Nevis

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Karibeko uharteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Nevis (argipena).

Nevis


Nevis

Ez da estatua
Nevisko bandera
Bandera
LocationNevis.PNG
Nevis
Hiriburua Charlestown
Hiri nagusiak Newcastle, Figtree, Cotton Ground
Administrazioa Nevis Island Administration
Eremua 93 km²
Biztanleria 12106 (2006)
Dentsitatea 130 biztanle/km²
Administrazioa Nevis Island Administration
Dirua Ekialdeko Karibeko dolarra
Herritarra nevistar, Nevisian[1]
Hizkuntza(k) Nevisko kreolera[2], ingelesa
Ofiziala(k) ingelesa
Nevis Saint Kitts eta Nevisko mapa batean; parrokiak eta beren hiriburuak ikusgai.

Nevis Antilletako uharte eta herrialde bat da, Antilla Txikietako Haizebeko uharteetakoa hain zuzen. Ipar-ekialdean 3,22 km eskasetara Saint Kitts dago, The Narrows izeneko kanalaren beste aldean; 80 bat km ekialderantz Antigua eta 32 km hego-ekialderantz Redonda ditu, denak uhartedi berean. Bere europarren aurreko izena Oualie zen eta hiriburua Charlestown da.

Saint Kitts eta Nevisko Federazioaren barruan dago eta beraz ez da independentea, federazioko estatua baino. Aldiz, 1998an independentzia eskuratzeko erreferendum bat egin zen; %62k baietz bozkatu bazuten ere, banaketa onartzeko Saint Kitts eta Nevisko konstituzioak bi hereneko gehiengoa eskatzen du. Uharteko arduradun politikoek ez dute baztertzen independentziarako aukera berriro defenditzea[3].

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarrak heldu baino lehen uhartean bizi ziren kalinago edo karibearrek Oualie deitzen zuten[4]. Zenbait iturriren arabera[5] "ur ederraren lurra" esan nahi du.

Lehen kolono britainiarrek Dulcina deitu zioten; aldiz, oraingo izena espainiarrek ipinitako izendapenetik (Nuestra Señora de las Nieves) eratorria da. Baina ez zen Nieves espainiarrek ipinitako lehen izena: Kolonek 1498an San Martín deitu zion baina azkenean, garai haietako mapetan zegoen zehaztasun faltagatik izen hau beste uharte bati ipini zitzaion, egungo Saint Martini.

Ezizen bat ere badu: Queen of the Caribees ("Karibeko erregina").

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristobal Kolon uhartera 1493an heldu zenerako gizatalde desberdinek gutxienez 2000 urteko historia egina zuten bertan, azken urteetako indusketek are gehiago frogatu dutena[6]. Beranduago arawak eta kalinago (karibear) izenak eman zaizkien gizataldeetako kideak ziren.

Beraz, espainiarrak izan ziren uhartea bisitatu zuten lehen europarrak; inolako kokagune finkorik sortu ez bazuten ere, 1670ko Madrilgo Ituna arte Nevis beraientzat eskatu zuten. Lehen kolono britainiarrak heldu zirenean populazio urria zuen eta arrazoia espainiarrek esklabo gisa hainbat bizilagun oraingo Venezuelara eraman izana da. Hamarkadetan zehar britainiar eta holandarren itsasontzien bisitak izan zituen baina 1620tik Britainia Handiak uhartearen gaineko kontrola aldarrikatu zuen. Lehen kolonoak 1628an heldu ziren Saint Kittsetik, Anthony Hilton lehen gobernadorea bilakatu zena buru zutela.

1670ean britainiarren boterea finkatu zen; 1675 eta 1730 artean Haizebeko uharteetako esklabo merkatuaren gune nagusia, 6000-7000 bat afrikar pasarazi zituzten bertatik uhartediko beste kideetarako bidean. Esklabo horiek azukre-kanabera landatzeko lan gogorrean aritu behar izan zuten; bertan ematen zena oso kalitate handikoa zenez aberastasun handienak ematen zituen uharteetakoa izan zen, jasotako kanabera kantitatean askoz ere handiagoa den Jamaika beraren aurretik egotera helduz[7]; 1671tik (Barbadosetik bereizi zenean) 1698 arte (arrazoi militarrengatik Antiguara lekualdatu zutenean) Haizebeko uharteek osatzen zuten kolonia britainiarraren hiriburua izan zen.

1706an Pierre Le Moyne d'Iberville frantsesa saiatu zen ingelesak uhartetik kanporatzen; Nevis frantses itsasontziak erasotzen zituzten piraten gune nagusitzat jotzen zuten. Zuriek mendietara jo eta plantazioak erre zituzten; aldiz, esklabo beltzek frantsesei aurre egin zien, kontuan izanda beste europar hauek ere esklaboak egin nahi zituztela Martinikan saltzeko[8]. Baita geldiarazi ere. Azukrearen industria oso kaltetuta geratu zenez hurrengo hamarkadak eta XVIII. mendea orokorrean oso zailak izan ziren ekonomikoki.

1834an esklabotzaren ezeztapena heldu zen. Zuriek hainbat lur lehenagotik utzita zutenez horrek, Saint Kittsen ez bezala[9] uhartean lur-eremu batzuk zituen klase ertain baten agerpena erraztu zuen.

Independentzia nahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1882an Britainia Handiaren menpeko kolonia bakarra osatu zuen Saint Kitts eta Anguillarekin batera; Nevisen integrazio honen kontrako mugimenduak egon ziren eta beranduago, 1921ean uhartea bereiztea eskatu zioten Londresi. 1967an autonomia maila oso zabala eman zitzaien uharteei; lehenago esan daiteke beste bi uharteak Saint Kittsen kontzentratzen zen boterearen menpean zeudela. 1971n Anguillak eremu hori uztea erabaki zuen; gaur egun uharte hori oraindik Erresuma Batuaren kontrolpean dago.

Metropoliak Saint Kitts eta Nevisi eman zien independentzia 1983an; horretan ez zuen kontuan hartu aurreko hamarkadetan nevistarrek erakutsi zuten bereizteko nahia: lehen manifestaldi inplizitoak 1961koak dira eta 1977an bozketa ez ofizial batean banaketaren aldeko oso gehiengo zabala eman zen.

1998ko abuztuaren 10ean independentziaren gaineko erreferendum ofizial bat antolatu zen; 2427 boz aldekoak izan ziren eta 1498 baino ez ziren kontrakoak izan[10] baina bi herenen gehiengoa eskatzen zen eta orduan oso gutxirengatik ez zen onartu. 2006tik uharteko gobernu autonomoaren kontrola duen alderdia (NRP; ikus "Erakunde politikoak" atala) eta presidentea (Joseph Parry) independentziaren aldekoak dira eta erabaki hori erraztuko lukeen erreforma konstituzional bat eskatzeko asmoa dute[11]; beraientzat historiak ere erakusten du Nevisi berezko estatu independentea zor zaiola[12].

Nevis ikusgai Saint Kittsetik.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nevisek kono baten itxura dauka: borobila eta erdi-erdian uhartearen geografiaren protagonista nagusia, Nevis Peak mendia (985 m, tontorrik garaiena). Mendi hau da uharteko banderan irudikatzen dena.

Giza geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere populazioaren gehiengoa afrikar jatorrikoa da. XVII. mendearen amaieran dagoeneko biztanleria honelakoa zen: lurren jabeak ziren gutxiengo zuri aberatsa, zuri pobre bakar batzuk, gehiengo izugarri handia esklabo beltzek osatua eta orduan ematen hasi zen maroon edo ihes egindako beltzen talde bat. Azken horiek mendietara jo zuten eta han geratzen ziren azken karibearrekin bat egin zuten, denbora luzez iraun zuen erresistentzia gune bati hasiera emanez.

XX. mendeaz zehar nevistar ugari uhartetik kanpora lan eta bizi izatera joan dira, bereziki AEBtara eta Ingalaterrara; leku bietan aurki daitezke herrialde horietan famatuak diren nevistar jatorriko familia duten pertsonak, adibidez:

Ingelesa da hizkuntza ofiziala baina herri hizkuntza ingeles oinarridun kreolera bat da, biztanle gehienek hitz egiten dutena[13]; bertan Nevisian edo Nevis Creole deituta, linguistikoki ez du desberdintasun handirik Saint Kittsen mantentzen denarekin. Antiguan eta Montserraten hitz egiten direnekin ere antz handia du.

Alfabetizatutakoak %98a dira, Ameriketako ehunekorik altuenetakoa.

Geografia administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saint Kitts eta Nevisko Federazioa banatuta dagoen 14 parrokietatik (parish) 5 Nevisen daude:

Bost parrokien lurrek bat egiten dute Nevis Peak mendiko tontorrean. Beren izenak bikoitzak dira, lehen zatian patroiarena eta bigarrenean izen arrunt edo popular tradizionala, batzuetan erabiltzen diren bakarrak.

Erakunde politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuko parlamentuak Nevis Island Assembly du izena eta 8 kide ditu; haietako 5 parrokiek osatutako hautesbarrutietan irabazle ateratzen direnak eta beste hirurak izendatuta. 2006ko uztailaren 10eko hauteskundeetan Nevis Reformation Party izenekoak 3 atera zituen eta lehenago gobernuan zegoen Concerned Citizen's Movementek 2. Bozketa honen ostean Joseph Parry bihurtu zen Premier eta Nevis Island Administration gobernu autonomoaren presidentetza hartu zuen.

Federazioko parlamenturako hiru ordezkari aukeratzen ditu, Saint Kittsek zortzi hautatzen dituen bitartean.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azukrearen industriaren suntsipenaren ostean turismoa izan da aktibitate ekonomiko nagusia. 2003-2004 urtean 40000 bat bisitari jaso zituen; goi-mailako turismoa bultzatzen ari da, bost izarretako hotel bat dago eta batez ere mendebaldeko kostaldean gune berriak zabaltzen ari dira[14]. 1999ak Lenny zikloi tropikalak kalte handiak egin zituen sektorean, 2008an Omarrekin errepikatu zena.

Finantza eta inbertsioen munduak garrantzi handia izan du azken urteetan. Saint Kitts eta Nevis KHEEren 2000ko paradisu fiskalen zerrendan agertzen zen[15] baina 2002an zerrendatik kanpo utzi zuten; ez zen Nevisen kontrako aparteko salaketarik egin.

Garraio arloan Vance W. Amory nazioarteko aireportua azpimarra daiteke, 14 urtez uharteko presidente izan zenaren omenez horrela deitua eta uhartearen iparraldean dagoena.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urteko kultura jaialdi nagusia Culturama[16] deitzen da; abuztuan izaten da, Emancipation Day esklaboak libre bihurtu ziren egunaren ospakizunarekin batera. Ekitaldi anitzen artean maskara ibilaldia eta uharteko musika estilo kutunetakoa den calypso emanaldiak antolatzen dira.

Nevistar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bigarren gentilizioa ingelesez.
  2. Uharteko biztanleek hala deituta, linguistikoki Saint Kittsen hitz egiten den kreolera berbera da.
  3. Nevisko presidentea caribbeannetnews.comen.
  4. Antilletako jatorrizko izenak.
  5. Adibidez Ebony Intuition-en.
  6. Ikus adibidez Nevisko 2000-2002 arteko indusketen txostena, Southamptoneko Unibertsitateko Arkeologia Departamentua.
  7. 1700ean Britainiar Inperio osoko azukre ekoizpenaren %20a Nevisen jaso zen.
  8. 3400 bat beltz harrapatu eta Martinikara bidali zituzten; 1000 batek eraso frantsesei aurre egin zien.
  9. Saint Kittsen azukrearen industriak 2006 arte iraun zuen.
  10. Erreferendumaren emaitzak.
  11. Eztabaidaren berri BBCn.
  12. Azken hamarkadetako mugimendu politiko nagusiak.
  13. Nevisen Saint Kittsen baino hobeto gorde da hizkuntza.
  14. Artikulua, Caribbean Net News, 2006ko maiatzaren 9a.
  15. Berria Island Sun agerkarian.
  16. Jaialdiaren webgunea.
  17. Kontuan izan cricketa dela Nevisko kirol nazionala.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nevis Aldatu lotura Wikidatan

Koordenatuak: 17°09′N 62°35′W / 17.150°N 62.583°W / 17.150; -62.583