Sierra Leona

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Sierra Leonako Errepublika
Republic of Sierra Leone
Bandera Armarria
Goiburua: Unity, Freedom, Justice
(Batasuna, Askatasuna, Justizia)
Ereserkia: High We Exalt Thee, Realm of the Free
Hiriburua
eta hiri handiena
Freetown
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa
Herritarra sierraleonar[1]
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Ernest Bai Koroma
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 71,740 km2 (119.)
 -  Ura (%) 1,1
Biztanleria
 -  2013 zenbatespena 6.190.280 (103.)
 -  Dentsitatea 79,4 bizt./km2 (114.)
Dirua Lehoia (SLL)
Ordu-eremua GMT (UTC+0)
Aurrezenbakia 232
Internet domeinua sl

Sierra Leona[1] (ingelesez: Sierra Leone, sɪˈɛərə_lɪˈəʊni,_-lɪˈəʊn),[2], ofizialki Sierra Leonako Errepublika (ingelesez: Republic of Sierra Leone) Afrikako mendebaldean kokatutako herrialdea da. 71.740 km2 eta 6.294.774 ditu. Bertako hiriburua Freetown da. Hiriburuaz gainera, hiri nagusiak Koidu-New Sembehun, Bo, Kenemea eta Makeni dira. Ingelesa da hizkuntza ofiziala.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orografia eta hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sierra Leonako itsasbazterra 32–64 km bitarteko zabalera duen zabaldi hareatsu bat da, ibai-bokaleek eta sartu-irtenek hautsia, eta, zenbait tokitan, padurak dituena. Itsasaldean Sierra Leonako penintsula nabarmentzen da, baso trinkoz estalitako mendiak baititu (Picket Hill, 888 m). Penintsula horretan dago hiriburua. Itsasbazterretik aurrera ordoki bat da, iparraldea sabanak estalia eta hegoaldean basoz estalitako muino batzuk dituena. Lurraldearen ekialdeko erdia, berriz, goi-ordoki bat da, mailaz maila goraka doana, ipar-ekialdeko Loma Mendiak (Bintimani, 1.948 m) eta Tingi muinoak (Sankanbiriwa, 1.853 m) dauden alderaino. Sierra Leonako ibai nagusiek (Rokel, Taia, Sewa, Moa) ipar-ekialdetik hego-mendebaldera zeharkatzen dute lurraldea, badiak eta estuarioak eratzen dituzte kostaldean, eta ura Ozeano Atlantikoan isurtzen dute. Iparraldean, euri-sasoian, ibaiek gainezka egiten dute, eremu zabalak hartuz eta zuhaitzak haztea eragotziz.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sierra Leonak klima tropikala du, beroa eta hezea. Tenperaturari dagokionez, urtean, batez beste, 25-28 °C izaten dira kostaldean eta 23-28 °C barnealdean; ipar-ekialdean, tenperaturak gorabehera handiagoak ditu: urtarrileko hotzena 13 °C izaten da, eta martxoko beroena 32 °C. Euri-sasoi bat dago maiatzetik urrira, eta sasoi lehor bat azarotik apirilera. Euri gehiena kostaldean izaten da: Sierra Leonako penintsulako mendietan, urtean zehar, 5.080 mm euri izateraino iristen da; ipar-ekialdean, berriz, 2.000 mm inguru izaten da. Tropiko aldeko baso trinkoek lurraldearen laurden bat baino gehiago hartzen dute; zur bikaineko zuhaitzen artean, aipatzekoak dira Afrikako kaoba eta Afrikako teka. Gainerakoan, sabanako landaredia, tarkeka zuhaitzak dituena, eta, kostaldean, padurak eratzen diren alderdietan, ur gaziko landaredia hazten da.

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakide hauek ditu Sierra Leonak: iparraldean eta ekialdean, Ginea; hego-ekialdean, Liberia; hegoaldean eta mendebalean, Ozeano Atlantikoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Freetown 1803an.

Dirudienez, kostaldeko bulom-ak dira lurraldean finkatu ziren lehen biztanleetako batzuk. XV. mendean zehar, beste batzuen artean, mende eta temne etnietako jendea oldeka sartu zen. 1462. urtean, portugaldarrek kostaldea esploratu zuten, Pedro de Sintra itsasgizonaren gidaritzapean, eta Sierra Leona izena jarri zioten lurraldeari. Handik gutxira, Sierra Leonako biztanleek bolia eta guduetan atxilotutakoak saltzen zizkieten europarrei. XVI. eta XVIII. mendeetan, Sierra Leona itsaslapurren babestoki eta esklaboen salerosketarako gune nagusietako bat izan zen. 1787an, esklabotzaren aurka zegoen Britainia Handiko erakunde batek Freetown hiria («Hiri askea») sortu zuen askatasuna lortzen zuten esklaboentzat. Ingalaterratik, Amerikatik, Jamaikatik eta beste leku batzuetatik Freetown-era joan ziren gehienek ingelesa zerabilten, eta haietako asko kristauak eta ikasiak ziren. 1807an, Britainia Handiko Legebiltzarrak esklabotza debekatu zuenean, britainiar gobernuak itsas armada bidali zuen esklaboen salerosketari aurre egiteko. 1808an, Freetown inguruko kostaldea Britainia Handiaren kolonia bilakatu zen, eta, 1896an, lurraldearen gainerako guztia, berriz, protektoratu. Koloniak eta protektoratuak 1960an bateratu ziren, 1961ean burujabetasuna erdietsi zuten arte, Commonwealth erakundearen barruan.

Sierra Leona independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1967an, militarrek aginpidea kendu zioten hauteskundeetan hautatutako gobernuari, baina, handik gutxira, zibilek eskuratu zuten atzera aginpidea. Geroago, 1971ko apirilaren 19an, konstituzio berri bat onartu zen, eta Sierra Leona errepublika bilakatu zen; Siaka Stevens hautatu zuten lehen ministro. 1978an, Stevens-ek alderdi politiko bakarreko erregimena ezarri zuen. 1985ean, 80 urte zituelarik, lehendakari izateari utzi zion, eta Joseph Saidu Momoh jenerala izendatu zuten haren ordez.

1992ko apirilean, demokrazia bideratzeko berrikuntza batzuk onartu ondoren (konstituzio berria, alderdi aniztasuna), Valentine Strasser kapitainak Momoh jenerala aginpidetik kendu zuen, eta aurreko erregimeneko buruzagien ondasunak bahitu eta konstituzioa baliogabetu zuen. 1996ko urtarrilean, Julius Maada Bio militarrak estatu-kolpe bat jo eta lehenengo hauteskunde libreak antolatu zituen. Ahmad Tejan Kabbahek irabazi zituen. Baina, 1997an, estatu-kolpea jo zioten hari ere, eta Johnny Paul Koromak hartu zuen aginpidea, militar-talde baten buru.

Gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra zibilaren ondorioz suntsituriko eskola.

Azken gobernuetako tirabira handiak gerra zibilari zor zaizkio gehienbat. Gerra zibila 1991n hasi zen, RUF alderdiko Foday Sankoh-ek matxinada bat hasi zuen hego-ekialdean, baina 1995erako, ia Sierra Leona osora hedatua zen borroka. RUFeko gerrillariak temne etniakoak ziren gehienbat eta mende etniaren nagusitasunaren aurka borrokatzen ziren, haien esanetan. Hala, Kabbah lehendakariaren eta SLPP haren alderdiaren aurka aritu ziren, mendeetniaren alde ari zirelakoan.

1997ko kolpearen ondoren, ordea, gerrillariek gobernu militarrarekin bat egin zuten, baina, orduan, mendeetniakoek miliziak antolatu eta borrokan hasi ziren RUFen aldeko gobernuaren aurka. Gerra zibil luze horren ondorioz, milaka lagun hil ziren, eta bi milioi lagunek ihes egin behar izan zuten. 1998ko udan, NBEko soldaduek esku hartu izanak gerra amaitzeko itxaropena sortu zuen, baina, hurrengo hilabeteetan, zibilen aurkako sarraskiak ez ziren areagotu baizik egin. 2002an eman zitzaion amaiera gerra zibilari, NBEn bake misioaren bitartekaritzaz.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte horretan bertan hauteskunde libreak egin ziren. Gerraren ondoren, nazioarteko auzitegi bat eratu zen Hagan Sierra Leonako zibilen kontrako sarraskiak epaitzeko; epaiketa horretan frogatu zenez, diamanteen salerosketak finantzatu zuen gerra hori, eta ume soldadu asko beren aurkariei matxetez beso-hankak moztera behartu zituzten. 2007ko abuztuan, auzitegi horrek 13 lagun kondenatu zituen gerrako krimenengatik, gizadiaren kontrako krimenengatik, bortxaketengatik eta adin txikikoak soldadu eramateagatik: besteak beste, Charles Taylor Liberiako lehendakari ohia, matxinoei lagundu baitzien armaz diamante-trafikoaren truke, Foday Sankoh matxinoen buruzagia eta Johhny Paul Koroma, estatu-kolpea jo zuena.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arroza lantzen.

Sierra Leona munduko herrialderik behartsuenetarikoa da, eta aberastasuna, gainera, oso desberdin banatuta dago. Ekonomia nekazaritzan eta meatzaritzan oinarritzen da. XX. mendearen bukaeran, inportazioen gorakadak, meagintzaren gainbeherak eta administrazioaren ezintasunak eta ustelkeriak ekonomiaren hazkundea galarazi dute. Diamanteen ezkutuko salerosketa diru-iturri nagusietakoa da, baina, lurraldeko aberastasunak gorabehera, Afrikako herrialde behartsuenetako bat da. Jende gehienak lurra lantzen du bizibidea ateratzeko, oso baliabide urriekin. Lantzen diren gai nagusiak, bizigai gisa, arroza, mandioka eta artatxikia dira, eta, esportatzeko, olio-palmondoa, kafea, kakaoa eta jengibrea.

Meatzaritza-baliabide handiak daude lurraldean; haien artean, garrantzitsuenak diamanteak, bauxita eta errutiloa dira. Industria nagusiak meatzaritzaren ustiapenera bideratuak dira, baina kontsumo-gaiak lantzen dituzten lantegiak ere badira: zigarroak, azukrea, edari biziak, xaboia, ehunak, meetatik eratorritako erregaiak eta labaingarriak, besteak beste. Industria hazteko eragozpen nagusia elektrizitate-urritasuna da. Salerosketei dagokionez, Sierra Leonak errutiloa, bauxita, diamanteak, kakaoa eta kafea esportatzen ditu, eta elikagaiak, abereak, oinarrizko gaiak, erregaiak eta produktu kimikoak inportatzen. Merkataritza-harreman gehienak Britainia Handia, Amerikako Estatu Batuak, Alemania, Herbehereak eta Txinarekin ditu.

Gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sierra Leonako ingurunerik aurreratuena hiriburu ingurukoa da; aitzitik, barnealdea oso atzeratua dago. Osasun-egoera, oro har, txarra da, eta gobernuak bere gain hartu du arazo horri aurre egiteko ardura, azpiegitura eta zerbitzuak hobetuz eta hedatuz; nolanahi ere, gaur egun, haurren heriotza-tasa munduko handienetakoa da. Osasun-arazo nagusiak malaria, tuberkulosia, legenarra, kukutxeztula, errubeola, tetanosa eta disenteria dira. Batez besteko bizi-itxaropena 42 urtekoa da. Bestalde, lehen mailako irakaskuntza doan da, baina 15 urtetik gorako lau biztanletatik bat baino ez da alfabetatua. XX. mendeko azken urteetan, biztanleria bizkor samar ugaldu zen, heriotza-tasa handia izan arren jaiotza-tasa askoz handiagoa izan baitzen.

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sierra Leonan bizi diren 18 etnien artean, mende eta temne dira nagusiak. Mende etniako gehienak ekialdean eta hegoaldean bizi dira, eta temne-ak iparraldean. Limba, kuranko, susu, yalunka eta loko etniako gehienak iparraldean bizi dira, kono eta kissi-ak ekialdean, sherbro-ak hego-mendebalean, bullom, vai eta krim-ak kostaldean, eta fulani-ak eta malinke-ak iparraldean eta ekialdean. Kreole-ek (% 2 baino gutxiago) XIX. mendean kostaldea kolonizatu zuten esklabo askeen ondorengoek, herrialdearen administrazioa eta politika kontrolatzen dute, eta gehienak mendebaldean eta Freetown-en bizi dira. Etnia horiez guztiez gainera, hirietan, libanoarrak eta indiarrak ere badira.

Etnien banaketa: mende-ak, %34,6; temne-ak, %31,7; limba-k, %8,4; kono-ak, %5,2; bullom/sherbro-ak, %3,7; fulani-ak, %3,7; kuranko-ak, %3,5; yalunka-k, %3,5; kissi-ak, %2,3; beste batzuk, % 3,4.

Politika eta gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sierra Leona errepublika bat da. 1978-1991 bitartean herrialdea All-Peoples´ Congress (APC, Herri Osoaren Kongresua) alderdi politiko bakarraren mendean egon zen. 1991n, konstituzio berri bat eta alderdi-aniztasuna onartu ziren. Konstituzioaren arabera, lehendakaria bost urtez behin hautatzen da, bozketa bidez. Legebiltzarrak ganbera bakarra du.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipagarriak dira Sierra Leonako biztanleen zur, boli eta xaboi-harri landuzko buruak, irudiak eta erliebeak, XV. mendeaz gero ezagutzen direnak; halaber, larrua lantzen da, eta arropa, saskiak, ontziak eta alfonbrak ere eskuz egiten dituzte. Sierra Leonako Dantza Taldeak mundu osoan ezagutarazi ditu herrialdeko musika eta dantzak, etnien erlijio-ospakizunekin lotuak daudenak.

hizkuntza_ofizialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofiziala, ingelesa, administrazioan, irakaskuntzan eta salerosketan erabiltzen da bakarrik, etnia bakoitzak berea baitu. Libanoarrek eta musulman batzuek arabiera erabiltzen dute, eta kreoleek ingelesetik eta Afrikako hizkuntza batzuen arteko nahasketatik eratorritako hizkuntza bat, krio-a, erabiltzen dute, lingua franca gisa lurralde osoan erabiltzen dena.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sierraleonar gehienek (% 51,5) naturaren izakiak gurtzen dituzte, biztanleriaren % 39,4 musulman suniak dira, % 4,7 protestanteak, % 2,2 katolikoak eta % 2,2 anglikanoak. Geratzen den % 1-ak beste sinesmen batzuk ditu.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Freetown errepidez lotua dago herrialdeko hiri nagusiekin eta auzo-herrialdeetako hiriburuekin. Meatzaritza- eta nekazaritza-gaiak errepidetik ez ezik burdinbidetik eta ibaietatik ere garraiatzen dira. Hiriburuan nazioarteko aireportua dago, baita Afrikako porturik onenetariko bat ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sierra Leona Aldatu lotura Wikidatan