Edukira joan

Eslavonia

Koordenatuak: 45°27′00″N 17°55′00″E / 45.45°N 17.916666666667°E / 45.45; 17.916666666667
Wikipedia, Entziklopedia askea
Eslavonia
Datu orokorrak
Motaordoki, lurraldeko administrazio-erakunde eta eskualde historiko
Azalera12.556 km²
Geografia
Map
Koordenatuak45°27′00″N 17°55′00″E / 45.45°N 17.916666666667°E / 45.45; 17.916666666667
Eslavoniako armarri historikoa

Eslavonia edo Esklavonia[1] (kroazieraz: Slavonija), Kroaziako ekialdean dagoen eskualde geografiko eta historiko bat da. Nekazal lautada emankor bat da, baso zabalekin, neurri batean Drava ibaiarekin muga egiten duelarik iparraldean, Sava ibaiarekin hegoaldean eta Danubiorekin ekialdean.

Eskualdea bost konderritan banatzen da, 2001eko erroldaren arabera, 891.259 biztanle dituena. Bi konderri gehiagok, nagusiki Kroazia erdialdean aurkitzen direnak, Eslavoniaren mendebaldeko zati batzuk ere hartzen dituzte. Hiririk handiena, Osijek da, 114.616 biztanlerekin. Beste hiri batzuk, Slavonski Brod, Vinkovci, Vukovar, Đakovo, Požega, Virovitica, Nova Gradiška, Slatina, Županja, Našice, Valpovo eta Belišće dira.

Lautada bezala ezagutzen den arren, eskualde honek baditu mendiren batzuk. Garrantzitsuenak Psunj, Papuk, Požeška Gora, Ravna gora, Krndija eta Dilj dira, azken honek, Požegako harana inguratzen duelarik.

Historian zehar, Eslavoniaren mugak aldatuz joan dira. Hungariako Erresumaren Goi Erdi Aroan, Eslavonia, erresumaren probintzia basailu bat zen, eta, XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasiera honetan hartzen duen eremuarekin alderatuz, oraingo eremuaren mendebaldea baino ez zuen hartzen. Gainera, Kroazia erdialdeko zatiak hartzen zituen, Zagreb barne, baita egungo Bosniako eskualdearen iparraldeko eta mendebaldeko eskualdeak ere (Eslavoniaren ekialdeko eskualdeak, zuzenean Hungariar erresumarenak ziren). Behe Erdi Aroan, Eslavoniak, Sava, Drava, Sutla eta Danubio ibaien arteko lurraldeak hartu zituen. XVIII. mendean eta XIX. mendean, Eslavoniako erresuma Habsburgotar etxearen probintzia bat zen, eta egungo Eslavoniaren iparraldeko zatiak eta Sirmia hartzen zituen, hegoaldeko zatiak, Habsburgotarren Muga Militarraren zati ziren bitartean.

Eskualdea, jatorrian, Panonia erromatar probintziaren zati zen. VII. mendean, avaroei leialtasuna izan behar zion estatu bat ezarri zen, laster kroaziarrek ordezkatu zutena. Eslavonia, Trpimirovic etxeko Tomislav erregeak defendatu zuen hungariar inbaditzaileetatik, eta sortu berri zuen Kroaziako Erresumara 925ean erantsia. 1027an, Trpimirovic etxeko alboko adar batetakoa zen Stjepan Svetoslavicen agindupeko armada batek Eslavonia hartu eta Eslavoniako Banerria bihurtu zuen, Hungariako Erresumaren barnean, Svetoslavictarren bere dinastia propioak zuzendua. Eslavonia, Kroaziarekin, 1070ean birbateratua izan zen, Dmitar Zvonimir Svetoslavic erregearen agindupean. 1091n, berriz banandu zen eta hungariar erresumaren subirautza onartu zuen. Hamaika urte beranduago, Kroaziaren gainontzeko zatiak onartu zuen hungariar erresumaren subiranotasuna. XII. mendean, bazegoen praktika bat, non tronurako oinordekoa, lehenik Eslavoniako dukea izaten zen (Espainian, gaur egun, Asturiasko Printzea den antzera), eta bazeuden gatazkaren batzuk, kasu askotan, printzeak, erregeari gerra adierazten baitzion, bere botera ezarri eta berretsi nahian. Eslavonia, jatorrian, hungariar lege publikoak Hungariako Erresumako zatizat hartu zuen arren, erresuma honengandik geroz eta bananduago egotera iritsi zen, eta Kroaziako Erresumatik geroz eta gertuago.

XIII. mendean, Kroazia, banovina deritzen bi eskualdetan banatua zegoen, horietako bat, Eslavonia deitua izan zena, besteak, Kroazia izena mantentzen zuen bitartean. Noblezia, Eslavonian, hurbiltasun geografikoaren ondorioz, Hungariari lotuago zegoen, Kroaziakoa baino. XIII. mendearen amaieran, Nemanjic etxeko Stefan Vladislav II.a, Eslavoniako Ban izatera iritsi zen. Eskualdearen ekialdeko zatiak, erdi-independentzia egoera batetara pasa ziren tokiko gobernaria zen Ugrin Chaken boterepean (Ugrin Csak hungarieraz eta Ugrin Čak eslavieraz), Hungariako erregeak, eskualdea, 1311n hartu zuen arren, Ugrin hil ondoren.

Serbiako Despotatua erori ondoren ere, otomandar uztarripean zeuden serbiarren migrazioek jarraitzen zuten, euren noblezia barne, Eslavonian faktore politiko garrantzitsua izan zena. Eslavonia eta Kroazia, ban ezberdinek zuzenduta egon ziren 1476 arte, bi botere posizio hauek, bakar bat izatera pasa zirenean.

Turkiar otomandarrek Hungariako erresuma inbaditu eta hungariar armada Mohácseko guduan suntsitu zutenean, 1526an, Kroaziar Legebiltzarrak, Habsburgotarrak, Kroaziaren gaineko kontrola hartzera gonbidatu zituen. Gudu odoltsu ugariren ondoren, otomandarrek, egungo Eslavonia osoa konkistatu zuten, pixkana-pixkana 1529, 1536, 1540, 1543 eta 1552an, baina ez zuten Erdi Aroko Kroazia osoa konkistatzerik lortu.

Eslavoniako Erresuma 1751n

Habsburgotarrek, otomandarrengandik eskualde osoa hartu zuten Turkiar Gerra Handian, Karlowitzeko Itunak adierazia 1699an. Habsburgotarren agintaldian, Eslavoniako Erresuma, Habsburgotarren probintzia bat zen, eta Kroaziako Erresuma eta Hungariako Erresumaren zati izan zen. Egungo eskualdearen hegoaldeko zatiak, ez ziren probintzia honen zati, baina bai Habsburgotarren Muga Militarrean (Krajina Eslavona), Habsburgotarren noblezia, Eslavonian barneratzen saiatu zelarik, baina arrakastarik gabe. Eslavonia, 1699 ondoren, Erdi Aroko Eslavoniarekin alderatuz, geografikoki erabat bestelakoa zen. Erdi Aroko Eslavoniak, Drava eta Kupa ibaien arteko lurraldeak hartu zituen bitartean, Habsburgotarren Eslavonia, ekialderantz hedatzen zen, Sava eta Drava ibaien arteko oso populaturik ez zeuden lurraldeetan.

1848ko Iraultzetan, Eslavonia, denbora batez, Kroaziarekin elkartua egon zen Josip Jelačić banaren agintepean. 1849 ondoren, biak, Eslavonia eta Kroazia, Habsburgotarren bi lurralde erabat ezberdin bezala adieraziak izan ziren. 1868an, Hungariako Erresumarekin finkatu ondoren (hrvatsko-ugarska nagodba), Eslavonia, Kroaziarekin elkartu zen Kroazia-Eslavoniako Erresuma eratuz, San Estebanen koroaren subirautzapean zegoen arren, nolabaiteko autogobernu maila bat mantentzen zuena. 1881ean, Krajina Eslavona desagertu eta ordurarte existitzen ziren eslavoniar konderrietan barneratu zen.

Kroazia-Eslavoniako Erresumaren hondar bat bezala, eskualdea, Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresumaren zati izan zen 1918ko abenduan. 1922 eta 1929 bitartean, Osijek Oblast probintzia bezala ezagutua izan zen, Osijeketik administratua, eta, 1929an, Jugoslaviako Erresuma sortu zenetik, Savako Banerriaren zati izan zen, Zagrebetik administratua. 1939ko abuztuan, Kroaziako banerriaren zati izan zen.

Eslavoniako Erresuma 1849an

Bigarren Mundu Gerran, Kroaziako Estatu Independentearen zati izan zen (iparraldeko zatia Alemania Naziak kontrolatzen zuen). Jugoslavia gerraren ondoren eratu zenean, Eslavonia, Kroaziako Errepublika Sozialistaren zati izan zen.

Kroaziak, 1991n bere independentzia aldarrikatu zuenean, Krajinako Serbiar Errepublikako serbiarrek, euren estatu propioa aldarrikatu zuten Eslavonia ekialde eta mendebaldeko zatien gainean. Ekialdeko zatia, Eslavonia Ekialdeko, Baranja eta Sirmia Mendebaldeko Serbiar Eskualde Autonomoa deitua izan zen, eta Osijek eta Vinkovicitik ekialderako guztia hartzen zuen, Županjaren iparrekialdeaz gain, Vukovar eta Ilok hiriak barne, baita Baranja eskualde guztia ere. Krajinaren zati hau, etnikoki, kroaziar gehiengo erlatibo batekin nahastua zegoen, eta gerran zehar gudu odoltsuen lekuko izan da (Jugoslaviako Gerrak). 1991n, Vukovarreko gudua, eskualdean gertatu zen gerrako gertakaririk garrantzitsuena izan zen. RSKk kontrolatutako Eslavoniaren mendebaldeko zatiak, Okučani inguruak eta Psunj mendilerroaren zatirik gehiena hartzen zituen. 1995eko maiatzean, mendebaldeko zatia, Kroaziar kontrolpera itzuli zen Flash Operazioa deritzonean. 1996an, ekialdea, UNTAESari itzulia izan zen, eta, 1998an, Kroaziaren administraziopera itzuli zen.

Kroaziako bost konderri, nagusiki Eslavonian daude:

Nagusiki Kroazia erdialdean aurkitzen diren bi konderri, baina Eslavoniaren zatiak ere hartzen dituztenak:

Eslavoniako biztanleria (bost eslavoniar konderri hartzen ditu), 891.259 biztanlekoa da, 2001eko erroldaren arabera, honela banatzen direlarik:

  • 763.323 (%85,65) kroaziarrak
  • 78.085 (%8,76) serbiarrak
  • beste batzuk (% 5,59) hungariarrak, txekiarrak, bosniarrak, eslovakiarrak, errusiarrak, etab...

Garia eta artoa dira gehien ereiten dena, eta, industria nagusia, jaki prozesatuarena da. Gainera, baliabide energetikoren batzuk ere badaude, gas naturala eta petrolioa kasu.

Haritz arruntaren azpiespezie bat, "Quercus robar slavonica", eskualdearen izena hartzen duena, ugari aurki daiteke.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]