Zilio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zelula ziliatuak ikusten diren mikroskopio elektronikozko irudia.

Zilioak organismo eukariotoen zelula batzuetan aurkitzen diren egitura mikrutubularrak dira. Hala ere, zelula horma duten eukariotoetan, onddoetan, ez dira agertzen. Zelularen gainazal askeetan daude zelula mintza inguratuz. Beren funtzioa zelularen ingurune medioa mugitzea da, esaterako trakeako zelula ziliatuek mukia, hautsa... ahorantz mugiarazten dituzte.

Zilioak egitura aldetik flageloekin erlazionatuta dauden arren, desberdintasun mikroskopiko garrantzitsuak dituzte. Zilioak ugariak eta laburragoak diren bitartean, flageloak banaka ageri dira eta lodiagoak eta luzeagoak dira.

Aitzitik, beren funtzionamendu txarrarekin erlazionatutako patologiak ere badira. Hauei "ziliopatia" izena ematen zaie.

Egitura

Zilioetan bi egitura bereizten dira:

  • Zurtoina. Zelularen gainazaletik kanpo luzatzen den aldea da, zelula mintza inguratzen duena. Axonema eta oin aldeko plakak (plaka basala ere deiturikoa) osatzen dute.
  • Oinarria. Zilioaren barne aldeko zatia da, zitoplasman murgilduta dagoena. Gorputz basalak eta zilio erroak osatzen dute.

Zeharreko ebaketetan nabari denez, zurtoina zelula mintzaz eta axonemaz eratuta dago. Axonema zelula mintzak inguratzen dituen 9 mikrotubulu bikote periferikoz eta erdialdean mikrotubulu bikote batez osatutako taldea da.

Zilioak = 92 + 2
Zentrioloa = 93 + 3
Zilioaren zurtoinaren zeharreko ebaketa baten irudia

Bikote periferikoetako mikrotubuluei A eta B izena ematen zaie. A mikrotubuluek dineina proteinaz osatutako bi beso dituzte, aldameneko bikotearen B mikrotubuluetara zuzenduak. Dineina besoek ATPasa jarduera dute eta zilioen mugimenduan parte hartzen dute.

B mikrotubulua ez da osoa, A mikrotubulua ordea bai. Bikote zentrala osatzen duten mikrotubuluak osoak dira eta C mikrotubulu izena ematen zaie. Bikote periferikoetako A mikrotubuluetatik barnerantz firu erradialak irteten dira. Hauek barne-leka izeneko bikote zentrala inguratzen duen egitura dentsora arte zabaltzen dira.


Axonemaren azpialdean, zelularen gainazalaren mailan, plaka basala dago. Egitura honek 9 mikrotubulu bikote periferiko ditu baita ere, baina ez ordea bikote zentralak eta firu erradialak. Gune zentralean gai elektrodentso bat agertzen da. Plaka basalak zilio eta zentriolo egituren arteko trantsizioa markatzen du (92 + 0), izan ere zentrioloen alde distalak azaltzen duen egitura dauka.

Plaka basalaren azpikaldean eta jadanik zitoplasman murgilduta, gorpuz basala dago, hau da, zentrioloa. Zentriolo honek zilioaren eraketa zuzentzen du eta halaber, beharrezko sostengua ematen dio. Zilioen A eta B mikrotubuluak, zentrioloaren A eta B mikrotubuluak dira. Zentrioloaren C mikrotubuluak laburragoak izanik, ez dira ageri zilioaren axoneman.

Zilio erroak zentriolotik ateratzen diren egitura firukariak dira, mikrotubulu paraleloak direnak eta ATPasa jarduera dutenak. Zentrioloak zitoeskeletoaren beste osagaietara lotzen dituzte. Zilioen mugimendu koordinatuaren erantzuleak direla uste da, zilio guztien erroak nukleo alboko puntu batean bat egiten baitute.

Mugimendua

Zilioak erritmikoki eta modu koordinatuan mugitzen dira. Zartailuen erako mugimenduak dituzte. Bat mugitzean, aldamenekoen mugimendua martxan jartzen da era sinkronikoan.


Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zilio Aldatu lotura Wikidatan


(Ingelesez) flagella and cilia, bideoa


Ikus, gainera