John Rawls

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

John Bordley Rawls (Baltimore, Maryland, 1921eko otsailaren 21a - Lexington, Massachusetts, 2002ko azaroaren 24a) estatubatuar filosofo eta irakaslea izan zen.

Gurasoak familia onekoak zituen Rawlsek. Ama ikatzetik eta petroliotik aberastu eta gero kiebra jotako leinuko batekoa zen. Aita, hegoaldekoa, legegizon ospetsu bihurtu zen Baltimoren. Gurasoek, biek ala biek, interes politikoa erakutsi zuten beren ibilbideetan. Aita, abokatua, Roosevelten aldeko agertu zen beti, honen politikaren aurkako Epaitegi Gorenaren trabak saiheste aldera, presidenteak sei epaile berri izendatu zituen arte. Ama League of Women Voters-eko presidentea izan zen. Rawls aitarengandik apurka-apurka urrundu egin zen, amarenganako hurbiltasuna handituz joan zen neurrian. Emakume honek arrasto handia utzi zuen semearen izaeran.

Lehen urteotan emakumearen eskubideen aldeko borrokaren grinari arraza eta klase aldarrikapenei erantsi zitzaizkion. Kontuan hartu beharko genuke Baltimoren beltzen kopurua %40ra iristen zela segregazio garai haietan. Rawls desberdintasun arbitrarioen aurrean (arrazialak, sexualak, zorizkoak...) benetan hunkitua agertu zen umetako lehen urte garrantzitsu hauetan.

Eskola publiko eta pribatuetan ibili ondoren (horien artea oroitzapen txarra utzi zion episkopaliano zorrotz batean), Princeton unibertsitatean sartu zen naziek Polonia inbaditu zuten urtean, 1939an. AEBetako giro isolazionista (America First goiburuak adierazten duena) gailen izan arren, Rawls Lehen Mundu Gerra eta nazioarteko zuzenbidea gogor ikasteari eman zion gertakarien ondorio larriak barruntatuz edo.

Halaxe, 1941eko abenduan Pearl Harbour eraso ondoren, AEBek gerran sartu zenean, Rawlsek, 1943ko otsailean, ikasketak bukatu bezain fite, armadan eman zuen izena eta berehala Pazifikora bidali zuten. Ginea Berrian, Filipinetan eta Japonian egon zen gerra bukatu eta lau hilabete geroago arte.

Gerran bizi izandakoak zer pentsatu eman zion Rawlsi, eta bere pentsamenduari biraketa gogorra eragin. Berak aitortzen du ordura arteko kezka erlijiosoak pikutara joan zirela han bizi izandakoarengatik.

Teologiako ikasketak jarraitzeko aukera guztiak baztertu eta graduazio tesiari ekin zion, gerora oreka gogoetatsua izango zenaren lehen zirriborroa burutuz.

Lan hau bukatu eta Margaret Warfield Foxekin ezkondu zen, hau ere artearen historian graduatu berria. Harrez geroztik, emazteak berebiziko eragina izango zuen Rawlsen ibilbidean.

McCarthy-ren garaian Princetoneko departamendu desberdinetan aritu ondoren, Fulbright Fellowshiparen eskutik 1952-53. ikasturtea Oxforden eman zuen, bertan, besteak beste, H. L. A. Hart, Isaiah Berlin eta Stuart Hampshire ezagutu zituelarik. Handik bueltan Cornell-eko (New York) unibertsitatean hasi zen 1953an, Rawlsen iritzian bilgune kulturaletatik urruti samar. Cornelleko garaian Margaretek eta berak lau seme-alaba izan zituzten, baina handik mugitzea egokitu zitzaion 1959an Harvardetik gonbidapena eta hurrengo ikasturtean MITekoa jaso baitzituen. Institutu honetan filosofiako ikasketak huskeria ziren ekonomia eta zientziakoen ondoan. Gainera, orduan MITen filosofia historia eta zientziaren filosofia diziplinen barnean urtu nahi izan zuten. Noam Chomsky eta beste batzuen laguntzaz humanitateen azpiatala eratzea lortu zuen Rawlsek. Honetan, ordea, lan administratibo antzu handia egin behar izan zuenez, Harvardeko gonbidapen berria jaso zuenean, bi aldiz pentsatu gabe, bertara joan zen eta 1962tik 1991era, erretiroa hartu zuen arte, Harvarden irakatsi zuen. Hala ere, 1995ean lehen osasun erasoa izan zueneino klaseak ematen jarraitu zuen.

60. hamarkada berezia izan zen AEBetan, eskubide zibilen aldeko mugimenduak eta Vietnameko gerrak gogorki astindu baitzuten garaiko pentsamendua. Rawls urteotan bere lehen liburu nagusia prestatzen hasi zen. Klaseetan haren lehen zirriborroez gainera, filosofo klasikoen pentsamendu moral eta politikoa azaltzen zuen. 1969an ius ad bellum (gerrarako zuzenbidea) eta ius in bello ( gerrako zuzenbidea) jorratu zituen “Problems of War” deitutako kurtsoan, eta derrigorrezko errekrutatze diskriminatzailearen (aberatsek erraz egiten zioten izkin joan beharrari) aurka agertu zen urteotan. Gerora desobedientzia zibilaren inguruan jardun du bere liburu nagusietan.

1969-70. ikasturtea Stanfordeko unibertsitatera joan zen bere lehen lan nagusia, A Theory of Justice bukatzera. 1970eko apirilaren egun batean hainbat suzko lehergailuk eztanda egin zuen unibertsitatean horretan. Makinaz idatzitako A Theory of Justice-ren bertsio bakarra hango bulego batean zegoen. Lan mardul hark betirako galtzeko arriskua zuen momentu hartan. Sua itzalitakoan, garrek ez, baina urak dezente kaltetu zuen orijinala. Ez betirako galarazteko adina, ordea. Orriz orri lehortu eta enegarren aldaketak erantsi zizkion Rawlsek beste hilabete luze batzuetan. Azkenik, 1971ko bukaeran pentsamendu politiko garaikidea aztoratu zuen liburuak argia ikusi zuen ibilbide luze eta katramilatsu baten buruan. 1979an Harvardeko maila akademiko gorena eman zioten, eta sari eta harrabots zalea ez izan arren, Oxfordeko (1983), Princetoneko (1987) eta Harvardeko (1997) ohoreak jaso zituen, 1999an B. Clintonek Humanitateen domina nazionala eman zion, eta urte berean Suediako Errege Akademiak bere saria eman zion, filosofiako Nobel saririk ez eta, “Logika eta Filosofia” alorrean hiru urtetan behin xedatzen den saria berau. Bere bizitzaren azkenaldian lagun eta emaztearen laguntza eskerga jaso zuen Rawlsek. Hondarrean, esan bezala, 2002ko azaroaren 21ean, Mardy ondoan zuelarik, John Rawlsek azken hatsa egin zuen.

John Rawls pentsaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1971an A Theory of Justice argitara eman zuenetik berak hausnartutako justiziaren teoria filosofikoak etengabeko eragina izan du, gizarte aurreratuetako erakunde eta oinarrizko egituren subjektuei dagozkien eskubide eta betebehar politikoak aztertzen baititu, bere eginkizunak filosofo, legelari, ekonomilari edo politikoengan interes bizia sortaraziz.

Rawlsek mundu anglosaxoniarrean nagusia den filosofia moralaren ahultasun teorikoa, utilitarismoarena hain zuzen, erasotu eta gainditu nahi izan zuen. Helburu honekin ongiaren (good) gainetik eginbeharrari (right) lehentasuna ematen dion teoria gauzatu zuen, justizia nozioaren eginbeharrari ongiaren edozein ikuspuntu enpiriko edo intuitiboaren ordez oinarri filosofiko eta morala emanez.

Pentsamendu demokratikoan askatasuna eta berdintasunari buruz dagoen adostasun faltan justifikatzen du Rawlsek Justizia berdintasun-asmotzat jotzen duen bere saiakera famatua. Rawlsek gizartea, erakunde sozial bezala, lehenengo bertutea justizia duen lankidetasun-sistema bat bezala ulertzen du. Justiziaren ikuspuntu honekin, pertsonen bortxaezintasuna aldarrikatuz, Rawlsek gizartea denbora eta belaunaldietan zehar irauten duen lankidetasun-sistema bat bezala hartzen du, eta razionala eta arrazoizko (zentzuzko) kontzeptuen artean egin beharreko bereizketa azpimarratzen du.

Horrela, razionala gure interesa kontutan hartzerakoan erabakitzen duguna da. Arrazoizko pertsonak, ostera, lankidetasunak dituen termino zehatzak ezartzeko beharrezkoak diren printzipioak proposatu edo besteak proposatutakoak onartzeko prest daudenak izango lirateke. Hauek badakite, gainera, printzipiook sarritan beren interesen gainetik bete beharrean daudela. Pertsona hauen eginkizunaren gidaria, beraz, ez da ongi bezala har daitekeena soilik, beraiek besteekin, partaide guztiek onartutako terminoetan, gizaki oro aske eta berdinak izanik, lankidetasunean gauzatzen den gizartearen eraikuntza baizik. Jarrera honen muinean guztientzat onura ekarriko duen elkarrekikotasunaren ideia aurkitzen da.

Hona heltzeko hasierako helmuga bat irudikatu behar da, baina honek ez du jatorrizko egoera historiko bat izan behar, ezta egoera posible bat ere, imajinatutako inpartzialtasun-egoera bat baizik, hau da, justiziak izan behar duenari buruzko akordio legitimo batera iristeko baldintza doi eta beharrezkoa. Hasierako egoera honetan gizakiek "ezjakintasun-oihal" batez estaliak egon behar lukete, tradizionalki justizia begiak estalita -honen inpartzialtasunaren bermatasuna adieraziz- irudikatzen baita. Egoera honetan, beren izaerako gertakizunak, ongiaren ideia, status soziala, aberastasuna, adimena, sexua edo belaunaldia kontutan hartu gabe, interesik gabe arituz, beraiek bizi nahi duten gizarteari buruzko erabaki bat hartuko dute.

Rawlsen proiektu politikoa aldez aurretiko bi baldintzetan oinarrituko da. Bata, hiritar gisa berdintasunean ekiteko mugatzen gaituzten desberdintasun estrukturalak definitu eta ezabatzearen premia (Estatuaren eskuhartzea aberastasuna berbanatzeko beharrezkotzat joko du). Bestea, aurrekoaren ondorioa, gure buruaz konfidantza galtzera eramaten gaituzten oztopoak gainditzea ezinbestekoa dela (horretarako, ikuspuntu kantianoaren ildotik, gizakiaren nortasun morala sendotzea proposatuko du).