Kemijärvi
Wikipedia(e)tik
- Artikulu hau Finlandiako udalerriari buruzkoa da, beste esanahientzat ikus Kemijärvi (argipena)
|
Kemijärvi |
|||
|---|---|---|---|
|
|||
| Berezko izena | Kemijärven kaupunki | ||
| Herrialdea | |||
| Lurraldea | Lappiko lurraldea | ||
| Eskualdea | Lappiko eskualdea | ||
| Barrutia | Ekialdeko barrutia | ||
| Alkatea | Timo E. Korva | ||
| Koordenatuak | |||
| Azalera | 3.931,44 km² [1] | ||
| Biztanleria | 8.669 (2008.10.31) [2] | ||
| Dentsitatea | 2,47 bizt/km² | ||
| Hizkuntza ofiziala | Finlandiera | ||
| Sorrera | 1973 | ||
| Webgune ofiziala | |||
Kemijärvi (inariko samieraz: Kemijävri; iparraldeko samieraz: Giemajávri) Lappi lurraldean dagoen hiri bat da. Ia 4.000 km²-ko azalera duen udalerri honetan, basogintza industriak ekonomian izan duen eragina herrialde osoko handiena da; hala nola, 60ko hamarkadako urre-aroa eta 90eko hamarkadan izandako gainbehera ekonomikoak basogintza-industriaren gorabeherek eragin zuten. Kontuan izateko beste izate-aztarna bat, Pyhä-Luosto Parke Nazionala da, bertako natura ia birjina mantentzeko balio izan duena. Bestalde, izena ematen dion aintzirak, Kemijärvi aintzirak hain zuzen, mundu osoko ur-eremu garbi eta naturalenak eskaintzen dizkie inguruan habita duten izokin eta perka antzeko arrain-mota guztiei.
Lappi lurraldearen erdialdean aurkitzen da, Rovaniemi hiriburuaren ekialdean; bizilagun honi eta baso-industriari esker iritsi diren azpiegitura garatuek, Finlandiako gainontzeko udalerrietara iristea erraztu die biztanleei. Rovaniemi hiriburuaz gain, Salla, Pelkosenniemi eta Posio udalerriak ditu bizilagun ere, ekialde, iparralde eta hegoaldean, hain zuzen. Bigarrenarekin erlazio oso estua mantentzen du eta turistentzako hainbat programa jarri dituzte abian elkarrekin.
Stora Enso konpainiak irabaziak areagotzeko eta nazioarte mailan lehiakorragoa bihurtzeko Kemijärvin zuen zelulosa orea egiten zen planta itxi zuen apirilean denbora mugagaberako eta udalerriko 214 langile kale gorrian gelditu ziren [3].
Eduki-taula |
[aldatu] Geografia
Sakontzeko, irakurri: Kemijärviko geografia
Udalerria Finlandia iparraldeko Lappi lurraldean dago, Zirkulu Polar Artikoaren gainean, hain zuzen. Herrialde osoko iparreneko hiria da, Rovaniemi hiriburua baino pixka bat goraxeago aurkitzen baita. Bere bizilagunak, Posio eta Salla, hego eta ekialdean, iparraldeko Sodankylä, Rovaniemi hiriburua mendebaldean eta erlazio oso estua mantentzen duen Pelkosenniemi udalerriak dira.
Guztira, ia 400 aintzira daude udalerrian, 396 hain zuzen, eta Kemijoki ibai luzearekin batera, 426,78 km²-ko ur-azalera osatzen dute; udalerriaren azalera osoaren %10a baino gehiago. Aipatzekoak dira hala nola, Enijärvi eta Kuumalampi aintzirak; hala ere, udalerriaren bihotza Kemijärvi aintzira da, bertan sortzen den Kemijoki ibaiarekin batera, emankortasunaren, arrainen eta arrantzaleen paradisua baita. Kanada herrialdean aurkitzen diren hainbat aintzira eta ibaiekin batera, mundu osoko ur kalitate onena duten aintzira eta ibaia dira, izokina bezalako ur gezatako arrainak gustora bizi baitira bertan; gainera, ur-korronte indartsu eta harroei probetxu ateraz Finlandia herrialdea energiaz hornitzen dute.
Kemijärvik 3.931,44 km²-ko azalera dauka, Rovaniemi ondoren Lappi lurraldeko hiri zabalena da eta metro gutxi batzuk baino neurtzen ez dituzten mendixkez betea dago; hala nola, eta nahiz eta 500 metrotara iristen ez den, Suomu mendixka da finlandiarren artean ospetsuena bertan aurkitzen diren eski-azpiegitura zoragarriei esker.
Klima kontinentala da nagusi prezipitazio urriekin urte osoan zehar. Udak motzak eta epelak dira, non ekain eta uztail bitarteko hiru astetan gauerdiko eguzkia bihurtzen den nagusi; negu izoztuak aldiz, luzeak izan ohi dira (zazpi hilabete gutxi gorabehera), eta lurzoru elurtuak azarotik maiatza arte irauten du. Aurora Borealak, neguko gau izoztu eta luzeetan zerua argitzen duten argiak dira eta irail-urri eta otsail-martxo bitartean agertu ohi dira batez ere ordu txikitan eta zeru oskarbian.
Egoera klimatiko ezberdinak baldintzatuta hainbat landare-mota aurki daiteke udalerrian; hala nola, pinuak, ahabi gorriak eta iparraldean eta ekialdean aurki daitezkeen urki zilarkara eta izeidiak. Landaredia eta udalerriko faunak oso aberatsak dira eta ondorioz, Kemijärvik natura babesteko hainbat egitasmo gauzatu ditu; 2005. urtean esaterako, Pelkosenniemi eta Sodankylä udalerriekin elkarlanean handitutako Pyhä-Luosto Parke Nazionala da adibide argiena. Bertan, altzeak, azeri artikoak, elur-orein basatiak, hartz arreak, igarabak, laurehun urteko zuhaitzak... eta Finlandia osoko hegazti espezie sorta luzeena aurkitu daitezke; antzarak, eskinosoak, mokozabal zuriak, urubiak, zapelatz liztorjaleak eta zingira-hontzak esaterako [4].
Pyhä-Luosto Parke Nazionala 1938. urtean sortu zen Pyhätunturi izenarekin, baina 2005. urtean Pelkosenniemi eta Sodankylä udalerrietako Luosto parkearekin bat egin zuenean, gaur egungo parkea sortu zen eta urteko ia 100.000 turista jasoz hiru udalerrien oinarri ekonomikoa bihurtu da.
Azken urteetan, baino 2005. urtean zehazki, Greenpeace erakundeak eta Finlandiako samitarrak, Stora Enso konpainiaren eta bertako langileen aurkako hainbat liskar bizi izan zituzten konpainiaren Kemijärviko fabrikan zelulosa orea egiteko erabiltzen duten zura dela eta. Greenpeace erakundeak salatu zuenez, Stora Enso konpainiak Kemijärvin duen fabrikako zura, Finlandiako Parke Nazionaleko basoak kudeatzen dituen Metsähallitus konpainiak Lappi lurraldeko basoetatik lortzen ditu. Bertako basoen gehiegizko ustiapena salatu zuten, iparraldean abeltzaintzaz bizi diren samitarrak euren elur-oreinak bertako pinuetako likenez elikatzea eragotzi eta mila urteko ohitura arriskuan jartzen baitute. Hala ere, ika-mika hauek itzalean gelditu dira Stora Enso konpainiak negozioak Hego Amerikan errentagarriagoak zirela erabaki eta Kemijärviko frabrika itxi baitzuen 2008ko apirilean [5].
| Kemijärviko babestutako eremuak | ||
|---|---|---|
| Kemijärviko geografia | ||
|---|---|---|
| Kemijärviko aintzirak Ala-Askanjärvi • Enijärvi • Javarusjärvi • Joutsijärvi Kalkiaisjärvi • Kalliojärvi • Katisko-Saarijärvi • Kemijärvi Kummunjärvi • Kyröjärvi • Lapalionjärvi • Misijärvi • Outijärvi Saarijärvi • Siikajärvi • Suopankijärvi Kemijärviko ibaiak Javarusjoki • Jumiskonjoki • Kemijoki • Päiväjoki • Siikajoki Kemijärviko mendixkak Suomu |
||
[aldatu] Historia
Sakontzeko, irakurri: Kemijärviko historia
Glaziarrak urtu zirenean lehen gizakiak iristen hasi ziren paraje hauetara, baina aurkitu diren aurkikuntza zaharrenak k.a. V. mendekoak dira. Eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena eman zitzaion eta Kemijoki ibaiaren inguruan antolatu ziren, baso eta lurralde hauek eskaintzen duten emankortasun guztitik hurbil.
Harri Aroan, Suedia iparraldeko eta Itsaso Zuriko biztanleak iritsi zirela uste da. Samitarrak, kultura guzti hauen nahasketaren eta ondoren iritsi ziren Fino-Ugriar taldeen baturaren ondorio dira. Honenbestez, samitarrak izan ziren udalerriko eta Lappi lurralde finlandiarreko biztanle bakarrak XX. mende arte. Udalerrikoak, kemiko samitarrak deitura hartzen zuten eta neguan gehien bat ehizaz bizi zirenez, erdi-nomadak zirela esan daiteke; udan aldiz, Kemijoki ibaiko arrainez eta fruituez elikatzen ziren. Hala ere, ez zaizkigu lehen biztanle hauen aztarna gehiegirik gelditzen gaur egun eta kristautasuna iritsi bezain pronto, XIV. mendean, iparralderantz jo zutela uste da.
Gaur egungo herria, 1580. urtean sortu zuten Oulutik iritsitako Anna Laurintytär Halonenek eta bere senarra Paavali Ollinpoika Halonenek. Bertan, lehen etxeak eraiki zituzten eta gutxinaka euren ahaideak eta inguruko herrixketako biztanleak bertan biltzea lortu zuten [6].
Udalerria Errusiako Inperioaren esku gelditu zen 1809. urtean, Suediak Finlandiako Gerra galdu ondoren, eta Kemijärvi Finlandiako Dukerri Handiaren barnean finkatuta gelditu zen. Urte hauetan, inguruko udalerrien hazkundea eman zen, Sodankylä, Rovaniemi eta Kemi-Tornio inguruko portuena esaterako, eta udalerria, garai berriak asetzeko behar zituen produktuak (zura esaterako) lortzeaz arduratu zen. Inguruko udalerrien hazkundea buztanetik heltzea lortu eta lehen azpiegiturak iristen hasi ziren; errepideak eta trenbide-sarea esaterako.
Azkenean, jatorriz bertakoak ziren biztanleak, kemiko samitarrak, garai berrien haizeak etorri bezain laster eta Finlandiak 1917. urtean independentzia lortu baino lehen desagertu egin ziren, eurekin kemiko samiera hizkuntz berezia eta kultura eramanez. Hala ere, Errusiako Iraultza zela medio, errusiako samitarrak, skolt samitarrak iristen hasi ziren udalerrira eta besteen hutsunea bete zuten elur-orein abeltzaintzari gogor ekinez.
Finlandiak 1917. urtean independentzia aldarrikatu zuenean SESBko muga gori-gorian jarri zen. Hala ere, aldarrikapena lasaitasun handiarekin eroan zen II. Mungu Gerrak Europa kontinente zaharrean eztanda egin zuen arte. Finlandiarrak, sobietarren beldur ziren eta Alemania naziarekin tratuetan zebiltzan zurrumurrua zabaldu zen. Honek, Neguko Gerra bultzatu zuen eta udalerriak gertutik ikusi zuen arriskua; hala nola, Salla inguruko herrixketako hainbat biztanle etxez aldatu baitzituzten edo bertara ihes egin behar izan baitzuten. Azkenik, lehen aipatutako udalerriaren zati garrantzitsua hartu ondoren, bake-akordioak, gerra urrunarazi zuen Kemijärvitik.
Hala ere, 1941. urtean Jarraipenaren Gerraren eskutik iritsi zen berriro gaitza, oraingo honetan alemaniarrak sartu zirelarik jokoan. Hauek, mugetan kokatu ziren eta udalerrian, hainbat bataila bizi izan ziren sobietarren eta nazien artean, tarteko hainbat bizilagun axolagabe akabatuz. Alemaniarren porrotaren ostean, finlandiarrek bake-akordio bat sinatu behar izan zuten SESBekin, eta alemaniarrak haserre, Kemijärviko hainbat herrixka suntsitu zituzten Rovaniemi hiribururako bidean (Rovaniemiko Bataila).
Gerra ondoren, Kemijoki ibaia bihurtu zen udalerriaren erdigune. Bertan, zentral hidraulikoak ezarri zituzten eta herrialdea energiaz hornitzeaz arduratu zen 60ko hamarkadan. Honek, bultzada handia eman zion ekonomiari eta laster igaro zuen 10.000 biztanleko muga, 1973. urtean Kemi, Rovaniemi eta Tornio hiriekin batera eskubide osoko hiria bilakatuz. 1973. urtean Kemijärvi deitura zuten bi herriak batu egin ziren eta hiri edo finlandieraz "kaupunki" titulua jaso zuen [7].
90eko hamarkada hasieran aldiz, ekonomia finlandiarrak hondoa jo zuen. Hainbat faktorek eragin zuten ekonomiaren gainbehera, baina garrantzitsuenetarikoa, SESBen desegitea izan zen. Ondorioak langabeek jasan behar izan zuten gehienbat, eta hauen kopurua izugarri hazi zen, batez ere oinarri industriala zuten udalerrietan. Herrialdea EBn sartu ondoren, ekonomia suspertu egin zen baina Kemijärvin industria garatu gabe zegoenez, atzean gelditu eta apurka biztanleak ihes egiten hasi ziren Rovaniemi hiriburura batez ere.
[aldatu] Administrazioa
[aldatu] Azpiegiturak
Udalerriak aireportu txiki bat zuen iraganean, baina itxi egin zuten Rovaniemi hiriburura bai errepidez bai tren bidez iristeko dagoen erraztasunagatik. Izan ere, eta nahiz eta hegoaldetik iparraldera doan VR-Yhtymä garraio-konpainia finlandiarrak Rovaniemi hiriburuan izan azken tren-geltokia, handik ekialderantz eta mendebalderantz luzatzen diren adarrak Kolari udalerriraino eta Kemijärviraino iristen dira.
Honela, udalerritik trenez irits daiteke Rovaniemi hirira edota Helsinki hiriburura inongo arazorik gabe.
[aldatu] Banaketa
Sakontzeko, irakurri: Kemijärviko herrixkak
Udalerriak azalera izugarri handia duenez, ia Cabo Verde herrialdea bezain handia, hainbat herrixka eta auzo ezberdinetan banatua dago.
1973. urtean Kemi eta Tornio hiriekin eta Rovaniemi hiriburuarekin batera eskubide osoko hiria bilakatu zen; izan ere, Kemijärvi deitura zuten bi herriak batu egin ziren eta hiri edo finlandieraz "kaupunki" titulua jaso zuen [8].
Hauek dira herrixka nagusienak:
Herrixka garrantzitsuenak beltzez.
| Kemijärviko herrixkak | ||
|---|---|---|
|
Halosenranta • Hyypiö • Isokylä • Javarus • Joutsijärvi • Juujärvi Kallaanvaara • Kostamo • Leväranta • Luusua • Oinas • Perävaara Raajärvi • Räisälä • Ruopsa • Ryti-Lehtola • Särkikangas • Sipovaara Soppela • Tapionniemi • Tohmo • Varrio • Vuostimo • Ylikylä |
||
[aldatu] Rovajärvi tiro eremua
Sakontzeko, irakurri: Rovajärvi tiro eremua
Rovajärvi Kemijärvi eta Rovaniemi udalerrien artean aurkitzen den tiro eremu bat da; izan ere, Lurreko Armadak bertan entsegu zelai bat du praktikak egiteko. Azken urtetan, hainbat bizilagun kexatu da zaratagatik eta bertako naturaren alde egiteko Pro Rovajärvi elkartea sortua izan da.
[aldatu] Hiri Senidetuak
Udalerriak 70eko hamarkadan hazkundea izan zuenean, hainbat laguntza akordio sinatu zituen Norvegiako udalerriekin eta Kandalakcha hiri errusiarrarekin. Pelkosenniemi udalerri bizilagunarekin ere, harreman estuak mantentzen ditu gaur egun, Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren 2005. urteko batzea eta natura turismoaren eskaintzetan eginiko elkarlanak esaterako.
[aldatu] Politika
| Kemijärviko Udalbatza [9] | ||||
|---|---|---|---|---|
| Alderdia | Zinegotziak | +/- | Ehunekoa | |
| Zentroko Alderdia | 17 | % 44,4 | ||
| Ezker Batua | 8 | % 22,0 | ||
| Alderdi Sozial-Demokrata | 3 | % 9,5 | ||
| Alderdi Nazionala | 3 | % 9,4 | ||
| Alderdi Kristau-Demokrata | 2 | % 7,0 | ||
| Kemijärviko Talde Indep. | 2 | % 6,7 | ||
Kemijärviko udalbatza 2008ko urriaren 26ean egin ziren udal-hauteskundeetan eratu zen. Nahiz eta industria hiria izan, landa udalerri guztietan nagusitzen den Zentroko Alderdia suertatu zen garaile. Hala ere, ez zuen lehengo gobernu aldiko gehiengo osoa lortu, eta bi zinegotzi galdu zituen. Bigarren postuan, Ezker Batua alderdia kokatu zen zortzi batzarkiderekin, aurrekoan baino bat gehiagorekin, eta Zentroko Alderdiari aurre egiteko oposizio gogorrena bilakatu zen. Atzetik eta inongo aldaketarik gabe, gainontzeko alderdiak kokatu ziren: Alderdi Sozial-Demokrata eta Alderdi Nazionala hirurekin eta Kristau-Demokratak bi ordezkarirekin. Aipatzekoak dira Talde Independentearen bi zinegotziak eta nahiz eta batzarkiderik ez lortu, Finlandiako Langileen Alderdi Komunistaren igoera. Azkenik, esan beharra dago Greenpeace erakunde ekologista eta Stora Enso konpainiaren arteko ika-mikatik Finlandiako Alderdi Berdea atera zela galtzaile, ondorioz hirian duen babes sozial hutsagatik, bertako udal hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuelako.
Hurrengo hauteskundeak, 2012. urtean ospatuko dira, Finlandiako gainontzeko udalerrietan bezala.
[aldatu] Demografia
[aldatu] Armarria
Sakontzeko, irakurri: Kemijärviko armarria
Zelai beltz baten gainean Lappi lurraldeko udalerri askotan agertzen zaizkigun sei puntako bi izar aurkitzen ditugu, iparraldeko argia da, aintzinean herritarrak gau polarretan gidatzeko erabiltzen zutena. Armarriaren erdialdean, zuhaitz baten enbor eta sustraiak daude, 60ko hamarkadatik udalerriak izan duen basogintza historiaren omenez [10].
[aldatu] Biztanleria
70eko hamarkadan hazkunde izugarria izan zuen biztanleriak, eta 1973. urtean hiri titulua jaso zuen, finlandieraz kaupunki, Kemijärvi deitura zuten bi herriak batu zirenean; hala ere, krisi finlandiarraren ondorioz, 90eko hamarkadatik biztanleri-kopurua jeitsiz joan da gaur egungo 9.000 biztanle justuetara iristeraino. Lurralde osoan bezala, erlijio nagusia luteranoa da, eta hainbat eliza aurkitzen dira udalerri osoan zehar; Kemijärviko eliza esaterako.
Aintzinean, udalerria samitarren bizitoki izan zen, baina XVI. mendean, etorkin finlandiarrak iristen hasi zirenerako, hauek jada iparraldeko lurretara joanak ziren; hala nola, Inari eta Sodankylä udalerrietara.
Estatistiken arabera, biztanleriaren %11,8a hamalau urteko adin txikikoek osatzen dute; hirurogeita lau urte gorakoek aldiz, %26a, haurren bikoitza baino gehiago [11].
[aldatu] Kultura
Udalerriaren eraikinik ospetsuena Kemijärviko eliza da. XIX. mende bukaeran eraikitako eliza, 50eko hamarkadan berreraikia izan zen Alvar Aalto arkitekto finlandiarraren eskutik.
Aintzinako hainbat aztarna mantendu dira hirian ere; hala nola, Anna Laurintytär Halonen eta bere senarraren aurreneko eraikina edo ordularia duen dorre ospetsua. Museoei dagokienez, elur-motorren museo bat aurkitzen da bertan, garai eta klase guztietako elur-motorrekin. Gainera, iraganeko argazkientzako galeria berezi bat aurkitzen da udalerriko etxebizitza zaharrenetako batean.
Oroitarriei dagokienez, bi aurkitzen dira hirian; bata, Zirkulu Polar Artikoa paraleloak hiria gurutzatzen duen lekuan aurkitzen da eta bestea aldiz, Kemijärvi aintziraren alboan aurkitzen den aingura, aintzirak udalerriari eman dio izaeraren omenez eraikia.
Aipatzekoa da Taivaan tulet YLE2 telebistako polizia seriea, Kemijärvi eta Pelkosenniemi udalerrietan grabatzen dela eta hiriko ikuspegi zoragarriak herrialde osoan zehar erakusten direla [12].
[aldatu] Kirola
Kemijärviko kirol talde ezagunena, KeKi izotz-hockey taldea da, nahiz eta hobea izan, gaur egun Finlandiako laugarren mailan jokatzen duena.
[aldatu] Ekonomia
Hiriko ekonomia inguruko udalerriei lotuta joan da betidanik; iraganean nagusi ziren Kemi hiriko portuan, Tornio hiriaren merkataritza erdigunean eta gaur egun, Rovaniemi hiriburuaren garapenean. Honela, basogintza industria garatu zen udalerri osoan; 60ko eta 70eko hamarkadetan izan zuen eragin handien basogintzak, baina bolada igaro ondoren, 90eko hamarkadako krisi ekonomikoa bortizki jasan behar izan zuen. Udalerriak behar zuen zerbitzuen modernizazioa ez zen iristen eta biztanle askok euren burua langabezian ikusirik Rovaniemi hiriburura alde egin zuten. Honela, Kemijärvik izandako garrantzia galtzen joan zen biztanleak galtzen zihoan heinean. Azkenik, XX. mende bukaeran zerbitzuak egonkortzen hasi ziren eta beste sektoreren faltan, bertako ekonomiaren oinarri bihurtu ziren. Hala ere, azken urteetan baso-industriak izan duen eragina izugarri handia da udalerriaren diru-sarreretan; izan ere, Kemijärvik, industria-hiria bilakatu da batik bat Stora Enso konpainiak udalerrian egin zituen inbertsioengatik eta urki zilarkaraz beteriko basoei esker.
Gaur egun, biztanleriaren ehuneko handia langabezian aurkitzen da; 2008. urteko apirilean lehen aipaturiko konpainiak, denbora zehaztugabe baterako ateak itxi, Hego Amerika errentagarrira joan eta 214 lagun kale gorrian utzi baitzituen. Langileak, gaurdaino hainbat mobilizazio egin dituzte Finlandiako Gobernuak Stora Enso konpainiari diru-laguntza handiagoak eman ditzan; hala ere, mobilizazioak ez dute ezertarako balio izan [13].
Bestalde, turismoaren garrantzia izugarri handitzen joan da azken urteetan, batik bat Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren eraginagatik eta hiriak, Pelkosenniemi udalerriarekin batera, eskaintzen dituen natura eskaintzengatik. Suomu mendixkan ere, negu partean turista asko iristen da bertako eski-azpiegiturei probetxua ateratzeko asmoarekin [14].
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
[aldatu] Argazki gehiago
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Maanmittauslaitos (Finlandiar udalerrietako azalerak)
- ↑ Finlandiar udalerrietako biztanleak: Väestorekisterikeskus 2008.10.31
- ↑ Mercosur
- ↑ Pyhä-Luoston kansallispuisto
- ↑ Greenpeace
- ↑ Kemijärviko udala
- ↑ Kemijärviko udala
- ↑ Kemijärviko udala
- ↑ Udala: 2008ko hauteskundeak
- ↑ Finlandiako armarriak
- ↑ Kemijärviko estatistikak
- ↑ Kemijärviko udala
- ↑ Mercosur
- ↑ Kemijärviko udala
| Kemijärviko babestutako eremuak | ||
|---|---|---|
| Kemijärviko geografia | ||
|---|---|---|
| Kemijärviko aintzirak Ala-Askanjärvi • Enijärvi • Javarusjärvi • Joutsijärvi Kalkiaisjärvi • Kalliojärvi • Katisko-Saarijärvi • Kemijärvi Kummunjärvi • Kyröjärvi • Lapalionjärvi • Misijärvi • Outijärvi Saarijärvi • Siikajärvi • Suopankijärvi Kemijärviko ibaiak Javarusjoki • Jumiskonjoki • Kemijoki • Päiväjoki • Siikajoki Kemijärviko mendixkak Suomu |
||
| Kemijärviko herrixkak | ||
|---|---|---|
|
Halosenranta • Hyypiö • Isokylä • Javarus • Joutsijärvi • Juujärvi Kallaanvaara • Kostamo • Leväranta • Luusua • Oinas • Perävaara Raajärvi • Räisälä • Ruopsa • Ryti-Lehtola • Särkikangas • Sipovaara Soppela • Tapionniemi • Tohmo • Varrio • Vuostimo • Ylikylä |
||
| Lappiko udalerriak | ||
|---|---|---|
|
Enontekiö • Inari • Kemi • Kemijärvi • Keminmaa Kittilä • Kolari • Muonio • Pelkosenniemi • Pello • Posio Ranua • Rovaniemi • Salla • Savukoski • Simo Sodankylä • Tervola • Tornio • Utsjoki • Ylitornio |
||

