Toyo Ito
Toyo Ito, japonieraz 伊東 豊雄 Itō Toyoo (Seul, Hego Korea, 1941eko ekainaren 1a) japoniar arkitektoa da.
Biografia [aldatu]
1965ean amaitu zituen arkitektura-ikasketak, Tokion. 1971n bere estudioa sortu zuen. Japoniar uhin berria izeneko arkitektoen belaunaldikoa da, Tadao Ando, Arata Isozaki edota Kisho Kurokawa bezala. Arata Isozakiren eragina nabari zaio, eta baita bere irakasle izan zen Kazuo Shinohararena ere.
Toyo Itoren arkitektura muturreko teknologiaren zerbitzura dago eta organikoa da; berak dioenez, arkitektura moderno ankerraren aurkako protesta da. Bere lan askotan, bera bizi den etxean, "Zilarrezko Txabola" izenekoan (1984), esate baterako, nabaria da kultura primitiboekiko duen interesa, nomadekikoa, batik bat. Interes hori klimaren zenbait ezaugarri tratatzeko duen eran nabarmentzen da, esate baterako, haizea.
Haren obra urbanorik handiena Nagoyako PMT eraikina da (1978). Interesgarriak dira, era berean, Sapporoko gonbidatuen etxea (1989), garagardo-fabrika baten azpian kokatua eta lurzoruaren topografiari egokitua; edota "Haizeen dorrea" (1986), "Haizeen eklipsea" (1989), "Aluminiozko etxea" (1971), "Nomaden Kluba" (Tokio, 1989), eta Yatsuhiro Museoa (1991). "Haizeen dorrea" eta "Haizeen eklipsea" dira bere lanik adierazgarrienak; egiazko eskultura urbanoak dira eta bietan teknologia berriak, argia eta irudia hertsiki loturik daude arkitekturarekin.
-
Sendaiko mediateka.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
| Pritzker Saria irabazi dutenak | ||
|---|---|---|
|
1979: Johnson 80: Barragán 81: Stirling 82: Roche 83: Pei 84: Meier 85: Hollein 86: Böhm 87: Tange 88: Bunshaft and Niemeyer 89: Gehry 90: Rossi 91: Venturi 92: Siza 93: Maki 94: Portzamparc 95: Ando 96: Moneo 97: Fehn 98: Piano 99: Foster 2000: Koolhaas 01: Herzog eta de Meuron 02: Murcutt 03: Utzon 04: Hadid 05: Mayne 06: Mendes da Rocha 07: Rogers 08: Nouvel 09: Zumthor 10: Sejima eta Nishizawa 11: Souto de Moura 12: Wang Shu 13: Toyo Ito |
||