Maksim Gorki

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Maksim Gorkiren erretratua

Maksim Gorki, errusieraz Максим Горький, (Nizhny Novgorod, 1868ko martxoaren 28Mosku, 1936ko ekainaren 18), benetako izenez Aleksis Maksimovitx Peshkov (errusieraz Алексей Максимович Пешков), errusiar idazle bat izan zen, errealismo sozialistaren sortzailetariko bat eta Iraultza boltxebikearen aldeko aktibista.

Bere liburuetan burgesiaren ustelkeria, klasearteko borroka eta gizarte arazoak jorratu zituen nagusiki. 1906tik 1913ra eta 1921etik 1929ra, atzerrian bizi izan zen, batez ere Caprin, Italian. Sobiet Batasunera itzuli zenean, onartu zituen garaiko kultura politika, baina ez zuen baimenik izan bere herrialdea berriro ere uzteko. Bere omenez, 1932tik 1990era, bere jaioterria Gorki izenez deitu zen.

[aldatu] Bizitza

1868 Gorki Nizhny Novgorod hirian jaio zen, erdiko klaseko familia xume batean. Haurtzaro latza izan zuen. Bost urte zituela, aita hil zitzaion, eta aiton-amonen etxera joan zen amarekin batera. Hango giroa izugarria zen, senideek elkar gorrotatzen zuten, liskarrak etengabeak ziren, aitonak konortea galarazteraino jipoitzen zuen. Zortzi urte zituela, ama hil zitzaion. Bi urte geroago, ikasteari utzi eta, aitonaren negozioak porrot egin zuela-eta, lanean hasi behar izan zuen.

Gorriak eta beltzak ikusi zituen garai hartan. Orduan ezagutu zituen arloteak, mozkortiak, prostitutak, pobreetan pobreenak, gizarteak baztertutako jendea. Miseriaz inguraturik bizi zen. Horrek guztiak sentiberatasun berezia ernatu zion oinazea hobeto ulertzeko.

Bost urtez oinez ibili zituen Errusiar Inperioko lurrak. Aldi hartan, era guztietako lanak eta esperientziak izan zituen, gero bere literatura lanetan ispilatuko zituenak.

Kazetari lanetan zebilela probintzietako egunkarietan, Jehudiel Khlamida ezizenarekin sinatzen zuen. Hasi zen Gorki ezizena erabiltzen (euskaraz, “mingotsa”) 1892an, Tbilisin zebilela lanean. Ezizenak erakusten zuen bere haserrea Errusiako bizimoduarekin, eta prestutasuna egia latzak salatzeko.

1892 Urte hartan argitaratu zuen bere lehen liburua, Saioak eta historiak, eta sekulako arrakasta izan zuen. Idazle ezagun bihurtu zen, eta atsedenik gabe hasi zen idazten, ez estetikaren lilurapean (nahiz eta gogor landu zituen estiloa eta itxura) baizik eta ikusten zuelako literatura ekintza etiko eta politiko moduan, zeinaren bidez alda baitzezakeen mundua. Jende apalaren bizimodua deskribatzen zuen, gizarteko baztertuena, haien umilazioak eta larritasunak, baina baita haien bihotz ona eta eskuzabaltasuna.

1899an Langileen Alderdi Sozialdemokratarekin bat egin zuen. Ahots gabeen ahots bihurtu zen, izar bat Errusiako inteligentzia eta langile mugimenduko buruzagien artean. Gorkik benetan sinesten zuen gizakiaren berezko balio eta ahalmenean. Bere pertsonaiak gizabanako indartsuak ziren, duintasunez beteak eta borondate gogorrekoak; nabarmendu egiten ziren bizimodu gogorraren aurrean etsipenak jota erortzen zirenen artean.

1902an Lenin eta beste iraultzaile asko ezagutu zituen. Salatu egin zuen tsarren erregimena, eta horregatik espetxeratu egin zuten hainbat aldiz. Urte hartan ohorezko kide izendatu zuten Literatura Akademian, baina Nikolas II tsarrak indargabetu egin zuen izendapena. Ondorioz, Anton Txekhov eta Vladimir Korolenko idazleek utzi egin zuten Akademia.

1905ean Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratari laguntzen zion, baina urte hartako “igande odoltsuan” tsarraren tropek egindako sarraskiak, ideia boltxebikeetara bultzatu zuen.

1906an Boltxebikeek AEBetara bidali zuten, dirua biltzera. Hantxe hasi zen idazten bere lanik ospetsuena, Mat, Ama. 1906tik 1913ra bitartean Capri uhartean bizi izan zen, osasun arazoengatik eta baita ihes egiteko Errusian bizi zen errepresio latzetik.

1913an Errusiara itzuli zen, hango tsarrak emandako amnistiari esker. Hala ere, gogor kritikatu zuen bere inguruko gizartea, babestu egin zituen idazle gazteak, eta idatzi zuen bere autobiografiaren lehen zatia. Haren ustez, kultura zen erremediorik eraginkorrena bere herriaren egoera aldatzeko.

1914an, Lehen Mundu Gerraren garaian, bere etxea iraultzaren aldeko materialez beteta zegoen, baina bere harremanak komunistekin mikaztu egin ziren.

1917an, Urriko Iraultzaren ondoren, bi aste geroago, idatz izuen: “Leninek eta Trotskik ez dute ideiarik ere askatasuna eta giza eskubideen gainean. Agintearen pozoiak usteldu egin ditu dagoeneko; garbi dago zer mespretxu dieten adierazpen askatasunari eta askatasun zibilei, zeinaren alde borrokatzen du demokraziak”. Elkar miresten zuten, baina Leninen eta Gorkiren arteko harremanak gaiztotuz joan ziren.

1921ean Petrogradoko Txekak atxilotu zuenean Nikolai Gumiliov idazle eta Gorkiren laguna, hau Moskura joan zen, eta jaso zuen agindu bat Leninek berak sinatua, Gumiliov askatzeko, baina Petrogradora itzuli zenean, bere laguna hilda aurkitu zuen. Urrian Gorki Italiara itzuli zen, tuberkulosiak jota zegoen-eta.

1929an Stalinek gonbidatu zuen betiko itzul zedin Sobiet Batasunera. Halaxe egin zuen, eta erregimenak sekulako harrera egin zion. Leninen Ordena eman zioten, baita luxuzko etxe bat Moskun eta datxa bat hiriburuko inguruetan. Haren izena ipini zioten Moskuko kalerik garrantzitsuenetako bati, baita bere jaioterriari.

1934an Stalinen errepresiopean, eta batez ere Sergei Kiroven hilketaren ostean, etxean atxilotua egon zen, nahiz eta gobernuak inoiz ez zuen hori aitortu. Egunero Pravda egunkaria jasotzen zuen etxean, baina zentsuratua.

1935ean Maksim Peshkov bere semea hil zen ustekabean.

1936an Maksim Gorki bera hil zen. Zabaldu zen aita-semeak pozoituta hil zirela, baina inork ez zuen horrelakorik frogatu.

[aldatu] Lanak

  • Čelkhaš (1895)
  • Na dne (Bazter zuloak, 1901)
  • Forma Gordejev (1899)
  • Troje (Hiru, 1900)
  • Meščane (Burgeskumeak, 1902)
  • Mat (Ama, 1906)
  • Detstvo (Haurtzaroa, 1913)
  • V Ijud'akh (Munduan barrena, 1916)
  • Moi universitety (Nire unibertsitateak, 1922)
  • Skazki ob Italii (Italiako istorioak, 1911-1913)
  • Delo Artamonovykh (Artamonovdarrak, 1925)
  • Žizn' Klima Samgina (Klim Samgin-en bizitza, 1925-36)

[aldatu] Itzulpenak euskaraz

Tresna pertsonalak