Burujabetza teknologiko
Burujabetza teknologikoa, teknologia burujabetza[3], subiranotasun teknologikoa edo teknologiaren autogestio eredua ikuspegi politiko bat da, non informazioaren eta komunikazioen azpiegitura eta teknologia nola erabiltzen den oso kontuz zaindu behar dela eta modu arduratsuan kudeatu behar dela defendatzen den. Ideologia pragmatismora bideratu nahi duen eredua da. Informazioaren teknologiak eta azpiegiturak, datuak biltzeko eta gordetzeko erabiltzen diren teknologiak, bat etorri beharko lukete erabiltzaileak dauden herrialdeko legeekin, beharrekin eta interesekin. Erabiltzaileen datuak, erabiltzaileei buruzko informazioa, ez litzateke erabiltzaileek kontrola ezin dezaketen agenteen esku geratu beharko.
Ekonomiaren desazkundea, ekonomia soziala, elikadura-subiranotasuna, energia-subiranotasuna... eredu paraleloak dira. Burujabetza teknologikoarekin, informazioaren eta komunikazioaren teknologien eremuan, ahalduntze kolektiboa sustatu nahi da eta enpresa eta estatu ahaltsuengandik menpekotasunik ez izatea sustatu nahi da.
Herritarrak teknologiaren erabileraz kontziente eta arduratsu izatera animatu nahi dira, bereziki informazio eta komunikazio teknologiez.
Alternatiba autogestionatuak sortzea eta erabiltzea sustatzen da, adibidez, telekomunikazioetan, erabiltzailearen informatikan, ETEentzako softwarean, Interneten, plataforma mugikorretan eta sare sozial deszentralizatuetan.
Enpresa multinazional handiek eskaintzen dituzten zerbitzuen ordezko zerbitzuak eskaini nahi dira. Enpresa horiek, askotan, erabiltzaileen datuen truke prezio oso erakargarriak eskaintzen dituzte. Maiz, ezkutuko mozkina ateratzen diete euren erabiltzaileei, datuak zurrupatuz, ezkutuko edo ageriko publizitatea txertatuz, etab.
Herritarren burujabetza teknologikoaren alde egin nahi dutenek datu bilketak herritarren baimenaz eta gardentasunaz bakarrik egin beharko litzatekeela defendatzen dute. Herritarrek euren datuak nork dauzkan eta nola lortu dituen jakiteko eskubidea izan beharko lukete. Herritarrek ez lukete inoiz galdu beharko euren datu pertsonalen kontrola, jabetza. Herritarrek, betiere, jakin beharko lukete non dauden euren datuak, haiei buruzko informazioa nork daukan, haiei buruzko datu baseak non dauden, eta hori guztia zertarako erabiliko den. Herritarrek eskubidea izan beharko lukete euren datuen kontrola mantentzeko eta, nahi izanez gero, datu batzuk ezabatzeko exijitzeko.
Herritarren datu publikoak eta pribatuak zeintzuk diren erabakitzerakoan, herritarrek ez lukete euren datuen kontrola, jabetza galdu beharko. Herritarrek euren pribatutasuna gordetzeko eskubidea izan beharko lukete. Horrelako eskaerak, esate baterako EAEko Legebiltzarreko hezkuntza batzorderaino iritsi dira.[2][1][4]
Edward Snowdenek Amerikako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako Agentziaren jarduerei eta PRISM zaintza-programari buruz egindako adierazpenen ondoren, datuen erabilera desegokiarekiko kezka gero eta handiagoa zela eta, zenbait proposamen egin ziren, Amerikako Estatu Batuetatik kanpoko herritarrei eta kontsumitzaileei burujabetza teknologikoaren bidez babesaz gozatu ahal izateko.
Menpekotasun teknologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burujabetza teknologikoari buruz, oraingoz, argitalpen asko ez dauden arren, pertsona batzuek pentsatzen dute, bizi garen mundu globalizatuan, korporazio transnazionalen mendekotasuna oso handia dela sistema eragileetan, kudeaketa-softwarean, hardwarean eta azpiegituretan. Softwarean hodei-eredura aldatzeko joera oso handia da azken hamarkadan. Interneteko lehen hamarkadetan enpresek, erabiltzaileek, euren datuak gordetzen zituzten haien zerbitzari eta ordenagailuetan. Urteak joan, urteak etorri, eta Microsoftek eta Googlek, Office 365 edo Google Drive produktuekin edo Applek iCloud produktuarekin eskaintzen dituzten zerbitzuekin modelo nagusia aldatu da. Jada ez da disko gogorreko ordenagailu bat erabili behar, edozein gailutatik (telefono adimentsu, tableta edo ordenagailu) editatu eta gorde baitaitezke lan-dokumentuetatik hasi eta gaur egun erabiltzen diren argazki, egutegi, agenda eta gainerako informazioetaraino. Ingeniaritza guztia "egin sinpleago" edo "klik pare batean" dago bideratuta, eta erabiltzaile arruntak eredu horietara joateko tentazioa handi-handia izan du. Gainera, azken urteotan, erabiltzailerik berrienek teknologia hori besterik ez dute ezagutu, eta lehenago ikasi dute fitxategiak hodeiaren bidez partekatzen euren gailuetan gordetzen baino. Erabiltzaile berrienek ikasi dute euren fitxategietan egindako aldaketa guztiak, automatikoki, hodeian gordetzen direla. Hau da enpresa handien zerbitzarietan.
Batzuek salatzen dute menpekotasun teknologikoa gaur egungo eskola sisteman irakasten dela[5].
Zerbitzu zentralizatuak / Zerbitzu federatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa handiek eskaintzen dituzten zerbitzuak zentralizatuak izan ohi dira, enpresaren zerbitzarietan zentralizatuak, (zerbitzari horiek munduan zehar barreiatuak egon daitezke, baina guztiak enpresarenak dira). Enpresa handi horiek, eskaintzen duten zerbitzuaren truke, erabiltzaileen datu asko jasotzeko aukera daukate[6].
Zerbitzu zentralizatu horien alternatibak izateko sortutako zerbitzuak, zerbitzari federatuetan antolatu ohi dira. Esate baterako Mastodon sare soziala edo Matrix komunikazio protokoloa sistema federatuetan lan egiteko sortu ziren.
Software librearen komunitatetik zerbitzu federalak sortzeko eta ezartzeko ahalegin handiak egin dira azken urteotan, esate baterako LibreOffice bulego paketea eta NextCloud integratu.[7].
Bilatzen diren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burujabetza teknologikoa bilatzen dutenek, honelako helburuak bilatzen dituzte:
- Ekonomia soziala: Burujabetza Teknologikoko proiektu eta ekimenen zati handi bat zuzeneko diru-mozkinean zentratzen ez diren beste ekonomia-formula batzuekin lotuta egon ohi dira, helburu monopolistak edo oparoegiak dituzten korporazio pribatu handietatik datozen ekimenak ez bezala. Burujabetza Teknologikoko ekimen asko crowdfunding bidezko finantzaketa kolektiboekin, elkarri laguntzeko akordioekin, trukearekin edo txanpon sozialekin, kontraprestazioekin eta abarrekin lotuta egon ohi dira.
- Tokian tokiko ekonomia: mugimendu honi lotutako ekimen gehienak kanpoko mendekotasunak murrizten ahalegintzen dira hornikuntza-prozesuetan, eta hurbileko eremu geografiko bateko beharrak asetzen dituzte.
- Tokian tokiko enpresak: dirua irabazteko asmoa aitortzen duten enpresa batzuen eredua Burujabetza Teknologikoa saltzea ere bada. "Zuen datu guztiak zuen esku mantentzen lagunduko dizuegu, software librea erabiliz, zuen beharretara moldatuz eta zuen zerbitzariak erabiliz".
Ezinbestekotzat jotzen diren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Informatika librea eta irekia: burujabetza teknologikoko ekimenak batez ere Software Librean oinarritzen dira[8], nahiz eta egoera oso zehatzetan Software Pribatiboa erabil dezaketen, baina beti oso modu neurtuan eta autogestionatuan, behin-behineko erabilera izango delakoan. Ez da nahikoa software librea erabiltzea, baina software librerik gabe nekez bilatu daiteke burujabetza teknologikoa.
- Auto-antolaketa horizontala: burujabetza teknologiko ekimenetako proiektu eta taldeen ezaugarria horizontaltasunera bideratutako lan-metodologiak eta barne-demokrazia dira, hierarkiak erabat arindu edo desagertzen baitira. Sare federatuekin lan egiteak asko laguntzen du arlo honetan.
- Erresilientzia: burujabetza teknologikoa bilatzen duten azpiegitura autonomoak ez dira soilik autonomia politikoaren onurez aprobetxatzen (adierazpen-askatasuna, gardentasuna, irisgarritasuna, etab.), zerbitzu autonomo batek sistema horien hondamendien eta nahasmenduen aurrean jasan eta berreskuratzeko duen gaitasun gero eta handiagoaren onurak ere jasotzen ditu. Burujabetza teknologikoaren kasuan, "asaldura" iturri posible asko saihets daitezke: erabaki geopolitikoak, korporazio pribatuen arbitrariotasuna, sektore monopolizatuen erabaki arbitrarioak, etab.
Mendekotasun teknologikoa saihesteko alternatiba teknologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- DuckDuckGo. Erabiltzaileen jarraipena eta haren datuen bilketa egingo ez duela agintzen duen bilaketa motorra edo bilatzailea.
- Fairphone: bidezkoa, arduratsua izan nahi duen merkataritza eredua eta telefonia mugikor arduratsuak ekoizteko ahalegina, kode irekiko hardwarea eta guzti. Telefono adimentsuen esparruan herrialde txirotuak ustiatu gabe telefono adimentsuak ekoizteko proiektua.
- LibreOffice eta LibreOffice online (ikus Collabora). Ofimatika paketea eta horren online bertsioa.
- LineageOS (lehen, CyanogenMod) - Androiden oinarritutako esku-telefonoetako sistema eragile librea.
- Linux, software librez eraikitako sistema eragilerik ezagunena. Dozenaka banaketa mota daude.
- Moodle. Hezkuntza munduan, online ikastaroak-eta eskaintzeko gehien erabiltzen den software librea.
- Nextcloud. Office 365, Google Drive edo iCloud bezalako zerbitzuei alternatiba librea eskaintzen dion eredua.
- PixelFed irudiak modu federatuan partekatzeko plataforma.
- Replicant: kolektibo hacktivista Android sistema eragilearen banaketa erabat askea garatuz, hainbat gailu mugikorretan funtzionatuko duena.
- Tor Project: Interneten nabigatzeko erabiltzailearen anonimotasunean fokua jartzen duen proiektua. (Firefox nabigatzailea ere, askok talde honetan sartuko lukete, beste nabigatzaile gehienek baino hobeto zaintzen duelako erabiltzaileen anonimotasuna).
- Komunikazio eta elkarlanerako tresna libre asko daude[9].
- Fedibersoa. Sare sozial libre eta federatuak: Mastodon, Funkwhale, PeerTube, Lemmy...[10][11]
- Enpresa askok beren zerbitzariak eta beste zerbitzuak eskaintzen duten bitartean, software libreak eskaintzen ditu blogak eta webguneak sortzeko hainbat aukera. Ezagunenak, Django[12], Drupal, WordPress...
- Bat-bateko mezularitza sistemen artean ere badaude zentralizatuak eta federatuak direnak, badaude erabiltzaileen datuekin sal-erosketan ibiltzen diren enpresen zerbitzuak[13], eta badira irabazteko asmorik gabeko fundazioen esku dauden zerbitzuak... (Ikus taula). Badirudi Signal eta Matrix protokoloan oinarritutako zerbitzuak (Element, Riot eta antzeko zerbitzuak) mendekotasun teknologikoa saihesteko alternatiba hobeak direla beste batzuk baino.
Mendekotasun teknologikoa saihesteko ekimenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken urteotan agertu dira burujabetza teknologikoa sustatzearen aldeko hainbat ekintzaile eta ekimen[14]. Badira bai administrazioan, oro har, eta, batez ere, hezkuntza munduan Nazioarteko enpresa komertzial erraldoien alternatibak eskatzen eta eskaintzen duten pertsonak Euskal Herrian[15][16][17][18][19][20].
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kode irekiko hardware.
- Software libre.
- Software librea herri administrazioan.
- Software librea hezkuntzan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Hezkuntzan Librezaleren agerraldia Eusko Legebiltzarrean» Peertube.social (Noiz kontsultatua: 2021-02-10).
- ↑ a b Hezkuntza alorrean burujabetza teknologikoa aldarrikatzen Eusko Legebiltzarrean – Hezkuntzan Librezale. (Noiz kontsultatua: 2021-02-10).
- ↑ «Teknologia burujabetza» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- ↑ «Eusko Legebiltzarra - Albisteak eta ekitaldiak - Prentsa zerbitzuak - Berriak» www.legebiltzarra.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-10).
- ↑ «Teknologia ez da neutrala. Burujabetza teknologikoa hezkuntzan.» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
- ↑ Iratxe Esnaola Arribillaga, Baigorri Argitaletxea. (2020-04-25). «Datuen jabetza eta burujabetza, datuek gidatutako jendartean» GARA (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
- ↑ «LibreOfficeOnline eta Nextcloud batera lanean» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
- ↑ «Burujabetza Teknologikoa izango da protagonista Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuran» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- ↑ «KomunikazioEtaElkarlanerakoTresnak - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
- ↑ «Lemmy.eus» lemmy.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-09).
- ↑ Julio, Gorka. «Portmanteau» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-16).
- ↑ (Ingelesez) «Django» www.wikidata.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-09).
- ↑ "Autodefentsa digitala". Argia - Larrun (2020ko uztaileko alea).
- ↑ Hezkuntzan ere Librezale | Komunikatua EHko 3 hizkuntza nagusietan. (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
- ↑ Esnaola, Iratxe. (2019-12-04). «Google gure ikasgeletan» GARA (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
- ↑ Martinez, Dabid. Leihotik ihesi | #burujabetza_teknologikoa. (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
- ↑ «Luberri: Luberri sistema» Luberri (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
- ↑ «HezkuntzanEreLibrezale - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
- ↑ «Hezkuntzan ere librezale.odt» euskaldunak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
- ↑ Julio, Gorka. «Burujabetza teknologikoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Teknologia burujabetza - TEKS (2020)
- (Ingelesez) Italo Vignoli - Open source and open standards for digital sovereignty (Bideoa, EsLibre, 2022).