Kanbises II.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Kanbises II.a (pertsieraz کمبوجیه Kambujiya) (K. a. 521ean hila) akemenestar dinastiako persiar erregea izan zen K. a. 528 eta K. a. 521 bitartean, Persiar Inperioaren sortzailea izan zen Ziro Handiaren seme eta oinordekoa.

Tronuratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziro II.ak K. a. 539an Babilonia konkistatu zuenean, Kanbises izan zen zeremonia erlijiosoak zuzentzeko arduraduna (Nabonidoren kronikak dioenaren arabera) eta Zirok babiloniarrei eginiko aldarrikapena duen zilindroan, Kanbisesen izena bere aitarenarekin lotua dago Marduk jainkoari eginiko otoitzetan. Ziroren erregealdiko lehen urtean dataturiko taulatxo batean, Kanbises Babiloniako errege bezala aipatua da; alabaina, bere autoritateak gutxi iraungo zuen, K. a. 530 arte Kanbises ez baitzen tronura lotua izan, Ziro Asia Erdialdeko masageten aurkako bere azken kanpainara joan zenean. Babilonian bere tronuratzearen eta bere erregealdiko lehen urtearen taulatxo ugari topatu dira, non Ziro "nazioen errege" ("munduko erregea"ren sinonimoa) deitua den.

Bere aita K. a. 528ko udaberrian hil ondoren, Kanbises Persiar Inperioko errege bakar bihurtu zen. Babilonian bere erregealdiri buruz topatutako taulatxoek soilik zortzigarren urtea arte hartzen dute, zehazki K. a. 521eko martxoa arte. Herodotok (3.66) Kanbisesen erregealdia Ziroren heriotzatik aurrera ezartzen du, eta zazpi urte eta bost hilabeteko iraupena ematen dio, K. a. 528tik K. a. 521eko uda arte.

Afrikako kanpainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso normala da Zirok asiar herrialdeak konkistatu ondoren, Kanbises Egipto konkistatzera joatea erabaki izana, Ekialdean mantentzen zen estatu independente bakarra. Bere espedizioarekin abiatu aurretik bere anaia Esmerdis hiltzea agindu zuen, Zirok inperioko ekialdeko probintzien gobernari izendatu zuena. Informazio hau Dario I.ak ematen du Behistungo inskripzioan, egile greziar klasikoek Esmerdisen hilketa Egipto konkistatua izan ondoren gertatu zela dioten bitartean.

Gerra K. a. 525ean hasi zen, Psametiko III.a bere aita Ahmose II.a faraoiaren oinordeko bihurtu zenean. Kanbisesek bere armadaren martxa Sinaiko basamortuan zehar tribu arabiarren laguntzarekin prestatu zuen, nortzuk ur biltegiak prestatu zizkioten, basamortua zeharkatzeko funtsezkoak zirenak. Aurreko egiptoar faraoia zen Ahmose II.aren itxaropena persiar mehatxua uxatzeko greziarrekin aliantza batean oinarritzen zen. Alabaina, bere itxaropena hutsean geratu zen zipretar hiriak eta Polikrates Samosekoa tiranoak (flota boteretsu bat zuena) persiar alderdira batzea erabaki zutela ikusi zuenean, Fanes Halikarnasokoak lez, greziar tropa mertzenarioen komandantea Egipton, eta Udjahorresne Saisekoa egiptoarrak, egiptoar flotaren buruzagia zena.

Kanbises faraoi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenik, Pelusioko gudu erabakigarrian, persiarrek egiptoarrak garaitu zituzten, eta handik gutxira Menfis Kanbisesen esku erori zen. Psametiko harrapatua izan zen, eta ondoren exekutatua matxinada bat sortzea saiatu ostean. Garai honetako egiptoar inskripzioek Kanbisesek ofizialki, egiptoarren titulu eta ohiturak hartu zituela diote, egiptoar ohitura eta erlijioaganako bere mespretxua ezkutatu ez zuela pentsatzea zilegi den arren.

Egiptotik, Kanbisesek Napata eta Meroe nubiar erresumen konkista planifikatu zuen, gaur egungo Sudanen kokatuak, baina bere armada ez zen nubiar basamortua zeharkatzeko gai izan, erretiratzera behartu zuten galera handiak jasanez. Napatan aurkitutako inskripzio batean, gaur egun Berlingo museoan dagoena, Nastesen nubiar erregeak Kanbisesekin identifikatzen den pertsonaia den Kembasudenen tropen aurkako bere garaipena eta honen itsasontzien harrapaketa deskribatzen du. Era berean, Kanbisesek Siwako oasira eginiko beste espedizio batek ere huts egin zuen, Kartago konkistatzeko bere egitasmoari ere uko egin behar izan ziolarik bere armadako feniziar marinelek euren erkideei erasotzeari ezezkoa eman ondoren, bere mendeko feniziarren flota Mediterraneo itsasoa zeharkatu eta hala libiar basamortua zeharkatu behar izatea eragozteko funtsezkoa zelarik.

Kanbisesen amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanbisesek Afrikan zehar hedapen saiakera hauek aurrera zeramatzan bitartean, Pertsian, Gaumata izeneko azti batek Kanbisesen anaia Esmerdis zela sinestarazi zuen, erregeak aurretik isilpean hilarazi zuena, Egiptora abiatu ondoren bere aurka matxinatuko zenaren beldur. Honela, Gaumatak herriaren babesa lortu zuen, zenbait neurri mesedegarri hartu ondoren, eta, beraz, Kanbisesek Persiara itzultzea eta usurpatzailea zigortzea erabaki zuen. Alabaina, matxinada hura gainditzerik ez zuela ikusita, K. a. 521eko martxoan bere buruaz beste egin zuen, Dario I.ak Behistungo inskripzioan adierazten duen bezala, Herodotok eta Ktesiasek, hain sinesgarria ez den arren, Kanbisesen heriotza istripu baten ondorioz gertatu zela dioten bitartean. Herodotok Kanbises Siriako Ekbatanan hil zela dio, egungo Haman (3.64); Flavio Josefok Damaskon hil zela (Antigoaltasun juduak, xi, 2.2), Ktesiasek Kanbises Babilonian hil zela dioen bitartean, erabat ezinezkoa dena.


Aurrekoa
Ziro Handia
Persiar Inperioko erregea
K. a. 528-K. a. 521
Ondorengoa
Esmerdis Pertsiakoa


Aurrekoa
Psametiko III.a
Egiptoko faraoia
K. a. 525-K. a. 521
Ondorengoa
Esmerdis Pertsiakoa