Lisosoma
(1) nukleoloa
(2) nukleoa
(3) erribosoma (puntu txikiak)
(4) besikula
(5) erretikulu endoplasmatiko latza
(6) Golgiren aparatua
(7) zitoeskeletoa
(8) erretikulu endoplasmatiko leuna
(9) mitokondria
(10) bakuoloa
(11) zitoplasma
(12) lisosoma
(13) zentrioloak zentrosoman
Lisosoma digestio zelularrean espezializaturiko organulua da, animalia-zeluletan soilik dagoena. Morfologia aldakorrekoa da, eta 0,3-0,8 mikra bitarteko diametrokoa. Oro har mintzez inguraturiko egitura esferiko dentsoa da, soilik teknika bereziak erabiliz identifika daitekeena ziurtasunez (esaterako fosfatasa azido entzimaren jarduera nabaritzen duen teknika bat erabiliz). Bere osagai garrantzitsuenak entzima hidrolitikoak (hidrolasak) dira: proteasak, nukleasak, glukosidasak, lipasak... Berrogei hidrolasa inguru ditu, denetan arruntena fosfatasa azidoa delarik. Entzima horien jarduera maximoa pH azidoan burutzen denez, lisosomaren pH azidoa mantentzen duen protoi ponpak daude mintzean.
Lisosomaren mintza oso sendoa da, eta berari esker barruko entzimek ezin dute ihes egin eta zelula kaltetu.
Lisosomen jatorria Golgi aparatuan datza. Hidrolasak erretikulu endoplasmatikoaren erribosometan sortzen dira eta hortik Golgi aparaturaino heltzen dira. Bertan, lisosomak eratu eta jariatzen dira zitoplasmara.
Sailkapena [aldatu]
Irizpide desberdinak erabiltzen dira lisosomen sailkapenerako:
- Morfologiaren arabera, lisosoma primarioak eta lisosoma sekundarioak bereizten dira. Lehenengoek eduki homogenoa dute eta besteek, heterogenoa. Sekundarioek digestio aktiboan diharduten bitartean, primarioek ez dute bertan parte hartzen. Bizitza luzeko zeluletan (neurona, hepatozito...) liseri ezin daitezkeen substantziak metatzen dira lisosoma sekundarioetan, hondakin gorputzak eratuz.
- Liseritzen dituzten produktuen jatorriaren arabera, autolisosomak eta heterolisosomak bereizten dira. Autolisosomak zelula barneko egiturak liseritzen dituztenak dira eta heterolisosomak (endolisosomak edo fagolisosomak) zelulen kanpoko egituren liseriketa burutzen dute, endozitosiz edo fagozitosiz barneratuak izan direnenak.
Funtzioak [aldatu]
Bi liseriketa edo digestio mota burutu dezakete:
- Liseriketa intrazelularra. Lisosomen barnean burutzen den liseriketa da.
- Liseriketa estrazelularra. Lisosomen barneko entzimak exozitosiz gune estrazelularrera kanporatzen dira eta bertan burutzen dute liseriketa. Hau oso garrantzitsua da kartilago eta hezurren birmoldaketan.
Oro har, hiru dira lisosomen funtzio nagusiak:
- molekula zein partikula arrotzen digestioa eta suntsipena (bakterioena, esate baterako)
- auto-fagia: zelularen organulu zaharren digestioa. Balio ez duten egitura zelularrak suntsitzen dituzte lisosomek, zelularen eraberritze prozesuari lagunduz. Esaterako, gibeleko zelulak bi astetik behin berritzen dira guztiz.
- auto-lisia: organismoa hiltzen denean lisosomen mintzak irekitzen dira eta barneko entzima hidrolitikoak askatzen dituzte, zelularen suntsiketa eraginez.
Zenbait entzima hidrolitikoen ez egoteak edo haien funtzionamendu okerrak gaitz lisosomiko deritzonak eragiten dituzte.
| Zelularen osagaiak | ||
|---|---|---|
|
Nukleoa: Nukleoloa • Nukleoplasma • Gaineztadura nuklearra • Poro nuklearrak • Kromosoma • Kromatina • Xafla nuklearra • DNA Zitoplasma: Mitokondrioak • Golgi aparatua • Erretikulu endoplasmatikoa • Erribosomak • Plastidioak (kloroplastoak, kromoplastoak, leukoplastoak) • Besikulak (lisosomak, endosomak, fagosomak, bakuoloak) • Zitoeskeletoa (mikrofiruak, firu ertainak, mikrotubuluak) • Zentrioloak • Zentrosoma • Peroxisomak • Diplosoma Zelula mintza: Zelula horma • Fosfolipidoak • Kolesterola • Proteinak • Polisakaridoak • Zilioak • Flageloa |
||