Albert Reynolds
Albert Reynolds (irlanderaz: Ailbhe MacRaighnaill; Roosky, 1932ko azaroaren 3a - Dublin, 2014ko abuztuaren 21a) Irlandako Errepublikako zortzigarren Taoiseacha (Lehen Ministroa) izan zen; bere agintaldia 1992ko otsailaren 11tik 1994ko abenduaren 15a arte luzatu zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animalien elikadurarako enpresa baten zuzendaria, bere herrialdeko pertsona aberatsenetako bat. 1974an Longford konderriko udaleko zinegotzi hautatu zuten. Halaber, 1974-1978 bitartean, Longfordeko Merkataritza Ganberako lehendakari izan zen. 1977an Legebiltzarkide hautatu zuten, Fianna Fáil alderdiaren ordezkari gisa. Bi urte geroago Posta, Telegrafo eta Garraio ministro izendatu zuten. Hurrengo urtean Industria eta Energia ministerioaren buru jarri zuten. Oposizioan, 1983-1987 bitartean, bere alderdiaren eledun izan zen Legebiltzarrean, industria eta enplegu gaietarako (1983-1985), eta energia gaietarako (1985-1987). 1987ko martxoan ministro kargu bat hartu zuen berriro, Industria eta Merkataritza kargua, hain zuzen. Handik gutxira, 1988ko azaroan, Ekonomia ministro izendatu zuten. 1992ko otsailean, Fianna Fáil alderdiko buru hautatu zuten, Charles Haugheyren ordez. Handik gutxira, Haugheyk kargua utzi orduko, Irlandako Lehen ministro hautatu zuten. Irlandako buruzagitza hartu zuenean, herrialdea krisi ekonomiko larrian sartuta zegoen, langabetu ugarirekin (% 20), eta 43.000 milioi dolarreko zorrarekin. Bere agintaldiko zeregin nagusietako bat Ulster- baketzea izan zen. Downing Streeteko Adierazpen historikoan oinarri hartuta –Britainia Handiko eta Irlandako gobernuek izenpetua, 1993ko abenduaren 15ean–, Albert Reynoldsek Bake eta Adiskidetze Foroa bildu zuen, gatazkako alde guztien parte hartzearekin. Foro hark bultzatutako bakearen data nagusietako bat 1994ko abuztuaren 31 izan zen, IRAk su-eten iraunkorra eta baldintzarik gabea iragarri zuenekoa; irailaren 6a, Irlandako Lehen ministro baten eta Sinn Fein alderdiko ordezkarien arteko lehen elkarrizketa ofiziala izan zenekoa; eta urriaren 28a, alderdi guztien parte-hartzearekin Ipar Irlandaren etorkizunari buruzko lehen bilera egin zenekoa.
Euskal Herrian bizi den gatazkaren konponbidearen bilaketan ere inplikatu da eta Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen artean dago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-6-14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.