Genero gramatikal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau gramatika-generoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Genero».
Herrialdeen generoa frantsesez.: berdez, maskulinoak; morez, femeninoak (Birmaniari, Taiwani eta Herbehereei erreparatu: le Myanmar vs la Birmanie; le Taïwan [de Tchang Kaï-chek] vs la République de Chine; la Hollande vs les Pays-Bas [pays, "herrialde", maskulinoa da]).

Genero gramatikala izenak zenbait motatan sailkatzen dituen gramatika-kategoria da. Sexu-bereizketan edo bestelako nolakotasun batean oinarritzen den gramatika-kategoria da, hain zuzen ere.

Genero motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexua eta generoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako hizkuntza askoren kasuan generoak sexuarekin (bizidunen generoarekin, hertsiki) zerikusia badu ere, gramatika-generoa maiz arbitrarioa da. Hau da, genero neutrorik ez duen baina maskulino/femeninoa dituen hizkuntza batean, marka maskulino edo femeninoak ematen zaizkie sexurik gabeko objektu arruntei edo baita animaliei ere. Adibide batzuk gaztelaniaz: la ballena (balea, fem., arra ala emea izan), la puerta (atea, fem.), el puente (zubia, mask.). Frantsesez, herrialdeen izenek artikulua daramate eta, horren ondorioz, genero maskulinoa edo femeninoa dute, banaketa arbitrario samarrean.

Europako hizkuntzen artean, sexua normalean generoaren bereizgarri agertzen dela jakinik, ñabardurok daude:

Izen-klaseak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza batzuek —Afrikako zenbaitek, adibidez— sei generotatik gora dituzte, sexuarekin zerikusirik ez dutenak, eta kasu horietan, izen-klase kontzeptua maizago erabiltzen da generoarena baino.

Generoaren markak eta komunztadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenen sailkapenerako kategoriak dira generoak, eta agerpen morfemikoa batzuetan izenetan har dezakete, baina ez beti.

Gaztelaniaz, izenen generoa bukaeran agertzen da normalean. Ipar Amerikako kathlamet hizkuntzan, berriz, aurrizki gisa, baina bi kasuetan nahiko parekagarriak dira kasuak:

  • Gaztelaniaz: perro, perra (txakur arra, txakur emea); muchacho, muchacha (mutila, neska).
  • Klathlamet: ikʔútkʔut, akʔútkʔut (txakur arra, txakur emea); ikásqax, akásqax (mutila, neska).

Izenetan markarik ez den genero-sailkapenik ere bada hizkuntzetan, baina nolabait, kasu horietan, komunztaduran agertu beharko da genero-bereizgarritasuna.

Generoaren komunztadura beste morfema batzuekin gerta daiteke: determinatzaileak, izenlagunak, numeralak, aditzak... Gaztelaniaz, komunztadura gertatzen den izenlagun edo adjektiboen amaierarekin eta artikuluekin:

  • Gato (katar), el gato (katarra), el gato negro (katar beltza), los gatos negros (katar beltzak).
  • Gata (kateme), la gata (katemea), la gata negra (kateme beltza), las gatas negras (kateme beltzak).

Galesez, komunztadura zein izen-eraldaketa parametro bitxietan gertatzen da, hitz hasierako kontsonantea aldatuz:

Izena Artikuluarekin Izenlagunarekin
Maskulino singularra mab "seme" y mab "semea" y mab mawr "seme handia"
Femenimo singularra merch "neskato" y ferch "neskatoa" y ferch fawr "neskato handia"

Generoa eta euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz, oro har, izenak generoa adierazten ez badu ere, aditzen, jokatuen zein laguntzaileen, bigarren pertsonak bereizten ditu maskulinoa eta femeninoa, marka desberdinak baitituzte (hik ikusi duk / hik ikusi dun; hiri eman diat / hiri eman dinat). Gainera, forma alokutiboak erabiltzean ere, genero-markak beste pertsonetan ere agertzen dira (haiek etorri dituk / haiek etorri ditun; ez zagok eskubiderik / ez zagon eskubiderik).

Lexikoan ere generoa (eta sexua) bereizteko erarik bada (gizon / emakume, zaldi / behor...).

Bestalde, behe-nafarreraz eta zubereraz (eta erronkarieraz) bada -sa atzizkia, izen femeninoak eratzeko (artzain / artzaintsa; alargun / alarguntsa); beste euskalkietan, ordea, ez da atzizki emankorra. Hala ere, mailegu (oso) berrietan (Eliza Santa Katolikoa, emakume alta bat), eta baita ahozko erabilera arruntetan ere (gezurtero / gezurtera; maja / majua; guapa / guapo) badira adibideak euskalki guztietan, baina gaztelaniaren eraginekoak direla bistan da.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]