Futbolaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Futbolaren historiako eszena ezberdinak.

Futbolaren historia K. a. II. mendean hasi zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 2500ean, Txinan, dokumentuek diote gutxi gorabehera garai horretan hasi zirela antzinako txinatarrak Tsu-Chu izeneko jokoan. Tsu hitzak «oinekin baloia jotzea» esan nahi omen du, Chuk, aldiz, «larruz egindako pilota», eta enperadorearen urtebetetzeko ospakizunetan jokatzen zen[1].

Kemari modernoaren aurkezpena Japonen.

Japoniarrek ere Kemari izeneko jokoa garatu zuten K. a. 300 eta 600 urteen artean; 8 jokalari edo gutxiago aritzen ziren partidatan eta baloiak lurra ez ukitzea zen helburua. Amerikan, Mayak eta Aztekak Pok-A-Tok jokoan aritzen ziren; baloia hankekin jo arren, helburua berau uztaian sartzea zen. Aurkitutako zelairik zaharrena, Paso de la Amada, Mexiko, K. a. 1600ekoa da[1].

Ipar Amerikan, beranduagokoak dira Pasuckuakohowog jokoaren inguruko berriak, XVI. mendearen amaierakoak hain zuzen. 1.000 pertsonatik gorak hondartza zabaletan bildu eta baloiarekin jokatzen zuen, sarritan egun bat baino gehiago irauten zuten partida kaotikoetan. Alaskako eskimalek ere halako zerbait egiten omen zuten, baina izotz gainean; Asqaqtuk esaten zioten jokoari[1].

Lehen garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Futbolaren bertsio modernoa Europan sortu zen eta bertan ere aurrekariak badira. Antzinako Grezian, Episkyrosean aritzen ziren. Beste kiroletan bezala, biluzik jokatzen zuten eta, gizonezkoak gehiago izan arren, emakumezkoek ere jokoan parte har zezaketen. Aurretik, linoz eta hilez egindako baloiek (Egiptoko hilobi batean aurkitutakoa kasu) ez zuten punparik ia eta greziarrek follis edo puztutako baloia garatu zuten. Zerrien maskuriak erabiltzen zituzten horretarako, baina belaki zatiekin egindako pilotak ere baziren[1].

Erromatarrek Episkyrosa garatu eta izena aldatu zioten: Harpastum izena zuen Inperioaren modako jokoak (bere azken urteetan bereziki). 5-12 jokalarik erditik banandutako zelai errektangularrean jarduten zuten. Talde bakoitzak bere erdian mantendu behar zuen baloia, eta arerioa baloia lapurtu eta bere zatira eramaten saiatzen zen. Harpastuma follisa baino pilota txikiago eta gogorragoekin jokatu ohi zen[1].

Zizeronek berak kasu bitxia deskribatu zuen: Gorteko bizartegian gizon bat hil omen zuten, bizarra mozten zioten bitartean norbaitek baloiari ostikoa jo eta leihotik barrura sartu zenean; pilotak bete-betean eskuan jo omen zion bizarginari eta bezero gizarajoari lepoa moztu zion labanak. Atheneausek ere Harpastumari buruz idatzi zuen: «Harpastum da gehien gustatzen zaidan jokoa. Ahalegina eta nekea izugarriak dira, lepoaren bira bihurriak bezalaxe». Eta Antiphanesek hauxe kontatu zuen: «Baloia hartu eta lagunari pasa zion, jokalari bat saihestu eta barre egiten zuen bitartean»[1].

Inperioaren hedapenean erromatarrak Britainiar irletara iritsi ziren, baita euren jokoa ere. Erromatarren eta britainiarren arteko Harpastum norgehiagoken berri iritsi da. Erromatarrek erraz lortzen omen zuten garaipena. Erdi Aroan Italian eta Ingalaterran jarraitu zuten baloi jokoan. Bi herrietan joko jendetsu eta bortitzak egiten ziren[1].

Futbol modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1863an joko arau zehatzak idatzi ziren eta; orduan sortu zen egungo futbola Ingalaterran eta urte gutxi beranduago, 1967an, lehen futbol taldea, Sheffield Football Club, zelaira irten zen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]