundeko ordezkari nagusia [16].

[aldatu] Administrazioa

[aldatu] Garraio azpiegiturak

Sakontzeko, irakurri: Enontekiö aireportua

Enontekiö hain handia eta soila denez, bertatik mugitzea ez da erraza autoz ez bada; ez dago iparralderaino doan trenik eta tren-geltoki hurbilena Kolarin dago (150 bat km hegoaldera). Aireportua da Helsinkitik bertara iristeko modu errazena, baina Rovaniemi Lappiko hiriburutik edota inguruko beste udalerrietatik iristeko autoa edo busa hartu beharra dago.

21E 8 Valtatie 21: Tornio-Kilpisjärvi
93 Kantatie 93: Palojoensuu-Kivilompolo
956 Seututie 956: Sirkka (Kittilä)-Hetta
957 Seututie 957: Särkijärvi (Muonio)-Peltovuoma
959E 45 Seututie 959: Kaaresuvanto-Karesuando (Kiruna)

Botniako golkoan hasten den Valtatie 21 autobideak udalerria zeharkatzen du hegoaldetik iparraldera eta Tornio hiritik muga hirukoitzerainoko bidea egiten du Torne, Muonio eta Könkämäeno ibaien ertzetik; guztira, 459 km ditu eta Tornio, Ylitornio, Pello, Kolari, Muonio eta Enontekiö udalerriak zeharkatzen ditu. Bestalde, herrixkak elkarren artean batzen dituzten bigarren mailako errepideak ere badaude, haien artean, Kantatie 93 errepidea, Palojoensuutik Hettara eta bertatik Kivilompolo Norvegiako muga-kontroladorera doana. Errepide bidez iristea ezinezkoa den herrixka bakarra, abeltzain samiak baino bizi ez diren iparreko Raittijärvi da, Käsivarsi Eremu Basatiaren erdian dagoen herria. Mugako herrialdeetara igarotzeko, aldiz, errepidezko lau muga nagusi daude: Kaaresuvantotik eta Saivomuotkatik Suediara, eta lehen aipatutako Kivilompolotik eta Kilpisjärvi herritik Norvegiara [17][18].

Bestalde, Hetta eta Muotkajärvi herrixken artean, alemaniarrek Jarraipenaren Gerran eraiki zuten eta Enontekiöko azpiegitura nagusia den aireportua dago, Enontekiö aireportua. Udaberrian larunbatero, eta martxotik maiatzera egunero, Helsinki hiriburuko aireportura eta Parisko Charles de Gaullera hegaldiak daude. Esan behar da Lappi eskualde osoko aireportu txikiena dela eta 2010. urtean 16.023 bidaiari baino ez zirela igaro bertatik (aurreko urtean baino %9,4 gutxiago). Aireportuaz gain, Kilpisjärvin heliportu txiki bat ere badago, larrialdietarako eta hegaldi berezienetarako baino erabiltzen ez dena [19].

[aldatu] Banaketa

Sakontzeko, irakurri: Enontekiöko herriak

Nahiz eta beti bateraturik aurkezten diren, udalerria hainbat herritan dago antolatua; hala, ez dago "Eanodat" edo "Enontekiö" izeneko biztanle-gunerik. XVIII. mendean Errusiar Inperioak Finlandia bereganatu zuenean eta Suediako eta Norvegiako mugak itxi egin zituztenean -1889an eta 1852an, hurrenez hurren-, elur-orein zaintzatik bizi ziren bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Muonio eta Torne ibaietako muga berriak ezarri zirenean, gainera, Kaaresuvanto eta Kuttanen bezalako herriak alde suediarrean eta finlandiarrean banaturik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1877. urtean, gaur egun Eanodat/Enontekiö osatzen duten herriak batu eta udalerri berri bat sortu zuten.

Herri gehienak hego-mendebaldean daude, Könkämäeno eta Muonio ibaien hertzean, Suediako mugan; hauen artean, aipatzekoak dira turista gehien jasotzen dituen eta herrialdearen ipar-mendebaldeko muturrean dagoen Kilpisjärvi edo Gilbbesjávri, bostehuna biztanle dituzten eta bi herrialderen artean banaturik dauden Kaaresuvanto (Gárasavvon) eta Kuttanen (Cuhttás), Neahčil (finlandieraz, Näkkälä) sami herria, eta historian garrantzi handia izan duen Markkina edo Márkan. Hala ere, herri nagusia, 800 bat biztanle dituen Hetta edo Heahttá "hiriburua" da. Bertan daude eliza, denda, bulego eta azpiegitura nagusiak eta udalerriari kohesioa ematen dion erdigunea da.

Hauek dira Enontekiöko herriak:

Enontekiöko herrixken mapa

Lehen izendapena finlandieraz, bigarrena ipar samieraz eta kako artean inarieraz.
100 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.

[aldatu] Hiri senidetuak

Senidetasun hitzarmenik ez dagoen arren, mugaz gaindiko Kautokeino, Kiruna eta Storfjord udalerriek eta Enontekiök elkar-laguntza eta kooperazio akordioak adostu dituzte azken urteotan.

[aldatu] Udala

Enontekiöko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalak aukeratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2008ko urriaren 26ean ospatu ziren udal hauteskundeetako emaitzetatik eratu zen.

Enontekiöko Udalbatza [20]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Enontekiöko udalbatza
-- Zentroko Alderdia 10 Red Arrow Down.svg 3 % 49,9
-- Koalizio Nazionala 2 Straight Line Steady.svg 0 % 14,0
-- Alderdi Sozial-Demokrata 2 Straight Line Steady.svg 0 % 12,7
-- Johtti Sápmela 2 Red Arrow Down.svg 1 % 12,6
-- Liga Berdea 1 Green Arrow Up Darker.svg 1 % 9,8

Udalbatza 17 ordezkarik osatzen dute eta egungo talde politiko nagusia Zentroko Alderdia da. Hain zuzen, 2008ko udal hauteskundeetan, Finlandiako landa giroko udalerri gehienen antzera eta Lappi osoan bezala, Zentroko Alderdia izan zen garaile, baina honek aurreko udalbatzan baino hiru batzarkide gutxiago lortu zituen; guztira, hamar. Hala ere, alderdiak jaso zituen 562 botoek erabateko gehiengoa eman zioten eta beste lau urtez, udalerriaren gobernua osatu zuen. Zentroko Alderdiak herrialdeko gainontzeko alderdi boteretsuak -Alderdi Nazionala eta Alderdi Sozial-Demokrata, alegia- atzean utzi zituen eta bakoitzak bi ordezkari baino ez zituen eskuratu. Bi batzarkiderekin eta laugarren indarra "Johtti Sápmela" samien taldea izan zen, hauen kultura gobernuan parte hartzearren eratua. Azkenik, aipatu beharra daude Liga Berdea eta Ezker Elkartasuna alderdiak, apurka, Enontekiöko biztanleen botoen artean agertzen hasiak baitira; Liga Berdeak, esaterako, lehenbiziko ordezkaria lortu zuen udalbatza honetan.

Suomi-neitoren marrazkia.

Udal hauteskunde hauen ostean, eratu berria zen udalbatzak gehiengo osoz Pentti Keskitalo alkate lanetan mantentzea erabaki zuen. Gobernu berriak, aldiz, udalbatzaren presidentea eta Udalaren bozeramailea izendatu zuen, Zentroko Alderdiaren kidea den Satu-Marja Eira-Keskitalo andrea. Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

[aldatu] Demografia

[aldatu] Biztanleria

Bi mila biztanlera iristen ez den udalerri hau, biztanle gutxien duen Lappiko laugarren udalerria da eta bere azalera handiak, Finlandia osoko biztanle dentsitate txikiena duen udalerrien artean sartzen du. 90eko hamarkadaz geroztik, urtez urte biztanleria jaisten joan da, Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz batik bat; izan ere, industria hitza bertan ezezaguna denez, banku krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko udalerria eta herritar askok lan bila kanpora jo behar izan zuen -batez ere, Helsinki eta Rovaniemi hirietara-. Hala ere, gaur egun herrialdeko ekonomia gailurrean dagoenez, biztanleek euren elur-orein zaintza-munduan jarrai dezakete inongo arazorik gabe.

Biztanle gehien duten herriak
Z. Herria (fin / se) Biztanleria

1 Hetta / Heahttá ~ 800
2 Karesuvanto / Gárasavvon ~ 500
3 Kuttanen / Cuhttás ~ 500
4 Palojoensuu / Bálojotnjälbmi ~ 175
5 Peltovuoma / Bealdovuopmi ~ 150

Lehen esan bezala, ez dago ez "Enontekiö", ezta "Eanodat" izeneko biztanle gunerik eta udalerria herri txiki ugarik osatzen dute. Hauen artean biztanle gehien dituena Hetta edo Heahttá da, 800 bat inguru; ondoren, Muonio ibaiak Finlandia eta Suediaren artean banatzen dituen Karesuvanto eta Kuttanen herriak daude, bostehunen bat biztanle dituztenak; azkenik, Kilpisjärvi, Leppäjärvi, Nunnanen, Palojoensuu, Peltovuoma eta Vuontisjärvi herriak dira aipagarrienak, 200-100 biztanle artean dituztenak [21].

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Enontekiön, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %12,4koa, eta 64 urte baino gehiago dituztenena, aldiz, altua, %19,9koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak, eta sinestunen kopuru handiena samiek osatzen dute. Laestadianismoa Lars Læstadius suediarrak sortu zuen, eta hain zuzen, elizgizon hau Muonionjokik bi herrialdetan banatzen duen Karesuvanto herriko parrokian bikario ibili zen; herritarrek Læstadiusen erlijio mezua Enontekiö eta Kirunatik Eskandinavia osora zabaldu zela aipatu ohi dute harrotasunez [22].

Udalerrian, bestalde, bi hizkuntza ofizial daude: finlandiera eta ipar samiera. Herritar gehienak elebidunak edo elebidun hartzaileak dira, baina lehenengo hizkuntza da nagusi, enontekiöarren %88,6aren ama hizkuntza delako; ipar samiera, berriz, herritarren %10arena baino ez da. Udalerriaren izen ofizialak "Eanodat" eta "Enontekiö" dira, ipar samieraz eta finlandieraz. Herrialdeak irudimenaren laguntzaz emakumezko itxura daukanez, eta udalerria Finlandiaren emakumezko pertsonifikazio horren eskuineko besoaren lekuan dagoenez, herrialdean bertako herritarrak käsivarsiarrak (besotarrak) bezala ezagunak dira.

Biztanleriaren bilakaera [23]
1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 Orain
2.336 2.285 2.286 2.419 2.472 2.413 2.324 2.145 2.073 1.998 1.997 1.915 1.870 1.889


Enontekiöar ezagunen artean, aipatzekoa da Nils-Aslak Valkeapää sami artista; finlandieratik ipar samierara hainbat obra itzuli zituen, baina musika arloan eginiko lanengatik da ezaguna. 1968. urtean Meharguneen Gidaria (Ofelaš edo Veiviseren) film norvegiarreko doinua sortzeagatik Soinu onenaren Oscar Saria irabazteko zorian egon zen. Beste musikari osptesu bat Wimme Saari joik-abeslari samia da, sami kulturaren iraultzaren eragiletako nagusia. Azkenik, aipatu beharra dago XIX. mendean bizitako Juhani Raattamaa apaiza, Lars Læstadiusen lagun mina eta munduko lehen apaiz laestadianiarra izan zena. Heikki Autto politikari gaztea.

[aldatu] Samiak

Sakontzeko, irakurri: Finlandiako Sami Lurraldea, Sami etnia, eta Sápmi
XX. mende hasierako sami familia.

Udalerria samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Samiak, euskaldunekin batera, Europako gutxiengo indigena bakarrak dira eta hauen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen du egun; kultura eta hizkuntzagatik, badirudi antzinaroko Komsa edo Gorravárri tribuen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. XVI-XVII. mendera arte, herri nomada izan zen samiena eta garai hartan, uste da elur-orein zaintzaren kultura hasi zela; bizimodu berri honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean eduki behar izaten baitzituzten. Bereizgarri honek eta hizkuntzak (ipar samiera) Enontekiöko eta inguruko samiak gainontzeko tribu eta herrietatik bereizi izan ditu eta, ondorioz, giza-multzo honek "ipar sami" deitura jaso izan du, gaurdaino gorde den deitura. Izan ere, oraindik, ipar samien jarduera nagusia abeltzaintza izaten jarraitzen du [24].

1973. urtean, Enontekiök, Inari, Sodankylä eta Utsjokirekin batera, Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesteko asmoz. Gaur egun, Enontekiöko biztanleriaren %30a da talde etniko honetakoa (Sami Lurraldea kudeatzen duten arduradunen irizpideen arabera) eta Sami Parlamenturako hauteskundeetan parte har dezake; 2008tik Klemetti Näkkäläjärvi enontekiöarra da Sami Parlamentuko ordezkari nagusia. Utsjoki eta Inari ondoren, sami etniako biztanle gehien bizi den Finlandiako udalerria da eta "Eanodat" eta "Iänudâh" izenak jasotzen ditu ipar samieraz eta inariko samieraz, hurrenez hurren (lehenengoa baino ez da ofiziala). Azken urteotan, udalerria bi kultura ezberdinen artean eratzea lortu da, finlandiarren eta samien arteko ezberdintasunik gabeko bizimodua, oreka eta bizikidetza direla oinarri.

Azkenik, aipatzekoa da herritar gehienak elebidunak edo elebidun hartzaileak direla (finlandiera eta ipar samiera), baina ipar samiera, azken urteotan asko zabaldu den arren, samien %34aren ama hizkuntza baino ez dela.

[aldatu] Hezkuntza eta Osasuna

Peruskoulu izena duen 7 eta 15 urte bitarteko eskola bakarra dago udalerrian, Hetta herrian dagoen Hetan peruskoulu. Dena den, Enontekiö hain zabala denez, Kaaresuvanton, Kilpisjärvin eta Peltovuoman ere, adin tarte jakineko haurrentzat eskolak ere badaude. Finlandiako Hezkuntzaren arabera, eskolaldi hau bukatzerakoan, ikasleek azterketa bat pasa behar izaten dute hurrengo fasea zein izango den zehazteko. Bigarren fase honetako institutua, Enontekiön Lukio izenekoa, Hetta hiriburuan dago baita ere. Udalerria inguru elebidunean dagoenez, bertan bizi diren samiek haien hizkuntzan ikasteko eskubidea dute eta gainontzeko biztanleek ere ipar samiera ikasi behar izaten dute [25].

Udalerria Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da, Enontekiö herrigunetik 400 bat km hegoaldera. Ondorioz, Muonio bizilagunarekin batera, programa berezi bat antolatu du Udalak osasunaz arduratzeko. Nahiz eta larrialdietako erietxe nagusia Muonion dagoen, eritasun arinak sendatzeko bi eskualde-erietxe daude Hetta eta Kaaresuvanto herrietan [26].

Enontekiöko armarria

[aldatu] Kultura

[aldatu] Armarria

Sakontzeko, irakurri: Enontekiöko armarria

Armarria udalerria sortu ondoren onartu zuen udalbatzak, 1961ean. Olof Eriksson margolari helsinkiarrak sortu zuen eta antzinako kulturak eta ohiturak Enontekiön duten eragina irudikatu nahi izan zuen. Atzealde urdinaren gainean, zilarrezko eskandinaviako lagopodo bat dago, eskualde honetan oso ohikoa den eta antzinako gosete garaian enontekiöarrentzat oso lagungarria izan zen hegaztia. Izan ere, neguan bertan igarotzen duen hegazti bakarrenetakoa denez, Izotz Aro Txikian herritarren jaki nagusia bilakatu zen, eta horregatik, "Bizitzaren hegaztia" bezala da ezagunagoa enontekiöarren artean [27].

[aldatu] Ondasun nabarmenak

Enontekiöko ondasun nabarmenen artean, historiarekin zerikusia duten bi museo daude: Enontekiöko Herri Museoa eta Finlandiako Basoen Bulegoa. Lehena 1991. urtean ireki zen Hettan eta, hala nola, Ylikyröko XVIII. mendeko biltegi bat, 20ko hamarkadako gela arrunt bat, XIX. mendeko etxalde bat eta XX. mende hasierako Muotkajärviko sauna bat daude erakusgai. Bestean, alegia, Finlandiako Basoen Bulegoan, Finlandiako Tunturi Lappi azpieskualdean babestutako eremuak kudeatzen dituen Metsähallitus enpresa nazionalaren bulegoa dago; hau ere Hettan dago eta bertan, samien elur-orein kulturari eta udalerriko babestutako eremuei buruzko informazioa jaso daiteke.

Bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Kultima, Näkkälä, Nunnanen, Peltovuoma, Pöyrisjärvi eta Raittijärvi herrixkak monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean; hauekin batera, Laponiako Gerran zutik iraun zuen harrizko zubi bakarra ere, Ahdaskuru izenekoa [28].

Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin eta oroitarri ezagunenak:

  • Enontekiöko eliza: Hetta herrian dagoen eliza luteranoa da, udalerriko eraikin nagusiena. Alemaniarrek Laponiako Gerran suntsitutako aurreko elizaren gainean eraikia izan zen 1951-1952 urte bitartean eta lana Veikko Larkaksen arkitekto entzutetsuak bideratu zuen. Betoizko eta harrizko eraikinak 5x7 m-ko tamaina du, Eskandinavia iparraldeko eraikuntza ohituran asko erabiltzen den neurria, eta hiru ganbera daude. Teilatua, bestetik, teila kolorekoa da, oso kolore ezohikoa Finlandiako elizetan, eta eraikin nagusitik 10 bat metrora, aldiz, ezkila-dorre bat dago, 30 m-ko altuera duena. Guztira, elizak 350 eserleku ditu eta bertako objektu preziatuenak Uuno Eskolaren "Kristo zerurantz doa" erretaula eta Alemaniako Errepublika Federalaren ordaina izan zen 1958ko organoa dira. Aipatzekoa da, azkenik, 2008. urtetik elizako bikarioa Asko Muraja dela [29].
Muotkatakkan dagoen Laponiako Gerraren oroitarria.

Aipatzekoa da, azkenik, Valtatie 21 autobidetik gertu dagoen Muotkatakka muinoan, Laponiako Gerrako oroitarri bat dagoela; oroitarri hau, 1945. urtean Gerra amaitu zen tokian bertan eraiki zuten finlandiarrek.

[aldatu] Ospakizun bereziak

Udaberria hasi baino lehen, hainbat festa ospatzen dira Hetta herrigunean. Martxo hasieran esaterako, Hettako Mariaren Egunak ospatzen dira, finlandieraz Hetan Marianpäivät eta ipar samieraz Heahtá Márjjábeaivvit. Sami-egutegian izen bereziko ospakizuna da eta elizara joateaz gain, sami kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzen dira; hala nola, musika kontzertuak, arte erakustaldiak eta elur-oreinen inguruko trebezia lehiaketak. Udaberri hasieran ere, Hettako Musikaren Egunak ospatzen dira, finlandieraz Hetan musiikkipäivät. Egun hauetan, urtero ehunka musika-zaletu erakartzen duen musikaldi garrantzitsu bat antolatzen da [32][33].

Kilpisjärvi herrian ere festak ospatzen dira; esate baterako, apiriletik uda bukaeraraino izotz-arrantza eta orientazio lehiaketak izaten dira herri inguruko aintzira eta muinoetan.

Azkenik, aipatu beharra dago 2010ean lehenbiziko aldiz ospatu zen Sami Eski Lasterketa; ofizialki Saami Ski Race. Lasterketa apirilaren 11an ospatzen da eta 90 km-ko lasterketan eskiatzaileek Hettatik Kautokeino udalerri norvegiarreraino joan behar dute. Nahiz eta helmuga Kautokeinon dagoen, 60 km-ko ibilbidea egiteko aukera dute partehartzaileek, Näkkälä sami herrixkaraino. Lehiaketa hau, sami kultura ezagutarazteko helburuarekin sortua izan zen eta, gutxi gorabehera, 200 bat eskiatzailek hartu zuten parte lehenebiziko urtean. Proba garrantzitsuenetako aurtengo irabazleak Petter Eliassen norvegiarra eta bigarren urtez jarraian irabazten duen Heli Heiskanen finlandiar eskiatzaileak izan ziren eta 90 km-ko ibilbidea hiru eta lau ordu bitartean burutu zuten [34].

Elur-orein taldea.

[aldatu] Ekonomia

Enontekiöko egitura ekonomikoaren arabera, biztanleria langilearen %76ak zerbitzuetan egiten du lan (bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan); gainontzekoak, aldiz, nekazaritzan -egoera klimatikoak baldintzatuta- eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Lappi iparraldean industria ia garatu gabe dagoenez, langabetuen kopurua ia Finlandiako udalerri guztietako altuena da, baina herriko landa-bizimodua dela-eta, datu hauek ez dira larriak [35].

90eko hamarkadaz geroztik, urtez urte biztanleria jaisten doa Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz batez ere. Lehen esan bezala industria hitza ezezaguna da bertan eta krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko udalerria; ondorioz, herritar askok lan bila kanpora jo behar izan zuen -batez ere, Helsinki eta Rovaniemi hirietara-. Hala ere, gaur egun herrialdeko ekonomia gailurrean dagoenez, biztanleek euren abeltzaintza-munduan dihardute inongo arazorik gabe.

Turismoa, bestalde, hazten ari den jarduera da; herria bisitatzen duten turistak norvegiarrak, suediarrak, finlandiarrak eta alemaniarrak dira batik bat. Lehenengoak, muga igarotzen dute erosketa merkeagoak egiteko aburuarekin eta udalerrian uzten duten dirua oso mesedegarria da bertako ekonomian. Nahiz eta Lappiko beste udalerri batzuk baino turista gutxiago erakarri, hauen kopurua haziz doa urtetik urtera eta berebiziko sektore bilakatu da. Normalean, arrantza egiteko, naturaz gozatzeko, eskiatzeko, ibiltaritza egiteko, eta ipar argiak eta udako gauerdiko eguzkia Kilpisjärvi herrixkako Saana muinotik ikusteko etortzen dira; aipatzekoa da Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalak 2009. urtean jaso zituen 419.000 bisitariren kopurua. Enontekiö-Kilpisjärvi ardatz turistikoak gainera, webgune berri bat estreinatu zuen ez asko, Tosi Lappi izenekoa (euskaraz, Benetako Laponia) [36][37].

Ailakkajärvi aintzira elurtua.

[aldatu] Iruditegia

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Ikus, gainera

Storfjord, Kåfjord, Nordreisa Kautokeino Kautokeino
Kiruna Compass rose simple plain.svg Inari
Kiruna Muonio, Kittilä Kittilä

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Enontekiö
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak