Bidaien Liburua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bidaien Liburua
Benjamin of Tudela 1633 ed tp.jpg
Jatorria
EgileaBenjamin Tuterakoa
Sorrera-urteaXII. mendea
Ezaugarriak
Genero artistikoaBidaldi liburua
Hizkuntzahebreera eta latina

Bidaien liburua edo Bidaia liburua (hebreeraz: מסעות בנימין מטודלה‎Masaʻot shel Rabi Binyamin) Benjamin Tuterakoak XII. mendean idatzi zuen liburua da. Judu bidaiari eta idazle nafarra izan zen Benjamin. Jonas errabinoaren semea. Benjamini buruz ezer askorik ez dakigun arren, haren liburu bakarrean (Bidaien Liburua) deskripzio baliotsuak egin zituen komunitate juduez eta orduko lekuez eta bizimoduaz. Liburuan, garai hartako gatazka politiko eta historikoez ere mintzatzen da. Era berean, Ekialdeko Hurbileko eta Europako geografia zein judutarren irakaskuntzan hauek oso baliotsuak izan ziren, XVI. mendean zehar, ikasle errenazentistentzat. Izan ere, Mendebaldeko Asiaren deskribapen hau Marko Polorena baino mende bat baino zertxobait lehenago agertu zen.[1]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egilea Tuteratik (Nafarroako hegoaldetik), Ebro ibaiaren arrotik (Zaragoza, Tortosa, Tarragona, Bartzelona) eta Girona gurutzatuz, Proventzara iritsi zen. Bertatik, Marseillara joan zen, eta, itsasontzi bidez, Genovara iritsi zen; bertatik, Pisa eta Luccatik pasatu, eta Erromara iritsi zen, non denbora batez egon baitzen (hala ematen dute aditzera bere obran agertzen diren Erromako monumentuen deskribapen zehatzek). Egindako bidaiaren lehen zati hau garaiko vía romea goiztiarren adierazgarria da.

Benjaminek egin zuen ibilbidea

Erroma utzita, hegoalderantz jo zuen, Salernora iritsiz. Berriro ere itsasontzi bat hartuz, Salernotik Otrantoraino joan ostean, Korfu irla greziarretik pasa zen, Itsaso Jonikora, eta, bertatik, Artaraino (Grezia) heldu zen. Grezian, herrialdea gurutzatu zuen Konstantinoplan geldituz (liburuan deskribapen zehatza agertzen da berriro, garai hartako jendartearen egoera sozioekonomiko eta baldintza orokorren inguruan).

Berriro ere itsasontziz, Egeo Itsasoa gurutzatu zuen, hainbat irletatik pasaz: Mitilene, Kios, Samos eta Rodas, Zipreraino iritsiz. Zipretik, berriro ere, kontinentera itzuli zen, Antakyara iritsiz (Turkia). Bertatik, Sidon eta Tirotik pasa ostean, Akreko hiria gurutzatuz, Palestinara sartu zen. Palestina gurutzatu zuen, Lur Santuak xeheki deskribatuz, bai eta garai hartako jendarte palestinarrari buruzko dokumentu garrantzitsu bat utziz. Izan ere, Bidaien liburuan etnia eta erlijio ezberdinak deskribatzen dira, bai eta druzoen erlijio minoritarioari garrantzia eman ere.

Palestinatik iparralderantz, Tiberiadesetik, Damaskotik, Alepotik zein Mosuletik pasa zen, zehazten zaila den bide bat eginez, Bagdadera iritsi zen, izugarrizko luzapenarekin hiria deskribatu zuelarik. Uste denez, Mesopotamia zein Pertsia osoa ere gurutzatu zituen. Hala ere, nahiko modu seguruan esan daiteke aipaturiko herrialdeak bere bidaien ekialdeko mugak zirela; halere, Arabiako, Indiako zein Sri Lankako aipamenak agertuko dira bere liburuan, bai eta Txinako judutar-komunitate baten ingurukoak.

Ekialdeko muga horretatik bueltan, Egiptoko deskribapen oso on bat egin zuen, bereziki, Kairoko hirian zein Alexandrian bizi diren judutarrei buruz, Siziliarako itsasontzi bat hartu zueneko hiria. Siziliara iristean, segur aski, Palermora joan zen. Palermotik, segur aski, Espainiara bueltatu zen. Halere, bidaiaren deskribapena Palermon amaitzen da, handik aurrera Alemaniako eta Frantziako Iparraldearen inguruko bizitza judutarraren inguruko ideiak plasmatu zituelarik, Benjamin Tuterakoak entzundako kontuetan oinarrituriko ideiak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Asirón Sáez, Joseba; Altzueta, Martin. (2014). Euskal Herriko historia ilustratua. 1, Historiaurretik Erromanizaziora. Txalaparta, 26-27 or. ISBN 978-84-16350-00-1. PMC 920313617. (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]