George Washington

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
George Washington
George Washington

1789 – 1797
Presidenteordea   John Adams
Ondorengoa John Adams

Jaiotza 1732ko otsailaren 22a
Virginia, AEB
Heriotza 1799ko abenduaren 14a
Mount Vernon, Virginia, AEB
Alderdi Politikoa Ez
Ezkontidea Martha Washington
Lanbidea Nekazaria
Erlijioa Episkopala
Sinadura George Washington-ren sinadura

George Washington (1732ko otsailaren 22a1799ko abenduaren 14a) Estatu Batuetako armadako buruzagia izan eta gero, eta Britainia Handia iraultzako gudan (1775-1783) garaitu ostean lehenengo presidentea izan zen.

Armada matxinoaren buruzagi izendatu zuten 1775ean. Hurrengo urtean britainiarrak Bostonetik egotzi zituen, baina New Yorken porrot egin zuen urte haren hondarrean. Hala ere, Delaware ibaia gurutzatu zuen eta etsaia ustekabean harrapatu zuen. Estrategia haren ondorioz matxinoek bi armada britainiar atzeman zituzten, Saratogan eta Yoktownen.

Zatikatze indarren eta porrotaren aurka borrokatuz eta kongresuarekin, estatu kolonialekin eta frantziar aliatuekin negoziatuz armada eta aberri ahul bati eutsi zien. 1783an, guda amaitu ostean, Mount Vernongo haren etxaldera bildu zen.

1780ko hamarkadaren amaieran aberri jaioberriaren konfederazioaren artikuluen ahultasunaren beldur zela, Philadelphiako Bilkurako lehendakaria izan zen eta bertan 1787ko AEBetako konstituzioaren zirriborroa bultzatu zuen.1789an AEBetako presidente bilakatu zen eta gobernu berriaren usadio eta ohitura ugari finkatu zituen. Britainia Handiaren eta Frantziaren arteko gudek urratzen zuten mundu batean bizirik irauteko gai izango zen herrialde sendo bat sortu gura zuen. 1793ko haren neutraltasun aldarrikapenak kanpoko gudak saihestu zituen. Gobernu zentral indartsu bat ezartzeko; zerga sistema bat, banku zentral bat eta barne-zorra sortu zituen. Haren ospea erabili zuen Jeffersondarren aurka egiteko eta 1795ean Britainia Handiarekin sinatutako Jay Itunaren karietara bake hamarkada bat hasi zen. Alderdi Federalistan inoiz sartu ez arren, haren programa sostengatu zuen eta sorkuntzaren bultzatzaileetako bat izan zen. Washingtonen agur-hitzaldia errepublikar dohainen eta kanpoko guden aurkako aldarrikapenaren eredutzat hartzen da.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

George Washington 1732ko otsailaren 22an jaio zen Pope Creekeko familiaren etxaldean, gaur egungo Westmorelandeko Colonial Beach konterritik hurbil, Virginian. Augustine Washingtonen eta bere bigarren emaztearen, Mary Ball Washingtonen, lehenengo semea izan zen. Aitak eta anaia nagusiak hezi zuten etxean.

Gaztetandik, Washington soro-neurtzaile izan zen eta, beraz, haren sorterria, Virginia, eta ingurumariak ondo ezagutzeko parada izan zuen. 1748an nekazari haren karrerari ekin zion eta Blue Ridgeko mendebaldeko Farifax Baroiaren lurrak neurtzeko kontratatu zuten. 1749an, lehenengo kargu publikorako izendatu zuten, Culpeper konterriko neurtzaile, eta Lawrence Washingtonen, bere haurrierdiaren bitartez, mendebaleko lurrak ustiatu gura zituen Oiho konpainian interesatu zen. 1751ean, George eta haurrierdia Barbadosera joan ziren, Bush Hill etxera, Lawrencen birikeriak hobera egingo zuelakoan. Hori izango zen atzerrira joan zen aldi bakarra. 1752ko Lawrencen heriotzaren ostean, Georgek familiaren etxaldearen zati bat jarauntsi zuen eta Lawrencen koloniarekiko urgazlearen betebehar batzuk bere gain hartu zituen.

1752an Virginia miliziako barrutiko jeneral urgazle izendatu zuten, horrek hogei urterekin komandante bihurtu zuen. Haren beharra bere koartelean miliziaren trebatzeaz arduratzea zen. Hogeita bat urte zituenean, Fredericksburgen, masoi sartu zen.

1753ko abenduan Robert Dinwiddie Virginiako gobernadoreak Ohioko mugako frantziarrei ultimatum mezu bat helarazteko bidali zuen Washington. Hark frantziar militarren indarra eta asmoak ere baloratu behar zituen. Mezua Le Boeuf frantziar gotorlekuei luzatu zien, gaur egunean Pennnsylvaniako Waterford hirian, baina haiek ez zioten jaramonik egin Ohio lurraldetik at ateratzeko mezuari eta hori zela eta bi botere kolonialak munduko guda bidetik abiatu ziren. Washingtonen auzi horren txostena Atlantikoko bi aldeetan askok irakurri zuen.

Frantsesen eta Indiarren Gerra (Zazpi Urteko guda)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantsesen eta Indiarren Gerra

1754an, Dinwiddiek Washington teniente koronel izendatu zuen eta frantsesak Fort Duquesnetik egozteko agindu zion. Tanacharisonek gidatutako indiar aliatuekin batera Washingtonek Joseph Coulon de Jumonvillek agintzen zuen 30 gizoneko frantziar esploratzaileen taldea harrapatu zuen, zelata batean. Hala ere, Fort Necessityn frantziar eta indiarren armada handiago eta hobeto gotorturiko batek Washington eta aliatuak zanpatu zituen. Kapitulazioaren zehaztapenetako batek Washingtonek Jumonville Glen borrokan esploratzaileak eta haiekin batera gidaria erail zituela adierazi zuen. Frantziarrek askatu zutenean, Washington Virginiara itzuli zen, bertan, kargutik kendu baino lehen dimisioa eman zuen.

1755ean, Washington Edward Braddock britainiar jeneralaren laguntzailea izan zen zorigaiztoko Monongahelarako espedizioan. Hartan, Ohio lurraldea berreskuratzeko ahalegin handia egin zuten, baina Braddock hil zuten eta espedizioa porrot itzela izan zen. Hala ere, Washington Monongahelako heroia izan zen. Gudu-zelaian gora eta behera ibili omen zen britainiar eta virginiar borrokalariak biltzen ordenan atzera egiteko. Ekintza horren ondorioz, Washingtoni mugetako aginte zail bat eman zioten Virginiako mendietan eta koronel, eta Virginiar indar armatu guztien nagusi izendatu zuten.

1758an, Washington Forbes espedizioaren partaide izan zen brigada-jeneral bezala. Espedizio hartan, frantziarrak Fort Duquesnetik bota zituzten eta briainiarrak Pittsburghen kokatu ziren. Urte haren hondarrean, Washingtonek armada bertan behera laga zuen eta hurrengo hamasei urteetan politikari eta nekazari lanari ekin zion.

Guden arteko garaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantsesen eta Indiarren Gerrako atsedenaldi batean, Martha Dandridge Custisen lagun batzuek aurkeztu zioten. Hura, alarguna zen eta Pamunkey ibaiko hegoaldeko ertzean bizi zen. George bitan baino ez zen bere etxera joan ezkontzeko eskatu aurretik; elkar ezagutu eta hiru astetara besterik ez. Georgek eta Marthak 27 urte zituzten, 1759ko urtarrilaren seian, ezkondu zirenean. Ezkontza Martharen etxean egin zen, Etxe Zurian zeritzonean; geroago, AEBetako presidentearen etxeak izen bera izango zuen. Ezkonberriak Mount Vernonera bizitzera joan ziren eta Georgek politiko eta nekazari tuckahoe baten bizimodua hartu zuen. Bikotea ondo konpondu zen elkarrekin eta Marthak aurretik izandako bi seme-alaba hezi zituzten. Seme-alaba haiek Martharen eta Daniel Parke Custisenak ziren: John Parke custis eta Martha Parke Custis edo “Jackie” eta “Patsy”. George eta Marthak ez zuten inoiz seme-alabarik izan. Ziurrenik, nafarreriak eta birikeriak antzu utziko zuten. Gerora, biloba bi hezi zituzten: Eleanor Parke Custis (”Nelly”) eta George Washington Parke Custis (“Washy”), haien aita 1781ean zendu zenean.

Alargun aberatsa batekin ezkondu zenez Washingtonen ospea eta ondarea nabarmen handitu ziren. 18000 akreko (73km) Custis etxaldearen herena bereganatu zuen eta gainontzekoa Martharen umeen izenean ustiatu zuen. Berak, askotan, lur-sailak erosi zituen eta Mendebaldeko Virginian lurrak eman zizkioten frantziar eta indoen aurkako gudan emandako zerbitzuen truke. 1775erako, Washingtonek Mount Vernonen tamaina bikoiztu zuen, 6500 akre eta 100 esklaborekin. Heroi militarra eta landa-jabe ospetsua zenez funtzionario lokal egin zuten eta Virginako probintziako legebiltzarrerako, Burgeseen etxea, hautatu zuten. Fairfaxeko epailea ere izan zen eta Alexandrian, Virginian, izan zuen epaitegia 1760tik-1774ra.

George Washingtonek 1769ko erresistentzia mugimenduan paper nagusia jokatu zuen. Beraren lagunak, George Masonek, zirriborratu zuen proposamenaren alde egin zuen. Hartan, Townshend legeak atzera bota arte, ingeles salgaiei boikota egiteko aldarrikapena egiten zuten. Parlamentuak 1770ean kendu zituen Townshend legeak.

Washingtonek haien herrikideak defendatzeko interes bizia ere agertu zuen. 1771ko otsailaren 21ean, adibidez, Neil Jamesoni gutun bat idatzi zion Jonathan Plowman Jr. Baltimoreko merkatariaren izenean. Boston fragatak Plowmanen itsasontzia bahitu zuen debekaturiko salgaiak esportatzeagatik. Eskutitzean, Washingtonek Jamesoni laguntza eskatu zion itsasontzia berreskuratzeko.

1774ko lege Jasanezinei “gure eskubide eta pribilegioen” aurkako eraso iritzi zien. 1774ko uztailean Fairfax Ebazpenak egin zituen bilkuraburua izan zen. Haietan, beste gauzen artean, Kongresu Kontinentala egiteko eskatu zuten. Abuztuan, Virginiako lehenengo batzarrera joan zen eta lehen Kongresu Kontinentalarako ordezkari izendatu zuten.

Amerikar iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1775ko apirilean borroka piztu ondoren, Washington bigarren Kongresu Kontinentalean uniforme jantzita agertu zen. Horrela, gudarako prest zegoela adierazi nahi izan zuen. Washingtonek bazeukan ospea, eskarmentu militarra, karisma, militar itxura, abertzale sutsua izateko sona, eta gainera hegoaldea bere aldekoa zen, batez ere, Virginia. Komandanteburua ez zuela izan nahi esan bazuen ere, ez zegoen besterik. Kongresuak 1775ko ekainaren 14an armada kontinentala sortu zuen. Hurrengo egunean, Masachusetseko John Adamsen izendapenean, Washington major-jenerala aukeratu zuten eta Kongresuak komandanteburu izendatu zuen.

1775ko uztailean, Washingtonek bere gain hartu zuen Kontinental armadaren aginpidea Cambridgen, Masachusets, Bostongo setioan. Haren armadaren bolbora falta larriaz jabetu zenean, Washingtonek iturri berriak lortzeko eskatu zuen. Britainiar bolborategiak arpilatu zituzten (baita Karibeko batzuk ere) eta haiek egiteko zenbait ahalegin ere egin zuten. 1776. urtearen hondarrean, hornidura nahikoa (2,5 milioi libra gutxi gorabehera) lortu zuten, batez ere, Frantziatik. Geldialdi luzean, Washingtonek armada berrantolatu zuen eta artilleria Dorchester Gainetan hirira begira ipini zuenean, britainiarrek erretiratu behar izan zuten. Bostonetik atera zirenean, Washingtonek New York hirira mugitu zuen armada.

George Washingtonek Delaware zeharkatzen du 1776an.

Kongresu kontinentalgo gainerako abertzaleen zeharo aurkakoak izan arren, britainiar egunkariek goresten zituzten Washingtonen gaitasun militarrak eta nortasuna. Are gehiago, Parlamentuko bi alderdiek miresten zituzten amerikar jeneralaren adorea, jasapena eta armadakideen ongizatearen gaineko ardura eta edozein britainiar xumek haien armadaburuengan espero izango zituen ahalmenen eredutzat hartu zituzten. Washingtonen politikari uko egiteak misio militarrari lotutako eta alderdien borroka guztien gainetik zegoen armadaburuaren ospea ezarri zuen.

1776ko abuztuan, William Howe jeneral britainiarrak itzelezko erasoari ekin zion, bai lehorrean, bai itsasoan. Xedea, New Yorkez jabetzea eta hitzarmen negoziatua eskaintzea zen. Armada kontinentalak, momentu hartan Estatu Batu independiente sortu berrien armada dagoeneko, britainiarrei buru egin zien Long Islandeko batailan; guda osoko borrokarik handiena. Washingtonen armada nekez irten zen borroka hartatik eta atzera egin behar izan zuen New Jerseyn zehar. Porrot horrek armada kontinentalaren geroa kolokan utzi zuen, baina 1776ko abenduaren 25ko gauean, Washingtonek kontraeraso jo zuen eta armadaren abangoardian Delaware ibaia zeharkatu zuen. Ekintza hartan, 1000 hessear atzeman zituzten Trentonen, New Jerseyn.

1777ko irailaren 11an, Brandywine borrokan Washington garaitu zuten. Irailaren 26an Howe Washingtoni gailendu zitzaion eta Philadelphiara sartu zen inolako oztoporik gabe. Washingtonen armadak alferrik eraso zion Germantowngo goarnizioari urrian. Bitartean, New Yorkeko Saratogan Burgoyne harrapatu zuten. Howek ezin izan zion lagundu eta azkenean errenditu behar izan zen. Bataila haren ondorioz, Frantzia gudan sartu zen amerikarren aldean eta iraultza mundu-guda bilakatu zen. Washingtonek Philadelphia galdu zuenean, Kongresukide batzuek Washington agintetik kendu nahi izan zuten, baina Washingtonen aldekoek haren alde egin zuten eta arerioek atzera egin behar izan zuten.

Washingtonen armadak 1777ko abenduan Valley Forgen ezarri zuen kanpalekua. Neguan, armadako 10000 gizonetatik 2500 hil egin ziren, gaixotasun edo hotzak jota. Hurrengo udaberrian, berriz, armada Valley Forgetik atera zen ordena zorrotzean. Von Steuben baroiak ikuskatutako trebatze programari esker gertatu zen aldaketa hori. Baroi hori prusiar estatu nagusiko beteranoa izan zen eta Alemaniatik ekarri zuten armada amerikarra antolatzeko. 1778an britainiarrek Philadelphiatik atera ziren eta New York hirira gorde ziren. Bitartean, Washington New Yorken inguruetan geratu zen, eta 1779an, John Sullivan jeneralak (Washingtonen gidaritzapean) lur-kiskaliko kanpaina egin zuen New York estatuko iparraldean Tory eta irokesen erasoen mendekua hartzeko. Kanpaina hartan, berrogei bat herrixka irokes txikitu zituen. 1781ean frantziarrek itsasoan lortutako garaipen baten ondoren amerikar eta frantziarrek Virginian britainiar armada bat atzeman zuten. 1781eko urriaren 17an, britainiarrak Yorktownen errenditu zirenean, borroka amaitu zen. Gudako eta gudaren osteko arrakastek ospetsua egin bazuten ere, Washingtonek borrokatu zen bederatzi batailetatik hiru besterik ez zituen irabazi.

1783ko martxoan, Washingtonek haren eraginaz baliatu zen armadako ofizialen talde bat sakabanatzeko. Talde horrek haien atzeratutako ordainketak zirela eta, kongresuaren aurka egiteko mehatxua egin zuen.

Parisko itunean (1783ko irailean sinatu zen), Ameriketako Estatu Batuetako independentzia onartu zen. Washingtonek armada sakabanatu zuen eta azaroaren 2an soldaduei hitzaldi hunkigarria bota zien. Azaroaren 25ean, Britainiarrak New Yorketik atera ziren eta Washington eta gobernadorea hiriaz jabetu ziren. Fraunces tabernan, abenduaren 4an, Washingtonek ofizialei agur esan zien eta abenduaren 23an komandanteburu kargua utzi zuen. Zintzinato erromatar jeneralak egin zuen moduan hark ere boterea errefusatu zuen eta haren etxaldera bildu zen. Denbora tarte hartan Konfederazioaren artikuluen pean AEBek ez zuten presidenterik izan eta gobernuaren antolaketa ezberdina zen.

Washingtonen Mount Vernonerako erretiroa ez zen luzea izan, izan ere, mendebaldeko mugarako esplorazio bidaia egin zuen 1784an eta 1787ko udan Filadelfiako konbentzio konstituzionalera joan zen. Konbentzio hartan, aho batez, presidentea hautatu zuten, baina gutxitan hartu zuen parte eztabaidetan (artikulu batzuen aurka edo alde bozkatu zuen arren). Haren ospeak batasuna eta ordezkarien lana bultzatu zituen eta ordezkari haiek presidentearen kargua Washington gogoan zutela arautu zuten. Hori zela eta, presidentea haren kabineta osoa aukeratzeko gai izango zen konstituzio berrian. Konbentzioaren ostean haren ospea eta eraginaren karietara askok konstituzioa onartu zuten, Virginiako biltzarrak ere, eta azkenean 13 estatuek sinatu zuten.

Presidente aldia 1789-1797[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauteskunde-kolegioak Washington aho batez aukeratu zuen 1789ko, eta berriro 1792ko hauteskundeetarako. Bera izan da bozen %100a jaso zuen bakarra. John Adams izan zen bere presidenteordea. Washingtonek AEBetako presidente kargua zin egin zuen 1789ko apirilaren 30ean New Yorkeko Federal Hall-en, berak hasiera batean nahi ez bazuen ere.

AEBetako lehenengo kongresuak Washingtoni 25.000$ ordaintzea bozkatu zuen, 1789an soldata handia, hain zuzen ere. Washingtonek, dagoeneko aberatsa, uko egin zion soldata horri, izan ere, oso estimatzen baitzuen funtzionario publikoaren haren ospea. Hala ere, Kongresuak berriro eskatu zionean, onartu behar izan zuen. Kongresuak etorkizuneko presidentegaiak ahalik eta elkargorik handienetik ateratzea nahi zuen eta soldataren beharra ez zuen batek hartzea aurrekari arriskutsua zitekeen.

Washington karguaren hotsaz eta zeremoniaz arduratu zen; haren ezaugarriak eta tituluak errepublikar samarrak izan zitezen eta ez europar erregeen gortekoak bezain hanpatuak. Horretarako, “Mr. President” titulua gurago zuen eta ez iradokitzen zizkioten beste izen handientsuak. Washington gaitasun handiko administraria eta nortasunen eta trebetasunen epaile dohatsua izan zen. Normalean, azken erabakia hartu baino lehen kabinetearen bilkurak egiten zituzten. Eguneroko lanetarako: sistematikoa, kementsua eta txukuna zen eta erabakitzailea bazen ere, beti eskatzen zizkien besteen aburuak.

Washingtonek bigarren agintaldi batean izan zen presidentea, gogoz kontra baina. Hala eta guztiz ere, hirugarren bati uko egin zion, eta horrela, gehienez bi agintaldien ohitura ezarri zuen. Ohitura hori lege bilakatu zen konstituziorako 22. zuzenketan.

Barneko auziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Washington ez zen alderdi politiko baten kidea eta ez zuen haiek sortzea nahi, gobernuari sor ziezazkioketen arazoen eta gelditasunaren beldur baitzegoen. Aholkularirik hurbilenek, hala ere, lehenengo alderdi-sistema ezarriko zuten bi fakzio sortu zituzten. Alexander Hamilton Ogasun saileko idazkariak plan handiak zituen kreditu nazionala eta horrekin batera finantzen aldean indartsu izango zen herrialde bat finkatzeko, eta Alderdi Federalistaren funtsak ere jarri zituen. Thomas Jeffersonek, Jeffersondar errepublikarren sortzailea, nekagarri izateraino egin zien aurka Hamiltonen ekimenei; alabaina, Washington Hamiltonen aldekoa izan zen.

1791n Kongresuak destilatutako alkoholen gaineko zerga batek mugetako barrutietan kexak sortu zituen, batez ere, Pennsylvanian. 1794an, Washingtonek epaitegietara kexatiei deitu zitenean, kexa matxinada handia bilakatu zen, Whiski iraultza, hain zuzen ere. Armada federala oso txikia zenez Washingtonek 1792ko milizia legea erabili zuen Pennsylvania, Virginia eta beste estatu batzuen miliziak biltzeko. Gobernadoreek tropak bidali zituzten eta Washingtonek aginpidea hartu zuen. Barruti matxinoetara joan zenean ez zen borrokarik gertatu, baina horrek egiaztatu zuen gobernu berriaren bere burua defendatzeko gaitasuna. Bitan besterik ez zuten AEBetako presidenteek eurek aginpidea hartu, eta hau izan zen haietako bat. Hori ere izan zen gobernu federalak konstituzio berriaren pean autoritatea ezartzeko estatu eta hiritarrekiko indar militarra erabili zuen lehenengo aldia.

Kanpoko auziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1793an Frantziako gobernu iraultzaileak Edmond-Charles Genêt, “Genêt hiritarra“ deitutakoa, bidali zuen AEBetara. Gênetek amerikar ontziei itsaslapurretak egiteko baimen gutunak banatu zizkien britainiar ontziak harrapa zitzaten. Aldi berean, britainiar eta frantziarren arteko gudan amerikarrak euren alde jarri zitezen hiri nagusietan sozietate demokrata-errepublikar sare bat antolatu zuen. Washingtonek barne interferentzia hau arbuiatu zuen, sozietate horiek baliorik gabe utzi eta Genêt Frantziara itzularazi zuen.

Hamiltonek eta Washingtonek Jay hitzarmena negoziatu zuten britainiarrekin, komertzio harremanak normalizatzeko, mendebaldeko gotorlekuetatik botatzeko eta Iraultzak lagatako zorrak kitatzeko. John Jayk negoziatu zuen eta 1794ko azaroaren 19an sinatu zuten. Jeffersondarrak Frantziarren alde zeuden eta gogor egin zioten hitzarmenaren kontra. Hala ere, Washingtonek eta Hamiltonek iritzi publikoari eragin zioten eta Senatuaren berrespena lortu zuten. Britainiarrek Aintzira Handien inguruko gotorlekuak hustu, Kanadar muga ezarri, Iraultza aurreko zor asko kitatu eta Mendebaldeko Indietako koloniak irekin zizkioten amerikar komertzioari. Are gehiago, hitzarmenak britainiarrekiko guda saihestu zuen eta bake hamarkada oparo bat ekarri zuen. Beste alde batetik, hitzarmenak frantsesak iraindu zituen eta eztabaida politikoetako gai nagusia izan zen.

Auzitegi Gorenerako izendapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzitegi Gorenerako izendapenak
Izena Kargua Urtea
John Jay Epaile Nagusia   1789
William Cushing Epaile elkartua   1789
John Rutledge Epaile elkartua   1789
James Wilson Epailea   1789
John Blair Epailea   1789
James Iredell Epailea   1790
Thomas Johnson Epailea   1792
William Paterson Epailea   1793
John Rutledge Epaile Nagusia   1795
William Cushing Epaile Nagusia (izendapena kolokan)  1796
Samuel Chase Epailea   1796
Oliver Ellsworth Epaile Nagusia   1796

Agur-hitzaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Washingtonen agur-hitzaldia (1796an gutun publikoa bezala argitaratutakoa) amerikar balore politikoen adierazpenik esanguratsuena izan zen. Washingtonek berak zirriborratu zuen, Hamiltonen laguntzarekin eta, besteak beste, honetaz hitz egin zuen: konstituzioaren garrantziaz, legearen indarraz, alderdiak izatearen kalteaz eta herritar errepublikarren benetako dohainez. Hitzaldian, beste alde batetik, hauxe esan zuen: “moralitateak gobernu popularraren iturria izan behar du” eta “arrazoiak eta eskarmentuak erlijioa printzipiorik gabe ezin dela gailendu dioskute”- horrela gizartearekiko erlijioaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen-.

Washingtonek ohartarazi zuen herri-aferetan kanpoko eraginen kontra eta Amerika Europako aferetan sartzearen aurka. Era berean, alderdikerien aurka gaztigatu zuen eta politikariei on komunaren alde egiteko esan zien. Amerikak, esan zuen, arreta jarri behar die soilik amerikar interesei. Herrialde guztiekin salerostera aholkatu zuen, baina, Europako gudetan eta epe luzerako aliantzetan sartzearen aurka hitz egin zuen.

Erretiroa eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1797an presidente kargua utzi eta gero, Mount Vernonera itzuli zen sentsazio lasaigarri batekin. Abeltzaintzari lotu zitzaion eta urte hartantxe, destilategi bat eraiki zuen, errepublika berriko handienetakoa. Bi urte geroago, destilategi hark 11.000 galoi whiski ekoitzi zuen.

1799ko uztailaren 17an, John Adams presidenteak Washington armada guztien teniente jeneral izendatu zuen eta baita Frantziaren aurkako balizko guda baterako era zitezkeen armaden buru ere. 1798Ko uztailaren 13tik, 1799ko abenduaren 14ra AEBetako armadaren ofizialik zaharrena izan zen. Larrialdien aurkako behin-behineko armada baten planetan ere parte hartu zuen.

1799ko abenduaren 12an Washingtonek ordu batzuk eman zituen zaldi gainean etxaldeak ikuskatzen elur, kazkabar eta elur busti pean. Gau hartan afaltzera arropak aldatu barik jesarri zen eta hurrengo goizean hotzeri, sukar eta eztarriko infekzio larri batek hartuta altxatu zen. Abenduaren 14ko gauean hil egin zen haren etxean, 67 urte zituelarik. Artatu zuen James Craik medikuak (lagun min-mina izan zena) eta Washingtonen idazkari pertsonalak, Tobias Lear, inguratu zuten momentu hartan.

Oroitarri edo obeliskoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: George Washington Aldatu lotura Wikidatan