Jeff Buckley
Jeff Buckley | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Anaheim, 1966ko azaroaren 17a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Memphis, 1997ko maiatzaren 29a (30 urte) |
Heriotza modua | istripuzko heriotza: itotzea |
Familia | |
Aita | Tim Buckley |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Musicians Institute (en) Loara High School (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | egile abeslaria, gitarra-jotzailea, abeslaria eta musikagilea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Genero artistikoa | rock alternatiboa folk rock gospela soula bluesa |
Ahots mota | tenorra |
Musika instrumentua | gitarra ahotsa Appalachian dulcimer (en) Sitarra aho-soinua saxofoia |
Diskoetxea | Columbia Records |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | akonfesionala |
jeffbuckley.com | |
Jeffrey Scott "Jeff" Bucley (Anaheim, Kalifornia (AEB), 1966ko azaroaren 17a - Memphis, Tennessee (AEB), 1997ko maiatzaren 29a) garai guztietako ahotsik ederrenetako kontsideratuta dagoen abeslari eta konpositore estatubatuarra izan zen eta bere 4 zortzidun eta erdiko ahots maila boteretsuak maisuaren ohoreak eman ohi dizkio. 1994an grabatu zuen Grace, lehen eta bakarra izango zen estudio albuma eta garai guztietako maisulan kontsideratzen dena. Ospearen gailurrean, itota hil zen Wolf ibaian, Memphis inguruan, Tennesseen,
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jeffrey Scott "Jeff" Bucley Anaheimen jaio zen, Kalifornian (AEB), 1966ko azaroaren 17an. Aita Tim Buckley konpositorea izan zuen, 60ko hamarkada bukaeran ospe handia lortu zuten folk eta jazz diskoak argitaratu zituen. Ama, berriz, panamar jatorriko Mary Guibert izan zuen eta honen gurasoak Corketik zetozen irlandar etorkinak ziren. Buckley ama eta Ron Moorhead aitaordearekin hezi zen, Kaliforniako hegoaldean, Orangeko konderrian gora eta behera ibili zelarik. Corey Moorhead anaiordea izan zuen eta bere lehen semeari Jeffrey James izena eman zion Buckleyren omenez. Txikitan, "Scottie" Moorhead deitzen zioten, baina, aita ezagutu zuenean (ez zuen gehiago ikusi), etxean Scottie deitzen jarraitu bazuten ere, jaiotzezko Jeff izena hartzea erabaki zuen[1].
Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]18 urte zituen Los Angelesera lekualdatu zenean eta Musician's Instituten graduatu zen bi urteko ikastaroan. Han lagun asko egin bazuen ere, Buckleyk ez omen zuen ezer asko aurreratu, baina haren ukitua hartu zuten berak parte hartu zuen bandek, Shinehead reggae bandak, adibidez, edo beste batzuk, artista honek gitarra jo besterik ez bazuen egiten ere. Bere ahotsaren edertasuna agertu gabe zegoen oraindik.
1990ean, Buckley New Yorkera joan zen eta 1991ko emanaldi batean debutatu zuen abeslari lanetan, St. Ann-go elizan Tim Buckley-ri (aitari) -eta ordaindu gabe- egin zitzaion omenaldian. I Never Asked To Be Your Mountain abestu zuen Gary Lucas gitarra lagun eta Once I Was abestu zuen a capella, auditorioa aho zabalik utzi zuelarik[2].
Laster hasi zen Buckley ohiko izaten bakarlari lanean Greenwich Villageko Sin-é lokalean eta hantxe ezagutu zuten Columbia Recordsko exekutiboek. 1993an, Columbiak 4 abestiko EP-a argitaratu zion.
Grace
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buckleyk Gary Lucas gitarra esperimentalarekin eta bere banda zen Gods and Monsters-ekin jo zuen.
1994an, Buckleyk lehen diskoa izango zena, Grace, argitaratu zuen. 10 abestik osatu zuten hura eta poliki samar salduz joan zen. Hala ere, album hark oso kritika onak jaso zituen, bai kritikoen aldetik eta baita beste musikari batzuen aldetik ere, Jimmy Page, Robert Plant, Bob Dylan, Thom Yorke, Neil Peart edo Paul McCartney tarteko. Askorentzat, Leonard Cohenen Hallelujah abestia ez du inork hain ondo abestu eta Buckleyren bertsioa da ziurrenik ezagunena.
Lehen diskoaren argitalpenak arrakasta handia lortu zuen eta Buckleyk 2 urteko bira egin zuen munduan zehar. Diskografikarekin ez zituen harreman erosoak mantentzen eta, bira oso neketsua bazen ere, nolabaiteko independentzia ematen zion harrekiko.
1995ean, kontzertua eskaini zuen Parisko Olympian. Édith Piaf abeslariari ospea eman zion antzokiko emanaldi hura Buckley-ren karreran eskainiko zuen hoberena izan zen askoren iritziz.
Phantom solo tour izeneko bira etorri zen gero. 1996ko abenduan eman zion hasiera eta ezizen ezberdinak erabili zituen: Father Demo, Jaime de Cevallos, Topless America, Smackcrobiotic, The Halfspeeds, Crackrobats edo Martha and the Nicotines. Internet bidez justifikatu zuen bira misteriotsu haren nondik-norakoa, faltan botatzen baitzuen lokal txikietan jotzen zueneko hasierako izaera anonimoa:
« | Izan zen kafetegi batera iritsi eta nahi nuena egiten nuen garaia, musika jo, musika egiten ikasi, niretzako zuen garrantzia esploratu... hau da, ezagutzen ez ninduten entzuleek aspertu edo liluratu egiten nituenean ere, ondo pasa. Erratu nezakeen, arriska nintekeen, errenditu ere bai. Lan egiteko inguru honen bila aritu naiz lanean, baina, freskura hura galdu dudanean, faltan botatzen dut... eta erreklamatu nahi dut.[2] | » |
Buckleyk cover ezberdinak egin zituen bere karreran zehar, gustuko zituen artistekin: Bob Dylan, The Smiths, Siouxsie Sioux, Leonard Cohen, Bad Brains edo MC5 beste batzuen artean.
Hallelujah
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aipatzekoa da "Hallelujah" bertsioaren kasua, berau Leonard Cohen abeslari kanadarraren kantu originala izanda ere, Buckleyk bertsio baten bertsioa egin zuelako, bera John Cale abeslari galestarraren bertsioan oinarritu baitzen. Calek atera bazuen "Hallelujah" ahanzturaren putzutik, Buckleyk jarri zuen jende askoren ahotan.
Hogeita bost urte zituela, Buckley New Yorkera joan zen, eta bertan, zenbait tabernatan hasi zen jotzen, Sin-é irlandar kutsukoan adibidez, non, denboraz, astelehenak gorde zizkioten berak jotzeko.
Egun batean, lagun baten etxean zegoela, I’m Your Fan diskoa entzun zuen, Leonard Cohenen abestien bertsioekin, eta hantxe entzun zuen lehen aldiz "Hallelujah", John Cale abeslari galestarraren ahotsean, artean jakin barik abestia Cohenek sortu zuela. Laster hasi zen "Hallelujah" jotzen bere emanaldietan, aldiko aldaketak eginez, jazz jotzaileek egiten duten moduan, abestia bere gustura moldatu arte. Berandu baino lehen, astelehen gauetan Sin-é diskoetxeetako exekutiboz eta kazetariz bete zen, denek gazte itxura oneko hari entzun guran. Buckleyk emanaldien bukaeretan jotzen zuen "Hallelujah". Garai hartan jende gehienak uste zuen berak sortu zuela abesti hura.
1993an Buckleyk "Grace" diskoan sartu zuen "Hallelujah". Ordurako “ehun aldiz bai, interpretatu zuen abestia Buckleyk, beharbada hirurehun aldiz”, adierazi zuen Bill Flanagan musika adituak. Daphne Brooks Princeton Unibertsitateko irakasleak, ostera, deskribatu zuen Buckleyren bertsioa “gospel musika, sexu, desio eta maitasunarekin nahasita, giltzak eskainiz errebelazio eta berpizkunde existentzialerako”.
"Grace" 1994an kaleratu zen, hamar urte Leonard Cohenek "Various Positions" plazaratu zuenetik. Hamar urte, beraz, "Hallelujah" originala eta bertsioaren artean. "Various Positions" hark bezala, hasieran "Grace" diskoak ez zuen arrakastarik izan, eta egurra ere jaso zuen.
Hala ere, diskoa hasi zen bidea egiten, eta baita "Hallelujah" bertsioa ere. Norah Jones, Brandi Carlile, Alter Bridge banda eta Amanda Palmer, besteak beste, zur eta lur geratu ziren diskoarekin, eta "Hallelujah" abestiarekin bereziki. Hortik aurrerako bertsio gehienak Buckleyren bertsioan oinarritu ziren.
2007an, Q magazinak egindako galdeketa batean, 50 musikagilek zerrendatu zuten Buckleyren "Hallelujah" Inoizko Hamar Abesti Onenen artean.
2008ko martxoaren 15eko astean, "Hallelujah" izan zen singlerik jaitsiena Frantzian. Hil eta hamaika urtera izan zuen Buckleyk bere Number One arrakasta. Urte berean, astebetean 178.000 lagunek erosi zuten Buckleyren "Hallelujah" iTunes dendan, Jason Castro gazteak American Idol telebistako lehiaketan haren bertsio bat kantatu ondoren. Hori zela-eta, Buckleyren abestia lehen aldiz Number One izatera iritsi zen AEBetako Billboard zerrenda famatuan.[3]
Denboraz, "Hallelujah" himno unibertsal moduko bat bihurtu zen, jendeak modu askotara ulertzen zuena. Eta arrakasta horretan Jeff Buckleyren bertsioa ezinbestekoa izan zen.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Agian ez dugu sekula jakingo Buckley istripuz hil zen ala, desoreka bipolarra medio, bere buruaz beste egin zuen. David Brownek idatzitako Dream Brother biografia eta 2002an BBCk emandako dokumentala ditugu iturri nagusi 1997ko maiatzaren 29ko gau tamalgarri haren berri izateko. Horien arabera, Jeffek denbora behar zuen bakarrik egoteko eta bere hasierako musikara itzultzeko. Grifters bandako Dave Shousek Memphisko Easly McCain grabazio estudioez hitz egin zion eta hortxe ikusi zuen aukera. Etxe bat alokatu zuen han eta gitarra eta ekipo xume bat eraman zituen lanerako. Ez zuen entretenitu nahi.
Ondo atera zitzaion eta 4 tema berri grabatu zituen eta bandari bidali. Konpainiako ekoizleak oso gustura zeuden eta Memphisera joateko prestatu ziren, material berri hartan elkarrekin lan egiteko. My Sweetheart The Drunk izena eramango zuen; 1997ko maiatzaren 29ko gauan bertan etorriko ziren gainontzeko banda kideak, lanari hasiera emateko xedean[1].
Normalean, Gene Bowen managerrak laguntzen zion leku batetik bestera, edozein arazori ekidin asmoz, baina gau hartan, Keith Fotirekin atera zen Jeff. John Lennon eta Jane’s Addiction entzuten ibili ziren hirian zehar eta, bandaren zain, entsegu tokira joan nahi izan zutenean, galduta zeudela ikusi zuten. Ordubete eman zuten Young Avenue-ra iristeko ahaleginetan eta alferrik. Boweni deitzeko erabakia hartu zuten, bidearen berri galdetzeko, baina ezin izan zuten harekin konektatu, aireportura joana baitzen, gainontzeko musikarien bila. Badirudi une horretan bururatu zitzaiola Buckleyri, Wolf ibai ondoan gitarra jo eta musika entzuten jarraitzea.
Ibaia ez zen bainurako egokia, baina ez zegoen arriskuaz abisatzen zuen kartelik. Foti gitarra jotzen ari zen bitartean, Jeffek grabagailua hartu eta ibai ondoan joan zen ibiltzen, aparailua uretatik gertu samar utzi zuelarik. Gaueko 21:00ak ziren eta inork ezin du Buckley uretan zergatik sartu zen ulertzen. Jantzita goitik behera, botak eta guzti, ibaian barrean sartzen joan zen Led Zeppelinen Whole Lotta Love kantatzen zuen bitartean. Une batean, Foti grabagailua erretiratzea joan zen, ontzi batek olatua eragin eta bustitzeko arriskuan zegoelako eta, begirada jaso zuenean, Jeff ez zen inon ageri[4].
Bost egunen buruan, Buckleyren hilotz biluzia agertu zen Beale Streeten bukaeran eta zilborrean zeraman piercingak lagundu zuen identifikatzen. Autopsiak ez zuen alkohola edo drogen presentziarik agertu.
Heriotzaren berria kolpe galanta izan zen musikaren unibertsoan eta berehala legenda bilakatu zen.
Buckley hil eta gero, bigarren albumerako grabatuta zeuden abesti batzuk argitaratu eta Sketches for My Sweetheart the Drunk izena eman zitzaion lanari. Beste 3 disko ere argitaratu dira zuzeneko materialarekin eta Chicagon emandako kontzertuaren DVDa ere bai.
Asko dira maisu kontsideratu duten musikariak. Horrela dio Elvis Costellok:
« | Jeff Buckleyk hartzen zuen abestia bere egiten zuen, dotoretuz erabat, oso gutxik egin dezaketen bezala</ref> | » |
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estudio albumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuzenekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EP-ak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2002 - Songs To No One 1991-1992 (Gary Lucasekin)
- 2007 - So Real: Songs from Jeff Buckley
- 2011 - The Jeff Buckley Collection
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz)http://lasoga.org/buckley-bendito-apellido-maldito/
- ↑ a b (Gaztelaniaz)https://web.archive.org/web/20150518073741/http://www.frontline.lunasexta.org/?p=219
- ↑ Light, Alan.. (2012). The holy or the broken : Leonard Cohen, Jeff Buckley, and the unlikely ascent of "Hallelujah". (1st Atria books hardcover ed. argitaraldia) Atria Books ISBN 9781451657845. PMC 779266321. (Noiz kontsultatua: 2019-07-26).
- ↑ (Gaztelaniaz)http://mannyinthebox.blogspot.com.es/2011/05/recordando-jeff-buckley_29.html