Il Correggio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Il Correggio

Bizitza
JaiotzaCorreggio1489ko abuztua
HerrialdeaSignoria di Correggio
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaCorreggio1534ko martxoaren 4a (44 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Francesco Bianchi (en) Itzuli
Antonio Begarelli (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, marrazkilaria eta fresco painter (en) Itzuli
Lantokia(k)Parma
Albinea
Correggio
Mantua
Modena eta Erroma
Lan nabarmenak
Mugimenduapizkundea
Genero artistikoamargolaritza historikoa
allegory (en) Itzuli
paisaia margolaritza
biluzia
erretratua
margolaritza erlijiosoa

Antonio Allegri da Correggio (Correggio, 1489ko abuztua - Correggio, 1534ko martxoaren 5a), gehienean Il Correggio deitua, italiar pintorea izan zen. Errenazimentuko italiar margolari nagusietakoa izan zen, eta eragin handia izan zuten haren lanek barroko eta rokokoko artisten estiloan.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Correggio, sarritan hala esan bada ere, ez zen bere kasa hezitako margolaria. Haren lehen margolanetan argi ikusten da gizon jantzia zela, eta ondo ezagutzen zituela optika, perspektiba, eskultura eta anatomia. Badirudi Lorenzo Allegri osaba, hala-holako margolaria zena, izan zuela lehen maisua[1]. 1503. urte inguruan Modenan jardun zuen ikasten, eta ondoren Mantuara joan zen eta han Andrea Mantegnaren eragina jaso zuen. Bere lehenbiziko obrak Sant'Andrea basilikan kokatutako Mantegnaren ehorzte-kaperako freskoak izan ziren[2].

Lan horiei Mantegnaren eragina igartzen baldin bazaie ere, estiloa areago da Leonardo da Vincirena, oso eragin handia izan baitzuen hark Italiako iparraldeko Pizkundeko margolariengan. Mantegnak oso marra zehatzak erabiltzen zituen formak definitzeko, baina Correggiok, Leonardok bezala, nahiago ditu argi-ilunak, hau da, argia eta itzalaren nahasketa ia antzemanezina, inguru bigunak sorrarazten dituena (sfumato). Luzaroan ukatu izan bada ere, gaur egun gauza jakina da 1510eko hamarkadan Erromara joan zela, eta Michelangeloren eta Rafaelen Vaticanoko freskoak ikusi zituela[2]. Izan ere, Erromako egonaldian, Mengs ikerlariaren arabera, bere maisuen (Mantegnaren) molde lehorra baztertu zuen, handik aurrera jarraituko zuen estilo handinahi eta noblea hartzeko.

Madonna di San Francesco, 1514-15.

Deboziozko margolanak dira Correggioren gaztaroko lan nagusiak, kolorez gero eta delikatuagoak. Horien artekoak dira Natività con i santi Elisabetta e Giovannino (1512 aldean, Pinacoteca di Brera, Milan), Adorazione dei Magi (1515-1518, Pinacoteca di Brera, Milan) eta Maria Maddalena (1517-1518, National Gallery, Londres) .

Correggioren estilo heldua, nolanahi ere, paretarako eskatu zioten lehen enkarguan gauzatu zen, Parmako San Paolo monasterioko abadesaren jangelako sabaiko freskoetan hain zuzen. Dirudienez, 1518-19 urteetan egin zuen, eta Camera di San Paolo esaten zaio. Mantegnaren oihartzunen bat igartzen zaion arren, jatorrizko ikusmoldean orijinala da guztiz. Izan ere, Giovanna Piacenza abadesaren kultura humanista adierazten du Camera horrek: abadesaren beraren borrokaren eta garaipenaren alegoria ere bada, zeren, abadesak, Dianarekin identifikaturik, itzuri egiten baitio lan honetan Aita Santuak ezarritako itxialdiari. Bestalde, eta Mantegnaren arrastoaz gainera, argia da Cameran Rafaelen Farnesinako estiloa ere, haren paganismo irribarretsua eta antzinatasun bizia, hain zuzen ere, Correggioren bilakaeraren oinarri izango ziren ezaugarriak.

Parmako katedraleko kupula, 1524-30.

Giovanna Piacenza abadesak beste eskaera garrantzizko bat ere egin zion: Parmako San Giovanni Evangelista elizako kupula dekoratzea. Aurrena kupulako freskoa egin zuen, Kristoren Igokundea (1520-23), eta horren ondoren eliza bereko absidearen dekorazioa etorri zen, zeinetatik Andre Mariaren koroatzea deritzan partea bakarrik gorde baita (Incoronazione della Vergine, Galleria Nazionale, Parma). Bigarren Berpizkundeko estilokoa da bete-betean lan hau, eta asko zor dio Michelangelori.

Parmako katedraleko kupulako Andre Mariaren Jasokundea freskoak (Assunzione della Vergine, 1524-1530) markatzen du Correggioren horma margolaritzaren une gorena. Barrokoko sabai margotuen estilo dramatiko eta efektu-eragilearen aitzindaria da fresko hau. Margotzeko espazio bakarra balitz bezala tratatu zuen eremu osoa, oso eremu handia, elizaren kupula ortziaren gangarekin parekatzen duena. Eskorzoaren erabilera ausarta eta aurreratua da, halaber, hodeietako pertsonaiak begiralearengana hurbiltzen diren modua.

Correggioren ondorengo lanak -lan gutxiren datak dira, nolanahi ere, ziurrak-, hiru taldetan sailkatu ohi dira: aldareko erretaula handiak (eta beste erlijio konposizio batzuk), lan txikiak, guztiz delikatuak, debozio pribatukoak, eta gai mitologiko batzuk, ezaugarri lirikoak eta sentsualak dituztenak.

Jupiter eta Io, 1532-33.

Erretaula horietako batzuk oso famatuak egin ziren, besteak beste, Artzainen adorazioa (1530 ing., Gemaldegalerie, Dresden) eta Madonna di San Girolamo edo II Giorno (1523, Galleria Nazionale, Parma). Giro barnekoi eta domestikoa da azken erretaulen ezaugarria, irudi idealizatuek eutsia.

Estilo poetiko hori bera ageri da deboziozko lan txikietan ere: Madonna della Cesta (1525, National Gallery, Londres) edota Adorazione del Bambino (1526, Uffizi Galeria, Florentzia). Santa Katalinaren ezkontza mistikoa (1520-1526, Louvre museoa, Paris) XVI. mende erdiko emakumezkoaren edertasunari buruzko saiakera moduko bat da. Olio pinturaren teknika erabili zuen Correggiok azken lan horietan. Oso interesatua zegoen margolaritzaren testuraren edertasun sentsualarekin, eta alde horretatik mitologia gaietako zenbait lanetan lortu zituen efektu deigarrienak: Danae (1531-1532, Borghese Galeria, Erroma), Ratto di Ganimede, eta Jupiter eta Io (biak Vienako Kunsthistorisches Museumen). Gai nagusiaren sentsualitatea areagotu egiten du olio pinturaren bitartez. Margolan hauetan azken mugaraino eraman zuen Correggiok erotismoa, beti ere pornografiara iritsi gabe.

Correggioren eragina Parmako azken margolariengan antzeman badaiteke ere, Parmigianinoren manierismoan bereziki, imitatzaile asko izan zuen, ez ordea jarraitzaile aipagarri zuzenik. Dekorazioan, XVII. mendeko margolari barrokoek hartu zituzten Correggioren ideiak, Giovanni Lanfrancok (1582-1647) bereziki, Parmakoa hura ere, sabaiko margolanetan. Alabaina, frantses rokoko estiloaren jainko babesle-edo bihurtu zuten Correggio. XVIII. mendeko artistek, Italiara ikasketa bidaian joanik, gehien kopiaturikoen artean daude haren erretaula handiak.

Margolanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adorazione dei pastori, 1525-30.
Allegoria del Vizio, 1531 aldean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Il Correggio Aldatu lotura Wikidatan