Dorothea Lange

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Dorothea Lange
Dorothea Lange 1936.jpg
Bizitza
Jaiotza Hoboken (New Jersey)1895eko maiatzaren 25a
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Heriotza San Frantzisko1965eko urriaren 11 (70 urte)
Heriotza modua berezko heriotza: Hestegorriko minbizia
Familia
Ezkontidea(k) Maynard Dixon  (1920 -  1935)
Paul Schuster Taylor  (1935 -  1965)
Hezkuntza
Heziketa Columbiako Unibertsitatea
(1917 - 1918) : argazkigintza
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak kazetaria eta fotokazetaria
Lantokia(k) Ameriketako Estatu Batuak
Enplegatzailea(k) Farm Security Administration
Jasotako sariak
IMDb nm2050873

Dorothea Lange, sortze izena Dorothea Margaretta Nutzhorn Lange (Hoboken, New Jersey, 1895eko maiatzaren 26a - San Frantzisko, Kalifornia, 1965eko urriaren 11) estatubatuar argazkilari eta fotokazetaria izan zen. Haren lanik ezagunena Depresio Handiari buruzko argazki saila da, Nekazaritza Segurantzaren Administrazioaren aginduz egin zuena. Argazki horiek humanizatu zituzten Depresio Handiaren ondorioak, eta eragin handia izan zuten argazkigintza dokumentalaren garapenean.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorothea Lange New Jerseyko Hoboken hirian jaio zen, 1895eko maiatzaren 26an; gurasoak, Heinrich eta Johanna, alemaniar jatorrikoak ziren. Zazpi urte zituenean, poliomielitisa harrapatu zuen; eritasunaren ondorioz, herbaldurik gelditu zitzaizkion eskuineko hanka eta oina. New Yorkeko Wadleigh High School for Girls-en gradua lorturik, argazkilaritza ikasi zuen Columbia Unibertsitatean. Ondoren, zenbait argazkilariren estudioetan lan egin zuen, besteak beste Arnold Genthe-renean. 1917an, Clarence Hudson Whiteren argazkilaritza eskolan ikasi zuen[2]

1918an, San Frantziskon kokatu zen eta, denbora luze gabe, argazki estudio arrakastatsu baten jabe bilakatu zen. 1920an Maynard Dixon margolariarekin ezkondu eta bi seme izan zituen harekin.[2] 1920ko hamarkadan eta 1930ekoaren hasieran, batez ere erretratuak egin zituen San Frantziskoko goi klasearentzat. 1932an, ordea, hiriko langabetuen eta lan-protesten argazkiak hasi zen ateratzen. Garai hartako lanik ezagunena White Angel Jungle izeneko jantoki sozialean egin zuen.[3][4]

1935ean, lehenbiziko senarraz dibortziatu eta Paul Schuster Taylor ekonomista eta unibertsitate irakaslearekin ezkondu zen. Ondoko bost urtean, elkarrekin lan egin zuten Nekazaritza Segurantzaren Administrazioarentzat, Estatu Batuetako nekazari maizterren eta etorkinen bizimodu miseriazkoa dokumentatzen; Dorotheak argazkiak egiten zituen, eta Paulek elkarrizketak. 1936an atera zuen bere argazkirik ezagunena, Ama etorkina (Migrant Mother), Depresio Handiaren sinbolo bihurtu zena. 1941ean, Guggenheim Fellowship-en dirulaguntza bat jaso zuen.[2][5]

1942-1945 bitartean, War Relocation Authority-rentzat aritu zen lanean, eta xehero-xehero dokumentatu zuen japoniar jatorriko estatubatuarren bortxazko lekualdatzea eta espetxeratzea. Izan ere, Pearl Harborreko erasoaren ostean, milaka japoniar-estatubatuarrek utzi behar izan zituzten beren etxe, denda eta landetxeak, eta kontzentrazio esparrutan sartuak izan ziren.[6] Armadarekin oso kritikoak zirenez gero, ehunka argazki konfiskatu zizkioten eta ezin izan ziren denbora luzean ikusi.[7] 1945ean, San Frantziskoko Konferentzia dokumentatu zuen Gerra Informazioko Bulegoarentzat.[2]

1940ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, haren osasuna makalduz joan zen. Hala ere, lanean segitu zuen. 1952an, Aperture aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. Life aldizkariarentzat ere egin zituen argazki sail batzuk, Utah, Irlanda eta Death Valleyn besteak beste. 1965eko urriaren 11n hil zen, hestegorriko minbiziak jota.[2]

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Hudson, Berkley (2009), Encyclopedia of Journalism, SAGE, 1060–67. orrialdeak, ISBN 978-0-7619-2957-4  .
  2. a b c d e   Dorothea Lange, A&E Television Networks, biography.com, https://www.biography.com/people/dorothea-lange-9372993. Noiz kontsultatua: 2018-2-9  .
  3.   Portfolio: Dorothea Lange, Picturing the Century, https://www.archives.gov/exhibits/picturing_the_century/text/port_lange_text.html. Noiz kontsultatua: 2018-2-9  .
  4.   Dorothea Lange, 'White Angel Breadline', 1933, huxleyparlour.com, http://www.huxleyparlour.com/early-documentary-photography-dorothea-lange.html. Noiz kontsultatua: 2018-2-9  .
  5.   Khasnis, Giridhar, Two women and a photograph, thehindu.com, http://www.thehindu.com/todays-paper/tp-features/tp-sundaymagazine/two-women-and-a-photograph/article3232045.ece. Noiz kontsultatua: 2018-2-9  .
  6.   Dorothea Lange, encyclopedia.densho.org, http://encyclopedia.densho.org/Dorothea_Lange/#Lange_Photographs_Japanese_American_Incarceration. Noiz kontsultatua: 2018-2-9  .
  7.   Smith, Dinitia, Photographs of an Episode That Lives in Infamy, nytimes.com, http://www.nytimes.com/2006/11/06/arts/design/06lang.html. Noiz kontsultatua: 2018-2-9  .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dorothea Lange Aldatu lotura Wikidatan