Saipan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Saipan
Sa'ipan[1]
Uhartea airetik.
Uhartea airetik.
Geografia
Mariana Islands - Saipan.PNG
Kokalekua Mikronesia, Ozeano Barea
Koordenatuak 15°10′51″N 145°45′21″E / 15.18083°N 145.75583°E / 15.18083; 145.75583
Uhartedia Marianak
Azalera 115.4 km²
Punturik garaiena Ogso Tagpochau[2] (474 m)
Administrazioa
Ameriketako Estatu Batuak Ameriketako Estatu Batuak
Mankomunitatea[3] Flag of the Northern Mariana Islands.svg Iparraldeko Mariana Uharteak
Hiriburua Capital Hill[4]
Hiri populatuena Saipan[5] (62392)
Demografia
Biztanleria 62392 (2000n)
Dentsitatea 540,71 biz/km²
Talde etnikoak Chamorro, karolinarrak, filipinarrak, txinatarrak...
Hizkuntzak ingelesa, chamorro, karolinera...

Saipan, bertako hizkuntza den chamorroz Sa'ipan Iparraldeko Marianetako uharte nagusi eta handiena da; autonomia zabala duen lurralde honetako hiriburutzat ere jotzen da.

Datu nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000. urteko biztanleria 62.392 zen eta 115.4 km² ditu.

Marianak iparralde-hegoalde zentzuan doan uharte kate bat dira. Horien artean Saipan garrantzitsuenetakoa da; uhartediaren hegoaldean, Tini'an (hurbilen duen uhartea eta berarekin harreman estua duena), Aguiguan, Luta edo Rota eta Guåhån edo Guam besterik ez ditu hegoalderantz.

Administratiboki Guåhån izan ezik (aparteko egitura administratiboa baitu) uharte guztiek Iparraldeko Mariana Uharteetako Mankomunitatea osatzen dute. Lurralde honetako hiriburua zehatz-mehatz hitz eginda Capital Hill herrixka bada ere, argitalpen gehienetan Saipan ageri da, uharte osoak udalerri bakarra osatzen duelako.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saipan eta Marianetako beste zenbait uhartetako lehen biztanleak, denboraren poderioz "chamorro" deituko zirenak K. a. XX. mendearen bueltan kokatu ziren bertan. Fernão de Magalhãesen 1521eko espedizioarekin[6] heldu zen lehen bisitaldi europarra. Marianekin batera Espainiak anexionatu zuen[7].

1815ean chamorro gehienak Guamen preso hartuta zeudenean Mikronesiako zenbait uhartetako biztanle asko[8] Saipana joan ziren eta harrezkero bertakoek lurraren jabetza neurri handi batean galdu zuten.

1899an, Espainiar-amerikar gerraren ostean Espainiak Marianak, Karolinak eta Marshall Uharteak AEBri saltzea erabaki zuen baina hauei garestiegi iruditu zitzaien ezarritako salneurria. Azkenean Alemaniari saldu zizkion; alemaniarrek Lehen Mundu Gerra arte egon ziren eta 1922an Japoniar Inperioak hartu zuen uhartearen kontrola Nazioen Ligaren onespenarekin.

Bigarren Mundu Gerran uhartea japoniarren base garrantzitsua izan zen. 1944ko martxoaren 3an AEBetakoek zibilez betetako itsasontzi bat bonbardatu zuten eta 655 lagun hil ziren. 1944ko ekainaren 15ean]] estatubatuarrak uhartean lurreratu ziren eta hiru astez Saipango gudua borrokatu zen; oso odoltsua izan zen guru hura John Woo zuzendariak zinemara eraman zuen, Windtalkers filmarekin.

1947an NBEren babespeko lurraldeetakoa bihurtu zen eta horren bidez AEBen kontrolpean. Beste uhartediek independentzia eskuratu bazuten ere, Iparraldeko Marianek mankomunitatea osatu zuten AEBekin. Zenbait lege federal ez dira lurralde honetan ezartzen eta hori dela eta izugarrizko hazkuntza egon zen jantziak ekoizten dituzten lantegietan eta milaka kanpoko langilek hara jo zuten lan bila: Made in USA etiketa zuten jantziak oso merke egiten ziren eta ez zituzten zergak ordaindu behar AEBetara esportatzeko.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941ean 30000 bat biztanle zegoen uhartean eta horietako 4000 besterik ez ziren bertakoak; populazioa handituz joan zen eta 2000ko erroldan 62392 biztanle zituen eta dagoeneko 12000 ziren bertako chamorroak eta beste herri ozeanikoetakoak. Kontuan izan azken hamarkadetan kanpotar (Txina, Bangladesh, Filipinak, Thailandia, Vietnam, Kanputxea eta abarretik) ugari joan dela hara bizi izatera, langile kontratatu bezala. Fenomeno horrekin loturik biztanleriaren ehuneko handia Japonia, Txina, Korea eta Mikronesiako beste leku batzuetatiko lehen belaunaldiko etorkinek osatzen dute.

Sexu-banaketa hauxe da: % 54,8 emakumezkoak dira eta % 45.2 gizonezkoak. Batez besteko adina 29,2 urte dira, Ozeano Barean dauden eskualde gehienen gainetik, beste behin aipatu den immigrazio fenomenoagatik[9].

Gehien hitz egiten den hizkuntza ingelesa da; tokikoa den chamorroz egun % 20k egiten du. Biak dira ofizialak. Beste hainbeste hizkuntza ere hitz egiten dira.

Talde etnikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat estatutan sailkapen hori begi onez ikusita ez badago ere, AEBetan ohikoa da biztanleria "jatorri etnikoaz" sailkatzea; hauxe da Saipangoa:

"Talde etnikoa" "Etnia" Populazioa Ehunekoa
Asiatikoak Filipinarrak 16.280 26,1
Txinatarrak 15.040 24,1
Korearrak 1.945 3,1
Bestelako asiatikoak 962 1,5
Japoniarrak 898 1,4
Bangladeshtarrak 690 1,1
Nepaldarrak 170 0,3
Ozeano Bareko herriak Chamorro 11.644 18,7
Karolinarrak 2.645 4,2
Palautarrak 1.642 2,6
Chuuktarrak 1.382 2,2
Pohnpeitarrak 614 1
Ozeano Bareko beste herri batzuetakoak 502 0,8
Yaptarrak 192 0,3
Marshaldarrak 102 0,2
Kosraetarrak 51 0,1
Bestelako etniak Mestizoak 6.037 9,7
Zuriak 1.211 1,8
Bestelakoak 435 0,7
Beltzak 33 0,1
Saipan eta Tiniango mapa.

Herriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharteak udalerri bakarra osatzen du baina bere baitan 31 herri "ofizial" daude. Hala ere, badira bestelako populazio-gune edota auzo txikiagoak. Taulan azken hauek letra etzanean ageri dira.

Ehungintza lantegia Saipanen.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980eko hamarkadatik motore ekonomiko nagusia (eta uhartearen demografiaren eboluzioaren arrazoia) jantzien ekoizpena izan da baina egun batetik bestera dena aldatu egin da. 2007an 19 lantegi zeuden; Gap, Levi Strauss, Phillips-Van Heusen, Abercrombie & Fitch, Ralph Lauren, Lord & Taylor, Tommy Hilfiger edo Wal-mart zeuden haien artean. Batez ere oso lan baldintza gogorretan lan egiten zuten[10] kanpotarrak aritzen ziren bertan eta hori polemika oso mikatzen iturri izan da[11]. Aldiz, denak itxi egin dituzte, azkena 2009ko otsailean eta horrek sekulako krisialdia sortu du uhartean. Urte bereko azaroan gobernu federalak immigrazioaren gaineko kontrola hartu zuen eta ezin da kalkulatu zein eragin izango duen kontratupeko kanpotar langileen artean; gogoan izan behar da Iparraldeko Marianetako populazioaren % 60a kontratupeko langileek osatzen dutela; ez dute bozkatzeko eskubiderik eta lana galduz gero deporta ditzakete.

Turismoa ere beste aktibitate ekonomiko inportantea da baina 1990eko hamarkadako Asiako krisialdia eta kudeaketa eskasagatik azken urteetan sektorea gainbehera doa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Chamorro hizkuntzan.
  2. Ingelesez Mount Ta(g)pochau izenaz ere ezaguna. Ikus webgune hau.
  3. Ingelesez Commonwealth, chamorroz Sankattan.
  4. Bulego administratiboak dauden herria da.
  5. Uharteak udalerri bakarra osatzen du.
  6. Portugesa apur bat beranduago hil zen, Filipinetan eta hortik aurrera Juan Sebastian Elkano getariarra izan zen burua.
  7. Kolonizazio horren eraginez oraindik zahar batzuek espainieraz hitz egiten dakite; ikus web orri hau.
  8. Mikronesiar jatorrikoen historia.
  9. 2000ko erroldako datuak.
  10. Women and Global Human Rights webgunea.
  11. Ikus esaterako ingelesezko wikipediako artikulu hau.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Saipan Aldatu lotura Wikidatan