Software librea hezkuntzan

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Software librea hezkuntzan eztabaidagai handia izan da, software librearen erabilerak eragindako garrantzitsuenetakoa. Software libreak erabiltzaile bakarrarentzat onurak baditu, herri administrazioak ere onurak lor ditzake Linux edo bestelako plataformak eskuratuz eta Estatuko sail guztietako sistema informatikoek behar diren kode zabaleko programak eskuratuz gero.

Gaur egun, aukera libreak seriotasuna lortu du eta horren adibidea da hainbat estatuko gobernuek bere aldeko apustua egin dutela, esaterako Venezuelak.

Argudioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakaskuntzan, hezkuntzan, teknologia berriekin lan eginez gero, zein da aukerarik onena? Bakarrik software librea erabili? Ala edozein software mota erabili, software libre edo jabeduna ote den kexkarekin denborarik galdu gabe?

Egon badago software librearen aldeko apustua egitearen aldeko iritzi-korronte bat. Hezkuntzan betiere software librea hobestearen aldeko bederatzi argudio nagusi bildu dira hemen. Argudio hauek, beraz, eskoletan software librea erabili behar dela defendatzen dute eta software jabeduna saihestu egin behar dela:

  1. Argudio ekonomikoa. Sistema eragile bat eta bulegoko paketea erostea, biak merkatu lizentziarekin, 50 eurotik gora balio izaten du ordenagailu bakoitzeko, eta gastu hori bi edo hiru urtero berriztatu egin behar da. Hirugarren munduko herrialdeek ezin dute inola ere horrelako dirutzarik atzerrira bidali, are gutxiago gastua saihestu daitekeenean. Estatu batek sistema operatiboak erosteko erabiltzen duen dirua aurreztu daiteke Linux sistemara pasatuz gero, doan ematen den sistema delako. Dohainik dira, baita ere, azken aplikazio guztiak, bulegoetako paketeak, nabigatzaileak, posta-elektronikoa kudeatzeko aplikazioak eta abar. Software librea merkeagoa da. Herrialdeko bertako enpresek edo pertsonek errazago kudea ditzakete sistema libre eta irekiak kanpoko enpresen sistema itxi eta jabedunak baino. Horniketa, kudeaketa, konponketa lanak merkeago egin daitezke eta sortzen den balio erantsia herrialdean bertan geratzeko aukera hobeak eskaintzen ditu software libreak.
  2. Segurtasuna. Kontrakoa usten bada ere, programen kodeak argitaratzea ez doa segurtasunaren kontra, alde baizik. Software librea erabiliz gero programa batek zer egiten duen jakin daiteke, zer nolako informazioa erabiltzen duen eta nola. Segurtasuna ona izateko, argitasunean oinarritu behar da. Software pribatiboak ezkutatu egiten ditu informazio horiek denak eta askotan ez dakigu ze informazioa ari den bidaltzen urruti dauden beste konputagailuetara. Informazio erreserbatua bidali dezakete programan oker bat dagoelako edo fabrikatzaileek nahi izan dutelako. Beraz, software jabedunarekin antibirus eta suhesi programa gehiago behar izaten dira. Programa horiek ziurtasuna saltzen dute eta sistemaren errekurtsoak xahutzen dituzte. Garestiagoa izateaz gain sistema ez ote doan motelago eztabaida daiteke. Software librea seguruagoa da.
  3. Autonomia teknologikoa. Norbaitek software librea aukeratzen badu, software honek kode nagusira iristeko eskaintzen dituen aukerei esker, erabiltzailea asko kontsumitzaile izatetik software garatzaile izatera pasa daitezke. Horrek esan nahi du, edozein herrialde edo enpresatako sail bakoitzak dituen behar berezietara egokitu ahal izango direla programak eta egin daitezkeen aldaketa horiek guztiak software libreak eskatzen dituen baldintzak jarraituz egin ahal izango direla. Ezin da horrelakorik software jabedunarekin gertatu. Alderantziz, software jabedunarekin errazago gerta daiteke softwarearen jabea den enpresak edo korporazioak bere interesak babesterakoan softwarean egin daitezkeen aldaketei bidea moztea. Honelako softwerarekin, aldaketak softwarearen jabea den enpresako programatzaileek eta beste inork ezin baditu egin, balizko aldaketa batzuei bidea ixten zaie. Software librearekin, ordea, erabiltzaile aurreratuenek aldaketak egin ditzakete bere interesei jarraiki. Eta erabiltzaile batzuen ekarpenak, software librean, software hori erabil dezaketen besteentzat ekarpen interesgarri izan daitezke.

    Software librearen komunitateak neurriak ezartzen ditu ekarpenik positiboenak sustatzeko eta egindako aldaketa kaxkarrak baztertzeko.

  4. Hornitzaileen independentzia. Software jabeduna erosiz gero, fabrikatzailearekiko menpekotasuna sortuko dugu. Software mota hori ezarri ondoren fabrikatzailearen menpe geratzen gara edozein jarduera lortzeko, eta gehienetan, jarduera horiek ordaindu dugun baino diru gehiago inbertitzera eramango gaituzte. Software librearen politikaren ordea, estatuak software baten garapenagatik dirua ordaintzen badu, bere kode iturriari eskuratzea eskatuko du, eta beraz, etorkizunean aldaketan egin nahi baditu kodea beste batzuei eman diezaieke horiek garatu dezaten.
  5. Argudio demokratikoa. Informazio teknologia berriak leku oso garrantzitsua dute gaur egungo gizartean. Teknologia berriak erabiltzen dituztenak gero eta gehiago diren arren, oraindik ere “zulo teknologikoa” oso handia da, eta egun ezarri den ereduarekin, teknologia erabiltzeko aukera izatea edo ez izatea gizarte garatuenean sartzeko edo ateratzeko faktore bihurtu da; pertsona batzuk baztertzeko faktorea.

    Software librearekin, ordea, informazioaren demokratizazioa bultzatzen da, inorenak ez diren protokoloak eta hizkuntzak erabiltzen direlako. Gainera, software librea edozein hizkuntzetara itzuli daiteke, eta erabiltzaileak, softwareak ezartzen dizkion ezaugarrietara egokitu beharrean, softwarea bere beharretara aldatu eta egokitu dezake. Administrazioari eta hezkuntza sistemari formatu irekiko euskarriak hobesteko eskatu behar zaie? Hezkuntzan formatu irekiak hobetsi beharko dira formatu jabedunak zabaltzeko software jabeduna behar delako?

  6. Hizkuntzen argudioa. Hizkuntza gutxituetan software jabedunen enpresen menpe geratzen dira bere hizkuntzetako software bertsioak lortzeko, lokalizazioak egiteko. Software librearekin, ordea, boluntarioek egin ditzakete nahi dituzten itzulpenak. Batzuetan herri administrazioek dirua eman izan diote enpresa handiei zenbait hizkuntzetako itzulpenak egiteko. Batzuetan, enpresa handi batzuei ez zaie interesatu hizkuntza gutxiagotuetan itzulpenak egotea. Software librearekin erabiltzaileak libre dira itzulpenak egiteko eta software librea nahi beste hizkuntzetan aurkezteko.

    Programen lokalizazioa, hizkuntza jakin bateko bertsioa, software librearekin, irekia dago, bestela ez da software librea. Edozein herri-administraziok, edozein taldek edo boluntariok egin dezake software librearen lokalizazioa. Lokaliza daitezke pakete guztiak edo pakete jakin batzuk bakarrik. Aurreko itzulpenen zuzenketak egiteko aukera ere, zabalik, irekia egon behar du.

  7. Arrazoi praktikoak. Ikastetxeetan software librea egonez gero, ziurtasun handiagoa egoten da eta askatasun handiagoa eman dakieke erabiltzaileei programa informatiko edo plugin berriak instalatzeko edota eguneratzeko. Informatika adituen dependentzia ez da hain handia. Aplikazio informatikoen, pluginen eta gehigarrien eguneraketa modu askoz errazago eta seguruan egin daiteke, erraz eta doan. Edozein erabiltzailek egin dezake.
  8. Argudio hezitzailea. Ikasleak software kontuetan lehen urratsak emateko bi aukera dauzkate. Software libretik hastea edo software jabedunetik hastea. Software libretik hasiz gero gardentasun handiagoa topatuko dute eta lan egiteko ohitura batzuk hartuko dituzte. Software jabeduna erabilita gardentasun eskasagoa, erabiltzen ari diren softwarearen barne-muinak zifraturik. Gardentasunik ezarekin moldatu beharko. Problema bat konpontzeko bidea, ezabatu eta berriro instalatu batere gardena ez den zerbait... Software librearekin arazoa komunitatearekin parteka daiteke eta askotan boluntarioen doaneko laguntza online lor daiteke.

    Ikasleak txikitatik software jabedunetan ohitzea monopolio handientzako bezeroak sortzea dela diote ahots kritikoenek. Ikastetxeetako jantokietan zabor-bazka azkarra ematearen pareko. Eta irakasleak korporazio handi horien doaneko komertzial-saltzaile bihurtzen omen dira.

  9. Askatasunaren argudioa. Software librearen askatasunak arrisku, mehatxu, bezala antzemango ditugu hezkuntza sistemaren baitan ala gero eta gizarte libreago baterako hezi nahi dugu? Noraino da arriskutsua askatasun horiek software kontuetan?

Estatu politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Amerikak softwarearen garatzaile onak izatearen ospea izan du, hezkuntza publikoan zein erakunde pribatuetan. Horregatik, alde batetik, programatzaile askori atzerrira lan egitera joateko eskaintzek egin dizkiete azken urtetan, eta bestetik, asko eta asko euren herrietan ari dira softwarea garatzen atzerriko enpresentzat. Hori ez da txarra, baina estatua giza kapital garrantzitsurik gabe geratzen ari dira, eta balio hori atzerriko enpresen esku dago. Estatuak ezin du hori debekatu, baina programatzaileen jakituria hobeto aprobetxatzeko eta bideratzeko bidea jorratu beharko luke estatuak.

Estatuak hain zuzen software librearen ikerkuntza eta garapena bultzatu beharko luke programatzaileak sustatuz. Software arloan hezkuntza finkatu eta hezkuntza programak sortu beharko ditu zulo teknologikoa gainditu ahal izateko. Behar beharrezkoa da horretarako arlo anitzetako taldeak sortzea, gaia aztertu eta arau dezaten. Ildo horretatik esan daiteke, herri administrazioak software librea bereganatzea ezin besteko urratsa dela.

Ez da bide erraza, baina herri administrazioek software librea eskuratzeko eragozpenak aztertzen ditugunez, inoiz ez dira eragozpena teknikoak azaltzen. Eragozpenak enpresa jakin batzuen eskutik datoz, euren onurak eta abantailei eutsi nahi dizkioten enpresen eskutik. Baina bestetan herri administrazioko funtzionarioak ere aldaketak egitearen kontrakoak dira. Beraz, beharrezkoa da nazio eztabaida bultzatzea, software librearen onurak denek ezagutu ditzaten eta beste herrialdeetako esperientziak ezagutu ahal izateko.

Herrialdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat herri administrazioek software librearen alde egin dute, batzuek euren zerbitzari eta mahaigain sistemak migratuz, eta beste batzuek diru-laguntzak eskainiz.

Adibide gisa, Alemania, Argentina, Brasil, Dominikar Errepublika, Ekuador, Espainia, Frantzia, Kuba, Txile, Txina, Mexiko eta Venezuela aipatu daitezke.

  • Alemania: Kroupwareren garapenagatik ordaintzen. Gainera, Munich bezalako hiriek bere sistemak Debian GNU/Linux-era migratu zituen eta SUSE izeneko banatzaile alemaniarrera.
  • Argentina: Linux eta oro har software librearen garapena gauzatzeko atari bat ireki dute, (Softwarelibre.gov.ar). Santa Fe Probintziak 2004. urtetik 12.360 legea du Herri Administrazioak software librea erabili dezan. Egun, legealdian beste lege bat aztertzen ari dira, probintziak ekoizten den software guztia GPL lizentziaren menpe aska daitezen. Aipatzekoa da baita ere, Rosario hiriko "Muñiz" proiektua. Proiektuak egun 300 lanpostu migratu ditu.
  • Brasil: Brasilgo Gobernua izan zen lehena mundu osoan herri administrazioan software librea hedatu zuena. Rio Grande do Sul estatuak onartu zuen software librea erabiltzearen aldeko legea.
  • Ekuador: Bertako gobernuak software librera migratzea onartu zuen 2008ko apirilean.
  • Errusia: 2008ko urtarrilean eskola guztietako sistema informatikoak Software librera pasatzearen alde egin zen.
  • Espainia: Hainbat autonomia gobernuek euren banatzaile propioak garatzen ari dira, administrazioan ez ezik, hezkuntza arloan ere erabiltzeko. Horrela, Extremaduran LinEx dute, GuadaLinex Andaluzian, LliureX Valentziako Erkidegoan, Milinuz Gaztela-Mantxan. MAX Madrilgo Erkidegoan, Trisquel Galizian, Linkat Katalunian eta Melinux Melilla. Hauetako banatzaile batzuk Debian-en oinarrituta daude, besteek Ubuntu Linux erabiltzen dute eta beste batzuek OpenSuSe.
  • Frantzia: Frantziako Nazio Biltzarrak 2006an bere sistemak GNU/Linux-era migratzea erabaki zuen.
  • Italia: Bertako legebiltzarrak 2007an SUSE Linux erabiltzea erabaki zuen.
  • Kuba: Cuban Gobernuak eskaera ofiziala egin du software librea ezartzen joateko, bereziki Linux. Informed izeneko sare publikoa aitzindari izan zen software librea erabiltzen.
  • Mexiko: Mexikoko Gobernuak ere lehentasuna eman dio Linux erabiltzeari.
  • Txile: Hezkuntza ministerioak eta Unibertsitateak EduLinux sortu zuten, egun 1500 eskola eta Txileko liburu gehientsuenetan erabiltzen den banatzailea. Txileko Gobernuak herri administrazioan software librea ezartzea onartu zuen, eta Microsoft-ekin eskoletako eta liburutegietako sareak mantentzeko zuen akordioa hautsi ondoren.
  • Txina: Sun Microsystems-ekin akordioa du milioika Java Desktop System banatzeko(Linux-en banatzailea)
  • Venezuela: Gobernu Nazionalak software librea eta GNE/Linux herri administrazio osoan erabiltzeko dekretua onartu zuen, ministerio eta gobernuko bulego guztiak barne. Era berean, software librearen ikerketa eta garapena suspertzen ari dira

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus baita[aldatu | aldatu iturburu kodea]