Irulegiko Eskua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irulegiko eskua» orritik birbideratua)
Irulegiko Eskua
Irulegiko eskua 1.jpg
Jatorria
Sorrera-urteaK.a. I. mendea
Aurkikuntza lekuaIrulegiko herrixka, Aranguren, Nafarroa Garaia (Euskal Herria)
Aurkikuntza data2021eko ekainaren 18a
Aurkezpen data2022ko azaroaren 14a
Aurkitzailea edo asmatzaileaLeire Malkorra
Kulturabaskoia
Ezaugarriak
Materiala(k)brontzea
Dimentsioak127,9 (zabalera) × 143,1 (luzera) × 1,09 (lodiera) mm
Pisua35,9 gramo
HizkuntzaEuskal hizkuntzak
Idazketa-sistemaipar-ekialdeko iberiar idazketa
Kokapena
LekuaNafarroako museoa

Irulegiko Eskua objektu arkeologiko bat da[1], Irulegiko herrixkan aurkitutakoa, bertan dagoen Burdin Aroko garaiko herrixkan[2], Nafarroako Aranguren udalerrian, Euskal Herria. Akitanierazko eta baskoiera deitu duten mintzairaren hitzak dituela uste dute zenbait adituk, lehenengo hitza Sorioneku baita, iberierazko ipar-ekialdeko idazkeraren antzeko zeinu kode batez idatzia. Ezohikoa da, ez baita inon ere beste esku grabaturik aurkitu. Testu apotropaikoa dela uste da, etxeko sarreran jarrita zorte ona emateko edo agur egiteko erabilia.

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mattin Aiestaran arkeologoaren taldeko Leire Malkorra induskariak aurkitu zuen brontzezko pieza, 2021ko ekainaren 18an. Oraindik esku forma zuela jakin gabe ere, garrantzizkoa izan zitekeelakoan, ingurua kontu handiz garbitu zuten eta prozesua grabaketaz dokumentatu.[3]

2021eko uztailaren 13an, eskua Nafarroako Gobernuko agintarien ardurapean geratu zen, indusketako beste pieza batzuekin batera, artean idazkuna zuenik inork ez zekiela.

2022ko urtarrilaren 18an, Carmen Usua zaharberritzaileak garbiketa prozesuan antzeman zuen idatzita zegoela:[4] eskuak azazkal marraztuak zituela-eta, eskuina zela igarri zuen, baina garbiketa eta «irakurketa» prozesua eskua atzamarrak gora zituela egin zuen, eta laneko mahaian zaharberritzailearen eskuen posizio logiko bera errepikatu zuen. Hizkiak ikusi zituzten lehen epigrafistek, ordea, alderantzizko irakurketa zegokiola nabaritu zuten eta, hortaz, eskuak beheranzko posizio naturala zuela.[5] Usuarekin batera, Berta Balduz zaharberritzaileak osatu zuen errestaurazio prozesua.[6]

2022ko azaroaren 14an aurkeztu zuten prentsaren aurrean Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak.[7][4]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irulegiko Eskua aurkitu zen leku zehatza.

Irulegiko gazteluaren ondoko Burdin Aroko Irulegiko herrixkan aurkitu zen. Irulegi mendiak 893 metroko altuera du, eta herrixka metro batzuk beherago dago, inguruko herrixka gotortuen adibide nabarietako bat dena. Kokapen geografiko pribilegiatua du, 360 graduko ikuspegiekin Iruñerriaren gainean eta Nafarroa Garaiko hegoaldea Pirinioetako haranekin lotzen duten pasabideen gainean; horrek eman zion defentsarako balio garrantzitsua.[8]

Gazteluaren oinarrian dagoen 2,2 hektareako kokapen primitiboa hazten joan zen mendeetan zehar, harik eta K.a. I. mendean 14 ha izatera iritsi arte, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako espazioak barne. Esparrua harresiz inguratuta zegoen. Biztanle-kopurua kalkulatzea zaila bada ere, 100 eta 200 pertsona artean bizi zitezkeela uste da.[8]

Aurkikuntzari buruzko bideoa, Berriak egina.

Biztanleek bizitzeko eremu altuak aukeratzen zituzten, demografiaren hazkundea eta klimaren okertzea (euritsuagoa eta apur bat hotza) medio, baliabideak urritu egiten baitziren eta haiengatik lehiatu behar baitzuten. Horren ondorioz, proto-hiri egonkorrak agertu ziren, erraz defendatzeko modukoak eta harresituak; bertan, nekazaritzaz eta abeltzaintzaz bizi ziren eta, aldi berean, gerlariak ere baziren. Irulegi, beste bizpahiru kokagunerekin batera, Iruñerriko populazioa egituratzen zuten kokalekuetako bat izan zen, agian, erromatarrak iritsi eta Ponpaelo (gaur egungo Iruñea) sortu aurretik, K.a. 74 edo 75 urteetan.[8]

Herrixka hori K.a. I. mendean abandonatu zen Antzinako Erromako osteak iritsi zirenean. K.a. 82 inguruan Sertorioren gerraren eraginez hustu zen herria.[9] Inguruan aurkitutako material guztia kontuan izanda, biztanleek dena etxean utzita ihes egin behar izan zutela ondorioztatu dute.[10]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskua aurkitu zeneko argazkia.

Pieza brontzezkoa da, eta haren patinaren % 53 eztainua da, % 41 kobrea eta % 2 beruna, gauza ohikoa antzinako aleazioetan, Aranzadi Elkartekoen esanetan. Eskua 143 mm luze da, 1 mm lodi eta 128 mm zabal; 36 gramoko pisua du.[10]

Eskuineko esku baten itxura du, tamaina naturalekoa, gutxi gorabehera. Esku ahurraren eremua laua da, eta azazkalak markatuta dauzka, nahiz eta hiru hatzetakoak ez diren ondo kontserbatu: hatz nagikoa, hatz luzekoa eta erakuslekoa.

Hatzak behera begira ditu, goialdean 6,5 mm-ko diametroko zulo bat baitu, eskumuturrari dagokion inguruan. Zuloaren egoera aztertuta, pieza ez zegoela zintzilik jakin dute, euskarri bigun batean iltzatuta baizik, seguruenik, zurean. Zuloan egon zen iltzea edo dena delakoa burdinazkoa ez zela ondorioztatu dute eraberritzaileek, herdoil aztarnarik ez dagoelako.[5]

Testua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuaren erreprodukzioa eta transkripzioa.
Horrelako itxura du testuak

Idazketa sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Javier Velaza epigrafista eta Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak ikertu zuen testua, Joaquin Gorrotxategi EHUko hizkuntzalariarekin batera. Haren esanetan, «Irulegiko piezatik abiatuta, esan dezakegu baskoierazko berezko sistema grafiko bat bazegoela».

Iberiar alfabetoan dagoen arren, baditu hizkiak baskoiek soilik beren hizkuntzaren soinuak jasotzeko eginak bide zirenak, garaiko bi txanponetan agerturiko «T» itxurako bat kasu; horregatik, euskal aldaera propio batez ari garela diote batzuek. Grafema bakar horren berezitasunak idazkera propio bat definitzeko balio ote duen zalantzan jarri zuen, ordea, Ander Ros hizkuntzalariak.[11]

Transkripzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiena ulergaitza den arren, lehen hitza sorioneku izanik, euskararen bitartez nolabait uler daitekeela dirudi. Honela transkribatu da:[12]

s102o3r1i1o3n1e1ku1p3 n1
te1n1e1ke2be1e1ki1ŕ3a2te1ŕ3e1
o3T1i1ŕ3ta1n1p5 e1s102e1a2ka1ŕ3i1
e1ŕ3a1u3ko1n1p3

  

sorioneku · {n}
tenekebeekiŕateŕe[n]
oTiŕtan · eseakaŕi
eŕaukon ·

Transkripzio horretako oTiŕtan hitzeko «T» larriak ez du soinu jakinik adierazten: grafema ezezaguna da, eta idazkunean T larri baten forma duenez, horrela transkribatu da.

Adituen iritzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irulegiko Eskuko idazkuna lehenik aztertu zuten adituek nabarmendu zuten, alde batetik, aurkikuntzaren garrantzia, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik; bestetik, testua baskoien hizkuntzaz dagoelako ziurtasuna.

Lehen begiratu baikorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joakin Gorrotxategi EHUko hizkuntzalariak azpimarratu zuen Irulegiko Eskuaren aurkikuntza eta indusketa berme osoz egin zirela, lurretik ateratzeko prozesua bideoz eta argazkiz grabaturik geratu zelako. Idazkunari dagokionez, Gorrotxategik nabarmendu zuen, lau lerro izanagatik ere, testu osoa dela, ez zatikia: «Lau lerro, bere hasierarekin eta bere bukaerarekin. Hori oso garrantzitsua da: idazkun osoa daukagu. Ez dugu topatu euskarriaren zati bat inskripzioaren zati batekin». Gainera, testuaren hizkiak argi irakur daitezke, haren ustez: «Letra bat edo asko jota bi kenduta, irakurri egin daiteke, ondo identifikatzen dira letrak».[13]

Javier Velaza nafar epigrafistak azaldu zuenez, aurkikuntzak espero gabeko bide bat zabaldu zuen, idazkuna garaiko euskaraz idatzia dela zalantza gabekotzat jo baitzuen: «Ezusteko bat dago: lehen hitza sorioneku da, eta, testua transkribatzeko orduan, oso azkar eta garbi irakurri eta interpretatzen da euskaraz dagoela idatzia».[14]

Mattin Aiestaran arkeologoak uste osoa azaldu zuen Irulegiko aztarnategian ondare baliozko gehiago aurkituko zirela: «Zalantzarik ez dugu, horrela jarraituz gero, Irulegin emaitza gehiago ere izanen dela».[15][16]

Ikuspegi zuhurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkikuntzaren lehen unetako baikortasunari uko egin gabe, tentuz aritzea gomendatu zuten Blanca Urgell eta Borja Ariztimuño hizkuntzalariek. Haien ustez, sorioneku lehen hitza zorioneko dela esateko behar adina froga ez dago oraindik: «Akitanierazko izenetan, ba omen dago sori, eta on ere bai. Gainera, baskoierazko pertsona izenetan, badago Onso eta badago Onse; beraz, bi zati horiek ontzat eman daitezke orain artean genekienarekin», argitu zuen Urgellek.[17] Iritzi berberekoa da Asier Gabikagojeazkoa hizkuntzalaria. Sorioneku eta zorioneko lotzea zaila bada ere, sori eta on agertu izan dira lehenago onomastikan: Sori, Soris eta Sorinus pertsona izenak (Gorrotxategik berak zori "txori", "zorte" hitzarekin lotzen ditu), eta bon osagai moduan zenbait izenetan (Bonbelex, Boncoxsi, Bonnexis, Bonnoris, Bonnoxus, Bonsilex, Bontar, Bonten, Bonxoni, Bonxorius, Bonxus, Cissonbonnis). Gainera, Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako hilarrietan Onso eta Onse pertsona izenak zeuden.[18]

Ariztimuñoren iritziz, sorion ulertzen da eta posible da, baina -eku arazotsuagoa da, -ko- testuan ere agertzen delako, eta zaila delako batetik bestera fonetikoki aldatzea, beste elementuak ere aldatu gabe. Gainera -garri eta ese ere badaudela diote, baina bigarren hori ez gisa edo, aukera gutxiagorekin, etxe gisa interpretatzea eztabaidagarria dela diote.

Bi hizkuntzalariek bat egin zuten baina: esanahia interpretatzera iristeko, hitzak banatzea ezinbestekoa dela diote, espero izatekoa baita testua hitz laburrez osatua izatea, Urgellen ustez.[19] Horretarako, Irulegiko Eskuak idazkunaren hornigarri dituen marrak eta puntuak aintzat hartu behar direla dio Ariztimuñok.[17] Eta banaketa horiek nolakoak ziren ondo aztertu, Gabikogojeazkoaren iritziz.[18]

Denborarekin joango dira proposamen zuhurrak eta ez hain zuhurrak argitaratzen.[20]

Oihartzuna hedabideetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Naiz komunikabideaz streamingen bitartez zuzenean eman zuten horren berri.[21] Albistea berehala zabaldu zen Euskal Herriko egunkari eta hedabideetan, hala nola Berrian,[22][23] Argia aldizkarian,[24][25] EITBn,[26] Deian[27] eta Noticias de Navarran,[28] besteak beste.

Nazioarteko hedabideetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak mundu zabaleko hedabide ugaritan izan zuen oihartzuna. Besteak beste, Frantziako Radio France Culture irratiak[29] eta France Bleu taldeak,[30] Portugalgo CNN kateak,[31] Espainiako EFE albiste agentziak,[32] Brasilgo Correio Braziliense egunkariak,[33] Time News webguneak[34] edo Arabiar Emirerri Batuetako Sharjah24 albistegiak[35] jaso zuten aurkikuntzaren berri.

Zabalkunde nabaria izan zuen halaber The Guardian egunkariko artikulu batek egindako lehen albisteak: haren izenburuan aldaketa egon zen, izenburuan hasieran «antzinako artefaktu espainiarra» idatzi baitzuten,[36] baina ordu batzuen buruan aldatu, «brontzezko antzinako artefaktua», alegia.[37] The Smithsonian Magazine agerkariak[38] eta The Economistek ere jaso zuten albistea lehen egunetan,[39] biek euskararen antzinatasunari erreferentzia eginez.

Herri kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkikuntzaren berri eman eta oso egun gutxira, sorioneku hitza han-hemenka agertu zen, elastikoetan, jatekoetan eta apaingarrietan, besteak beste. Erabilera hori egiteko jabetza nori dagokion galdetu zuten askok, izan ere, marka erregistratzeko eskaerak pilatzen hasi ziren.[40]

Irudi artistikoekiko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anjel Lertxundi idazleak aurkikuntzaren aurrean zuhurtasunez jokatu beharra aitortuta ere, euskararen munduan «albiste onen premia» azpimarratu zuen, iritzi artikulu batean. Gainera, Irulegiko Eskuaren kidetasuna edo antza aurkitzen zuen, euskal literaturan eta artean eskuei eskainitako irudi batzuetan.

Besteak beste, Harkaitz Cano idazlearen Pozaren erdia (2022) soneto liburuko «Eskua» hamalauduna ekarri zuen gogora, bereziki bukaerako lerroa, «Gu norbait bihurtzen gaitu norbaiten eskuak», Ernst Bloch filosofoak literaturaz zuen irudia baliatuz: «Litekeenaren laborategia da literatura».

Testuaren interpretazioak ezarritako zailtasunen harira, Oskar Alegriaren Emak bakia baita (2012) film dokumentaleko irudi bat gogorarazi zuen Lertxundik: asfalto gainean, plastiko gardeneko eskularru bat haizearen mende, zorian paperezko ezpainzapi zuri batekin elkartu nahian edo.[41]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskaltzaindiaren Arauak - 191.- Araua: Artelanen izenak. Historiaurreko eta Antzinaroko artelanen izenak. (Onomastika).» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).
  2. Aiestaran, Mattin; González, Daniel Ruiz; Sesma, Jesús Sesma; Gazólaz, Jesús García; Alustiza, José Antonio Mujika; Avilés, Eneko Iriarte; Mauleon, Juantxo Agirre. (2021). «Trabajos arqueológicos en el yacimiento de Irulegi (Valle de Aranguren) 2021» Trabajos de arqueología Navarra (33): 103–111. ISSN 0211-5174. (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  3. «Leire Malkorrak aurkitu du hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena | berria TB ataleko azken bideoak» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  4. a b Imaz, Andoni. «Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute Nafarroan, K. a. I mendekoa: 'sorioneku'» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  5. a b Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrenaren aurkikuntza (azpitituluekin). (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  6. Gorraiz, Uxue Rey. ««Zalantzarik ez dugu Irulegin emaitza gehiago ere izanen dela»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
  7. (Gaztelaniaz) «Aranzadi presenta un «importante hallazgo arqueológico» recuperado en Irulegi» naiz: 2022-11-13 (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  8. a b c cc-by-sa-3.0 lizentziapean: «Irulegi mendian K.a. I. mendeko brontzezko esku bat aurkitu dute, eta orain arte ezagutzen den euskarazko inskripziorik zaharrena du» Nafarroa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  9. «"Irulegiko eskua komunitate barnetik datorren ahots bat da"» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  10. a b Aranguren, Andoni Imaz-. «Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute Nafarroan, K.a. I. mendekoa: 'sorioneku'» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  11. Ros, Ander. «Irulegiko Eskuaren poz-tristurak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
  12. «Euskaraz idatzitako orain arteko testu zaharrena aurkitu dute Nafarroan, Irulegiko aztarnategian» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  13. Imaz, Andoni. ««Ematen du hizkuntza asko aldatu dela, eta ematen du ez dela batere aldatu»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  14. «Ia sinetsita geunden euskaldunak analfabetoak zirela Antzinaroan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  15. Gorraiz, Uxue Rey. ««Zalantzarik ez dugu Irulegin emaitza gehiago ere izanen dela»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
  16. «'Irulegiko eskua komunitate barnetik datorren ahots bat da'» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
  17. a b Imaz, Andoni. «'Sorionaren' osteko lokatzetan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-21).
  18. a b «Irulegiko Eskuaren garrantziaz eta zalantzaz -» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  19. «B. Urgell: "Pozgarria bezain frustrantea da gure aurkikuntza"» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-03).
  20. Bizkaiko Filologo Taldea. «Irulegiko Eskuko testuaz (I): aurkikuntzak eta posibilitateak -» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  21. (Gaztelaniaz) «Así hemos retransmitido la presentación de la Mano de Irulegi» naiz: 2022-11-13 (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  22. Aranguren, Andoni Imaz-. «Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute Nafarroan, K.a. I. mendekoa: 'sorioneku'» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  23. Urgell, Blanca. «Irulegiko trolak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  24. «Euskaraz idatzitako orain arteko testu zaharrena aurkitu dute Nafarroan, Irulegiko aztarnategian» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  25. Narbarte Hernandez, Josu. «Euskara, brontzean idatzia» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  26. «Baskoien hizkuntzan idatzitako testu zaharrena aurkitu dute, duela 2.100 urtekoa: "Sorioneku"» EITB 2022-11-14 (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  27. (Gaztelaniaz) Eulate, Josu Álvarez De. (2022-11-14). «Mano de Irulegi: hallan el texto más antiguo en lengua vascónica, precursora del euskera» Deia (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  28. (Gaztelaniaz) Eulate, Josu Álvarez De. (2022-11-14). «La Mano de Irulegi: descubierto el texto más antiguo en 'euskera'» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  29. (Frantsesez) Magnaval, Alexis. (2022-11-25). «La main d’Irulegi, découverte archéologique majeure sur la langue basque» France Culture (Noiz kontsultatua: 2022-12-06).
  30. (Frantsesez) «Une ville oubliée et le plus vieux texte en langue basque découverts en Navarre» ici, par France Bleu et France 3 2022-11-14 (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  31. (Portugesez) «Descoberto no norte de Espanha texto mais velho em ‘basco antigo’ conhecido até agora» CNN Portugal (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  32. (Gaztelaniaz) Ruiperez, Javier Rodrigo. (2022-11-14). «La Mano de Irulegui, el texto más antiguo en lengua vascónica» EFE Noticias (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  33. (Portugesez) France-Presse', 'Agence. (0320-11-14). «Texto basco mais antigo já conhecido é encontrado em Navarra; confira» Mundo (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  34. (Ingelesez) «They discover “the oldest written testimony in the Basque language” in a bronze from the 1st century BC found in Navarra» Time News 2022-11-14 (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  35. «Oldest known text in ancient Basque discovered in Spain» www.sharjah24.ae (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  36. (Ingelesez) «Hand of Irulegi: ancient Spanish artefact...» Twitter (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
  37. (Ingelesez) «Hand of Irulegi: ancient bronze artefact could help trace origins of Basque language» the Guardian 2022-11-15 (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
  38. (Ingelesez) Magazine, Smithsonian; Kuta, Sarah. «This 2,000-Year-Old Inscription Changes Our Understanding of the Basque Language» Smithsonian Magazine (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
  39. «Written Basque may be 1,000 years older than anyone thought» The Economist ISSN 0013-0613. (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
  40. «Nori dagokio Irulegiko eskua eta "sorioneku" hitza erabiltzeko eta ustiatzeko eskubidea?» EITB 2022-11-20 (Noiz kontsultatua: 2022-11-21).
  41. Lertxundi, Anjel. «Esku bat gortea egiten serbileta bati» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-12-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]