Hanno Nabigatzailea
Hanno Nabigatzailea | |||
---|---|---|---|
K.a. 480 - K.a. 440 ← Hamilkar I.a Kartagokoa - Hanibal I.a Kartagokoa → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Kartago, K.a. V. mendea | ||
Herrialdea | Antzinako Kartago | ||
Heriotza | K.a. V. mendea ( urte) | ||
Familia | |||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Leinua | Magonidak | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | punikoa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | esploratzailea | ||
Lan nabarmenak | ikusi
|
Hanno Nabigatzailea[1] (hizkuntza punikoz: 𐤇𐤍𐤀, antzinako grezieraz: Ἄννων; K.a. 633 – K.a. 530)[2][3] nabigatzaile kartagotarra izan zen. Horren izenean Periplus (πξρίπλουρ) bat idatzita utzi zuten, Hanno-ren periploa, Afrikako zati baterako bidaia baten kontaketa laburra da.
Bere ibilbidearen analisi moderno batzuen arabera, Hannoren espedizioa Gabonaren hegoalderaino irits zitekeen; hala ere, beste batzuek ez dute uste Marokoaren hegoaldea baino urrunago joan zenik[4].
Lana jatorriz hizkuntza punikoan idatzi zuten, baina grezierara itzuli zen. Jatorrizko punikoa galdua dago. Lanaren egilea ezezaguna da. Bestalde, Hanno eta beste nabigatzaileak ezin dira inolako garai berezitan kokatu[5].
Espedizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kartagok Hanno 60 ontzitako flota baten buruan bidali zuen Afrikako ipar-mendebaldeko kostaldea esploratzeko eta kolonizatzeko[6]. Gibraltarko itsasartea zeharkatu zuen, gaur egun Maroko den Afrikako kostaldean zazpi kolonia sortu edo birpopulatu zituen eta kontinenteko kostalde atlantikoa askoz urrunago arakatu zuen. Hannok hainbat indigena topatu zituen bere bidaian eta mota ezberdinetako harrerak izan zituen haiekin.
Gorilak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hannoren bidaiaren amaieran, esploratzaileak, oso populatua zegoen uharte bat aurkitu zuen, jende iletsu eta basati zena deskribaturik. Gizonak harrapatzeko saiakerek huts egin zuten, baina emakumeetako hiru harrapatuak izan ziren. Hauek, hain ziren basatiak, erail egin behar zituztela, eta euren larruak Kartagokora eraman zirela. Larruak Junoren tenpluan (Tanit edo Astarte) gorde ziren Hannoren itzuleran, eta, Plinio Zaharraren arabera, bertan iraun zuten K.a. 146an Kartago erromatarrek suntsitu zuten arte, Hannoren espediziotik 350 urtera[7][8][9]. Hannorekin bidaiatzen zuten itzultzaileek Gorillai deitzen zioten herriari (grezierazko hitzetik). Thomas Staughton Savage mediku eta misiolari amerikarrak eta Jeffries Wyman naturalistak gorilak XIX. mendean deskribatu zituztenean, tximinoak Troglodytes gorilla izendatuak izan ziren Hannoren deskribapenak kontuan hartuz[10][11].
« | Bere barnean, ezkutuago, lehen deskribatutakoaren antzeko uharte bat zegoen, modu berean, beste uharte bat laku bat zuena, non pertsonen deskribapen zakar batez bizi baitziren. Emeak arrak baino askoz ugariagoak ziren eta larruazal zakarra zuten: gure itzultzaileek gorillae deitu zieten. Jazarri egin genituen, baina ezin izan genuen ar bakar bat ere harrapatu; denek ihes egin zuten amildegien tontorrera, erraz igo ziren, eta harriak bota zituzten; emeetako hiru hartu genituen, baina hain bortizki borrokatu ziren, harrapatzaileei kosk eginez eta urratuz, non hil egin genituen, eta larruak kendu genizkien, Kartagora eramateko[12]. | » |
—Hannoren ibilbidea |
Periplo
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hannoren espedizioaren iturri nagusia greziar Periplus idazkia da, ustez Hannok tableta baten itzulpena zintzilikatu omen zuen Kartagora itzultzean Ba'al Hammon tenpluan, greziar idazleek Kronosekin identifikatu zutena. Grezieratik itzulitako izenburua da: Hannoren bidaia, kartagotarren komandantea, Libiako kostaldearen zehar, Heraklesen zutabeetatik baino haratago, Kronosen tenpluan gordailututa dagoena.
Testua, V. mendean, nahiko kaskarra zen greziera batera itzuli zen. Ez zen interpretazio osoa izan; hainbat laburpen egin ziren. Itzulpen laburtua, grezieratik eta grezieraz hitz egiten zuten eskribau erromatarrek zenbait aldiz kopiatu zuten. Gaur egun, bi kopia baino ez daude, IX. eta XIV. mendekoak[8].
Eskuizkribu horietako lehena Palatinus Graecus 398 izenarekin ezagutzen da, Heidelbergeko Unibertsitate Liburutegian azter daitekeena[13]. Beste testua Codex Vatopedinus 655ean dago, Greziako Athos mendiko Vatopedi monasterioan aurkitua eta XIV. mendearen hasieran datatua; kodizea British Library[14] eta Frantziako Bibliothèque Nationale[8][15] artean banatzen da.
Antzinako egileen iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Testua Herodotok, Plinio Zaharrak eta Flavio Arriano Nikomediakoak ezagutzen zuten.
Herodoto
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herodoto historialari greziarrak (K.a. 480-425) seguruenik Hannoren jatorrizko txostenean oinarritutako istorioa ematen digu.
« | Kartagotarrek diote Libiako zati batean Heraklesen zutabeetatik harantzago bizi den gizon arraza batekin egiten dutela merkataritza. Herri honetara iristean, beren salgaiak deskargatzen dituzte, hondartzan zehar ordenan jartzen dituzte, eta gero, beren txalupetara itzultzean, kea sortzen dute. Kea ikustean, indigenak hondartzara jaisten dira, lurrean urre kantitate bat uzten dute merkantziaren truke eta berriro urruntzen dira. Kartagotarrak, gero, lehorreratu eta urrea begiratzen dute, eta, salgaiengatik bidezko prezioa duela uste badute, jaso eta joan egiten dira; aitzitik, gutxi iruditzen bazaie, ontzira itzuli eta itxaron egiten dute, eta bertakoak etortzen dira eta urrea gehitzen dute ase arte. Zintzotasun perfektua dago bi aldeetan; kartagotarrek ez dute inoiz urrea ukitzen beren balioa salmentan eskainitakoa berdina izan arte, eta bertakoek ez dituzte inoiz ondasunak ukitzen urrea kendu arte. | » |
—Herodoto Halikarnasokoa[16]. |
Plinio Zaharra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Plinio Zaharraren arabera, Hannok hasi zuen bere bidaia, Himilko Europako kostalde atlantikoa arakatzen hasi zen unean. Pliniok jakinarazi duenez, Hannok benetan Afrikako kontinentea inguratzea lortu zuen, Gadesetik Arabiaraino[17].
Arriano
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrianok Hannoren bidaia aipatzen du Alexanderren anabasiaren amaieran VIII.:
« | Gainera, Hanno libiarra Kartagotik abiatu zen, Heraklesen Zutabeak pasa eta kanpoko ozeanora itsasoratu zen, Libia portuaren alboan zuela, eta ekialderantz abiatu zen, bost eta hogeita hamar egunetan kontatuta. Baina, azkenean, hegoalderantz egin zuenean, mota guztietako zailtasuna izan zituen: ur falta, bero bizia eta itsasoratzen ziren erreka sutsuak. | » |
—- Arriano Nikomediakoa[18] |
Ibilbidearen azterketa modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait aditu modernok Hannoren bidaiari buruzko iruzkina egin dute. Kasu askotan, analisia jatorrizko kontuaren informazioa eta interpretazioa hobetzeko izan da. William Smithek adierazi du bidaiarien kopurua 30.000 izan zela, eta oinarrizko helburua zen kartagotar (edo haiek esaten zuten moduan, Libiofeniziar) hiriak sortzea[19]. Zenbait ikerlek zalantzan jarri dute aurreko kopurua eta uste dute zehatzagoa izango zela 5.000 bidelagunen zenbakia[8].
Bestalde, Robin Lawek ohartarazi duenez:
« | Arazoa iluna da: iruzkin batzuek Hanno Gabon ingurura iritsi zela argudiatu zuten bitartean, beste batzuek Maroko hegoaldea baino ez zela heldu[4]. | » |
Hardenek[20] adierazi du, gutxienez, Senegaleraino iritsi zela espedizioa. Batzuek diote Gambiara irits zitekeela. Hala ere, Hardenek bere desadostasuna aipatzen du Hannoren esplorazioaren urruntasunari dagokionez: Sierra Leona, Kamerun edo Gabon. Azaldutako Kamerun mendiak (4.040 metroko sumendi batek), Hannoren deskribapenarekin antz handiagoa du, Gineako 890 metroko Kakulima mendia baino.
Warmingtonek Kakulima mendia hobesten du, Kamerun mendia urrunegia dagoelako[21]. Warmingtonek[22] iradokitzen du bidaiaz xehetasun falta, bat datorrela kartagotarrek Atlantikoko merkataritzaren kontrol esklusiboari eusteko erabakiekin.
« | Txosten honek antzinako zenbait idazleren kritikak izan ditu, tartean Plinio Zaharra, eta garai modernoan aditu asko dabiltz haren inguruan. Kontua inkoherentea da eta batzuetan ez da zuzena, eta ia edonork huts egiten du aipatutako lekuak identifikatzen saiatzeko, nabigatzeko norabidea eta distantziak kontuan hartuz. Zenbait adituk testu-zuzenketetara jotzen dute, kasu batzuetan justifikatuta; baina litekeena da aurrean duguna nahita editatutako txostena izatea, Kartagoko lehiakideek lekuak identifika ez ditzaten. Kartagotar praktikari buruz dakigun guztiaren arabera, punikoek ez zuten nahi greziarrek mendebaldeko merkatuen eta sarbideen ezagutza izatea, horregatik, ulergaitza da Hannok bere bidaien deskribapen zehatza egin zezala, greziarrei informazioa emango ziolako. Hannok egindako benetako txostenaren bertsio ofizial bat dugu, funtsezko informazioa ezkutatzen edo faltsutzen duena eta, aldi berean, kartagotarren lortutakoez harrotasuna erakusten duena. Hala ere, ez da aipatzen zein den bidaiaren helburua ezta urre-merkatuaren ibilbidea nola sendotzen zen. | » |
—Warmington |
Raymond Mauny historialariak, 1955ean La navigation sur les côtes du Sahara pendant l'antiquité artikuluan, argudiatu zuen antzinako nabigatzaileek (Hannon, Euthymène, Scylax, etab.) Ezin zutela Atlantikoko hegoalderantz Bojador lurmuturra baino urrunago joan. Antzinako geografoek Kanariar uharteak ezagutzen zituztela adierazi zuen, baina hegoalderantz ezer ere ez. Belako karratuko itsasontziek, lema zorrotzik gabe, hegoalderantz nabigatu dezakete, baina urte osoko haizeek eta korronteek Senegaletik Marokora itzultzea eragotziko lukete. Arraun itsasontziek itzulera iparralderantz lor dezakete, baina oso zailtasun handiekin. Mauny-k suposatu zuen Hanno ez zela Drâa baino urrunagora iritsi. Mogador uhartean aurkitutako objektuak Pseudo Eszilaxen periploan deskribatutako espedizioari egozten zizkion eta ohartarazi zuen hegoalderago Mediterraneoko merkataritzaren frogarik ez zela aurkitu oraindik. Egileak amaitzeko kostaldeko uharteei buruzko ikerketa arkeologikoa iradokitzen du, hala nola, Cabo Verden edo île de Hernén (Dakhla ondoan dagoen Dragoi uhartea), Mendebaldeko Sahara inguruan, non antzinako abenturazaleak gelditu eta finkatu zitezkeen[23].
Herri kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hanno ilargiko kraterrak bere izena du. [23]
- Hanno History Channel dokumentaleko bigarren ataleko gaia izan zen Mankind: The Story of All of Us.
- Hanno da Al Stewarten Hanno the Navigator abestiaren gaia, Sparks of Ancient Light diskotik.
- Hanno Poul Anderson-en zientzia-fikzioko The Boat of a Million Years eleberriko pertsonaia nagusia da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ FAGE, J. D.; ROLAND, Anthony Oliver; ROBERTS, A. D., eds. (1979). The Cambridge History of Africa. Cambridge University Press, 134 or. {{ISBN|978-0-521-21592-3}}.
- ↑ LIDDLELL, Henry; SCOTT, Robert; STUART-JONES, Henry (2020ko maiatzaren 19a). Berg, William (arg.). Hanno. Liddell, Scott, Jones Ancient Greek Lexicon. 2020ko irailaren 28a berreskuratua.
- ↑ HUSS (1985), 565 or.
- ↑ a b R.C.C. Law (1979): North Africa in the period of Phoenician and Greek colonization. In Fage, J.D. (ed.). The Cambridge History of Africa, 2. liburukia, Cambridge University Press. 135 or., ISBN 9780521215923. 2020.09.28an kontsultaturik
- ↑ Atlas de los exploradores españoles. GeoPlaneta 2009 ISBN 9788408086833. PMC 556943554. (Noiz kontsultatua: 2018-11-25).
- ↑ Warmington 1964, 74–76 or.
- ↑ Plinio Zaharra: Natural History 6.200.
- ↑ a b c d LENDERING, Jona: Hanno the Navigator, Livius.org Articles on Ancient History. Archived from the original on 19 March 2015. 2020.09.28an kontsultaturik
- ↑ HOYOS, Dexter (2010): The Carthaginians, Routledge, 53 or., ISBN 978-0415436458 2020.09.28an kontsultaturik
- ↑ SAVAGE, TS. (1847): Communication describing the external character and habits of a new species of Troglodytes (T. gorilla). Boston Soc Nat Hist: 245–247 or. 2020.09.28an kontsutaturik
- ↑ SAVAGE TS, Wyman J. (1847). Notice of the external characters and habits of Troglodytes gorilla, a new species of orang from the Gaboon River, osteology of the same. Boston J Nat Hist 5:417–443.
- ↑ MURRAY, Hugh (1844): An Encyclopaedia of Geography, Longman, Brown, Green, and Longmans, 11–12 or. 2020.09.28an kontsultaturik.
- ↑ Codex Palatinus Graecus 398, Heidelberger historische Bestände. University Library Heidelberg. 2020.09.28an kontsultaturik.
- ↑ British Library. Add. MS 19391.
- ↑ Bibliothèque Nationale. Suppl. gr. 443 (Pithou MS).
- ↑ Herodoto.Historiak 4.196. Livius.org. itzulpena Aubrey de Selincourt. 2020.09.28an kultsultaturik.
- ↑ Plinio Zaharra: Historia Naturala 2.169.
- ↑ BRUNT, P. A.; Robson, I. (1978): Arrian: 5–7 liburukiak, Anabasis Alexandri, Book 8 Indica. Harvard University Press. 32 or. {{ISBN|978-0-434-99269-0}}. 2020.09.28an kontsultaturik.
- ↑ SMITH, William (2005) 1. argitarapena 1870ean]: Dictionary of Greek and Roman Biography and Mythology. 2. The Ancient Library, 346 or. 2020.09.28an kontsultaturik.
- ↑ HARDEN: 1971, 168 or.
- ↑ Warmington 1964, 79 or.
- ↑ WARMINGTON (1964), 76 or.
- ↑ MAUNY, Raymond (1955): La navigation sur les côtes du Sahara pendant l'antiquité. Revue des Études Anciennes (in French). 57 (1): 92–101. doi:10.3406/rea.1955.3523. 2020.09.28an kontsultaturik
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- HUSS, Werner (1985): Geschichte der Karthager, Munich: C.H. Beck, ISBN 9783406306549. (alemanez)
- WARMINGTON, Brian H. (1964): Carthage. Harmondsworth: Penguin Books.
- HARDEN, Donald (1971): The Phoenicians. Harmondsworth: Penguin Books.
- Herodoto, itzultzaile: Aubrey de Selincourt, Penguin, Harmondsworth, 1968 (1954)
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kartagoko monarkak
- Beste Hanibal batzuk
- Beste Hannon batzuk
- Kartagotarren hedapena Italian
- Magonidak
- Siziliar gerrak