Edukira joan

Gabirai arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gabirai arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaAccipitriformes
FamiliaAccipitridae
GeneroaAccipiter
Espeziea Accipiter nisus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiahegaztia, Intsektua eta Esziuridoa
Bizi itxaropena4 urte
Masa110 g
22,5 g
arra: 150 g
emea: 290 g
Zabalera0,67 m
Kumaldiaren tamaina4,2
Genomaren kokapenaensembl.org…
Arrautza
Gabiraia hegan

Gabirai arrunta (Accipiter nisus) hegazti harrapari bat da, falkoniforme ordenakoa eta, ordena honen barnean, Accipitridae familia eta Accipitrinae subfamiliakoa.

27 eta 37 zentimetro artean neurtzen du. Helduen gainaldea iluna da, behealdea, arren kasuan, gorrixka zerrendatuak eta emeen kasuan, zurixkak, nabarrez izurtuak. Emeak, hegazti harrapari guztietan bezala, arrak baino handiagoak izaten dira. Gazteetan, gainaldea nabarra da, lumen alboak, gorrixka kolorekoak direlarik

Beste hegaztiekiko antzekotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina eta kolore edo itxuragatik beste hauekin nahasi daiteke:

- Kukua: Tamainaz, ekologiaz eta kolorez oso antzekoa.

- Txinbo gabiraia: Kolorea eta lumajea oso antzekoa, hortik dator bere izena.

- Hontz gabiraia: Kolorez eta lumajez oso antzekoa, hortik dator bere izena.

- Shrikra gabiraia: Gabirai arruntarekin antzekotasunak ditu, baina gabirai arrunta handiagoa da eta bere hotza ere ezberdina da.

- Belatz txikia: Itxuraz eta lumajez oso antzekoak dira, baina gabiraia handiagoa da.

- Greziar gabiraia: Itxuraz, kolorez eta tamainaz antzekoa.

- Belatz gorria: Airean itxuraz antzekoa, tamaina antzekoa. Dena den, belatz gorriak puntan bukatutako hegoak ditu, gabirai arruntak punta biribilak dituen bitartean.

Bere hegaldia berezkoa da, altuera baxuko hegaldi ondulatuak egiten ditu. Planeatzeak 3-4 hego astindu indartsu eta bizkorrekin tartekatzen ditu. Distanzia luzeak edo abiadura handiko hegaldi zuzenak egiten dituenean isatseko lumak edo norabide-lumak bilduta eramaten ditu, norabide aldaketa sakonak eta harrapakina jazartzeko baino ez ditu luma horiek zabaltzen.

Hego biribilak eta motzak zein isats luzea baso trinkoetan bizitzeko eta ehizatzeko eboluzioaren emaitza dira, ezaugarri horiekin mugikortasun handiarekin mugi daitezke ekosistema horietatik eta distantzia motzetan abiadura handia hartzeko gai dira, azelerazio eta desazelerazio bizkorrekin.

Habitata eta hedakuntza eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa, Asia paleartiko eta Iparmendebaldeko Afrikako lautadako basoetan eta Ipar Amerikako toki menditsu batzuetan bizi da.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian nahiko hedatua dagoen hegazti harraparia da, baso trinkoetan bizi da eta aztore arruntaren ekologia bera partekatzen du.

Dena den, aztoreare arruntaren "lehengusin txikia" izan arren, gabirai arrunta aztorea baino generalistagoa da lurraldeari dagokionez, eta gizakiari ohituago dago. Hain da horrela ezen gabirai arrunta hirigune nagusietan ikusteko parada baitago, bertako hirigune parketan.

Euskal Herriko zazpi lurraldetatik hedatzen da, Lapurdi, Bizkaia, Gipuzkoa, Zuberoa, Araba, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiko baso trinkoetatik barrena, baso hostozabal zein pinofito basoetatik.

Bizitza eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gabiraia
Accipiter nisus

Urtean behin jartzen ditu arrautzak, 4 edo 5 arrautza jarriz (batzuetan baita 7 arte ere), zuhaitz baten gainean jarritako makilatxo, adartxo eta beste landare elementu batzuekin egindako habia batean, arrunki, konifero basoetan. Arrautzak, 2 eta 4 egun arteko tarte batean jartzen dira, gutxi gora-behera. Inkubazioaren ardura emeak hartzen du, eta bigarren edo hirugarren arrautza jartzen duen unetik hasten da, 32 eta 45 egun bitarteko iraupena duelarik. Denbora horretan, arrak emea elikatzen du. Txitoek, lumadia 13tik 28 egunetara lortzen dute, eta, 32ra, euren lehen hegaldia egiteko prest daude, baina euren gurasoen zaintzapean jarraitzen dute beste 27 egunez, gutxi gora-behera.

Gabirai arruntak, behetik hegan eginez ehizatzen du, abiadura handian, batik bat, beste hegazti espezie mota batzuk eta hauen txitoak ehizatuz, baita ugaztun eta intsektu txikiak ere. Falkoniformeen ordenako hegazti harrapari bezala, eguneko hegazti harraparia da.

Harrapatzen dituen animalien artean hauxek daude: etxe-txolarre, amilotx urdina, amilotx mottoduna, kaskabeltz handia, txantxangorria, zozoa, txio arrunta, txonta arrunta, garrapoa, martin arrantzalea eta oro har basoetako txori txiki guztiak sartzen dira bere dietan.

Gabirai arruntak garrantzi ekologiko handia du basoetako harrapakin populazioen orekatzaile nagusietakoa baita, aztorearekin batera.

Aztoreak hegazti ertain eta handiak eta untxi zein erbiak ehizatzen dituen bitartean, gabiraia basoetako txori txikien harrapari natural nagusia da, basoetan bizi diren txori ugari eta anitz guztien popilazioak orekatuz.

Sagu eta intsektuak ere ehizatzen ditu noizbehinka, baina gabiraia hegaztijale sutsu bezala sailkatu daiteke.

Gabiraiak harrapakin baten atzetik doazenean temati ibiltzen dira jazarpenean, hain da horrela ezen batzuetan jazarpen hori herri edo hirigunetan bada etxe barrura sar baitaitezke bere harrapakinaren atzetik ziztu bizian joateagatik.

Espezieen arteko alkarrekintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aztore handiagoarekin partekatzen duenez habitata eta ekologia, honengatik desplazatua izaten da. Normalean, gabiraiak habia aztore habietatik urrun egiten du, segurtasun distantzia bat mantenduz, horrekin batera basoaren trinkotasun edo itxiera handienean egitea erabakitzen du segurtasun gehigarri bat emateko.

Harrapari naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabirai arrunta noizbehinka aztore arruntaren, gaueko hegazti harraparien (hontz handi, hontz zuri eta urubi arrunt), zapelatz arruntaren, belatz handiaren eta arranoen (arrano beltz eta arrano txiki) dietan sartzen da.

Lepazuriek, lepahoriek eta katajinetek arrautzak, txitak eta heldu despistatuak harrapatu ditzakete. Azeri arruntak ere ehizatzen du.

Gizakiarekiko harremana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabiraiak historikoki falkonerian erabiliak izan dira eta izaten jarraitzen dute basoetako txori txiki eta bizkorrak ehizatzeko, baita ere usoen, zozoen, arabazozoen eta aireportuetan arazoak sortu ditzaketen edozein txori txiki kontrolpean izateko.

Argazki bilduma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]