Mertzenarioak Erdi Aroan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Mertzenarioak Erdi Aroaren bigarren garaian agertutako soldaduak ziren. Hauek onura pertsonal baten bila borrokatzen zuten, hots, soldata baten trukean, eta horrek bereizten zituen ohiko soldadu batetik. Mertzenarioei buruz hitz egiterakoan ia beti Aro Berriari erreferentzia egiten zaio, baina jakin behar dugu mertzenarioak Antzinatetik erabiliak izan direla, hau da, greziar, egiptoar eta erromatarra bezalako zibilizazioek beren mugetatik kanpoko gerlariak erabili izan dituztela. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorketarekin eta ondorengo krisiarekin soldatapeko gerlariak desagertu ziren Erdi Aro Betera arte[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. eta XI. mendeetan zehar talde txikiek osatutako aristokrata feudalek gerra egiteko monopolioa zeukaten, baina gerrak gero eta konplexuago zirenez, XI. mendearen erdialdetik Europako monarkiak mertzenarioz osatutako infanteria masak bultzatzen hasi ziren, hauek gaitasun askoz egokiagoak eskaintzen zituztelako gerra egiteko.

Aragoiko Jaume I.a. Aragoiko Koroak mertzenarioak sarritan kontratatu zituen

Mertzenarioen lehenengo adibidea Europan Ingalaterran dugu, Gilen Konkistatzaileak Flandria, Bretainia eta Italiatik tropak ekarri zituenean Ingalaterra konkistatu ahal izateko. Honen bidez ikusten dugu mertzenarioak ez zirela erreinuko gerlariak, baizik eta Europako, Asiako edo Afrikako edozein puntutatik ekarritako soldatapeko gerlariak. Adibidez, XII. mendean Frederiko II.ak (Inperio Santuko enperadorea) 40.000 mertzenario sarrazeno inguru zeuzkan. Guztiagatik, uste da mertzenarioek fideltasun hauskorra zutela, hau da, ordaintzeari uzten ziotenean borroka egiteari utziko ziotela, edo, okerragoa, altxamenduak antolatuko zituztela; baina, ikusi da, denborarekin, mertzenario horiek erreinuarekiko (eta erregearekiko) harreman sendoak sortu zituztela, gudari abertzale bat gehiago balira bezala[2].

XIII. mendetik aurrera erreinuek geroz eta garrantzi handiagoa eman zioten euren mugak zaintzeko beharrari, hots, erresuma epe luzean defendatzeari, barrutik zein kanpotik. Horregatik, pixkanaka, Europako erresumetan mertzenarioak agertzen joan ziren, oraintxe aipatutako Ingalaterran, adibidez, baina, baita Iberiar Penintsulan, Italian, Frantzian eta kontinentearen ekialdean ere. Tropa hauek erregeari fidelak ziren, hura baitzen ordaindu ahal zieten bakarra. Apurka-apurka erregeek mertzenarioak erabili zituzten (beste gauza askoren artean) pixkanaka gainerako nobleen gainetik jartzeko.

Gaur egun ez dago oraindik batere argi nola sortu ziren mertzenarioak, honen inguruan bi teoria daude: lehenengo teoriak Europan zegoen langabeziari garrantzia ematen dio. Garai honetan Europako populazioa etengabe ari zen hazten, honela eremu txiroetan eta hirietan langabezia sortuz. Bigarren teoriak adierazten du erregeek horrelako soldaduen sorkuntza bultzatu zutela gerra egiteko modua asko aldatu zelako oso denbora laburrean, eta, beraz, mertzenarioak beharrezkoak zirelako erresumaren ordena barruan eta kanpoan mantentzeko eta, aldi berean, gainerako nobleen gainetik erregearen irudia kokatzeko[3].

XI. mendearen erdialdean mila gizon inguru batzen ziren sortutako mertzenario infanteria taldeetan, talde hauek kapitan batek zuzentzen zituen. Baina mertzenario talde hauek eraso koordinatuen aurrean ahulak ziren eta, beraz, XIII. mendearen amaieratik aldatzen joan ziren, gehitzen infanteriari zaldun feudalak eta mertzenarioek osatutako zalditeria. Hasiera batean mertzenario taldeek erabilitako arma nagusienak lantza luzeak eta arkuak ziren, XII eta XIII. mendeetan baleztak erabiltzen hasi ziren eta XIV eta XV. mendeetan zehar kainoi-txikia soldadu hauen artean nagusitu zen[4].

Mertzenarioak gerrarako prestatutako atzerritarrak ziren, beharrezkoak erreinuak defendatzeko, baina, aldi berean mantentzen oso garestiak ziren. Mertzenarioekin eta gerraren konplexutasunarekin batailak geroz eta garestiagoak ziren. Gainera, garai honetan administrazio fiskala oraindik garapen bidean zegoen, ezin da Aro Berriko administrazioarekin konparatu. Guztiagatik erreinuek bakarrik kontratatzen zituzten mertzenarioak gerra garaietan, eta honek arazoak sortzen zituen. Mertzenarioak epe luzean ez mantentzerakoan hauen eta erregearen/erreinuaren arteko lotura galtzen zen defentsan ahuleziak sortzen. Aldi berean, soldadu hauek langabezian geratzean erreinuko esparru desberdinetara mugitzen ziren, edo erreinu desberdinetara joaten ziren “lana” bilatzera. Frantzian, adibidez, Karlos V.a konturatu zen mertzenarioak mantentzeko beharra zuela, gerraren ondoren, mertzenarioak erresumaren hegoaldera bideratu baitziren bertako herriak zakuratzeko[5].

Azken honen barruan Italia iparraldea aipatu behar da. Erdi Aroaren amaieran Italiako iparraldea Europako gunerik aberatsena eta, aldi berean, banatuena zen, hots, eremu mugatu batean hainbat estatu independente aurkitzen ziren. Estatu hauek XIII eta XIV. mendeetatik aurrera, lurraldeen kontrola bermatzeko, gero eta mertzenario gehiago kontratatzen hasi ziren, baina, Frantzian ez bezala, estatu txiki hauek lortutako aberastasunarengatik soldadu talde hauek gerra zein bake garaietan mantendu zituzten; horregatik, Italian mertzenarioekiko problemak urriak izan ziren.

Erdi Aroan soldatapeko gerlari hauen inguruan bi ikuspuntu orokor zeuden: batzuk gudari basatiak eta bandaloak bezala ikusten zituzten, eta, beste batzuk, gudari ordenatuak, onak eta fidelak bezala; gainera, hemen barruan, Elizaren ikuspuntua nabarmentzea beharrezkoa da. 1179ko Laterango III. kontzilioan Elizak mertzenarioen erabilera gaitzetsi zuen, baina, gerra egiteko oso erabilgarriak zirenez, erreinuek ez zioten jaramonik egin kontzilioan adostutakoari.

Hala ere, 1500erako mertzenario hauek 4/1 edo 5/1 baino ez dira Europako ejertzito gehienen artean; izan ere, azaldu dugun bezala, oso garestiak ziren oraindik erabat garapen bidean zegoen erreinuen fiskalitateentzat[5]. Guztiagatik, mertzenarioen benetako garrantzia Aro Berrian asi zen.

Mertzenarioak Europako Mendebaldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa mendebaldeko erresuma eta entitate politiko gehienetan erabili edo sufritu ziren soldatapeko soldadu hauek, soilik diruaren trukean borrokatzen zutenak (beste kasuetan, denbora tarte baten ostean, erregeek basailuen tropengatik ordaindu behar zutelako, nahiz eta hauek mertzenarioak ez izan). Besteak beste, Joan Lurgabeak bere baroien altxamenduan (1215-1217) atzerritar mertzenarioak kontratatu zituen, Frederiko II. Enperadoreak (1220-1250) musulmanak kontratatu zituen eta 1270-1280 artean Florentziak zaldun konpainiak ordaindu zituen bere kanpainetarako (Condottieri-en aurrekaria izan zena)[6].

Italiako hiri-estatuen kasuan, kanpotar mertzenarioek hiritar-miliziak ordezkatu zituzten XII. mendeko erdialdetik XV. mendeko erdialdera arte. Italiar gobernariek bazekiten mertzenarioen ospe txarraren inguruan, baina, hala ere, hauen erabilpenari jarraipena eman zioten hamarkadetan zehar. Honen arrazoia izan daiteke hiritarrak soldadu bihurtzeak eliteen erorketa ekar dezaketela, kasu hori mertzenarioekin ematea gertagaitza zen bitartean[7].

Ingalaterrako Erresuman, XIV. mendeko erdira arte, mertzenarioen kontratatzaile ohikoa zen, batez ere, gaur egungo Belgika eta Herbehereetatik. Ingalaterrak aliantza politikoak egin zituen aipatutako eskualdeko entitate politikoekin, adibidez, Hainault-eko konderriarekin Eduardo III.aren garaian, eta horrek mertzenarioen kopurua nabarmen igoarazi zuen. Baina 1360ko hamarkadatik aurrera, Ingalaterra bihurtu zen mertzenario konpainien -kapitain famatuekin batera- hornitzailean, kontsumitzaile izan beharrean[8].

Frantziaren kasuan ere erabilpena nahiko hedatua izan zen. Batzuetan, ingelesen aurkako gudan armada ingelesaren aldean borrokatu zuten konpainiak kontratatu zituzten frantziarren alde egiteko, kasu batzuetan kapitainentzako lurren esleipena barne zeukan akordioetan, soldataz aparte. Frantziar erresumak armadaren profesionalizazioari ekin zion XIV. mendeko bigarren zatian, arrakasta handirik gabe, konpainia mertzenarioak (routes izendatutakoak) erabilgarri mantentzen erregeak ordainduta eta urteetako luzera zuten kontratuen bitartez. Eta Frantzian jaiotzat hartzen dira XIV. mendeko Konpainia Handiak deitutako mertzenario talde handiak. Hauek, hasieran, ingelesek eta gaskoniarrek osatzen zituzten, baina ondoren alemaniarrak eta frantsesak sartu ziren, haien kapitainekin. Azken hauen jatorriak ugariak ziren, kideenak bezala, eta aipagarria da, ingelesak ez bezala, frantziar gehienak aristokraziaren parte zirela[9].

Haien aldetik, Suitza ere mertzenarioen hornitzaile onenetarikoan bihurtu zen XV. mendean zehar, eta suitzar askorentzat guda bizitza eta biziraute modu bat bihurtu zen. Haien ezaugarri nagusiena taktika militarrak ziren, piken erabilera nagusiki, XV. mendeko amaierako infanteria eta zalduneriaren kontra oso eraginkorrak zirenak[10].

XIV. mendearen erdialdean, batez ere, 1360ko hamarkadan, mertzenarioen papera handitu egin zen Europako mendebaldeko herrialdeetan, Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerran, Ehun Urteko Gerra bezala ezagutzen dena, su-etena ituntzean. Normalean, mertzenarioek haien ospe txarrari ohorea egiten zioten zakuraketa eta biolentziari ekinez, edo bestelako gatazkak sortuz, eta horren adibidea 1364. urtean Frantziako erregeak Bertrand du Guesclin-eri eskatu zion konpainiak erresumatik ateratzea eta laster agertu ziren Iberiar Penintsulan Trastamararren aldean borrokatzen[11].

Sakro Inperio erromatarrean hain ohikoak ziren ia gatazka guztietan parte hartzen zutela, bakarka edo taldeka kontratatuta printze, noble edo hirien partez. Brabantarren papera ere aipagarria da, Kontzilio batean eskumikatu baitzituen Eliza Katolikoak eta era masiboan (3 mila eta 6 mila artean; garairako kopuru handia) erabili zituzten ingelesek 1174eko Galeseko gatazkan[8].

Mertzenarioak 100 urteko gerran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1337. urtean Ehun Urteetako Gerra hasi zen. Gatazka honetan Ingalaterrako eta Frantziako koroak borrokatu ziren. Gerra hasi zenean, Ingalaterrako koroak Gaskoniako eskualdearen kontrola zeukan eta, Henrike V.aren garaian, Normandiako eskualdea kontrolatzera heldu zen. Bestalde, Frantziako koroak soilik zeukan botere sendo bat Frantziako eskualde periferikoetan.

Gatazka honetan ez ziren gaur egun ezagutzen ditugun Ingalaterrako eta Frantziako lurraldeak borrokatu, gaur egun Frantziaren parte diren eskualde batzuk ingelesen alde egin baitzuten. Honen adibide Gaskoniako eta Bretaniako soldaduen parte hartzea jar daiteke. Horrez gain, frantsesak eta ingelesak ez ziren parte hartu zuten soldadu bakarrak, flandestarrek ere euren papera jokatu zuten. Frantziako koroaren nahien aurka zeudelarik, zenbait eskualde frantses eta atzerriko soldadu Ingalaterrako koroaren alde agertu ziren[12].

Frantziako koroaren alde, normandoek, poitebingoek eta borgoiniatarrek egin zuten, beste batzuen artean. Gerraren hasieran, eskualde ezberdinetako soldaduak bando berean borrokatzen zirenean, deserosotasun sentimendu bat zegoen haien artean ez zutelako haien burua berdin ikusten. Dena dela, gerra igaro ahala, aliatuen arteko anaitasun sentimendu bat sortzen hasi zen eta honek “sentimendu nazional” baten sorrera eragin zuen bai Inglaterran, baita Frantzian ere.

Ehun Urteetako Gerra  honetan bi koroekiko inolako loturarik ez zeukaten soldaduek ere parte hartu zuten, euren helburua dirua irabaztea zelarik. Hau da, gerra honetan mertzenarioek parte hartu zuten. Adibidez, Joan Bohemiakoa eta bere menpe zeuden zaldunak armada frantsesaren alde aritu ziren Crecyn. Horrez gain, zenbait genovatar baleztale konpania ere aritu ziren frantziako koroaren alde.

Ingalaterrak bere aldetik, Carlos VII.aren erreinaldian, Piamonteko zaldunak eta Eskoziako arkulariak ordaindu zituen bere alde egiteko. Era berean, aipagarria da nola 1373.an Juan de Gauntek Frantziara burututako espedizioan, kapitainen kopuru erdia mertzenarioek osatzen zuten.

Arraroa dirudien arren, mertzenarioen garrantzia gehien nabarmentzen zen unea bake garaian izaten zen. Bake tarte horietan armadaren zati handi bat zerbitzutik askatzen zen eta mertzenarioen konpainia askeen fenomenoak indarra hartzen zuen. Honek arazo larriak sortzen zituen konpainia askeak zeuden eskualdetan[13].

Aurreko ideiaren adibide gisa Bretignyko bakearen ostean gertatutako gatazkak jar daitezke. Bake hau 1360.ko hamarkadan eman zen. Bake honen ostean, konpainia ingelesek ez ziren Ingalaterra bueltatu nahi izan. Gainera, Frantziako koroaren soldaduak soldata jasotzeari utzi zioten. Bi ekintza hauek eragin zuten bi bandoetako soldaduak Frantziako eskualdeak arpilatzen hastea, bertako baliabideak eta ondasunak eskuratzeko. Orokorrean, konpainia hauen buruan buruzagi bat zegoen eta Frantziako hegoaldera mugitzen hasi ziren, batez ere, bertan autoritate politikoa ahula zelako eta, arazo handirik gabe ekin ahal zioten haien ekintzei.

Egoera honetan, Carlos V.ak ikusi zuen ezin zituela bat bateko desmobilizazio masiboak egin, mertzenarioak eta soldadu arruntak soldata falta zeukatenean erreinua arpilatzen hasten baitziren. Azkenean, erregeak herrialdea suntsitzen ari ziren mertzenarioei aurre egiteko behartuta ikusi zuen bere burua. Horren ondorioz, Frantzian zeuden mertzenario gehienak Italiara eta Espainiara joan ziren bertan lana eta ogibidea bilatzeko.

Mertzenarioak Iberiar Penintsulan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar penintsulako mertzenarioei dagokienez, bi adibide bereiz ditzakegu nagusiki: Kataluniako Konpainia Handia (Aragoiko Erresumako kasuan), almogavarez osatua gehienbat, eta Nafarroako Konpainia (Nafarroako Erresumako kasuan).

Kataluniako Konpainia Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kataluniako Konpainia XIV. mendearen hasieran sortutako konpainia izan zen. Konpainia hau, batez ere, gudari profesionalek osatzen zuten, eta Roger de Florrek[14] zuzentzen zuen, 6.000 gizonez osatua zegoelarik, horietatik bi heren almogavarrak[15].

Konpainia honen jatorriari dagokionez, 1302. urtera jo behar dugu, Caltabellottako bakera, hain zuzen ere. Bake horren ondorioz, Karlos II.a Anjoukoaren eta Karlos Valoiskoaren indarrak, Fadrique Aragoikoaren zerbitzura zeuden tropak, langabezian aurkitu ziren, eta une horretan sortu zen konpainia[16]. Horren ondoren, konpainiari Italiako hainbat lekutako mertzenarioak gehitu zitzaizkion, hala nola Italia iparraldeko mertzenarioak eta kalabresak, baina konpainiaren zatirik handiena almogavarrek osatuko zuten[16].

Konpainiaren jarduera, batez ere, Bizantziar Inperioan ardaztuta egon zen, bere mugetan kontrolik ez izatearen ondorioz prekarietate garaian baitzegoen. 1303an Kataluniako Konpainia Konstantinoplara iritsi zen 1302an Messinatik abiatu ondoren[17]. 1304an konpainiak Bizantziar Inperioko hainbat gune berreskuratu zituen, hala nola Esmirna, Magnesia, Sardes, Antioquia edo Pergamo. Ondorioz, 1304an, Anroniko II.a bizantziar enperadoreak Cesar titulua eman zion Roger de Floreri[18].

Konpainiaren arrakastaren eta lortutako pribilegioen ondorioz, Roger de Flor mertzenario alanoek hil zuten 1305ean. Ondorioz, konpainiak bere liderraren heriotzaz mendekatzeko indarkeria gorakada hasi zuen, eta, azkenean, alanoak eraitsi zituzten[19].

Beren mendekua amaitu ondoren, Gualterio V.a Atenasko dukeak kontratatzen ditu, eta honek uko egiten dio konpainiari bere lana egin ondoren ordaintzeari. Ondorioz, konpainiak Gualterio V.a garaitu zuen Zefisko guduan 1311n, eta Atenasko dukerria hartu zuten Aragoiko koroaren izenean. Lurralde hauek 1390era arte mantenduko zituzten, Nerio I.a Acciaioliren tropek eta Nafarroako Konpainiaren tropa batzuek garaitu zituzten arte[18].

Nafarroako Konpainia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Konpainia XIV. mendearen amaieran eta XV. mendearen hasieran sortutako konpainia bat izan zen. Konpainia horretako kideak Gaskoiniako eskualdetik (Frantziako hegoaldean) eta, batez ere, Nafarroatik zetozen. Mertzenario tropa honek, batez ere, fronte greziar ezberdinetan eta Albania eskualdean (Balkanetan) borrokatu zuen.

Lehen Nafar Konpainia Karlos II.a Nafarroakoak sortu zuen, Karlos V.a Frantziakoaren aurka borrokatzeko. 1365ean bien arteko bakea sinatu ondoren, Luis de Évreux infantea (Karlos II.a Nafarroakoaren anaia)[20], Durazzoko (Albania) dukesa zen Joana Siziliakoarekin ezkonduta zegoena, albaniar lurraldearen konkistarantz abiatu zen. Une hartan, Durazzoko dukerria Carlos Topia albaniarraren jurisdikziopean zegoen[20].

1372an konpainiak 500 lantzari eta 500 arkulari gehiago izan zituen zaldi gainean, gehienak Gaskoiniatik etorriak, Ingeram de Coucy mertzenarioen kapitaina zen[21]. 1375 eta 1376 artean, Nafarroako abenturazale eta gerlari askok, ingeniari ugari barne, konpainiarekin bat egin zuten eta zuzenean Albanian borrokatzera joan ziren, indar militar handi bat osatuz. Mertzenario hauek urrezko 30 florin aragoiarren soldata jaso zuten hilean[20]. Nafarroan bildutako pertsonak Tortosan ontziratu ziren eta 1376an iritsi ziren Albaniara. Iritsi ondoren, konpainiak Durazzo konkistatu zuen, eta errefortzuak iritsi ziren hiru urtez kokatu zen bertan[21]. Baina urte berean Luis Évreuxkoa ere hil zen, eta, ondorioz, haren emaztea Artoisko dukearekin ezkondu zen[20].

Durazzoko dukesa, Nafarroako konpainiaren kapitain zenaren emazte ohia, berriz ezkondu ondoren, nafarrak atsekabetuta sentitu ziren eta harenganako leialtasun-zina hautsi zuten[20]. Ondorioz, aliatu berriak bilatu eta Aragoiko Petri IV.aren esku jarri ziren. 1378 eta 1380 artean, Nafarroako Konpainiak hainbat eskaintza jaso zituen Morea eskualdera joateko. Proposamen horiek Nerio Acciaiuolik, Korintoko jaunak, Hospitalario Zaldunek eta Jacques de Bauxek egin zituzten, zeina Akaiako printzerriaren eta Napoliko Joan I.aren arteko lehian baitzegoen. Azkenean, Nafarroako Konpainiak Albania utzi eta Peloponesora joatea erabaki zuen. Eremu horretan, zaldunetako batzuk hospitalarioen zerbitzura jarri ziren, eta beste batzuek Jacques de Bauxen lerroekin bat egitea erabaki zuten.[21]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Urueña-Sánchez, M. (2020). «Mercenarios y compañías militares y de seguridad privadas» Vniversitas 69: 67-68.  doi:10.11144/javeriana.vj69.epcm. ISSN 2011-1711. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  2. De Vries, K. (2015). «Mercenarios medievales. Metodología, definiciones y problemas» dx.doi.org (RUHM) (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  3. Keen, M. (2005). «Historia de la guerra en la Edad Media» Anuario de Historia de la Iglesia 12: 271–276.  doi:10.15581/007.12.23740. ISSN 2174-0887. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  4. Urueña-Sánchez, M. (2020). «Mercenarios y compañías militares y de seguridad privadas» Vniversitas 69: 73-75.  doi:10.11144/javeriana.vj69.epcm. ISSN 2011-1711. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  5. a b Keen, M. (2005). «Historia de la guerra en la Edad Media» Homenaje a Henri Guerreiro: 277-278. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  6. Contamine, P. (1984). «La guerra en la Edad Media» Laboratorio de Arte (30)  doi:10.12795/la.2018.i30.03. ISSN 1130-5762. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  7. Leeson, T. P. (2020). European review of economic history. , 429-446 or..
  8. a b Bernaldo de Quíros, P. (2018). Los contratos militares en la Europa feudal. GrAL, Zaragozako Unibertsitatea.
  9. Idem., 130 or..
  10. Bennett, M. (2010). La guerra en la Edad Media. .
  11. Contamine, P. (1984). La guerra en la Edad Media. , 202 or..
  12. Keen, M. (2005). «Historia de la guerra en la Edad Media» Homenaje a Henri Guerreiro: 280-281. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  13. Keen, M. (2005). «Historia de la guerra en la Edad Media» Nihon Yakurigaku Zasshi. Folia Pharmacologica Japonica 71 (5): 283-284. ISSN 0015-5691. PMID 280. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  14. Reglá Campistol, Juan. (1971). Historia de la Edad Media. , 373 or..
  15. Contamine, Philippe. (1984). La guerra en la Edad Media. , 311-312 or. ISBN 84-3335-9333-1. ISSN 7426-1984..
  16. a b Contamine, Philippe. (1984). La guerra en la Edad Media. , 311-312 or..
  17. d. Moncada, Francisco. (1777). Expedicion de catalanes y aragoneses al oriente. , VII or..
  18. a b Medallo, Francisco. (1864). Enciclopedia moderna, 35; diccionario universal de literatura, ciencias, artes, agricultura, industria y comercio.. , 476-484 or..
  19. d. Moncada, Francisco. Expedición de catalanes y aragoneses al oriente. , XXVII or..
  20. a b c d e Floristan, J.M. (2018). Contactos diplomáticos de Himarë con el reino de Nápoles en el siglo XVI: embajadas y embajadores. , 141-142 or..
  21. a b c Egaña Sevilla, Iñaki. (1996). Diccionario histórico-político de Euskal Herria. , 34-36 or..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bennett, M. (2010). La guerra en la Edad Media.
  • Bernaldo de Quirós, P. (2018). Los contratos militares en la Europa Feudal. [GRAL. Universidad de Zaragoza].
  • Contamine, P. (1984). La guerra en la Edad Media.
  • De Vries. K. (2015). Mercenarios medievales. Metodología, definiciones y problemas. RUHM.
  • Egaña Sevilla, I. (1996). Diccionario histórico-político de Euskal Herria.
  • Floristan, J.M (2018). Contactos diplomáticos de Himarë con el reino de Nápoles en el siglo XVI: embajadas y embajadores.
  • Keen, M. (2005). Historia de la guerra en la Edad Media.
  • Leeson, T. P eta Piano, E.E. (2020). The Golden Age of Mercenaries. European Review of Economic History; 25.
  • Mellado, F. (1864). Enciclopedia moderna, 35; diccionario universal de literatura, ciencias, artes, agricultura, industria y comercio.
  • d. Moncada, F. (1777). Expedición de catalanes y aragoneses al oriente.
  • Reglá Campistol, J. (1971). Historia de la Edad Media.* Ureña-Sanchez, M. (2020). Mercenarios y compañías militares y de seguridad privadas.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]