Palestina Nazio Batuen Erakundean

Wikipedia, Entziklopedia askea
1947ko Zatiketa Plana

Palestinako Estatuarekin[1] [2][3]lotutako gaiak eta Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko aferak Nazio Batuen etengabeko eztabaida, ebazpen eta baliabideen xede izan dira. 1948an eratu zenetik 2010eko urtarrilera arte, adibidez, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 79 ebazpen onartu zituen gatazka honen gainean[4].

1947ko azaroaren 29an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 181 (II) Ebazpena onartu zuen, Palestina zatitzeko plan bat ezarri eta sustatzea gomendatzen zuena, Nazio Batuen Palestinarako Batzorde Bereziak (UNSCOP, ingelesezko sigletan)[5] egindako txostenean oinarrituta[6][7].

Nazio Batuen lehendabiziko egintzetako bat izan zen, eta, orduz geroztik, zeregin garrantzitsua bete du eskualdean, batez ere sostengua ematen palestinar errefuxiatuei Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren bitartez (UNRWA, ingelesezko sigletan), 302 Ebazpenaren bidez sortua[8], eta palestinarren errebindikazio politikoetarako plataforma bat emanez hauen bidez: Palestinako Herriaren Eskubide Besterenezinen Erabilerarako Batzordea[9], Palestinarren eskubideetarako Nazio Batuen Dibisioa[10], Palestinarren Giza Eskubideen kontrako Israelen Ekintzak ikertzeko Batzorde Berezia[11], Palestinako Auziari buruzko Nazio Batuen Informazio Sistema (UNISPAL)[12] eta Palestinako Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna[13]. Nazio Batuek aldeen arteko bake negoziazioak sustatu dituzte, azkena 2002an, Bakerako Bide-orria izenekoa[14].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen zigilua (1981)

Nazio Batuen Erakundea sortu zenean, 1945eko urriaren 24an, Britainia Handiko Erresumak administratzen zuen Palestinako lurraldea, Nazioen Ligak 1922an emandako Mandatuaren babesean[15]. Juduen gero eta immigrazio handiagoa eta Palestinako arabiarren kontrako jarrera zirela eta, indarkeria areagotzen ari zenez, Britainia Handiko Gobernuak erabaki zuen, 1947ko otsailean, Palestinako auzia Nazio Batuen Erakundearen esku jartzea[16].

Nazio Batuen Batzar Nagusiak egin zuen lehen bilkura berezian, 1947ko apirilaren 28an, bost herrialde arabiar -Egipto, Irak, Libano, Saudi Arabia eta Siria- saiatu ziren, lortu gabe, agendan puntu bat sartzen, adierazteko Palestinako Britaniar Mandatuaren bukaera eta haren independentziaren deklarazioa. Juduen aldetik, Palestinarako Agentzia Juduak aurkeztu zuen gaia, eta Palestinako arabiarren aldetik Arabiarren Goi Batzordeak.

Batzar Nagusiaren bilkura berezi hartan erabaki zen batzorde berezi bat sortzea Palestinaren gaiari buruzko txosten bat egin zezan, Batzarraren hurrengo ohiko bilkuran aztertzeko. Batzordea herrialde hauetako ordezkariekin osatu zen: Australia, Kanada, Txekoslovakia, Guatemala, India, Iran, Herbehereak, Peru, Suedia, Uruguai eta Jugoslavia. 1947ko irailaren 3ko azken txostenean jasotzen zenez, Palestinako Britainiar Mandatua bukatu beharra zegoen 1948ko abuztuaren 1a baino lehen, eta lurralderako bi plan proposatzen ziren: gehiengoarena, Zatiketa Plana Batasun Ekonomikoarekin, eta gutxiengoarena, Batasun Federala osatzea, Jerusalem hiriburu izango zuena. Gehiengoaren plana 11 herrialdeetatik 7k babestu zuten eta Iran, India eta Jugoslavia kontra agertu ziren (Australia abstenitu egin zen)[17]. Zehazki, planak proposatzen zuen arabiar estatu independente bat, estatu judu independente bat eta Jerusalem hirirako nazioarteko araubidea ezartzea. 1947ko azaroaren 29an, Batzar Nagusiak gomendatu zuen Zatiketa Plana Batasun Ekonomikoarekin hartu eta sustatzea, Batzar Nagusiaren 181 Ebazpena onetsita[18], batzordeko kideen gehiengoak proposatutako irailaren 3ko txostenari aldaketa txiki batzuk eginda. Proposamenak aldeko 33 boto jaso zituen, kontrako 13 boto eta 10 abstentzio[19]. Emaitza hiri juduetako kaleetan ospatu zen, baina Palestinako arabiarrek eta Arabiar Ligak ez zuten onartu.[20]

Handik egun batzuetara juduen eta arabiarren arteko borrokak areagotu ziren, bai eta juduen ihesa herrialde arabiar eta musulmanetatik. Izan ere, 1948ko maiatzaren 14an, Palestinarako Britainiar Mandatua iraungi zen egunean, Herri Juduaren Kontseiluak, Tel Aviv Museoan elkartuta, onetsi zuen estatu judua ezartzea Eretz Israelen, Israelgo Estatua izanen zena[21]. Inguruko estatuek eta Arabiar Ligak, ordea, ez zituzten onartu Israelgo Estatuaren sorrera.

Egun hartan berean, bost estatu arabiarrek zatiketa planean jasotzen zen alde arabiarraren eremu handi bat inbaditu eta azkar okupatu zuten[22]. Bi estatuen plana Israelen eta mundu arabiarraren arteko gerra bilakatu zen, lehen Arabiar–israeldar gatazka, eta Nakba gertatu zen. Gerran zeudela, Nazio Batuek 1948ko abenduaren 11n onartutako 194 Ebazpenak errepikatu zuen Jerusalemen gaineko errebindikazioa, eta 11. paragrafoan adierazi etxera itzuli eta auzokideekin bakean bizi nahi zuten errefuxiatuei horretarako aukera eman behar zitzaiela ahalik eta lasterren[23][24]. Ebazpen horretan oinarritzen da palestinarren itzulerarako eskubidearen errebindikazioa, bake negoziazioen gakoetako bat izan ohi dena[25][26]. 194 Ebazpenak, halaber, Nazio Batuen Palestinarako adiskidetze batzorde bat sortu zuen, Folke Bernadottek, Nazio Batuek 186 Ebazpenaren bidez[27] 1948ko maiatzaren 20an izendatutako lehen bitartekariak, egindako bake ahaleginei jarraipena emateko.

1948ko gerraren ondotik, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 273 (III) Ebazpena bozkatu zuen 1949ko maiatzaren 11n, Israel Nazio Batuen kide gisa onartzeko, “bakea maite duen herrialde bat” zela adierazita[28]. Onarpenak, nolanahi ere, 181 eta 194 ebazpenak onartu eta ezartzearen baldintzarekin eman zen. Ebazpenak, halaber, berriz aipatzen zuen bai Jerusalemen estatus berezia, bai palestinar errefuxiatuen itzulera. 273 Ebazpenaren bozketa Lausanako Hitzarmenaren ondorioa izan zen. Hitzarmenak porrot egin zuen neurri handi batean, baina aipagarria da bertan Israelek aurrenekoz planteatu zuela Israelen eta arabiarren armaden arteko armistizio lerroa, “Lerro Berdea” deitutakoa, Israelgo Estatuaren muga izango zela. Lerro horrek nazioarteko onarpena jaso zuen[29].

Lausanako Hitzarmenean errefuxiatuen arazoa ez zenez konpondu, Nazio Batuek UNRWA sortu zuten 1949ko abenduan, 302 (IV) Ebazpenaren bidez, kolektibo horri laguntza humanitarioa helarazteko. Palestinarako Adiskidetze Batzordeak 1950ean eman zuen argitara bere txostena, non aipatzen baita Palestinako arabiar errefuxiatuen kopurua 711.000 direla, eta errepikatzen baitira Jerusalemen gaineko kontrolerako eta palestinar errefuxiatuen itzulerarako eskaerak.

1950eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konponbidea lortzeko saiakerek porrot egin ondoren, 1967ra arte Israel eta Palestinaren aferak ez zuen toki nabarmenik izan Nazio Batuen erakundean, kenduta honako gai hauek: mugen inguruan gertatutako intzidenteak, Qibyako sarraskia, adibidez, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 100 Ebazpena[30] (1953) eta 101 Ebazpena[31] (1953) onartzea ekarri zuena; Israelen alde eta Egiptoren kontra Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak onetsitako 95 Ebazpena[32] (1951), Suezko Kanalaren erabileraren gainekoa, edo garrantzi handiagoa izan zuen Suezko Krisialdia, 1956an.

1960ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztabaidan hilabeteak eman ondoren Segurtasun Kontseiluan eta Batzar Nagusian, Sei Eguneko Gerra (1967) bitartean eta ondoren, Segurtasun Kontseiluak 242 Ebazpena onartu zuen[33]. Ebazpen hori bihurtu zen oro har onartutako oinarria auzi arabiar-israeldarrerako lehenik, eta Israelen eta Palestinaren arteko bake negoziazioetarako gero. Bertan jasotzen da aurrenekoz Lurra bakearen truke deritzon printzipioa. 242 Ebazpena gehien eztabaidatu direnetako bat da bai Nazio Batuen Erakunde barruan bai kanpoan.[34]

Sei Eguneko Gerrak palestinar errefuxiatuen exodo berri bat eragin zuen, palestinarrek Naksa deitzen dutena, baina errefuxiatu horiek ez dira sartzen jatorrizko UNRWAren definizioan. 1991tik aurrera Nazio Batuen Batzar Nagusiak ebazpen bat onartzen du urtero 1967ko errefuxiatuak UNRWAren babespean jartzeko.

1968an, Batzar Nagusiaren 2443 Ebazpenaren bidez, Palestinarren Giza Eskubideen kontrako Israelen Ekintzak ikertzeko Batzorde Berezia sortu zen Palestinako lurralde okupatuetan arabiarren etxeen suntsiketa eta israeldar kokalekuak ikertzeko, besteak beste[35].

1970eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelen eta Palestinaren arteko gatazkak protagonismoa hartzen du hamarkada honetan, batetik palestinarren talde armatuak sortzen direlako, batez ere Palestinaren Askapenerako Erakundea (PAE), eta, bestetik, arabiar herrialdeen indar politikoa areagotzen delako, mendebaldearen petrolio-hornitzaileak diren aldetik. Nazio Batuen Erakundean, arabiar herrialdeek Ekialdeko Blokearen sostengua bereganatzen dute, Ameriketako Estatu Batuekin aliatuta dagoen Israelen aurka.

Azkar eta elkarren segidan izandako hainbat gertaerak lehen lerrora eraman zuten palestinarren borroka: 1970ean Irail Beltza; 1972an, Municheko sarraskia, Olinpiar Jokoetan; 1973an Yom Kippur gerra (Segurtasun Kontseiluaren 338 eta 339 Ebazpenak eragin zituena) eta petrolioaren krisia; eta 1975ean Libanoko Gerra Zibilaren hasiera.

Genevako Konferentzia (1973), saiakera bat izan zen arabiarren eta israeldarren arteko gatazkaren irtenbidea negoziatzeko. Ez zen akordio orokorrik lortu, ordea, eta hurrengo urteetan Konferentzia berpizteko ahaleginak egin baziren ere, alferrekoak izan ziren.

1974ko azaroaren 13an, Jassir Arafat mintzatu zen Nazio Batuen Batzar Nagusiaren aurrean[36]; lehen aldiz hitz egin zuen bertan estatua ez zen entitate baten ordezkari batek. Urte horretan, PAEri Batzar Nagusiko begirale iraunkorraren estatusa onartu zitzaion[37], 3237 Ebazpenaren bidez.[38]

1974ko azaroaren 22an, Batzar Nagusiak 3236 Ebazpena[39] onartu zuen, non eskubidea aitortzen baitzion Palestinako herriari autodeterminaziorako, independentzia nazionalerako eta Palestinako subiranotasunerako.

1975ean sortu zen Palestinako Herriaren Eskubide Besterenezinen Erabilerarako Batzordea, eta Palestinarren eskubideetarako Nazio Batuen Dibisioa 1977an. Halaber, 1977an, Palestinako Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen estreinakoz, azaroaren 29an, 191 Ebazpenaren urteurrenean alegia.

Egiptoren eta Israelen arteko 1979ko bake ituna mugarri bat izan zen[40]. Anuar as Sadat Egiptoko presidenteak babesa zuen, nolabait, prozesua abiatzeko, Nazio Batuen bitartekaritzaz gidatutako bake-negoziazioek porrot egin eta gero, batez ere Genevako Konferentziak. Horretarako, isilpeko negoziazioak egin ziren Camp Daviden, 1978an, Sadat, Menahem Beginen eta Jimmy Carterren artean. Camp Davideko akordioetan (ez itunean berean) aipatzen da Palestinako estatuaren gaia[41]. Egiptok, Israelek eta Jordaniak adostu behar zuten modu bat Zisjordanian eta Gazan hauteskunde bidez hautatutako autogobernurako aginte bat ezartzeko. Egiptok eta Israelek bideak bilatu behar zituzten errefuxiatuen arazoa konpontzeko[42].

Batzar Nagusia kritikoa izan zen akordioekin, eta Batzar Nagusiaren 34/65 Ebazpenak[43] (1979) gaitzetsi zituen “akordio partzialak eta itun bereiziak”. Ebazpenak dio, halaber, Camp Davideko akordioek ez dutela baliorik berez Palestinako herriaren eta Israelek 1967tik okupatutako palestinar lurraldeen etorkizuna erabakitzeko. Protesta gisa, Batzar Nagusiak ez zuen berritu Sinaiko penintsulako bake-indarren presentzia (UNEF II)[44], Estatu Batuek, Egiptok eta Israelek hala eskatu bazioten ere eta 1979ko itunean jasota egon arren[45]. Nazio Batuetan indar hori sortzeko gaia luzatzen zela ikusita, Nazio anitzeko Indarra eta Begiraleak sortzeko negoziazioak hasi ziren[46], beti Nazio Batuekin inongo loturarik gabe jardun duen indarra. 1981eko maiatzean Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak adierazi zuen ezin zela indar hori ezarri, SESBek betoa jarri ziolako mozioari, eta urte bereko abuztuan sortu eta ezarri zen MFO. Bake Itunaren ondorioz Egiptok Israelgo Estatuaren aitortza eragin zuela-eta Egipto Arabiar Ligatik kanporatu zuten hamar urtez[47].

1980ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinako Nazio Kontseiluak Palestinako Estatuaren independentzia deklarazioa onartu zuen Aljerren 1988ko azaroaren 15ean[48]. Nazio Batuek ez zuten estatua ofizialki aitortu baina urte horretan berean Batzar Nagusiak erabaki zuen “PAEren begiralea” zena “Palestinaren begiralea” izango zela aurrerantzean, abenduko 43/117 Ebazpenean[49][50] jaso zenez.

1989ko otsailean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan PAEren ordezkariak adierazi zuen 94 estatuk aitortu zutela Palestinako Estatu berria[51]. Horren ondorioz, saiatu zen onar zezatela Nazio Batuekin lotutako zenbait agentziatako kide izatea, baina ez zuen lortu, UNESCOren kasuan, adibidez[52].

Hamar urte geroago, 1998ko uztailean, Batzar Nagusiak 52/250 Ebazpena[53] onartu zuen, Palestinari eskubide eta prerrogatiba gehiago emateko Nazio Batuen bilkura eta lanetan parte hartzeari zegokionez.

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren zenbait ebazpenaren xede izan ziren, halaber, Libanoko egoera (1982ko gerra eta hegoaldeko gatazka), batetik, eta Jerusalemgo estatusa (476 eta 478 ebazpenak).[54][55]

Libanoko egoerarekin lotuta, bereziki aipagarria da Batzar Nagusiak 1982ko abenduaren 16an onartutako 37/123 Ebazpena, Sabra eta Xatilako errefuxiatuen esparruetan gertatutako sarraskiari buruzkoa[56].

1987an hasitako Intifadak jarraipena izan zuen 1993ra arte, Osloko Akordioak sinatu arte, gutxi gorabehera, 1991ko Madrileko Konferentziaren garairako jada indartzen galtzen hasia bazegoen ere. Palestinarren artean izandako zaurituen kopuru handiak nazioarteko gaitzespena eragin zuen (592 eta 605 ebazpenak, aho batez onartuak). Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bitarte hartan eman zituen ebazpenetan, besteak beste 607 [57]eta 608 ebazpenetan[58], Israeli dei egin zion palestinarren deportazioei uzteko, eta 1988ko azaroan Nazio Batuen Batzar Nagusiaren gehiengo handi batek Israel gaitzetsi zuen Intifadaren kontrako ekintzengatik. Ebazpen hori errepikatu egin zen hurrengo urteetan.

Segurtasun Kontseiluak, 1989ko uztailaren 6an emandako 640 Ebazpenean[59], 607 eta 608 ebazpenak berretsi eta adierazi zuen Israelek ebazpenak bete ez eta, gainera, segitzen zuela palestinarrak deportatzen; horrez gain, Genevako Konbentzioa lurralde okupatuetan ere aplikatzekoa dela gogorarazi zuen, Jerusalem barne.[60]

Hilabete geroago 641 ebazpena eman zuen, ildo berekoa.

Hamarkada honetan eta hurrengoan maiz erabili zuten Estatu Batuek betorako eskubidea Segurtasun Kontseiluan, bereziki Palestinako gaiei zegokienez.[61]

1990eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990eko urriaren 8an Jerusalemgo Meskiten Zelaigunean Al-Aqsako sarraskia gertatu zen[62]. Intifadaren hirugarren urtea zen eta Golkoko gerra hasi berria. Israelgo segurtasun indarren jokabidea gaitzetsi zuen Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak aho batez onartutako 672 ebazpenaren bidez[63] eta berriz gogorarazi zion Genevako Konbentzioa bete beharra. Era berean, erabaki zuen ordezkaritza bat bidaltzea txosten bat egin zezan urriaren bukaera baino lehen. Israelek ordea argi adierazi zuen ez zuela Segurtasun Kontseiluaren 672 ebazpena beteko, bertan ez zirelako kontuan hartu Erosten Harresiko otoitzegileek jasandako erasoak. Israelek uko egin zion halaber idazkari nagusiaren ordezkaritza hartzeari, Israelen indarkeria ikertzera joana[64]. Ondorengo 673 ebazpenak[65] ere, Israelen jarrera gaitzestekoak, ez zuen eraginik izan eta Israelek jarraitu zuen Nazio Batuen ikerketak oztopatzen.

Javier Pérez de Cuéllar idazkari nagusiak erabaki zuen txostena aurkeztea eta horren haritik Segurtasun Kontseiluak 681 Ebazpena onetsi zuen 1990eko abenduan, kezka agertzen zuena Israelen jarreraz, palestinarrak lurralde okupatuetatik deportatzen jarraitzeagatik eta idazkari nagusiari eskatzen ziona azter zezala zer nolako neurriak har zitezkeen eta egoeraren berri ematen segi zezala[66].

1991ko urriaren 30ean Madrilgo Bake Konferentzia inauguratu zen, Estatu Batuek eta Sobiet Batasunak babestuta. Helburua zen Israel eta Palestinaren arteko bake prozesu bat abiatzea, negoziazioetan inplikatuz Israel, palestinarrak eta arabiar herrialdeak (Jordania, Libano eta Siria barne). Osloko Itunaren aurrekaria izan zen (1993).

Israelek Madrileko Konferentzian parte hartzeko aurrebaldintzetako bat izan zen Nazio Batuen Batzar Nagusiak atzera botatzea 1975ean onartutako 3379 Ebazpena[67], "sionismoa arrazakeria mota bat" zela ezarri zuena. 1991an baliogabetu zen, 46/86 Ebazpenaren bidez.

1994an, Hebrongo sarraskia gertatu zen, Baruch Goldstein kolonoak tiro egin zuenean Ibrahimi Meskitan otoitz egiten ari ziren palestinar musulmanen kontra[68]. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 904 Ebazpena[69] onartu zuen, sarraskia gaitzesteko eta Israelgo Gobernuari dei egoteko zibil palestinarrak babesteko neurriak har zitzan, Palestinako lurralde okupatuetako kolono juduak armagabetzeko neurria barne.

1996an, Segurtasun Kontseiluak 1073 Ebazpena onartu zuen[70], kezka adierazteko Jerusalemen, Nablusen, Ramallahn, Betleemen eta Gazan izandako gertaerengatik.

2000-2010[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000. urtea Camp Davideko Bakerako goi-bileraren porrotaren urtea da[71], eta Bigarren Intifadaren hasierakoa. 2003an, Israel eraikitzen hasitako Zisjordaniako Harresiak beste eztabaidagai bat sortu zuen, eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuten[72][73]. Bai Nazio Batuen Ikerketa Misioak bai zenbait errelatorek ere adierazi zuten harresiak urratzen zuela arrazan edo nazio jatorrian oinarritutako diskriminaziorik ez jasateko eskubidea, mugimenduen eta sarbideen gaineko politikari zegokionez

2002ko martxoan gertatutako eraso suizida batzuen ondorioz, Israelek “Defentsa-ezkutuaren Operazioa” delakoa abiatu zuen. Gertaera bortitzena Jeningo gudua[74][75] izan zen, UNRWAk kudeatutako errefuxiatu esparruan. Nazio Batuek erabaki zuten batzorde bat bidaltzea, eta Segurtasun Kontseiluak beste ikerketa batzorde bat, baina Israelek blokeatu egin zuen eta izena aldatu behar izan zioten onar zezan[76]. Horrek Batzar Nagusiaren gaitzespena ekarri zuen, 10/10 Ebazpenaren bidez adierazia 2002ko maiatzean[77].

2002ko martxo hartan berean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 1397 Ebazpena onartu zuen, Bigarren Intifadaren inguruan gertatutako indarkeria buka dadin eskatzeko. Gainera, ebazpen batean aurrenekoz eskatu zuen bi estatuen irtenbidea gatazkarako[78].

2002tik, “Bakerako bide-orria” izan da Nazio Batuen azken ahalegina eskualde hartarako bakea negoziatzeko. Agiria Estatu Batuetako presidente George W. Bushek proposatu eta Estatu Batuek, Errusiak, Europar Batasunak eta Nazio Batuek babestu zuten. Testu ofizialaren izaera ez da Batzar Nagusiaren edo Segurtasun Kontseiluaren ebazpenarena, Segurtasun Kontseiluaren gutun batena baizik[79]. 2003ko azaroan, ikusirik planak ez zuela aurrera egiten, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bere egin zuen Bakerako Bide-orria, 1515 Ebazpena onartuta[80]. Bakerako bide-orriaren inplementazioarekin lotuta agertu da Israelgo Gobernuak hartutako alde bakarreko erabakia, kolono israeldarrek eta segurtasun indarrek atzera egin zezaten lurralde okupatuetan eta batez ere Gazan, kokaguneak deseginez, 2004an eta 2005ean[81][82].

2008an Gazako gatazka lehertu zen, Israelek “Berun Urtuaren Operazioa” izenekoa abiatu zuenean.

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 1860 Ebazpena[83] onartu zuen 2009ko urtarrilean, gatazkari buruzko hainbat ebazpen bete beharra gogorarazteko eta berehalako su-etena eskatzeko Hamasen eta Israelgo indarren artean[84].

2009ko apirilean eratu zen Nazio Batuen Gazako Gatazkarako Misioa[85], Goldstone Txostena izenaz ere ezaguna (Richard Goldstone misioaren buru izan baitzen), Nazio Batuen misio bat izan zen, gertaerak argitzeko misio bat, zehazki, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren A/HRC/RES/S-9/1 Ebazpenaren[86] eskaerari erantzunez Gazako gatazka ikertzeko xedea zuena.

2009ko irailaren 15ean eman zen argitara 574 orrialdeko txostena.[87]

2009ko urriaren 16an, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak txostena onartu zuen eta ere egin zituen gomendioak[88]. Nazio Batuen Batzar Nagusiak, berriz, 2009ko azaroan eztabaidatu zuen ebazpen bat Goldstone txostenaren gomendioak onartzeko[89].

2010-2020[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko otsailean, Estatu Batuek betoa ezarri zioten ebazpen zirriborro bati[90], zeinak legez kanpokotzat jotzen baitzituen 1967tik aurrera Palestinako lurralde okupatuetan ezarritako israeldar kokagune guztiak. Ebazpenak Segurtasun Kontseiluko gainerako kideen eta 120 herrialderen babesa zuen.

2012ko urtarrilaren 31n, Nazio Batuek eratutako misio independente batek, Palestinako Lurralde Okupatuetako Israeldar Kokaguneei buruzko nazioarteko ikerketa misioak, txosten bat plazaratu zuen[91]. Ondorioetako bat zen kokaguneen inguruko gai batzuk Nazioarteko Justizia Auzitegiak aztertzeko moduko auzia izan zitezkeela[92][93].

Palestina 2012ko irailean Nazio Batuetan estatu ez-kide gisa onartu ondoren[94], aukera izan zezakeen bere kexak Nazioarteko Justizia Auzitegian planteatzeko. Palestinaren izendapen hori "194 Palestina" delako kanpaina diplomatikoaren emaitza da hein batean. Palestinako Aginte Nazionalak abiatu zuen kanpaina hori, Palestinako Estatua, Nazio Batuen Erakundeko kide osoaren estatusa erdietsita, Nazio Batuen 194. estatua bihur zedin. Kanpainaren berri 2009aren bukaeran eman bazen ere, batez ere 2011ko irailean nabarmendu zen, Mahmoud Abbas presidenteak eskaera bat helarazi zionean Ban Ki-moon orduko idazkari nagusiari. [95] Ikusirik eskaerak ez zuela aurrera egin behar Segurtasun Kontseiluan[96][97], Palestinako Aginte Nazionalak erabaki zuen ebazpen zirriborro bat aurkeztea[98], "Estatu begirale ez-kidea" izateko (Vatikanoaren estatus bera). Ebazpen hori 2012ko azaroan onartu zuen Batzar Nagusiak[94]. Hortik aurrera, formalki izen hori badu ere[99], "Palestinako enbaxadore edo begirale Nazio Batuetan" izendapena erabili ohi da.

Estatus berriak aukera eman zion Palestinako Estatuari bat egiteko Nazio Batuen itunekin eta agentzia espezializatuetako kide izateko, esate baterako Elikadura eta Nekazaritza Erakundekoak (FAO) Abiazio Zibilaren Erakundekoa, Itsas Zuzenbidearen Itunarekin eta Nazioarteko Auzitegi Kriminalekoa. Aukera ematen dio legezko eskubideak erreklamatzeko bere lurraldeko uren gainean and aire espazioan, eta Nazioarteko Justizia Auzitegian erreklamazioak aurkezteko auzian den lurraldearen kontrolaz eta gerra krimenez Israelen aurka[100].

Horrez gain, 2012ko abenduaren 17an Nazio Batuen Erakundeko Protokoloko buruak erabaki zuen Idazkaritzak "Palestinako Estatua" izendapena erabiliko zuela hortik aurrera Nazio Batuen agiri ofizial guztietan.[3]

2014ko uztailaren 24an, 2014ko Gazako gatazka bitartean, UNHRC-k S-21 Ebazpena onartu zuen[101], Palestinako lurralde okupatuetan, Ekialdeko Jerusalem barne, bereziki Gazako Zerrendan, operazio militarren ondorioz gertatutako nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta nazioarteko giza eskubideen urraketak ikertuko zituen batzorde bat sortzea.

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 2016ko abenduaren 13an onartutako 2334 Ebazpena[102][103] Palestinako lurralde okupatuetako israeldar kokaguneen egoerari buruzkoa da, ekialdeko Jerusalem barne hartuta[104]. Ebazpena loteslea da eta, beraz, Nazio Batuetako herrialde guztiek bete beharrekoa, eta adierazten du kokaguneek ez dutela legezko baliorik eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa argia direla. Israeli eskatzen dio kokaguneak geldiarazteko eta, Genevako Hitzarmenari jarraikiz, aginte okupatzailea den aldetik dituen betebeharrak eta erantzukizun juridikoak zorrotz betetzeko. Ebazpenean eskatzen zaio idazkari nagusiari hiru hilean behin txostenak helarazteko Kontseiluari, ebazpenean adierazitakoa betetzen ari den jakinarazteko. Lehen txostena 2017ko martxoaren 24koa da eta bertan Ekialde Hurbileko Bake Prozesurako Nazio Batuen Koordinatzaile Bereziak (Osloko akordioen ondotik, 1994an, sortutako figura)[105], Nickolay Mladenovek, esan zuen ez zela inongo urratsik egin aldi horretan[106].

2023ko urriaren 27an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak ES‑10/21 Ebazpena ez-loteslea[107] onartu zuen, Israelek, Hamasen urriaren 7ko erasoei erantzunez, Gazako zerrendan hartutako neurriei buruz.

Ebazpena Batzar Nagusiaren urgentziazko hamargarren bilkura berezian onartu zen, zenbait herrialdek deituta, ikusirik Segurtasun Kontseiluko eztabaidak impasse batean zeudela, aurkeztutako ebazpenei kide iraunkorrek ezarritako betoen ondorioz[108].

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak azaroaren 15an onartu zuen, azkenik, 2712 Ebazpena[109], Gazan eten eta pasabide humanitarioak ezartzea eskatzeko.[110]

2023ko abenduaren 11n, NBEko Batzar Nagusiak, urgentziazko bilkura berezian, Gazarako «berehalako su eten humanitarioa» eskatzen duen Ebazpen ez-loteslea onartu zuen[111], lau egun lehenago Segurtasun Kontseiluan Estatu Batuek betoa jarri ondoren antzeko ebazpen bati.[112]

2023ko Israel-Palestina gatazkaren testuinguruan, halaber, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 2720 Ebazpena onartu zuen 2023ko abenduaren 22an, dei egiten duena krisi humanitariorako laguntza handitzeko[113].

Nazio Batuek Palestinaren gaiari buruz emandako ebazpenen zerrenda

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Is Palestine now a state? - CBS News» www.cbsnews.com 2012-11-30 (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  2. «e-BlueBook» bluebook.unmeetings.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  3. a b (Ingelesez) Gharib, Ali. (2012-12-20). «U.N. Adds New Name: "State of Palestine"» The Daily Beast (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  4. (Ingelesez) Hammond, Jeremy R.. (2010-01-27). «Israeli Violations of U.N. Security Council Resolutions» Foreign Policy Journal (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  5. «United Nations Special Committee on Palestine, 1947 (UNSCOP) | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  6. «UNSCOP - 1947» www.mideastweb.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  7. (Ingelesez) «United Nations Special Committee on Palestine (UNSCOP) Archives» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  8. https://www.unrwa.org/content/general-assembly-resolution-302. .
  9. (Ingelesez) VS. (2023-11-29). «Committee» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  10. (Ingelesez) VS. (2023-11-29). «About the Division of Palestinian Rights» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  11. «UN General Assembly Resolution 2443 (December 1968)» www.jewishvirtuallibrary.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  12. (Ingelesez) VS. (2023-11-29). «United Nations Information System on the Question of Palestine» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  13. (Ingelesez) VS. (2023-11-29). «International Day of Solidarity with the Palestinian People» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  14. (Ingelesez) Road map for peace. 2023-11-15 (Noiz kontsultatua: 2023-11-21).
  15. Cattan, Henry. (2022-10-06). «UN Resolution for the Partition of Palestine» The Palestine Question (Routledge): 32–41. (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  16. «BBC NEWS» news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  17. Ben-Dror, Elad. (2007). «The Arab Struggle against Partition: The International Arena of Summer 1947» Middle Eastern Studies 43 (2): 259–293. ISSN 0026-3206. (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  18. «A/RES/181(II) of 29 November 1947» web.archive.org 2012-05-24 (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  19. «A/RES/181(II) of 29 November 1947» web.archive.org 2012-05-24 (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  20. (Ingelesez) Thomas, Baylis. (1999). How Israel was Won: A Concise History of the Arab-Israeli Conflict. Lexington Books ISBN 978-0-7391-0064-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  21. «Declaration of the Establishment of the State of Israel (May 14, 1948)» The Declaration of Independence (Harvard University Press): 237–242. 2009-06-30 (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  22. Cattan, Henry. (1988). «The War of 1948» The Palestine Question (Routledge)  doi:10.4324/9781003325772-11/war-1948-henry-cattan?context=ubx. ISBN 978-1-003-32577-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  23. (Ingelesez) «Al-Majdal» BADIL Resource Center for Palestinian Residency and Refugee Rights (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  24. https://www.unrwa.org/content/resolution-194. .
  25. (Ingelesez) Right of return: Palestinian dream?. 2003-02-18 (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  26. (Ingelesez) «What were the Oslo Accords between Israel and the Palestinians?» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  27. «The Avalon Project : U.N. General Assembly Resolution 186 - Appointment and terms of reference of a United Nations Mediator in Palestine» avalon.law.yale.edu (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
  28. (Ingelesez) UN. General Assembly (3rd sess. : 1948-1949 : Paris, Etc ). (1949). Admission of Israel to membership in the United Nations.. (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  29. (Ingelesez) Lewis, Bernard. (2001). Islam in History: Ideas, People, and Events in the Middle East. Open Court Publishing ISBN 978-0-8126-9518-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-23).
  30. (Gaztelaniaz) Year: 1953), UN Security Council (8th. (1965). Resolution 100 (1953) /: [adopted by the Security Council at its 631st meeting, of 27 October 1953.. ] (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
  31. (Gaztelaniaz) Year: 1953), UN Security Council (8th. (1965). Resolution 101 (1953) /: [adopted by the Security Council at its 642nd meeting, of 24 November 1953.. ] (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
  32. (Ingelesez) Year: 1951), UN Security Council (6th. (1965). Resolution 95 (1951) /: [adopted by the Security Council at its 558th meeting, of 1 September 1951.. ] (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
  33. «S/RES/242(1967)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
  34. (Ingelesez) Lowe, Vaughan; Roberts, Adam; Welsh, Jennifer; Zaum, Dominik. (2008-06-05). The United Nations Security Council and War: The Evolution of Thought and Practice since 1945. OUP Oxford ISBN 978-0-19-153858-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
  35. «UN General Assembly Resolution 2443 (December 1968)» www.jewishvirtuallibrary.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
  36. (Ingelesez) «Arafat Addresses the UN General Assembly (13 November 1974)» Interactive Encyclopedia of the Palestine Question – palquest (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  37. «Permanent Observer Mission of Palestine to the United Nations - Background Paper Related to Palestine Status» web.archive.org 2011-07-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
  38. (Ingelesez) «UNGA 3237 (XXIX): Granting the PLO an Observer Status at the General Assembly (22 November 1974)» Interactive Encyclopedia of the Palestine Question – palquest (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  39. «A/RES/3236 (XXIX) of 22 November 1974» web.archive.org 2011-09-25 (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  40. (Ingelesez) 1979: Israel and Egypt shake hands on peace deal. 1979-03-26 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  41. «The Camp David Accords» web.archive.org 2011-02-16 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  42. (Ingelesez) «Camp David Accords, 1978-1979» Interactive Encyclopedia of the Palestine Question – palquest (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  43. «UN General Assembly Resolution 34/65 (December 1979)» www.jewishvirtuallibrary.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  44. «SECOND UNITED NATIONS EMERGENCY FORCE (UNEF II)» web.archive.org 2007-10-12 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  45. (Ingelesez) Hoagl, Jim. (1979-05-24). «U.N. Peacekeeping Unit Won't Police Israeli Sinai Withdrawal» Washington Post ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  46. (Ingelesez) «MFO - Origins» Multinational Force and Observers (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  47. (Ingelesez) Timeline: Arab League. 2011-11-15 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  48. «Palestine National Council: Political Communique, 15 Nov 1988» web.archive.org 2001-04-20 (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  49. «A/RES/43/177 of 15 December 1988» web.archive.org 2011-06-22 (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  50. «Status of Palestine» palestineun.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  51. Mark A. Tessler. (1994). A History of the Israeli-Palestinian conflict. Indiana University Press ISBN 978-0-253-20873-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  52. https://unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000082711_eng. .
  53. «A/RES/52/250» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  54. «S/RES/478(1980)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  55. «S/RES/476(1980)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  56. «A/RES/37/123» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  57. Nations, the United. United Nations Security Council Resolution 607. (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  58. «S/RES/608(1988)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  59. «S/RES/640(1989)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  60. (Ingelesez) January 27th, Jeremy R. Hammond /; 2010. (2010-01-27). «Rogue State: Israeli Violations of U.N. Security Council Resolutions | Dissident Voice» Dissident Voice | a radical newsletter in the struggle for peace and social justice (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  61. «The Security Council Veto - UN Security Council - Global Policy Forum» web.archive.org 2008-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  62. «MIDEAST.BOU» www.hrw.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  63. Nations, the United. United Nations Security Council Resolution 672. (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  64. Javier Pérez de Cuéllar. (1997). Pilgrimage for peace. St. Martin's Press ISBN 978-0-312-16486-7. (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  65. Nations, the United. United Nations Security Council Resolution 673. (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  66. «S/RES/681(1990)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  67. «A/RES/3379 (XXX) of 10 November 1975» web.archive.org 2012-12-06 (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  68. (Ingelesez) 1994: Jewish settler kills 30 at holy site. 1994-02-25 (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  69. «S/RES/904(1994)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  70. «S/RES/1073(1996)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  71. (Ingelesez) Gresh, Alain. (2001-09-01). «The Middle East: how the peace was lost» Le Monde diplomatique (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  72. «Palestine question/Mideast situation - Compilation of resolutions and decisions adopted in 2003 (English and French) (23 April 2004)» web.archive.org 2012-05-25 (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  73. «A/RES/ES-10/15 of 2 August 2004» web.archive.org 2013-09-20 (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  74. «Report of the Secretary-General on Jenin» web.archive.org 2002-08-06 (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  75. (Ingelesez) UN agrees to Jenin mission. 2002-04-20 (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  76. Nations, the United. United Nations Security Council Resolution 1405. (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  77. (Frantsesez) Hammarskjöld, Nations Unies Bibliothèque Dag; Library, Dag Hammarskjöld. «Documentation des Nations Unides : Assemblée générale : Raccourcis» research.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  78. (Ingelesez) UN Security Council resolution 1397. 2002-03-14 (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  79. «A Performance-based Road Map to a Permanent Two-State Solution to the Israeli-Palestinian Conflict | UN Peacemaker» peacemaker.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  80. Nations, the United. United Nations Security Council Resolution 1515. (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  81. (Ingelesez) Israel completes Gaza withdrawal. 2005-09-12 (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  82. (Ingelesez) Israel: 'Disengagement' Will Not End Gaza Occupation | Human Rights Watch. 2004-10-28 (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  83. «S/RES/1860(2009)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  84. «Security Council calls for cease-fire in Gaza - CNN.com» edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  85. https://www.ohchr.org/en/hr-bodies/hrc/special-sessions/session9/fact-finding-mission. .
  86. (Ingelesez) Cuba; Egypt; States, UN Group of Arab; States, UN Group of African; Pakistan. (2009-01-12). The grave violations of human rights in the Occupied Palestinian Territory, particularly due to the recent Israeli military attacks against the occupied Gaza Strip :: draft resolution /: Cuba, Egypt (on behalf of the Arab and African Groups), Pakistan (on behalf of the Organization of the Islamic Conference). (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  87. (Ingelesez) UN condemns 'war crimes' in Gaza. 2009-09-16 (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  88. (Ingelesez) Goldberg, Mark Leon. (0001-11-30). «Human Rights Council endorses Goldstone Report» UN Dispatch (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  89. (Ingelesez) «Follow-up to the Goldstone report - General Assembly debate, vote - Verbatim record» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  90. https://www.reuters.com/article/us-palestinians-israel-un-vote-idUSTRE71H6W720110218/. .
  91. Imseis, Ardi, ed. (2014). «Report of the Independent International Fact- Finding Mission to Investigate the Implications of the Israeli Settlements on the Civil, Political, Economic, Social and Cultural Rights of the Palestinian People Throughout the Occupied Palestinian Territory, Including East Jerusalem» The Palestine Yearbook of International Law Online 17 (1): 219–266.  doi:10.1163/22116141-01701019. ISSN 1386-1972. (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  92. (Ingelesez) Sherwood, Harriet. (2013-01-31). «Israel must withdraw all settlers or face ICC, says UN report» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  93. (Ingelesez) «Status upgrade celebrated» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  94. a b «A/67/L.28 of 26 November 2012» web.archive.org 2012-12-10 (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  95. (Ingelesez) Agencies, IMEMC &. (2011-09-09). UN Secretary-General Supports Full Palestinian Membership. (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  96. «With Security Council report, Palestinian statehood bid stalled at U.N. - CNN» web.archive.org 2012-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  97. «Report of the Committee on the Admission of New Members (S/2011/705)» palestineun.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  98. (Ingelesez) «Palestine to seek UN non-Member State status, Abbas tells General Assembly debate | UN News» news.un.org 2012-09-27 (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  99. «Ambassador» palestineun.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
  100. (Ingelesez) «Palestinians' UN upgrade to nonmember observer state: Struggles ahead over possible powers» Associated Press 2015-03-26 (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  101. https://www.ohchr.org/en/press-releases/2014/07/human-rights-council-establishes-independent-international-commission?LangID=E&NewsID=14897. .
  102. «S/RES/2334(2016)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  103. «Israel’s Settlements Have No Legal Validity, Constitute Flagrant Violation of International Law, Security Council Reaffirms | UN Press» press.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  104. (Ingelesez) «UN votes on ending Israeli settlements» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  105. (Ingelesez) «About» UNSCO 2014-05-07 (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  106. Zink, Michel. (2017). Literatures of Medieval France. Collège de France ISBN 978-2-7226-0439-1. (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  107. «A/ES-10/L.25» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  108. (Ingelesez) «United Nations votes overwhelmingly in favour of humanitarian truce in Gaza» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  109. «S/RES/2712(2023)» undocs.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  110. (Ingelesez) «Israel-Palestine crisis: Security Council calls for urgent, extended humanitarian pauses in Gaza | UN News» news.un.org 2023-11-15 (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  111. (Ingelesez) DPR-UNISPAL. «Protection of civilians and upholding legal and humanitarian obligations - GA 10th Emergency Special Session Draft Resolution» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  112. «NBEko Batzar Nagusiak «berehalako su eten humanitarioa» eskatu du Gazarako» Berria 2023-12-13 (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  113. (Ingelesez) «Security Council Requests UN Coordinator for Humanitarian Aid in Gaza, Adopting Resolution 2720 (2023) by Recorded Vote - occupied Palestinian territory | ReliefWeb» reliefweb.int 2023-12-22 (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]