Lezo Urreiztieta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lezo Urreztieta» orritik birbideratua)
Lezo Urreiztieta

Bizitza
JaiotzaSanturtzi1907ko urriaren 16a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBaiona1981eko maiatzaren 9a (73 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmarinela eta mugalaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaJagi-Jagi (1932)

Lezo Manuel Urreiztieta Rekalde edota Lezo de Urreiztieta Rekalde (Santurtzi, 1907ko urriaren 16a - Baiona, 1981eko maiatzaren 9a)[1] euskal itsasgizon, abertzale, mugalari eta kontrabandista bat izan zen. Jagi-Jagi taldeko kidea,[2] haren bizitza balentria, abentura eta bitxikeriaz josita gertatu zen.[3]

Espainiako Gerra Zibila garaian, Ipar Euskal Herritik eta Frantziatik Hego Euskal Herrira Eusko Gudarostearentzako merkatu beltzean erositako armak ekarri zituen Espainiar Itsas Armada frankistari izkin eginez. Donibane Lohizunen, Federiko Krutwig —bertara iheslari iritsia zen— ezagutu zuen.[4]

Ebakuazio handiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urteetan, Euskal Herriko estatu arteko mugako itsas kontrabandoan hartutako eskarmentua eta azpiegitura baliatuz, bi ebakuazio garrantzitsu antolatzeko gai izan zen: lehendabizi 1934ko urriko Asturiasko Iraultza ahaleginean, porrot egindako erreboltari sozialistak bertatik Ipar Euskal Herriko salbabidera ateraz. Bigarrena, 1948an, lagun baten eskariz, semea Asturiasko mendietako makian bakartuta eta irteerarik gabe zegoela.[3]

Urreiztietak Frantziako deserritik ibilaldi bat hasi zuen trenez Asturiasera heldu arte. Bidelagun baten bitartez, ezkutuan heldu zen mendietaraino, eta bertan geldiarazi zuten makiek, etsaia zelakoan. Haren lagunaren semeak salbatu zuen ezbeharra pairatzetik. Asturiasko Luancoko portuan jaso zuen Urreiztietak maki taldea, han zeukan botea zain. Itsasontzia tirrika-tarraka heldu ahal izan zen ekaitzaren eta kostazainen zelataren kontra Donibane Lohizuneraino, ebakuazio arrakastatsua lortuz.[3]

Fronteari eusteko armak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

George Steer-ek Urreiztietaren berri ematen du The Tree of Gernika liburuan, Letho deituraz. Steer-ek azaldu zuen itsas armada kolpistaren blokeoari iskin egin ziola 1936ko irailaren 26an eta armategi garrantzitsu bat Bilbora garraiatu zuela. Kazetari ingelesaren arabera, kargamentu horrek frontea salbatu zuen 1936ko urrian, arma moderno horiek Eibar eta Elgetara berehala heldu zirenean.[5] 1937ko maiatzean ere aipatu zuen, itsas blokeoa hautsi zuelako; hala, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Gudarosteak Bilboko guduan eusteko modua izan zuten.[3]

Mexikoko Guadalupe uhartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lázaro Cárdenas Mexiko presidentea 1934-1940 urteetan.

Urreiztietaren amets bat, Mexikon, Kalifornia Behereko kostaldetik 500 kilometrora, dagoen Guadalupe uhartean Euskal Herri aske bat eraikitzea izan zen[6][7]. Gerra bukatuta hasi zen ideia hori lantzen. Garai hartan hasi ziren judutarrak Israelera joaten.

Kontua da, frankismoaren erdian garai batez Urreiztietak pentsatu zuela uharte bat erosi behar zuela euskaldunak hara bizitzera eramateko, Frantzia eta Espainia artean ezinezkoa ikusten baitzuen. Eta bitartean, erbestera joan, euskaldunen «odolustea» ikusten baitzuen. Gudari itsasontzia zen erabiltzekoa uharte hartara joateko bidaian. Eta Guadalupe uhartea atzeman zuen, Pazifikoan. Euskal Herriaren hedadura zuen «Euskadi berria deituko zuenak».[8]

Mexikora 1957an joan zen hegazkinez, familia Euskal Herrian utzita, uhartea erosteko asmoz. «Martin, klima zoragarria da urte guzian! 20 eta 25 graduren artean, atuna nahi beste…» esan zion Ugalderi. 99 urtez alokatzea proposatu zioten mexikarrek, baina ez zitzaion egokia iruditu[9][7].

Mexikoko Gobernuko Antonio Cortés armadorearekin hitz egin zuen proiektu horri buruz, baita Mexikoko Itsas armadako idazkariordearekin eta Lázaro Cárdenas Mexikoko presidente ohiarekin. Cárdenasi berari ez zitzaion kostatu ideia ulertzea, Urreztietaren ustez Amerikako Texas, Florida, edo Alaska estatuen sorbidean antzeko prozesuak gertatu ziren. Azkenean proiektua ez zen gauzatu eta 1961ean itzuli zen Euskal Herrira.[8]

Dokumentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko irailean Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen Josu Martinezek Lezo Urreztietari buruz ondutako dokumentala, Martin Ugaldek,1975ean, Lezo Urreiztietari grabatutako elkarrizketetan oinarritutaː Jainkoak ez dit barkatzen.

Errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ugalde, Martín de, 1921-2004.. (D.L. 1990). Lezo Urreiztieta : (1907-1981), biografía. Elkar ISBN 84-7529-772-2. PMC 433825711. (Noiz kontsultatua: 2020-02-03).
  2. Ugalde Zubiri, Alexander. El Consejo Vasco del Movimiento Europeo - Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua (1951-2001). Euskonews & Media, 2001/02/02-09
  3. a b c d (Gaztelaniaz) Martinez, Josu. (2022). Lezo Urreiztieta: gudari de la utopía. Entrevistas con Martín Ugalde. Navarra: Pamiela ISBN 978-84-9172-274-8..
  4. Efemerideak. Euskonews & Media, 2006/05/12-19
  5. Steer, George L. (2009 (1938)), 75-77. or.
  6. Urkizu, Urtzi. (2023-07-26). «Martin Ugalde galdezka» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-26).
  7. a b (Gaztelaniaz) Martinez, Josu. (2022). Lezo Urreiztieta: gudari de la utopía. Entrevistas con Martín Ugalde. Navarra: Pamiela ISBN 978-84-9172-274-8..
  8. a b (Gaztelaniaz) Martinez, Josu. (2022). Lezo Urreiztieta: gudari de la utopía. Entrevistas con Martín Ugalde. Navarra: Pamiela ISBN 978-84-9172-274-8..
  9. Ideia poetiko horren bila |. (Noiz kontsultatua: 2023-07-26).
  10. Sistiaga, Jose Antonio. (2022). De Rerum Natura. VEGAP.
  11. «DonostiaEuskaraz.eus - De rerum natura | bisita gidatua» www.donostiaeuskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-08).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Ensayo y Testimonio: Lezo Urreiztieta: gudari de la utopía» www.pamiela.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).