Euskalduna naiz, eta zu?
Euskalduna naiz, eta zu? | |
---|---|
Jatorria | |
Argitaratze-data | 2017 |
Izenburua | Euskalduna naiz, eta zu? |
Jatorrizko hizkuntza | euskara |
Jatorrizko herrialdea | Espainia |
Sasoi kopurua | 1 |
Atalak | 6 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | umorea |
Zuzendaritza eta gidoia | |
Zuzendaria(k) | Anjel Alkain Aitzol Barandiaran |
Antzezlea(k) | |
Bestelako lanak | |
Langileak | Unai Gaztelumendi |
Emanaldia | |
Jatorrizko igorlea | ETB 1 |
eitb.eus… |
Euskalduna naiz, eta zu? ETB1ek 2017an eskainitako saioa izan zen. Gorringo ekoiztetxeak egindako saioaren sei atal emititu ziren guztira.[1] Saioak euskaldunen inguruko estereotipoen inguruan eztabaidatzen zuen hainbat pertsonaia ezagunekin, umore ikuspegi batetik.[2] Saioaren zuzendariak Aitzol Barandiaran eta Anjel Alkainek izan ziren, eta aktore gisa Iker Galartza eta Aitziber Garmendia aritu ziren. Era berean youtuber baten estiloko atala zuten, Nerea Arriolak antzeztutakoa. Unai Gaztelumendik egiten zituen saioan agertzen ziren marrazkiak.[1]
Saioan parte hartu zuten pertsonaia ezagunen artean Xabier Amuriza, Jon Plazaola, Onintza Enbeita, Xabier Saldias, Iñaki Artola, Julen eta Antton Telleria, Zuriñe Hidalgo, Aitzol Atutxa, Maider Unda, Alex Sardui, Joseba Apaolaza, Josebe Iturrioz, Jon Maia, Itziar Aizpuru, Asier Odriozola, Maixa eta Ixiar eta Miren Gaztañaga zeuden.[2]
2017ko martxoaren 4an polemika handia piztu zen ataletako batean Miren Gaztañagak espainiarrei buruz egin zituen aipamen batzuk zirela eta.[3][4]
Atalak eta audientziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guztira sei atal eskaini ziren, horietako bakoitzan gai ezberdin bat landuz: sexua, familia, dirua, harremanak, eskola eta espaniarrak.[5] Saioaren ikusle emaitzak ETBren batez-bestekotik behera ibili zen. Hala ere bosgarren eta seigarren saioek %2,8 eta %2,1eko ikusle kuota izan zuten, ETBren urtarrileko %1,9tik gorakoa.[1]
Znb. |
Kapituluko titulua | Emisio-data | Ikusleak |
---|---|---|---|
1 | Bikotea | 2017ko urtarrilaren 11a | 8 000 ikusle (%1,0) |
2 | Dirua | 2017ko urtarrilaren 18a | 13 000 ikusle (%1,5) |
3 | Eskola | 2017ko urtarrilaren 25a | 10 000 ikusle (%1,0) |
4 | Sexu kontuak | 2017ko otsailaren 1a | 6 000 ikusle (%0,6) |
5 | Espainiarrak | 2017ko otsailaren 8a | 27 000 ikusle (%2,8) |
6 | Familia | 2017ko otsailaren 15a | 18 000 ikusle (%2,1) |
Edukien gaineko polemika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2017ko martxoaren 4an polemika piztu zen, otsailaren 8an eskainitako saioan jasotako edukiak direla eta. Izatez, inork ez zuen programa honi buruz gauza handirik esan eta bazirudien etorkizunera oharkabean igaroko zela. Hala ere Covitek aste batzuk geroago sarean ikusi zuen saioa, eta espainiarrei buruz esan ziren gauzak, erakundekoak haserretu zituzten; umorezko marrazki batean "fatxa", "paleto" eta "txoni" deitzen zitzaielako. Oharra atera zuen Covitek, espainiarrei "irain" egiten zaiela salatzeko, eta jakinarazi zuen ETBri salaketa jarriko ziola Europako Batzordeko arrazakeriaren eta intolerantziaren kontrako batzordean.
PSE-EEk ere atera zuen oharra, eta esan zuen saioa umorezkoa izanagatik, horrek ez zuela justifikatzen espainiarrei buruz halakoak esaterik. Euskal herritar askoren identitate sentimenduaren ikuspegi "partziala" ematea aurpegiratu zion saioari, eta "euskaldun" euskaradunarekin bakarrik identifikatzea "baztertzailea" zela. Saioa saretik kentzeko eskatu zuen. Nerea Llanos PPko bozeramaileak, bere aldetik, "lotsagarritzat" jo zuen "espainiarrak gorrotatzera bultzatzen duten adierazpenak" egotea ETBn, eta Bingen Zupiriaren azalpenak eskatuko zituela jakinarazi zuen.[6]
Gaia komunikabideetan eta hautsak harrotuta zirenean hitz egin zuen Jaurlaritzak. Saioan agertzen ziren espainiarrei buruzko iritziak "erabat arbuiatzen" zituela adierazi zuten gobernuko iturriek. Josu Erkorekak Eitbri eskatu zion polemika sortu zuen atala saretik kentzeko eta horrelakorik berriro ez errepikatzea.[7] Besteak beste, Nafarroako Legebiltzarrak adierazpen instituzional bat onartu zuen Euskalduna naiz eta zu? saioaren aurka. UPNk astelehenean, martxoak 6an, saioaren kontrako salaketa jarriko zuela iragarri zuen, eta Ciudadanosek, berriz, Fiskaltzari eskatuko zion saioa ikertzeko: "Espainiar guztiak iraintzen ditu espainiar izate hutsagatik".
El País egunkariaren iritziz, EH Bildu espainiarren aurka doan (eta saioaren alde) zegoen alderdi bakarra zela ziurtatu zuen, honekin Euskalduna naiz, eta zu? espainiarren aurka zegoela ontzat hartuz. Carlos Iturgaizek programaren polemika Europar Batasunera eramango zuela esan zuen, programa honek gorrotoa zabaltzen zuelakoan.[8] Polemikak Miren Gaztañaga aktorearen aurka jarraitu zuen. El guardián invisible pelikulako partaidea zen Gaztañaga, eta filmaren aurkako boikotera deitu zuten sare sozialetan Espainiako Estatuko milaka herritarrek.[9]
Salaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira Euskalduna naiz, eta zu? saioa salatu zuten erakunde nagusienak:
1) Covitek, espainiarrei "irain" egiten zaiela salatu eta gero, jakinarazi zuen ETBri salaketa jarriko diola Europako Batzordeko arrazakeriaren eta intolerantziaren kontrako batzordean.
2) Ciudadanosek, Espainiako Fiskaltzari eskatuko zion saioa ikertzeko.
3) Alderdi Popularrak, Carlos Iturgaizen eskutik, Europar Batasunera eraman zuen salaketa. Politikari honen iritziz, saio honek gorrotoa zabaltzen zuen.
4) UPN alderdiak eta Espainiako Polizia Nazionalaren SUP sindikatuak salaketa jarri zuten programa honen aurka «Espainiarekiko gorrotoa» sustatzen zuelakoan, baina epaileak autoan adierazi zuen ez zegoela halakorik.[10]
5) SUP Espainiako Polizia Nazionalaren sindikatuak, Espainiako Entzutegi Nazionalan, fiskaltzan salatu zuen saioa. UPNk egin zuen salaketaren antzera, «Espainiarekiko gorrotoa» sustatzen zuelakoan jarri zuen salaketa. Epaileak autoan adierazi zuen ez zegoela halakorik.[11]
Programa sarean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta EiTBk orrialdean Euskalduna naiz, eta zu? programa guztiak sarean zituela idatzita egon, "Espainia"ren atala kendu zuten eta egun batzuetan ezinezkoa izan zen interneten atal hori aurkitzea.[12][13] Youtuben ikusgai zegoen[14] baina gaur egun ezinezkoa da hura topatzea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Urkizu, Urtzi. «ETBk ez du egingo 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioaren atal berririk» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-03-05).
- ↑ a b EiTB. 'Euskalduna Naiz, eta Zu?' saioaren estreinaldia, gaur, ETB1en. (Noiz kontsultatua: 2017-03-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pedro, Gorospe. (). Un programa de la ETB define a los españoles como “fachas” o “chonis”. El País (Noiz kontsultatua: 2017-03-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Lakua se suma a las críticas contra los contenidos de un programa satírico de ETB» naiz: 2017-03-04 (Noiz kontsultatua: 2017-03-05).
- ↑ EiTB. Euskaldunak euskaldun izateari buruz hitz egiten | EiTB Euskalduna naiz eta zu. (Noiz kontsultatua: 2017-03-05).
- ↑ https://web.archive.org/web/20170306211603/http://www.berria.eus/albisteak/132325/039euskalduna_naiz_eta_zu039_saioak_identitate_estereotipoen_inguruko_hautsak_harrotu_ditu.htm
- ↑ http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/noticia/2017/declaraciones-de-erkoreka-sobre-el-programa-de-etb-1-euskalduna-naiz-eta-zu/
- ↑ http://politica.elpais.com/politica/2017/03/05/actualidad/1488741829_344531.html
- ↑ https://web.archive.org/web/20170306210525/http://www.berria.eus/albisteak/132367/miren_gaztanaga_jomugan_039euskalduna_naiz_eta_zu039_saioagatik.htm
- ↑ https://web.archive.org/web/20170913183945/http://www.berria.eus/paperekoa/2273/033/002/2017-09-13/euskalduna_naiz_eta_zu_saioan_ez_du_gorroto_deliturik_ikusi_epaileak.htm
- ↑ https://www.sup.es/sites/default/files//pdf/escrito_fiscalia_programa_EiTB.pdf
- ↑ http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/euskalduna-naiz-eta-zu/kapituluak/
- ↑ https://www.youtube.com/watch?v=kSPujfhAvNg
- ↑ https://www.youtube.com/watch?v=Z31k6PSwbXA
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Saioaren webgunea
- Saioaren bideoak EiTBren webgunean
- https://www.youtube.com/watch?v=Z31k6PSwbXA Polemika sortu zuen Euskalduna naiz eta zu? Espainia? ikusgai youtuben.