Andreana Družina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Andreana Družina
Andreana Družina.jpg
Bizitza
JaiotzaTrieste1920ko urtarrilaren 26a
Herrialdea Italiako Erresuma  1945)
 Jugoslavia  1991)
 Eslovenia  (1991 -
HeriotzaLogatec (en) Itzuli2021eko martxoaren 7a (101 urte)
Jarduerak
Jarduerakkomisario politikoa eta partisanoa
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Graduakomisario politiko
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra

Andreana Gabrijela Družina, ezizenez OlgaTrst, Italiako Erresuma (egun, Italiako Errepublika); 1920ko urtarrilaren 16 - Logatec, Esloveniako Errepublika, 2021eko martxoaren 7-, esloveniar eta jugoslaviar partisano bat izan zen. Gudan egindako borrokarengatik, Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten. Gudaren ostean politikaria izan zen Esloveniako Errepublika Sozialistan. 2021ean hil zen, Jugoslaviar Heroietan hiltzen azkena izan zelarik.

Gazte-aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andreana Družina Lehen Mundu Guda bukatu berritan jaio zen Trst (Trieste) hiriaren aldirietan. Garai horietan, Austro-Hungariar Inperioa desagertu berritan, hiri hori eta batez ere aldiriak gehiango etniko esloveniarraz populatuak bazeuden ere, Italiako Erresumaren pe geratu zen. 1922an Italian faxistek boterea hartu zuten eta italiartze eta homogeneizatze programa bortitza egin zuten Trsteko esloveniarrei ere eragin zielarik.

Lehen Hezkuntza Boršt herrian hasi zuen (orduan Italiako Erresuma, Bigarren Mundu Guda ostez, Eslovenia). Hirugarren maila ikasten hasi zela, bere gurasoek, politika medio arazoak izatean hasi ziren, ama Rosalia Družina atxilotua izan zen[1], eta aita Gabrijel Družinak Jugoslavian, Eslovenian, aterpe hartu zuen[2][3]. 1929an, ama aske uztean, družinatarrak Ljubljanara joan ziren[1][4], han Andreana Družinak Lehen Hezkuntza bukatu, Bigarren Hezkuntzako maila bi eta Lanbide Hezkuntzako maila bat ikasi zituen[2][3]. Gerora Sušak herrira eta gero Zagrebera, Kustošija auzora[1][2][3][4]. Andreana Družinak Zagreben jostun lana ikasi zuen eta Bigarren Hezkuntza bukatu zuen[1][2][3]. Zagreben Soko kirol-taldeko eta esloveniar etorkinen Tabor kultur-taldeko kide izan zen (azken honetan abesbatzan, antzerkian eta arte grafikoan aritu zen)[2][3].

Partisanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941ean klandestinitatean lanean hasi zen Družina, bere familiaren jostun-tailerra Zagrebeko komunisten biltze-toki bat izan baitzen. Horrez gain, mezulari lana ere egiten zuen. 1941ean ustashen kontrako eskuorriak ere banatu zituen[1][2][3]. Klandestinitatean Olga Šercerjeva izenarekin ezagutzen zuten[1][5].

Družinak 1941 bukaeran Zagrebetik Ljubljanara ihes egin behar izan zuen, bere aurkako salaketa bat izan zen eta[2][3]. Esloveniako Askapen-Frontearekin (Esloveniako partisanoen beso politikoarekin) egin zuen bat, eta Jugoslaviako Gazteria Komunistako kide egin zen[2][3]. 1942ko ekainean, berriz polizia atetik zuela (Ljubljanan alemaniar polizia zegoen), partisanoen armadan sartu zen, lehenbizi Dolomitetako konpainian[1][2][3] eta gero Šercer Brigadan[1][4]. Hainbat aldiz izan zen gudan zauritua[4].

Partisanoen artean lehen lana metrailadorearekin izan zuen Polohovo Gradaceko lau egunetako batailan parte hartu zuen, eta gero Dobrovan, Ljubljana inguruetan eta Toški čelon. Azken toki honetan, 1942ko uztailaren 5ean, lehen aldiz zauritua izan zen, eta Babna Gorako erietxe partisanora bidali zuten. Hala ere, gutxi barru itzili zuen, esloveniar Goardia Zuriaren (kolaborazionistak) aurka Šentjoš herrian borrokatuz, eta italiarren kontra Vranje peči herrian borrokatuz[2][3].

1942ko irailean izan zen bigarren aldiz zauritua, berriz ere italiarren kontra borrokan ari zela, Log herrian. Kasu honetan bi hanketan zein lepoan izan zen zauritua. Hala ere urriaren 28an borrokara itzuli zen, Dolomitetako destakamenduaren hirugarren batailoian, zeina Ljubo Šercer Bigarren-talka brigadaren parte zen. Brigada horretan arma-lana eta lan politikoa uztartu zituen[2][3].

1942ko abenduan Ustje eta Škrilje na Topola herrietako batailetan parte hartu zuen, 1942ko abenduaren 12an hirugarren aldiz zauritu zutelarik. Laščen, Lužarjen, Bloška mendizerran eta Korinj herrian ere borrokatu zuen, baina 1943ko martxoaren 25ean, Ribnica herriko batailan, laugarren aldiz zauritu zuten. Geroago Žužemberk, Turjak eta Pljava Gorican borrokatu zuen, azen honetan zaurituak ebakuatu behar izan zituen, eta uda partera Žužemberk herrian berriz, Dobrnič herrian, Šumberkeko etsaiaren posizioaren aurka, Zameška herrian eta Krvava peč gunean[2][3].

1943ko otsailaren 11n Esloveniako Alderdi Komunistako kide egin zen. Honekin batera pixkanaka, partisanoen artean, lanpostuz aldatu zuen, lehen lerrotik lan politikora eta inteligentzia lanera pasatuz. 1944an, Esloveniako partisanoen guda-erietxe nagusiko komisario politiko izendatu zuten[2][3][4]. Gerora inteligentzia lanak egin zituen 15. dibisioan eta ondoren 7. armada-multzoan[1][2][3][4].

Hala ere, halako lanak hartzean ez zuen esan nahi armak hartzeari utzi zionik. 1943ko abuztuan adibidez txetniken[6] kontra Ribnica ondoko Gračarice herrian borrokatu eta garaitu egin zuen. Hala ere, bere bizileku izan zen Sušak ondoko Črni Lug herria, 1943ko urriaren 18an bosgarren aldiz zauritua izan zen, etaa kasu honetan larri ibili zen, zian ere bere konpainiaren posizioa alemaniar aire bidezko erasopean zegoenez, ezin izan zuten ebakuatu. Hilabete behar izan zuen ebakutza egiteko, Grahovon eta Stari Bregen egin zioten[2][3].

Karrera politikoa Jugoslavia Sozialistan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andreana Družinak, Jugoslavia Sozialistan, inteligentzia militarreko OZNA zerbitzuan (Herri Armadaren Babeserako Erakundea) eta UDBArako (polizia sekretua) lan egin zuen. UDBA barruan Esloveniako Alderdi Komunistaren ordezkaria izan zen[7]. Lan horretatik 1964an erretiratu zen[4][7], Jugoslaviako Herri Armadaren lehen klaseko kapitainaren maila zuela[7].

Esloveniako Errepublika Sozialistako Errepublikaren Kontseiluko (parlamentuko) partaide izan zen hainbat aldiz. Kroaziako Borrokalari Ohien Elkartea sortu zuen, eta Ljubljanako Nazio-Askapeneko Gudako Borrokalari Ohien Batasuneko (SUBNOR) kide ere izan zen, 1956 eta 1960 artean Jugoslaviako SUBNOR elkarteko zuzendaritzako kide ere izan zen[7]. Ljubljanako Esloveniako Alderdi Komunistaren kontrol-komisioaren burua izan zen[7].

1953ko uztailaren 22an Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten[2][3].

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Logatec herrian hil da 2021eko martxoan, 101 urte zituela. Bizirik geratzen zen azken Jugoslaviako Heroia zen[1].

Bere azken urteetan zenbait bisita izan zituen. 2017an, 96 urte bete zituela, oroimen historikorako “Ankaran” elkarte esloveniarraren bisita jaso zuen, eta elkarrizketa izateko adimen argia zuen oraindik, nahiz eta fisikoki zailtasunak zituen (gurpildun aulkian mugitzen zen). Družinak, elkarrizketa horretan, garaiko errebisionismo historikoaren kontra hitz egin zuen[5].

100 urte bete zituen egunean, Esloveniako Nazio-Askapeneko Gudako Borrokalari Ohien Elkartearen bisita jaso zuen, elkarteko lehendakari Marijan Križman buru (Andreana Družina eta bere familia elkarteko kide ziren)[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k (Eslovenieraz) «“V 101. letu starosti umrla zadnja narodna herojinja Andreana Družina - Olga (1920 - 2021) (Azken heroia 101 urterekin hil da: Andreana Družina-Olga (1920-2021))”» Mladina 2021-III-7.
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1982). Народни хероји Југославије (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). 2 Belgrad: Народна књига (Herriaren Liburua), 204 or..
  3. a b c d e f g h i j k l m n o p (Serbokroazieraz) BIJELIĆ, Krste. (1980). Heroine Jugoslavije (Jugoslaviako Emakumezko Heroiak). Zagreb: Spektar.
  4. a b c d e f g (Eslovenieraz) ASKOREN ARTEAN. (1988). Enciklopedija Slovenije (Esloveniako entziklopedia. 2 Ljubljana: Mladinska knjiga (Gazteen liburua).
  5. a b (Eslovenieraz) «“Obiskali smo Narodno Herojinjo Olgo (Olga Herriaren Heroia bsitatu dugu)”» Svobodna Beseda (Adierazpen Askea) 2017.
  6. Txetnikek esloveniarren artean nolabaiteko babesa zuten, esloveniarrak ziren, serbiarrez aparte, txetniken mugimenduan hobe ordezkatuta zeuden nazioa. Esloveniar txetnikei “txetnik urdin” ere deitzen zitzaien.
  7. a b c d e (Serbokroazieraz) JOKSIMOVIĆ, Milan; RAJOVIĆ, Radošin. (1970). Ko je ko u Jugoslaviji. Jugoslovenski savreinici (Nor da nor Jugoslavian. Gure garaiko jugoslaviarrak). Belgrad: Hronometar.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]