Alphonse de Lamartine
Alphonse de Lamartine (Mâcon, Borgoina, 1790eko urriaren 21a - Paris, 1869ko otsailaren 28a ) frantses poeta, idazlea eta politikaria izan zen. Frantziako mugimendu erromantikoko idazle nagusietako bat izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia aristokratiko batean sortu zen, eta erlijio-giro estuan hezi zuten. 1814an Luis XVIII.aren zerbitzuan jarri zen guardia gisa, baina hurrengo urtean, Suitzara joan behar izan zuen, Napoleonek Frantziako aginpidea eskuratu zuenean. Napoleonen Inperioak hondoa jo zuenean, militar karrera utzi zuen.
Literaturaz arduratu zen gaztetik, eta 1816tik aurrera hasi zen idazten. 1820an Les Méditations poétiques («Poesia-gogoetak») obra argitara eman zuen, eta berebiziko arrakasta izan zuen haren lirismo sakonak gazte erromantikoen artean. Hurrengo urteetan, Frantziako ordezkari egon zen Toskanan, eta han idatzi zuen Les harmonies poétiques et religieuses (1830, «Poesia- eta erlijio-harmoniak»), Jainkoaren laudorioz onduriko salmo-bilduma moderno gisa jaso zen obra.
Ekialdera eta Lur Santura joan zen erromes, baina alaba baten heriotzak sakonean aldarazi zion fedea, kristautasun liberal eta sozial baten aldera. Aldaketa horren lekuko utzi zituen Jocelyn (1836) eta La Chute d´un ange (1838, «Aingeru baten gainbehera»). Gizarte-arazoez gero eta axola handiagoa erakutsi zuen aurrerantzean, eta Les Recueillements (1839, «Barnerako biltzeak») obraren ondoan, Luis Filipe Frantziakoaren aurka hasi zen politikan, eta Histoire des Girondins (1847, «Girondarren historia») obra didaktikoa plazaratu zuen. Harrera ona izan zuen liburu hark, eta 1848an Frantziako kanpo ministro izendatu zuten.
1851n, Frantziako Bigarren Inperioa etortzearekin, amaitu zen politika-aldi hura eta, diru askorik gabe, historia-obrak, eleberri sozialak eta autobiografia-idazkiak (Confidences, 1849-1852) prestatu zituen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.