Homosexualitatea Antzinate Klasikoan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Antzinate klasikoan gertaturiko praktika homosexualak dira Antzinako Grezian eta Antzinako Erroman gertaturiko sexu edo genero berdineko pertsonen arteko sexu edo maitasunezko harremanak. Antzinako Grezian gizonezkoen arteko erlazioa pederastia bezala ezagutzen zen; adinez nagusiena zen bikote-kideak rol aktiboa zuen bitartean, gazteenak rol pasiboa zuen. Pederastiak egiteko hezitzailea eta babeslea zuen. Antzinako Erroman, bestalde, legitimoa zen maila sozial altuko gizonek beste gizon batzuekin harremanak izatea, beti eta besteak estatus sozial baxua eta rol pasiboa betetzen bazuen. Emakumeen arteko erlazio homosexualei dagokionez, Greziako eta Erromako gizarteek ez zuten emakumezko homosexualitatea baieztatzen, ezta deuseztatzen ere; gaur egunera arte heldu den emakumeen arteko erlazioen froga bakarrenetarikoa Safo olerkariaren bertsoak dira, non beste emakumeenganako maitasuna erakusten duen.

Homosexualitatea Antzinako Grezian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erastês eta Erômero elkar musukatzen irukiatzen duen zeramika (k.a. 480). Egun, Louvreko museoan aurki daiteke.

Antzinako Grezian ez zen sexu-joera genero edo sexuaren arabera bereizten, sexu harremanetan betetzen zen rolaren arabera desberdintzen zen; rola aktiboa edo pasiboa izan zitekeen.[1] Rol aktiboa gizontasunarekin, maila sozial altuarekin eta heldutasunarekin lotzen zen bitartean, rol pasiboa emetasunarekin, maila sozial baxuarekin eta heldutasun ezarekin lotzen zen.[1] Antzinako Grezian sexu edo genero berdineko harreman sexual zabalduena gizon nagusi eta gazteen artekoa zen; praktika hori pederastia bezala ezagutzen zen, alegia, umeenganako maiatasuna bezala.[2] Gizon nagusiari erastês deitzen zitzaion eta bere egitekoa maitalea hezitzea, babestea eta maitatzea zen. Gazteari, bestalde, erômero deitzen zitzaion eta edertasunarekin, gaztetasunarekin eta konpromisuarekin lotzen zen. Hori horrela, Greziako gizartea izan zen lehena pederastia heziketa metodo bezala ezartzen. Elementu garrantzitsua bilakatu zen orduko egiteko zibil, militar, filosofiko eta artistikoetan.[3] Egun, ez dago argi pederastia klase sozial guztietan gertatzen bazen edo, kontrara, klase altuetara soilik mugatzen bazen.

Homosexualitatea Antzinako Erroman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Erromako zilarrezko Warren kopa. Bertan bi gizon ageri dira harreman-sexualak izaten.

Sexualitateari dagokionez, Antzinako Erroman ondorengo dikotomia zen nagusi: aktibo/menderatzaile/maskulino eta pasibo/menderatu/femenino. Maila sozial altuko gizon erromatarrek askatasuna zuten gizonezkoekin harreman sexualak izateko, beren gizontasuna eta estatus soziala auzitan jarri gabe; beti eta rol aktiboa, menderatzailea, betetzen bazuten. Sexu-harremanak maila sozial baxuko edota aipu txarreko gizonekin izan ahal zituzten, alegia, esklaboekin, prostitutekin edo kaleko artistekin; hauek rol pasiboa, menderatua, betetzen zuten.[4] Rol pasiboa betetzen zuten gizonezkoen artean, kategoria desberdinak zeuden: cinaedus, pathicus, exoletus, concubinus (gizonezko maitalea), puer (umea), pullus (gaztetxoa), pusio, delicatus (fina), mollis (leuna), debilis (ahula), pisciculi, spinthriae, morbosus (gaixoa). [5] Nahiz eta erromatarrek ezkontza oinordekoak izateko gizon eta emakumeen arteko batura bezala ikusi, adituek uste dute Erromatar Inperioaren garaian lagun artean gizonezko ezkontzak gertatzen zirela baita ere, ohiko ezkontza erritoak jarraituz.

Bilakaera historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Errepublikaren hasieran, gizonen arteko erlazio homosexualak heriotza zigorrarekin zigortzen ziren Scantinia legearen arabera. Errepublikaren amaieran eta Erromatar Inperioaren hasieran, gizarte erromatarra onartzen hasi zen sexu-joerari zegozkion greziar ohiturak; hala ere, usadio horiek kutsu desberdina hartu zuten Erroman. Gizonezkoen arteko sexu-harremana ez zen pederastia kontsideratzen, nagusi eta esklabo arteko harremana baizik. Legitimoa zen maila sozial altuko gizonezkoek, rol aktiboa zutenek, esklabuak erabiltzea asetze sexualerako; kontrara, ez zegoen ondo ikusita harreman-sexualetan esklabuek rol aktiboa izatea. Hain zuzen, catamita hitza, esklabu gazte sexualki pasiboa, iraintzeko eta lotsatzeko erabiltzen zen. Erromatar Inperioaren garaian, I. mendean, gizonezko homosexualitatea ondo ikusita zegoen eta gizonezkoen arteko ezkontzak posible ziren. Gutxienez, bi erromatar enperadore gizonezkoekin ezkondu ziren eta lehen hamalau enperadoreen artetik hamahiruk onartu zuten bisexualak edo homosexualak zirela; Edward Gibbon adituak 1776an baieztatu zuen Klaudio enperadorea izan zela espresuki emakumeenganako erakarpena zuen bakarra.[6] Gizonezko maitalerik ez izateak burla eta kritika askoren jomuga bilakatu zuen; horra hor, Suetonioren Hamabi zezarren bizitzak obrako Klaudiori kritika. Inperioaren garaian, Neron enperadorea izan zen gizonezko batekin ezkontzen lehena.[2] Kristautasunarekin, erlazio homosexualen gaineko ikuspuntua aldatu egin zen: edozein motatako erlazio homosexualak debekatu egin ziren eta isilpeko gai bihurtu ziren.[7] III. mendean gizonezkoen arteko sexu-harremanak krimen bezala hartzen ziren[8] eta IV. mendean Teodosio I.ak sexu edo genero bereko pertsonen arteko sexu-harremanak debekatu zituen. Era berean, enperadoreak heriotza zigorra ezarri zuen sexu-harremanetan rol pasiboa betetzen zuten gizonentzat,[9] bere kodearen arabera erre edo ezpatarekin hil egin behar ziren "sexu-harremanetan emakumeak bezala aritzen ziren gizonak". Dena dela, mende amaieran gertaturiko Tesalonikako hilketak erakusten du homosexualitatea, oraindik, onartuta zegoela erromatar herritarrengatik, nahiz eta ofizialki pertsekutatua izan.[6]

Homosexualitatea literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinate Klasikoko literatura lirikoan maitasun eta harreman homosexualak goratzen zituzten adibide asko aurki daitezke. Garaiko olerkari eta idazleek aho-batez ziurtatzen zuten gizon guztiek zutela erlazio homosexualak izateko nahia, noiz edo noiz. Gizonen arteko maitasuna eta sexua islatzen zuten olerkarien artean daude Horazio, Virgilio edo Ovidio.[10]

Homosexualitatea ejerzituan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Praktika homosexualak maiz erabiltzen ziren hezkuntza eta entrenamendu militarrean, bai morala mantentzeko, bai gerra garaian soldaduen arteko harremana eta gerrarako espiritua indartzeko. Antzinate Klasikoko ejerzituetako homosexualitateaz mintzatzean, Tebasko Batailoi Sakratuan jartzen da arreta, nahiz eta ez izan homosexualitatea praktikan jartzen zuen tropa bakarra. Mitologian ere, gizonezkoen arteko harreman homosexualak goraipatzen ziren gerrarako onuragarriak ziralakoan. Iliada greziar epopeian, adibidez, kontatzen da Akiles eta Patrokloren arteko harremanak ausardia eta morala piztu zituela biengan. Ejerzituan ematen zen praktika homosexual ohikoena pederastia zen.

Tebasko Batailoi Sakratua 150 gizonezko maitale bikotek osotzen zuten elitezko unitate militarra zen, hots, 150 gizonezko heldu eta beren maitaleak; guztira 300 soldaduk osotzen zuten batailoia.[11] Plutarkok praktika homosexualak batailoiari eskaintzen zizkion balore eta onurak biltzen ditu:

"Tribu edo familia bereko gizonentzako balio gutxi dago bata bestearentzako arriskua gainean dagoenean; baina adiskidetasunean eta maitasunean oinarritutako batailoi bat ez da sekula hautsiko eta garaiezina da; maitaleak, euren maiteen begiradapean duin ez izateagatik lotsatuta eta maiteak euren maitaleen begiradapean, gogotsu doaz arriskurantz batzuen eta besteen lasaitasunerako."

Lelatinako guduan, Kalkis hiriko herritarrek Kleomako izeneko gerlari bati laguntza eskatu zioten Eretria hiriaren kontra gerra irabazteko. Kleomakok eskaera onartu eta bere gizonezko maitalearekin hurreratu zen hiria, azken horren egitekoa ikastea eta behatzea zen. Kleomakok zuzendu zuen erasoa eta guda irabaztea lortu zuen arren, gudu-zelaian hil egin zen. Bere omenez, Kalkis hirian pederastia bereganatu eta praktikan jarri zen.

Lesbianismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lesboko Safo olerkaria.

Emakumeen arteko erlazio homosexualak ez daude oso dokumentatuta, iturri eta erreferentzia historiko gutxi daude emakumeen arteko maitasuna edo sexua frogatzen dutenak.[2] Greziako eta Erromako gizarteek ez zuten emakumezko homosexualitatea baieztatzen, ezta deuseztatzen ere. Maila sozial altuko emakumeek heziketa jaso eta poesia idazteko joera izaten zuten arren, egun ez da pasarterik aurkitu edo gorde; gizonezko idazleek ez zuten bat ere interesik emakumeen sexu edota bestelako esperientzietan. Hala ere, I. mendean badaude ustezko emakumezko homosexualitatearen erreferentziak.[2]

Antzinate klasikoko lesbianismoaren ikonoa da Lesboko Safo olerkaria. Nahiz eta egun 650 bertso bakarrik gorde, uste orokortua da bere olerkiak emakumeen arteko maitasuna islatzen zutela; Safok emakumeenganako zuen maitasuna erakusten zuen poemekin. Antzinate Klasikoan lortu zuen arrakasta dela medio, bera eta bere lurraldea emakumeen arteko maitasunaren sinbolo bihurtu dira; hala, Lesbotik dator lesbiana hitza.[12]

Erlazio homosexual ospetsuak Antzinate Klasikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akiles (eskuma) eta Patroklo (ezkerra). Egun, pitxerra (k.a. 500) Berlineko Altes Museumean dago.

Antzinate klasikoan gertaturiko gizonezko erlazio homosexual asko dira ezagunak. Ez ziren denak pederastian oinarritzen, erlazio ospetsu asko adin berdintsuko gizon helduen artean eman ziren; ezagunak dira, besteak beste, Euripides eta Atenaseko Agatonen erlazioa edota Alexandro Handia eta Hefestionen harremana.

Antzinako Grezian, gizonen arteko maitasuna eta batasuna Iliada obran agertu zen lehenengoz. Homerok berez ez du esplizituki Akilesen eta Patrokloren arteko harremana sexuala bezala deskribatzen, baina Antzinate Klasikoaren hasieran, bai Akiles eta bai Patroklo, ikono pederasta bezala ezagutzen ziren. Azpimarratzekoa da Greziako herritarren egonezina erlazioaren gainean sortu zitezkeen uste oker eta pertzepzioen aurrean; izan ere, Akiles eta Patroklo egoera berdintsuan zeuden bi gizonezko ziren heinean, pederastiaren praktika hankaz gora jarri zezaketen. Horregatik, herritarrek bien arteko desberdintasunak ezartzen ahalegindu ziren.[13] Desadostasunak ziren nagusi bietako nor zen erastês eta nor erômero erabakitzerako orduan: Patroklo zen adinez nagusiena, baina Akiles zen dominantea eta babeslea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Hornblower, Simon. (1996). The Oxford Classical Dictionary. Oxford University Press, 720-723 or. ISBN 0-19-866172-X..
  2. a b c d Halperin, David. (1989). One Hundred Years of Homosexuality: And other Essay on Greek Love. Routledge ISBN 0-415-90097-2..
  3. Golden, Mark. (1984). Slavery and Homosexuality in Athens. Phoenix ISBN XXXVIII:308-324..
  4. Manwell, Elizabeth. (2007). Gender and Masculinity. , 118 or..
  5. Richlin, Amy. (1993). «Not before Homosexuality: The Materiality of the Cinaedus and the Roman Law against Love between Men» Journal of the History of Sexuality 3 ISSN 10434070..
  6. a b Gibbon, Edward. «THE HISTORY OF THE DECLINE AND FALL OF THE ROMAN EMPIRE» The History of the Decline and Fall of the Roman Empire (Cambridge University Press): iii–iv. ISBN 9781139333580..
  7. Blanshard, Alastair J. L.. (2010). Sex: Vice and Love from Antiquity to Modernity. Blackwell ISBN 978-1-405-12291-7..
  8. Boswell, John. (1981). Christianity, Social Tolerance, and Homosexuality. University of Chicago Press ISBN 9780226067117..
  9. Groneberg, Michael. (2011). Combatting Homophobia: Experiences and Analyses Pertinent to Education. LIT Verlag Münster ISBN 9783643111463..
  10. Fuentes, P.. (1999). HOMO, toda la historia. Imperio romano. Bauprés.
  11. «Tebasko Batailoi Sakratuaz harro» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  12. (Ingelesez) «Sappho» Poetry Foundation 2018-06-02 (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  13. Esquines. Contra Timarco. , 142-143 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]