Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Frederiko II.a "Stupor mundi"
Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa

Frederiko II.aren irudia XIII. mendeko De arte venandi cum avibus kronikan.


1220ko azaroaren 22a – 1250eko abenduaren 13a
Aurrekoa Oto IV.a
Ondorengoa Henrike VII.a

Jaiotza 1194ko abenduaren 26a
Jesi, Markak, Sizilia
Heriotza 1250eko abenduaren 13a (-56 urte)
Castel Fiorentino, Apulia, Sizilia
Ezkontidea Konstantza Aragoikoa
Elisabet Briennekoa
Elisabet Ingalaterrakoa
Bianca Lancia (?)
Seme-alabak Henrike VII.a
Konrad IV.a Alemaniakoa
Margarita Siziliakoa
Konstantzia Hohenstaufen
Manfredo Siziliakoa

Frederiko[1] II.a (Iesi, Ankonako Marka, 1194ko abenduaren 26aFiorentino Gaztelua, Puglia, 1250eko abenduaren 13a), "Stupor mundi" edo "Munduko miraria" ezizena zuena, Erdi Aroko Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorerik boteretsuenetariko bat izan zen. Bere burua erromatar enperadoreen ondorengo zuzentzat jotzen zuen[2] erromatarren erregea izan zen 1220an aita sainduak koroatu zuenetik bere heriotzara arte. Tituluak Alemania, Italia eta Borgoinako erregearenak zekartzan. Hiru urte zituela, Roger II.a Siziliakoa bere osaba hil zenean, Konstantza Siziliakoa bere amarekin batera Siziliako errege bilakatu zen. Gainera, Seigarren Gurutzadan parte hartu ondoren, Jerusalengo errege bihurtu zen[3]. Aitasantutzarekin hainbat gerra izan zituen, izan ere, Aita Santuen Lurraldea iparraldeko Italian zituen lurraldeak eta hegoaldeko Siziliako Erresuma artean zegoen. Lau aldiz eskumikatu zuten eta Gregorio IX.ak antikristo deitu zion.

Brunswickeko Otonen kontra, Inozentzio III.ak enperadore izendatu zuen (1227). Aita Santuarekin hitzarmena egin zuen eta gurutzada antolatzeko hitza eman arren Italian luzamendutan ibili zen, eta Honorio III.ak eskumikatu egin zuen (1227). Hala ere, seigarren gurutzada egin zuen, diplomatiko gisa, ordea: Egiptoko sultanaren eskutik, Jerusalem, Belen eta Nazaret, eskuratu zituen, eta Jerusalemgo errege koroa beretzat hartu zuen.

Frederiko Italiako arazoez kezkatuago zegoen Alemaniakoez baino, eta Aita Santuaren kontra aritu zen etengabe; hark Lonbardiako bigarren Liga eratu zuen. Gurutzadatik itzultzean, matxinada bat zapaldu behar izan zuen Italian (1230) eta Gregorio IX.ari San Germanoko bakea sinarazi zion. 1235ean Alemanian erromatarren errege koroarazi zuen bere seme Henrike VII.aren matxinada zapaldu zuen, preso hartu zuen eta Konrado (IV.a) beste semeari eman zion inperioa. Italian Lonbardiako hiriak Cortenuovan menderatu zituen (1237), eta berriro eskumikatu zuen Aita Santuak. 1241ean, bera kondenatu behar zuten kardinalak atxilotu zituen eta Inozentzio IV.ak erregetza kendu zion Lyongo kontzilioan (1245).

Hil arte ez zuen bakerik egin Aita Santuarekin, eta hark beste enperadore bat, Holandako Gilen, izendatu zuen bere ordez. Politika bikoitza eraman zuen beti: Alemanian feudalismoa bultzatu zuen, Elizari, printzeei, jaunei eta hiriei mesedeak eta eskubide bereziak eman zizkien; hala, anarkia bultzatu eta enperadoretzaren gainbehera ekarri zuen. Italian, bere aginpidea ezartzen saiatu zen, Melfiko Konstituzioen bidez (1231), eta erregetza absolutua ezarri zuen. Nekazaritza bultzatuz, eta kolonoak ekarriz, bere mendekoen bizitza hobetzen saiatu zen; barneko aduanak kendu zituen eta merkataritza sustatu eta erregearen lurraldeetako zergak kendu zituen. Finantzen antolakuntza oso eraginkorra izan zen, eta Palermoko gortean jakitun greko, arabiar, italiar eta juduak bildu zituen. Bera ere ikasia zen, eta hizkuntza askotan mintzatzen zen. Letrak eta arteak bultzatu zituen, eta Aristoteles, Ibn Rusd, Ptolomeo, Galenoren obrak latinera itzularazi, Padua, Bolonia eta Salernoko ikasketak bultzatu, eta Napoliko Unibertsitatea sortu zuen (1224).

Sei hizkuntza menperatzen zituen: latina, siziliera, alemana, frantsesa, greziera eta arabiera[4]. Bere gortean zientziak eta arteak bultzatu zituen. Bere erreinaldian siziliar poesia eskola gailendu zen, lehendabizikoz italiar erromantze literarioa bultzatu zutenak[5]. Idazlea eta poeta ere bazen eta falkoneriaren lehendabiziko tratatua idatzi zuen, De Arte Venandi cum Avibus izenekoa.

Frederiko II.a nortasun handikoa izan zen, berritzailea eta irekia (arabiarren ohitura batzuk hartu zituen); ez zen, ordea, gauza izan Alemania osorik bere mende edukitzeko. Haren heriotzak aro oso baten amaia ekarri zuen, Alemaniako eta Italiako aginpide inperialarena, alegia, eta bide batez Hohenstaufen familiarena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, 66. araua: Santutegiko izen ohikoenak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0066.pdf .
  2. Roberto Weiss, The Renaissance Discovery of Classical Antiquity (Oxford: Blackwell) 1973:12.
  3. David Abulafia, Frederick II. A Medieval Emperor, Allen Lane the Penguin Press, 1988, ISBN 88-06-13197-4
  4. Giovanni Villani Cronica, VI. Liburua e. 1.
  5. Claudio Rendina, Federico II di Svevia - Lo specchio del mondo, Newton Compton, Rome, 1995, ISBN 88-7983-957-8
Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa


Aurrekoa
Oto IV.a
Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea
12201250
Ondorengoa
Henrike VII.a