Zozo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau txoriari buruzkoa buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Xoxoa».
Zozo
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaTurdidae
GeneroaTurdus
Espeziea Turdus merula
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera36 cm
Kumaldiaren tamaina3,9
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora13 egun

Zozoa (Turdus merula) Turdus generoko eta Turdidae familiako txoria da. Zozo arrunta espeziea izendatzeko zozoa bakarrik erabili ohi da. Europa, Asia eta Iparraldeko Afrikan bizi da eta Australia eta Zeelanda Berrian ere sartua izan da. Euskal Herrian oso ugaria da, gehiago alde atlantiarrean mediterraneoan baino[1]. Latitudearen arabera guztiz migratzaileak, partzialki migratzaileak ala urte osoan kumatze-lekuan geratzen direnak izan daitezke[2].

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitzineuskara zaharrez: *zo > *zo-zo[3] Joseba Lakarraren ikerketen arabera.

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiespezie nagusiaren zozoak (Turdus merula merula) buztan luzea (arrek 95-110 milimetrokoa eta emeek 100-105 milimetrokoa), 23,5-29 zentimetroko luzera, 34 a 38 zentimetroko hego-luzera eta 80-125 gramoko pisua ditu. Pisua sexu eta urtaroen arabera aldatzen da. Normalean arrak emeak baino handiagoak dira.

Zozo arra
Zozo emea

Dimorfismo sexual nabaria du. Arra beltza da, moko eta begiko eraztun horiarekin, eta emea arrea, kontraste gutxiagoko moko eta begiko eraztunarekin. Gazteak ere bereiz daitezke mendian[4]. Neurri ertain-handiko Turdusa da, hego biribilkatu eta buztan luzekoa, tipikoa basoko espezietan. 34-38,5 zentimetroko zabalera eta 24-29 zentimetroko luzera dute azpiespezie europarrek. Arrak guztiz beltzak dira; eta emeek burua, gainaldea, hegoak eta buztana arre ilunak dituzte, eta azpialdea argiagoa, gorrixka bularraldean eta orban ilun batzuekin. Gazteak eme helduak baino argiagoak dira eta azpialdean lerro laranja, gorri edo gaztain-koloreko markatuagoekin. Lehen neguko banakoek eme heldua gogorarazten dute[5].

Azpiespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sailkapena
Avibase Peter Clement
Avibaseren arabera, Turdus merularen 14 eta 16 arteko azpiespezie daude:
  • Turdus merula merula
  • Turdus merula azorensis
  • Turdus merula cabrerae
  • Turdus merula mauritanicus (tartean Turdus merula algirus)
  • Turdus merula aterrimus
  • Turdus merula syriacus (tartean Turdus merula insularum)
  • Turdus merula intermedius
  • Turdus merula mandarinus
  • Turdus merula sowerbyi
  • Turdus merula nigropileus
  • Turdus merula spencei
  • Turdus merula bourdilloni
  • Turdus merula kinnisii
  • Turdus merula buddae

Turdus simillimus eta Turdus maximus berez espezieak dira, nahiz eta zoologo batzuek azpiespezietzat jo.

Clementen ustetan, 15 azpiespezie daude:
  • Turdus merula merula
  • Turdus merula azorensis
  • Turdus merula cabrerae
  • Turdus merula mauritanicus
  • Turdus merula aterrimus
  • Turdus merula syriacus
  • Turdus merula intermedius
  • Turdus merula maximus
  • Turdus merula mandarinus
  • Turdus merula sowerbyi
  • Turdus merula nigropileus
  • Turdus merula spencei
  • Turdus merula simillimus
  • Turdus merula bourdilloni
  • Turdus merula kinnisii
Turdus simillimus eta Turdus maximus azpiespezietzat jotzen du

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emea bere habian, Austin's Ferry, Tasmania

Paleartikoan, Indian eta alde Ekialdean aurkitzen da, hainbat azpiespezie desberdinetan banatuta[5]. Europa epelean, beti ere Zirkulu Polar Artikoaren azpitik, Afrika iparraldean, Makaronesian (Madeira, Azoreak, Kanariak) eta Asia hegoaldeko zati handi batean ageri da. Australian eta Zeelanda Berrian kanpotik eramana da. Euskal Herrian ere banaketa ia erabatekoa da, baina Pirinioetako goi-mendietan zozo paparzuriak ordezkatzen du.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere habitataren zabalera izugarria da, ia altitude gradiente guztian agertzen baita, edozein ingurutan agertzen da, oso soilduetan izan ezik[6]. Orokorrean dentsitate garaienak zuhaiztietan agertzen ditu, dentsoetan nahiz irekietan, eta 1000 metrotik beheraː[7] hemendik gora sarritan zozo paparzuriak ordezkatzen du.

Zozo - historic image in Nederlandsche Vogelen (en: Dutch Birds), Vol. 1 (1770)

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orojalea dela esan daiteke. Animaliei dagokionez intsektu eta oligoketoak dira nagusi, baina arrain eta apoak ere aipatu dira bere dietan[8]. Bere dieta gizakiaren eragindun ingurutan aztertu da bereziki, eta litekeena da zizareen garrantzia baxuagoa izatea inguru naturaletan. Gainera jatorri begetaleko elikagaien kantitateak animali jatorrikoena gainditu ohi du, ondorioz zizare eta intsektuak jaten dituen animalia fruitujale modura defini daiteke[9]. Halere animali jatorria oso garrantzitsua da, beharrezkoa baitute egunero hiru gramo intsektu edo beste animaliaren bat jatea, beren beharrizan proteikoak asetzeko.

Animalia fruitujalea denez, hainbat moldaera ditu: fruitujaleak ez diren beste espezie batzuek baino moko zabalagoa izatea, elikagaiek hestean zehar bide laburragoa egitea, eta potentzialki toxikoak diren metabolito sekundarioekiko jasankortasun garaia izatea[10].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altuera baxuan egiten du hegan distantzia laburretan; distantzia luzeetan aldiz bizkorrago, uhin-mugimendu gutxirekin eta beti lerro zuzenean potentzia nabariaz. Oso zaratatsua da eta larrituta dagoenean txilio asko egiten du eta oso ozen. Normalean ez da leku altuetan pausatzen, nahiz eta kumatze garaian kantatzeko arrak joera hori duen. Ezarleku hauek 1,5-10 metroko altuera izaten dute[11]. Migratzaileak geldikorrak baino taldekoiagoak dira.

Monogamoa da[12]. Ohikoa da bikoteak bizi osorako mantentzea ale geldikorretan. Espezie bakartia eta lurraldekoia da, lurraldea funtsezkoa zaio parekatzeko eta kumeak hazteko. Bi sexutako ale lurraldekoiak normalean oldarkorrak dira beste zozoekin; kumatze garaian beren sexukoekin bereziki, eta hemendik kanpo guztiekin berdin. Bikoteko banakoen oldarkortasuna bikote gabekoekiko lurraldeen mugan ematen da, bereziki kumatze garaiaren hasieran, lurralde berriak egiten ari direnean[12]. Habia jartzeko lekua bikoteak bilatzen du baina azken erabakia emeak hartzen duela dirudi, eta habia ere emeak egiten du. Normalean habia berria egiten dute kumaldi bakoitzean, baina batzuetan habia berean kumatzen dute denboraldi guztian, eta posible da hainbat udaberri habia berean igarotzea baldintza meteorologikoek laguntzen badute.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zozo-arrautzak
Zozo kumeak

Araldian abendu bukaeran, eta bereziki otsail erdi aldera sartzen dira[11]. Arrak buztana zabaldu eta posizio bertikalean jartzen du, aldi berean lepoa uzkurtzen du eta bere gorputzak bola beltz baten itxura hartzen du, erdian moko hori-laranjaxka deigarria ageri duena. Honen aurrean lumak arrotzea da emearen erantzuna. Aralditik kanpo arra da dominatzailea eta araldian emea. Ezohikoak dira arren arteko borrokak.

Kumaldian 3-5 arrautza jartzen ditu, ia beti 4. Euskal Herrian arraroa da apirilaren 10ra baino lehen errutea[11]. Bi gurasoek elikatzen dituzte kumeak. Aurreko kumaldia ona izan bada ez da harritzekoa habia bera erabiltzea hurrengo kumaldirako.

Ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrak kumeak elikatzen.

Kumeek amak txitatzea behar dute jaio eta lehen hiru edo lau egunetan ez baitira gai beren gorputzeko tenperatura erregulatzeko. Habia hamahiru egunera uzten dute, eta landarediaren artean ezkutatzen dira gurasoek elika ditzaten. Guraso bakoitzak kumaldi erdia elikatzen du, baina arrak osoa elikatuko du emea habia berri bat eraikitzen hasten bada. Hiru aste inguru igarotzen dituzte kumeak zaintzen, hauek sakabanatzen diren arte[11]. Bi sexuak beren lehenengo udaberrian ugaltzen dira lehen aldiz, helduek egin ondoren.

Espezie arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie arteko lehiaren ondorioz, ohikoena da, bi antzeko espezie, antzeko nitxoa eta elikagaiak ustiatzen dituztenak, espazialki bereizita agertzea[13]. Turdidoen kasuan aldiz frogatu da landarediaren egituraren eta altitudearen arabera banatzen direla, eta lehiazko esklusioak garrantzi gutxi duela banaketa azaltzerakoan.

Hegazti harrapari guztiek ehizatzen dute zozoa, gautarrek nahiz egunekoek, baina ez da inoren elikaduraren ehuneko altura iristen. Gabiraiaren (Accipiter nisus) harrapakin gogokoena da, batez ere gazte emantzipatu berriak[11]. Baina badirudi gehiena arrano txikiak (Hieraaetus pennatus) eta belatz handiak (Falco peregrinus) ehizatzen dutela. Parkeetan mika (Pica pica) eta etxeko katua (Felis catus) dira harrapakari nagusiak, baina ez dute eragin handirik populazioetan[14].

Kontserbazio egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zozoa ehizatu egiten da eta gehiegizko ehiza da bere arazo larrienetako bat[13]. Bestalde baso inguruetako sastrakak kentzea ere arazo larria da, zozoak bezala bertan elikatu eta habiak egiten dituzten espezieentzat, eta mehatxu faktore bat izan daiteke basoko populazio batzuentzat. Kantauriar isurialdean ikusi da zozo dentsitatea askoz baxuagoa dela pinu eta eukaliptu birlandaketetan, bertako baso autoktonoetan baino[15].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Odriozola Larrañaga, Iñaki. Zozo arrunta (Turdus merula). EuskalNatura.net (Noiz kontsultatua: 2010-02-14).
  2. Collar, N. J.. (2005). Common Blackbird (Turdus merula). in: Handbook of the Birds of the World. 10. Cuckoo-shrikes to Thrushes Bartzelona: Lynx Edicions, 645 or. ISBN 84-87334-72-5..
  3. (Gaztelaniaz) Lakarra, Joseba A.. (2005). (PDF) Protovasco, munda y otros: Reconstrucción interna y tipología holística diacrónica. Eusko Ikaskuntza, Donostia, 299 or. (Noiz kontsultatua: 2010-02-06).
  4. Svensson, L.; Grant, P. J.; Mullarney, K.; Zetterström, D.. (2001). Guía de aves. La guía de campo de aves de España y de Europa más completa. Bartzelona: Omega.
  5. a b Clement, P.; Hathway, R.. (2000). Thrushes. Londres: Christopher Helm.
  6. Aparicio, R. J.. (2003). Mirlo común, Turdus merula. in: Atlas de las aves reproductoras de España. Madril: Dirección General de Conservación de la Naturaleza-Sociedad Española de Ornitología, 444-445 or..
  7. Carrascal, L. M.; Weykan, S.; Palomino, D.; Lobo, J. M.; Díaz, L.. (2005). Atlas virtual de las aves terrestres de España. Madril: Museo Nacional de Ciencias Naturales.
  8. Valverde, J. A.. (1967). Estructura de una comunidad de vertebrados terrestres. Madril: Consejo Superior de Investigaciones Científicas.
  9. Guitián, J.; Guitián, P.; Munilla, I.; Guitián, J.; Bermejo, T.; Larrinaga, A. R.; Navarro, L.; López, B.. (2000). Zorzales, espinos y serbales. Un estudio sobre el consumo de frutos silvestres de las aves migratorias en la costa occidental europea. Santiago Compostelakoa: Santiago Compostelako Unibertsitatea.
  10. Herrera, C. M.. (2004). Ecología de los pájaros frugívoros ibéricos. in: La Ornitología hoy. Homenaje al profesor Francisco Bernis Madrazo. Madril: Complutense, 127-153 or..
  11. a b c d e Noval, A.. (1975). El libro de la fauna ibérica. Oviedo: Naranco.
  12. a b Cramp, S.. (1988). The birds of the western Paleartic. V Oxford: Oxford University Press.
  13. a b Telleria, J. L.; Santos, T.. (1982). «Las áreas de invernada de zorzales y mirlos (género Turdus) en el País Vasco» Munibe (34): 361-365..
  14. Fernández-Juricic, E.; Telleria, J. L.. (1999). «Recruitment patterns of blackbirds (Turdus merula) in urban fragmented populations» Ardeola (46): 61-70..
  15. Carrascal, L. M.; Telleria, J. L.. (1990). «Impacto de las repoblaciones de Pinus radiata sobre la avifauna forestal del norte de España» Ardeola (37): 247-266..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Turdus_merula

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]