Edukira joan

Antonio Turiel Martínez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antonio Turiel» orritik birbideratua)
Antonio Turiel Martínez

Bizitza
JaiotzaLeon1970eko maiatzaren 1a (54 urte)
Herrialdea Espainia
Lehen hizkuntzagaztelania
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Unibertsitate Autonomoa fisika, matematika
Doktorego ikaslea(k)Oriol Pont i Pla (en) Itzuli
Hizkuntzakkatalana
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakfisikaria, matematikaria eta zientzia-dibulgatzailea
Enplegatzailea(k)Itsas Zientzien Institutua

crashoil.blogspot.com
Twitter: amturiel Edit the value on Wikidata

Antonio María Turiel Martínez, Antonio Turiel izen-deiturez ezaguna, (Leon, Espainia, 1970ko maiatzaren 1ean), Fisika eta Matematikako lizentziaduna eta Fisika Teorikoko doktorea da[1], Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Ikertzaile zientifiko lan egiten du CSICeko Bartzelonako Institut de Ciències del Mar (Itsas Zientzien Institutua) erakundean.[2][3]

Turielek adierazten duenez, munduan azken mendeotan nagusitu den ekonomia sistema kontsumista kapitalistak agortu egin ditu edo agortzeko bidean ditu gizakiak darabiltzan hainbat baliabide. Izan ere, ekonomia sistema horrek talka egin du planeta honen muga biofisikoekin[4] («zentzugabea da pentsatzea planeta mugatu batean mugarik gabe hazten den ekonomia sistema bat egon daitekeela»). Ondorioz, desazkundearen alde egiten du, gizakien pobretze orokorra eta izaki bizidunen iraungipen masiboa saihestearren.[5]

Dibulgatzaile zientifiko gisa da ezaguna. CSICeko Bartzelonako Institut de Ciències del Mar horretan lan egiteaz gain[6], ezaguna egin da hitzaldi asko eman dituelako, debateetan parte hartu duelako, Espainiako Senatuan txosten bat aurkeztu zuelako, eta dibulgazio artikulu asko argitaratu dituelako, bere The Oil Crash gaztelaniazko blogean[7], esate baterako. Blog horretan, erregai fosilen baliabide konbentzionalen agortzeari buruzko teoriak jorratzen ditu 2010. urtetik aurrera, (2021. urtean 840 artikulu baino gehiago ikus zitezkeen, ez guztiak Turielenak), hala nola petrolioaren gailurra igaro zela 2005ean eta horrek, mundu mailan lehen munduko ekonomian eta gizartean ere, izan ditzakeen ondorioak aztertzen ditu.

Desazkundearen alde egiten du, hau da, ondasun guztiak gizaki gutxi batzuen esku pilatzea eta munduan izaki bizidunen iraungipen masiboa gertatzea eragiten ari den sistema kontsumista kapitalista hau baztertuta, baliabideen kontsumo neurritsua eta bidezko eran banatua (gizaki guztiei bizitza duina emango diena) ekarriko duen sistema ekonomiko baten alde egiten du. Desazkundea etortzen ez bada, gizaki gehien-gehienen pobretzea etorriko dela adierazten du,[5] hainbat lehengai eta energia iturri agortzen ari direlako. Kritikoa da alderdi politikoek, oro har, duten jarrera produktibistekin, bai eskuinean, bai ezkerrean nahiko akritikoki antzematen daitezkeen jarrerak.[8][9][10] Turielek behin eta berriro adierazten du BPG eta antzeko beste adierazleetan hamarkadatan ikusi den etengabeko hazkundea, esponentziala izan den hazkundea, gure planetako muga naturalek geldituko dutela.

Turielen iritzien artean, nabarmendu behar da haustura hidraulikoa burbuila espekulatibotzat hartzen duela, zeren eta teknika horren errendimendu energetikoa askoz txikiagoa baita garai bateko erregai fosilen erauzketa konbentzionalarekin alderatuta, eta haren ingurumen-kalteak, ordea, handiagok dira kalitate eskaseko petrolioa erauzteko[11] Behin eta berriz ohartarazi du ezinezkoa dela sistema ekonomiko kapitalistan energia-trantsizioko testuinguruan etengabeko hazkundean mantentzea, aldi berean klima-aldaketaren aurkako borrokari eutsiz. Energia berriztagarrien kontra egon gabe, inondik inora, energia berriztagarriek ez diotela hamarkadetan ezagutu den hazkundeari eutsiko azaltzen du, ez dira energia iturri berriztagarri horiek batzuek amesten duten panazea izango.

Politika ekonomikoari eta baliabide naturalei dagokienez, polemikan aritu izan da inoiz zenbait jarrera politikorekin. Esate baterako Podemos alderdiaren zenbait proposamen ekonomikorekin, Vicenç Navarroren eta Juan Torresen jarrerekin, kritiko agertu zen behin,[9][12] baina ia beti saihestu izan du alderdi politikoen jarrerak zuzenegi kritikatzea, alderdi jakin batzuk aipatuz kritikatzea. Izan ere, Turielek uste du hazkunde ekonomiko esponentzialak bere muga naturalak dituela, eta egunen batean, laster, hazkunde ekonomikoa geldituko dela eta desazkunde fase batean sartuko garela. Turielek ez du sinesten energia iturri tradizionalek (ikatza, petrolioa, gas naturala eta uranioa) eman duten tamainako indarra emango dutela energia iturri berriztagarriek. Ezinbestekotzat jotzen du energia iturrien ordezkapena, berriztagarriekin, baina, aldi berean, kontsumoa murrizteko beharra, premia, dagoela uste du.

Kolonbiako Kongresuko Bosgarren Batzordearen aurrean bere tesiak defendatzen agertu da; Eusko Legebiltzarreko Energia Batzordearen aurrean agertu da, eta Espainiako Senatuko Energia Trantsizioko Batzordearen urrean, 2021eko apirilaren 12an.[13][14]

2014an Azken deia manifestuaren[15] sinatzaileetako bat izan zen.

Hubbertek proposatutako moduko kurba, petrolio-ekoizpenaren kasurako. Turielen ustez petrolio konbentzionalaren ekoizpenaren gailurra 2005. urte inguruan igaro zen.
Hazkundearen mugak. Antonio Turielen ustez Erregai fosil merkeen garaietan hazkunde ekonomiko esponentzialak ezagutu izan dira, baina datorren erregai fosilen eskasiak eta beste lehengaien eskasiak desazkundea ekarriko dute, edo sistema ekonomiko kapitalistaren kolapsoa.

Antonio Turielek, alde batetik, uste du hurrengo urteotan energia iturri tradizionaletatik, (ikatza, petrolioa, gas naturala eta uranioa), gero eta energia kopuru txikiagoa aterako dela. Informazio iturri ofizialetan bertan ikusten du ekoizpenaren gailurra jo dugula, beraz etorkizun hurbilean energia-ekoizpen kopuruak behera egingo duela aurreikusten du. Turielek ez du uste energia berriztagarriekin energia tradizionalek utziko duten hutsunea goitik behera beteko denik. Bioerregaiekin eta hidrogeno "berdearekin" ere ez. Ezinezkotzat jotzen du. Energia iturri berriztagarriak ezinbestekoak izango dira, bai, baina ezin izango dute tradizionalek eskaintzen zuten maila bereko energia kopurua ekoiztu. Egoera hori, gainera, larrialdi klimatiko egoera batean gertatzen ari da. Eta energia iturri tradizionalekin gertatzen den fenomenoa, aldi berean, gainera, berriztagarriak ez diren beste hainbat lehengaiekin gertatzen ari dela uste du: kobrea, litioa, kobaltoa... Bestalde, nabarmentzen du kapitalismoan denbora luze iraun duen hazkunde ekonomikoa erabat lotuta egon dela energia tradizionalen kontsumoaren hazkundeari. Lana eta kapitalarekin batera, ekonomiaren motorra sisteman etengabe sartzen den errengia dago, eta azken bi mendeetan energia sarrerak itzelak izan dira: baleen koipea, ikatza, petrolioa, gas naturala, uranioa, energia berriztagarriak...

Antonio Turielek uste du kapitalismoak ezinbestekoa duela hazkundea. Kapitalismoan Inbertsoreek mozkin ahalik eta altuenen bila dabiltza etengabe. Ez dute hazkundearen esperantzarik gabe inbertitu nahi, ez dute inbertituko 1:1 lortzeko, are gutxiago desazkundea espero denean. Kapitalismoaren baitan dago, esate baterako, BPGaren hazkundea bilatzea betiere, edozein enpresaren hazkundea bilatzea, betiere. Turielek uste du termodinamikaren legeak ekonomian ere, nolabait, betetzen direla, eta gero eta energia gutxiago sartzen bada sistema ekonomikoan, horrek, ezinbestean, desazkundea ekarriko duela. Turielek ezin du imajinatu kapitalismoak nola eutsiko dion desazkunde egoera jarraitu bati.[16]

Dibulgazio artikuluak, aldizkarietan eta prentsan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antonio Turielek dozenaka zientzia artikulu argitaratu ditu zientzia aldizkari teknikoetan, baina publiko orokorrak bere dibulgazio lanagatik ezagutzen du. Interneten erraz topa daitezkeen hainbat elkarrizketa eta hitzaldirekin batera, ((Gaztelaniaz), (Katalanez)), esaterako, honako artikulu hauek eman ditu argitara:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Turiel Martínez, Antonio María. (1998). Autosimilaridad estadística en imágenes naturales. (Doktore tesia).. Universidad Autónoma de Madrid.
  2. (Gaztelaniaz) Antonio Turiel - Citations Google Scholar. .
  3. (Gaztelaniaz) Antonio Turiel. .
  4. Antonio Turiel: El crecimiento ilimitado es imposible. (Noiz kontsultatua: 2023-09-18).
  5. a b Ugarte Lopez de Arkaute, Estitxu. «Antonio Turiel: "Desazkundearen eta pobretzearen artean hautatu behar dugu"» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-18).
  6. «Antonio María Turiel Martínez | Institut de Ciències del Mar» www.icm.csic.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
  7. (Gaztelaniaz) Antonio María Turiel. «The Oil Crash» The Oil Crash (Noiz kontsultatua: 2021-11-30).
  8. (Gaztelaniaz) Entrevista a Antonio Turiel. .
  9. a b (Gaztelaniaz) «Lo que no Podemos» Eldiario.es.
  10. «'Energia kontsumoa %80 jaitsi beharko dugu hurrengo hamarkadetan'» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-06-05).
  11. (Gaztelaniaz) "El fracking es una burbuja como la inmobiliaria, sólo que dura menos tiempo". .
  12. (Gaztelaniaz) «Respuesta a las invenciones de Antonio Turiel» Eldiario.es.
  13. (Gaztelaniaz) El fin del capitalismo no es el fin del mundo. .
  14. (Gaztelaniaz) Comparecencia del Doctor en Física Teórica, D. Antonio Turiel Martínez, ante la Comisión de Transición Ecológica, para informar en relación con la materia objeto de estudio de la Ponencia sobre los retos de una transición energética sostenible, constituida en el seno de la Comisión. XIV Legislatura. .
  15. ««Azken deia» Krisi ekonomikoa edo erregimen krisia baino gehiago da hau: zibilizazio krisia da» Última llamada (Manifiesto) 2014-07-06 (Noiz kontsultatua: 2021-11-27).
  16. (Gaztelaniaz) @JuanBordera. «Antonio Turiel: “Necesitamos un cambio cultural que requiere décadas; el problema es que no tenemos décadas”» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-30).
  17. El otoño de la civilización (y la ruptura de la cadena de suministros)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]