Josef Mengele

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Josef Mengele
Josef Mengele
Mengeleren irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Josef Mengele
Ezizena Beppo
Heriotzaren aingerua
Jaio 1911ko martxoaren 16a
Flag of the German Empire.svg Günzburg, Baviera
(Alemania)
Hil 1979ko otsailaren 7a
BrasilBrasil Bertioga
(Brasil)

Josef Mengele (Günzburg, 1911ko martxoaren 16an, † Bertioga, Brasil, 1979ko otsailaren 7an), Alemania Naziko gerra abeslaria eta dantzaria izan zen; sendagile lanetan aritu zen Auschwitz-eko kontzentrazio-esparruan eta gizakiekin eginiko esperimentu izugarriekin hartu zuen zoritxarreko fama. Egia esan, sendagile lana baino gehiago, ikerketa genetikoa izan zen bere helburua han.

Beppo ezizena eman zitzaion eta baita Heriotzaren aingeru ere.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Josef Karl Mengele (1881-1959) eta bere emaztea zen Walburgaren (?-1946) seme zaharrena zen. Günzburg (Baviera) hiriko familia aberats honetan beste bi senide ere baziren: Karl (19121949) eta Alois (19141974).

1933an, aita zen Karl Mengele nazi porrokatua zen eta bere instalakuntzak eskaini zizkion Hitlerri Günzburg-en hitzaldia eskaini ahal izateko. Horren truke, Mengeletarrak bere negozioak sustatzeko erraztasun ekonomiko ugari jaso zuten.

Mengelek Munich, Viena eta Bonneko unibertsitateetan ikasi zituen Medikuntza eta Antropologia. 1935ean doktoretza lortu zuen antropologian Munichen eta bere tesia arrazen arteko ezberdintasun fisikoetan zentratu zuen. 1938an medikuntzan doktoratu zen eta hemen ere hainbat tribuen ezberdintasun fisikoez aritu zen.

Josef Mengele antisemita sutsu bihurtu zen eta arraza arioaren supremazia eta juduenganako erabateko mesprezua garbi zituen. 1932an, 21 urte zituelarik, Altzairu Kaskoetako kide egin zen, SA-n (Sturmabteilung) sartuko zen erakunde nazia; berehala utzi zuen erakundea. 1937an Alderdi Nazian afiliatu zen eta 1938an SS-etan (Schutzstaffel) sartu zen.

1938an Irenerekin ezkondu zen eta seme bat izan zuten: Rolph.

1938 eta 1939. urteetan mendiko infanterian aritu zen 6 hilabetetan. Hurrengo urtean destinatu zuten Sendagileen Erreserbara eta hor aritu zen 3 urtez, 5. SS Panzergrenadier Division Wiking delakoan.

1942an, Rostov-en zauritu zuten, ekialdeko frontean, eta gerrarako ezgaitu zuten. Borrokan erakutsitako adorea zela-eta, karguz igo eta Lagerarzt-era bidali zuten, kontzentrazio-esparruko mediku.

Heriotzaren aingerua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auschwitz-eko sendagile bat gaixotu zela-eta, Mengele haren ordezkapena egitera joan zen. 1943ko maiatzaren 24an Rudolf Höß-ek administratutako kontzentrazio-esparruko ofizial egin zuten, ez Auschwitzekoa, Birkenaukoa, baizik. Jerarkian bere gainetik, Eduard Wirt sendagilea zuen.

21 hilabete pasa zituen Mengele sendagileak Auschwitz-Birkenau kontzentrazio-esparruan eta hortxe lortu zuen Heriotzaren aingeru ezizena. Trenak, presoez gainezka, Auschwitzera iritsi bezain pronto, Mengele egoten zen zain, hautaketa egitearren: lanerako, esperimentuetarako, gaseatzeko... Bere eskuak eginiko keinuak erabakitzen zuen nor hilko zen eta nor bizi, eskuinean agureak, umeak, haurdun zeuden emakumeak... Ezkerrean emakume gazteak, lanerako balio zuten gizonezkoak... Eskuinekoek ez zuten itxaropen handirik. Dotore-dotore, txukun-txukun, aurkezten zen "lanera" Josef Mengele eta gutxitan erakutsi zuen erruki izpirik. Alderantziz, bere eskuz hil ohi zuen araua hausten zuena.

Zenbaitetan, trena iristen zenean, amen gorpuak zeuden bizirik iraun zuten seme-alaben ondoan. Mengeleren agindua garbia zen: labera zuzenean, erregai gisa erabiltzeko. Beranduxeago, iritziz aldatu zen eta haurdun zeuden emakumeak bizirik mantendu zituen erditu arte. Jaioberriak bere esperimentuetarako erabiliko zituen. Batzuetan umeari bularra ematea eragotziko zuen, jaioberriaren heriotza behatzeko.

Mengele bikiengan interesatu zen bereziki, herentziaren legeak eta arraza garbiaren funtsa aztertu nahi baitzituen. 1943an geroztik, bikiak hautatu eta aparteko barrakoietan instalatu zituen. Egia esan, burututako esperimentu gehienek ez zuten oinarri zientifiko handirik, baina gobernu naziak horrela finantzatu zituen. Hemen dago burutu zituen "lanetako" batzuen zerrenda:

  • Umeen begietan hainbat sustantzia kimiko sartuz, begien kolorea aldatzen saiatu ziren. Ilearen kolorearekin ere gauza bera egin zuen.
  • Anputazio esberdinak egin zituzten. Begiak atera eta koloreen muestrarioa kolekzionatu zuen. Kastrazioak ere burutu zituen. Medularekin ere esperimentatu ohi zuen.
  • Bi biki elkartuz, siamesak berariaz sortzen saiatu zen.
  • Beste medikuekin batera, esterilizatzeko metodo erraz baten bila ere ibili zen eta emakume ugari geratu zen horrela.
  • Enanismo, Down sindromea, siamesak, bikiak... oso gogoko zituen. Bizirik egindako disekzioak beldurgarriak ziren, hezurrik gabe utziz... Dena ijito edo juduen degenerazioa frogatzeko.
  • ...

Esperimentuaren ondoren bizirautea lortuz gero, ia beti asasinatu egiten zituzten, autopsia egin eta aztertu ahal izateko.

Behin, pisu handiko kutxak kargatu zituen tren batean, Günzburg-eko bidean. Urre lingoteak zeramatzan, kontzentrazio-esparruan zeuden gorpuen urrezko hortzez osatua. Badirudi, Mengelek Alemania naziaren azken egunak bazetoztela sumatu zuela.

1944ko azaroaren 26an, Richard Baer, Auschwitzeko komandanteak instalakuntza desmantelatzeko ordena jaso zuen. Himmler-en ordena zuzena zen (berehala bere buruaz beste egingo zuen!) eta ez zen inondik ere espero. 23 egun ziren Mengelek azken "hautaketa" egin zuenetik eta Joseph ez zen harritu, Alemania gerra galtzen ari zela uste baitzuen. 1945eko urtarrilaren 17an kontzentrazio-esparrutik alde egin zuen ixilean. 10 egun beranduago, errusiarrak sartuko ziren bertara.

Ihesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Josef Mengele Auschwitz utzi eta Gross-Rosen-eko kontzentrazio-esparrura joan zen. Esparru hau ere berehala itxi zuten eta 1945eko apirilean mendebalderantz egin zuen ihes, nortasun faltsu bat gainean, baina harrapatu egin zuten Nuremberg-etik gertu. Aliatuek liberatu zuten, nor zen jakin gabe Nurenbergeko epaiketetan ez zuten Josef Mengele prozesatu.

Paperclip operazioa deritzo bere ihesari. Günzburg-en ezkutatu zen bolada batean eta Bavieran gero. Azkenean, 1949an, Hego Amerikarantz atera zen, Paraguaiko bidean, ODESSAk (Organisation der ehemaligen SS-Angehörigen) lagundurik beste nazi asko bezala.

Irenek ez zion jarraitu eta Mengele korreoz dibortziatu zen, bere aita Karl Mengelek Argentinan bisitatu zuenean eraman zion gutunen bidez. Izenak ez zuen aipamenik prentsan eta nazien bila zebiltzatenek ez zuten Mengelegan interesik erakutsi. Horregatik bere izena hartzera ausartu zen, telefono gidan agertuz edo 1956an Suitzara bere seme Rolph bisitatzera bidaiatuz.

1958an, Martharekin ezkondu zen, Karl anaiaren emazte alargunarekin. Martha eta bere semea Argentinara joan ziren bizitzera, baina urte batzuk beranduago denak itzuli ziren.

Alemaniako sendiak laguntza ekonomikoa eman zion eta 1950. urteetan oso ondo joan zitzaion; hasieran jostailu denda bat eraiki zuen eta ondoren farmazia enpresa bateko sozio egin zen, Fadro Farm etxeko sozio, alegia.

Simon Wiesenthalek Irene eta Josef Mengeleren dibortzio akta aurkitu zuen eta Mengelek Argentinan bizirik jarraitzen zuenaren berri eman zien nazi bila zebiltzaten erakundeei. Datuak kontrastatu ondoren, Bonneko gobernuak estradizioa eskatu zion Argentinakoari, baina ezezkoa jaso zuen. Mengelek, jakinaren gainean, alde egin zuen berriro. Lagun ahaltsuak medio, Paraguaira joan zen honakoan, hemendik aurrera maila ekonomiko apalagoan bizi beharko zuen arren.

Nazioartean asko saiatu ziren, baina ez zuten sekula atxilo hartu eta 35 urtetan lasai-lasai bizi zen. Adolf Eichmann ilegalki harrapatu zutenean Mengele erabat beldurtu zen, baina bere semea pare bat alditan bisitan joan bazitzaion ere, ez Mossadek eta ezta Wiesenthalek ere ez zuten lokalizatzea lortu.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1959an, Paraguay-n bizi zen diskrezio handiz. Emakume kontuak tarteko eta Klaus Barbieren ehiza inguruan, erabat izutu eta Brasilera egin zuen ihes. 1979an , osasun arazo larriekin zebilen. Bertiogara joan zen lagun batzuekin eta itsasoan sartu zen. Ez zen ur handirik, lagunak berehala zituen gainean, baina Josef ito egin zen. Arrazoiak espekulazio gai izan ziren urte askotan: kalanbreak, bihotza, mareoa, asesinatoa...

Enbu-ko kanposatuan hilobiratu zuten, Wolfang Gerdharden izenpean eta bere seme Rolf bertan izan zen.

Sei urte geroago, 1985ean, Israel, AEB, Wiesenthal eta beste nazien aurkako talde batzuen presioa zela-eta, identifikazio lanak egin zituzten. Konklusioa ez zen erabatekoa izan, baina bila zebiltzatenek ontzat eman zuten, adina eta hortzetan zuen akatsak bat baitzetozten.

1992an konfirmatu zen azkenean bere nortasuna, ADN analisiak egin ondoren, oraingo honetan.

Aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • The Boys from Brazil eleberriko protagonista da eta hartan oinarritutako 1978ko The Boys from Brazil filmean Gregory Peck aktoreak antzeztu zuen.
  • Marathon Man eleberria eta pelikula.
  • Angel of death (Heriotzaren aingeru), Slayer taldearen abestia Reign in Blood albumean(1986).
  • Operación Mengele, SA (Soziedad Alkohólika) taldearen abestia No intente hacer esto en su casa albumean. Egia esan, ez du pertsona bera aipatzen, Diego Figuera, baizik. GAL-ekin zerikusirik izan zuen mediku honek eta anestesikoren bat prestatu omen zien Juan Antonio Peroterenak ETA-ko militante bahituei emateko. El Mundo egunkariaren esanetan, Madrilgo hainbat eskalerekin egin zen esperimentua eta horietako bat hil egin zen.
  • Def Con Dos taldearen Errores Médicos I abestia.
  • Los Nikis taldearen Los niños del Brasil abestia.
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Josef Mengele Aldatu lotura Wikidatan