Perikito

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Perikitoa
Papagaitxoa
Fosilaren garaia: Paleozeno-gaur egun

Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Psittaciformes
Familia: Psittacidae
Generoa: Melopsittacus
Gould, 1840
Espeziea: Melopsittacus undulatus
(Shaw, 1805)
Hedapen mapa

Perikitoa edo papagaitxoa (Melopsittacus undulatus) maskota bezala oso ohikoa den jatorri australiarreko hegaztia da.

Zenbait kasutan perikito edo periko hitza familia bereko beste espezie batzuk izendatzeko ere erabiltzen da, hala nola, agaporniak edo tamaina txiki eta ertaineko beste loro espezie batzuk (lorikitoak). Guzti hauengandik bereizteko, Melopsittacus undulatus perikito australiar edo perikito ondulatu bezala ezagutzen da.

Budgerigar terminoa (ingelesez erabiltzen den izena) Kamilaroi talde australiar indigenak “janari goxoa” esateko erabiltzen zuen espresiotik datorrela dirudi.

Maskotaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1840. urtean John Gould zientzialariak bizirik zeuden lehen perikitoak eraman zituen Ingalaterrara.

Hegazti hauen edertasunaren ondorioz, laister milaka perikitoren harrapaketa jarri zen martxan hauek komertzializatu asmoz. Baina Australiatik Ingalaterrara eramateko hilabeteetako garraioak eta beraien elikaduraren ezjakintasunak hegazti hauen %98ren heriotza eragin zuten.

Gerora, artatxikia eta alpistea jaten zutela jakin zuten, kanarioek bezala. Garai hartan ez zekitena kumeak habia itxietan izaten zituztela zen, eta horregatik habia irekiak jartzen zitzaizkien. Honetaz jabetu bezain laster, perikito kantitate handiak hazten hasi ziren.

Lehen mutazioa, horia izan zen eta 1872an agertu zen Belgikan. 1978an mutazio urdina azaldu zen. Biek ala biek neurriz kanpoko prezioak hartu zituzten. Perikito urdin bikote batek lasterketa zaldi on batek baino gehiago balio zezakeen.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perikito ar baten anatomia.

Perikito batek 19 zentimetro baino zerbait gutxiago neurtzen ditu burutik isatsaren puntaraino eta 35 gramo inguru pisatzen ditu. Kolore berdea izaten dute, buru horiarekin eta bizkar ondulatua. Helduetan bekokia eta burua horiak dira, baina gazteagoek xingola beltzak dituzte. Kolore honi esker, landarediaren artean ezkutatzen dira. Kolore urdina duen edo albinoa den baten bat jaiotzen bada naturan, ez da denbora askoz biziko harrapariek erraztasun handiarekin harrapatuko dutelako.

Perikito ar baten burua.

Mokoaren bi aldeetan orban more batzuk dituzte eta eztarriaren alde bakoitzean hiru puntu beltz. Puntu horietatik bi, orban morearen azpian daude. Buztana urdin iluna izaten da, baina alboetan kolore horiko lumak tartekatzen dira. Hegoek berde-beltz kolorea dute, baina xingola horiak ere badituzte. Xingola hauek hegan ari direnean edo hegoak zabalduta dituztenean bakarrik ikus daitezke. Hankak grisak dituzte eta urteekin iluntzen joaten dira.

Askatasunean bizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perikitoa benetako loroen edo Psittacidoen familiakoa da. Beherantz okertutako mokoa du, bi behatz aurrerantz eta beste bi atzerantz ditu. Honek zuhaitzak igotzea eta haziez elikatzea errazten dio.

Australian askatasunean bizi den perikito bat.

Perikitoak kostaldeko zonalde txiki batean izan ezik, Australia guztian hedatuta daude. Bere habitata oihana da. Talde handietan biltzen dira, ehundaka izan daitezke, eta distantzia handiak egiten dituzte ur eta janari bila. Kumeak izateko garaia heltzen denean, hegazti talde desberdinak zonalde berean biltzen dira milaka perikitoz osatutako talde bat sortuz. Taldeetan bizitzeak asko errazten die bizitza harraparien aurrean, harrapakin zaila bihurtzen baitira.

Monogamoak dira eta normalean ez dute bikotez aldatzen bietako bat hil ezean. Habiak zuhaitzaren enborraren zulo batean kokatzen dituzte. Emeak 4 eta 7 arrautz bitarte erruten ditu eta 18-20 egunez inkubatzen ditu. Kumea inkubatu eta 30 egunetara lumaztatuko da.

Perikitoetan bi azpiespezie desberdintzen dira: iparraldekoa eta mendebaldekoa. Kolore eta tamainan dituzten desberdintasun txiki batzuengandik bereizten dira. Ornitologo batzuek sailkapen hau zalantzan jartzen dute desberdintasunak oso txikiak direlako eta bi azpiespezieen habitata gainjarri egiten denez, zonalde batzuetan talde berdinean ibiltzen dira eta kumeak izaten dituztelako elkarrekin.

Kaiolako bizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perikito australiarra etxabere arrunt eta familiarrena da. 1840 ezkeroztik itxialdian hazia izan da. Hezitzaileek hamarkadetan zehar kolore eta mutazio ugari sortzeko egin dute lan: urdinak, gris eta moreak, kolore argiko hegalekoak… Lumen mutazioak gandor edo adarkatuegiak diren lumak sor ditzakete, besteak beste.

Kaiolan bizi den perikitoa.

Perikito australiar moderno eta ingelesak, beraien lehengusu basatiak baino handiagoak dira, luma puztuagoak dituzte eta honek neurriz kanpoko itxura ematen die. Aldaketa nabarienak begi eta mokoari dagozkienak dira. Hauek lumen ondorioz erabat ilunduta baitaude. Hori dela eta, beraien bizi kalitatea laburragoa da. Hegazti hauek gainera, mutazio genetiko gehiago izaten dituzte endogamiaren ondorioz.

Perikito australiarrak heztea erraza da. Hitz egiten erakustea posible da, baita melodiak txistu egiten eta jendearekin jolasten ere. Horregatik, mundu guztian maskota bezala gehien erabiltzen den animalietako bat da.

Loro handi asko bezain azkarrak dira eta jostailuekin eta jendearekin kontaktuan egoteak beraien adimena hobetzeko balio dute. Mokoka aritzea oso gustoko dute, batez ere perikito emeek. Mokoak osasuntsu eta zorrotz edukitzeko mokotatua izateko materiala izan behar dute beti eskura.

Kaiolan 5-8 urte inguru bizi daitezke, baina 15 urte bizitzera hel daitezke jasotako tratu eta maitasunaren arabera. Hala ere, perikito motak ere bizi itxaropena baldintzatzen du. Perikito ingelesak esaterako australiar eta amerikarrak baino bizi laburragoa dute, beren tamaina eta ezaugarri fisikoak aldatzeko urteetan zehar jasan duten endogamiagatik. Horretaz gain, aktibitate fisiko ezak eta elikadura desegokiak ere bizi itxaropena murrizten dute.

Hegazti hauek izan ditzaketen gaixotasunen artean marranta, beherakoa, urradurak eta hanketako azalaren asaldurak (ondo ez garbitzeagatik) dira. Mokoren inguruan tumorazio eta garatxoak ere ager daitezke txori zahar edo ingurune zikinean hazitako txoriengan.

Fruta jaten ari diren perikitoak.

Perikitoak artatxiki eta alpistez elikatzen dira, nahiz eta beste zenbait hazi eta barazkirekin ere tartekatu behar diren, hala nola, letxuga, espinaka, piperra, azenarioaFruituak ere osagarri dietetiko onak dira txorientzat. Ogia eta gailetak tarteka daitezke noizbehinka, baina betiere gauza gozoegiak eman gabe. Ahuakatea, txokolatea eta perrexila ez zaizkie inolaz ere eman behar, toxikoak baitira perikito australiarrentzat. Perikitoa gaztetatik elikadura anitz batetara ohitzea komeni da, beti janari berdina jaten aritu den txori zaharrago bat janari berrietara ohitze asko kostatzen baita.

Oro har erraz egokitzen dira neguko hotzetik babesten dituen edozein kaioletara, nahiz eta nahiago dituzten metalezkoak, egurra erraztasun harrigarriz zulatzen baitute. Kaiolek barra horizontalak eduki behar dituzte, perikitoak hegazti harrapariak baitira eta gainera, hormetatik paseatzea atsegin dute. Hala ere, kaiolatik ateratzen utzi eta hegan egiteko aukera emanez gero, txori osasuntsu eta alaiagoak bihurtzen dira. Azken kasu honetan, kontu handia izan behar da gauza arriskutsuetara hurbildu edo leihoko kristalen aurka jo ez daitezen. Hau ekiditeko onena gortinak jartze litzateke.

11 eguneko perikitokumea.

Ugalketa nahiko erraza da, kumeak izatera bultzatzeko egurrezko kaxa bat jartzen da habiatzat, bertan emea ilunpetan aurkituko delarik. Ekaitza edo euria ari duenean habia duen kaiola kanpora ateraz, ernalketa aktibatzen da. Emeak 4-9 arrautz bitartean erruten ditu eta inkubazioak 18 egun irauten ditu. Urte guztian zehar izan ditzakete kumeak, baina abuztu aldean habia kentzea komenigarria da bikoteari urtarrila edo otsaila bitartean atseden hartzen utziz.

Perikito ar bakar bat izanez gero, sexu anormaltasunak ager daitezke, esaterako, ispiluko irudiarekin elkartu nahia. Bi eme izanez gero aldiz, bien arteko ezinikusia ager daiteke. Perikito australiarrak oso animalia lagunkoiak dira eta jendearekin edo espezie bereko beste hegazti batzuekin harremanetan jarriz gero, gehiago garatzen dituzte beraien gaitasunak.

Bestalde perikitoak toxoplasma parasitoaren eramaileak izan daitezke eta beraz, toxoplasmosia hartzeko arrisku faktorea dira. Horregatik, oso garrantzitsua da hegaztien jatorria egokia dela ziurtatzea. Gorozkien bidez transmititzen da gaixotasuna, hauek lehortu eta birrintzean. Hori dela eta, kaiola eta animaliaren ingurunea sarri-sarri garbitu behar da.

Sexu eta adinaren determinazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perikito heldu bikote bat. Ar bat ezkerrean eta eme bat eskuinean.
  • Sexua. Perikito bat arra edo emea den jakiteko, mokoaren gainean jarri behar dugu arreta. Arrek erabat urdina duten bitartean, emeek marroia edo txuria dute. Kumeek arrosa izango dute eta denborarekin kolorea aldatuko zaie sexuaren arabera. Perikito baten sexua ezagutzeko modu bakarra da, aldaka ukitzearena mito hutsa da.
  • Adina. Bekokian duten xingola kopuruaren arabera jakiten da adina. Gazteek beteta dute eta zaharrek aldiz, hutsa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Perikito Aldatu lotura Wikidatan