Lucas Cranach Zaharra
Lucas Cranach Zaharra (alemanez: Lucas Cranach der Ältere; Kronach, 1472ko urriaren 4a - Weimar, 1553ko urriaren 16a) alemaniar margolari eta grabatzailea izan zen, Pizkundeko nagusietakoa. Erretaulak, erretratuak, grabatuak, irudi apaingarriak eta emakumezkoen irudiak egin zituen. Joera errealistaren maisua izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lucas Cranach aitaren lantegian hasi zen lanean, grabatzaile eta margolari gisa. XV. mendearen amaieran, Maximiliano I.aren babesa lorturik, Vienara joan zen. Han izan zituen lehen harremanak humanistekin. 1505ean Wittenbergen hartu zuen bizitokia, Frederiko Jakintsua Saxoniako hautesleak deituta, eta han bizi izan zen 1550 arte. Saxoniako dukeen zerbitzuan jardun zuen harrezkero.
Wittenbergen Lutero ezagutu eta haren adiskide egin zen. Haren liburuak apaintzeko irudiak eta erreformazaleen erretratuak egin zituen (Lutero, Katharina von Bora...), eta baita eliza luterotaretarako erretaulak eta irudiak ere. Luterorekin zuen adiskidetasuna zela eta, Erreformako pintorea deitu izan zaio. Margolaritzaz gainera, politikan eta negozioetan ere jardun zuen, eta azkenean bere semeen esku utzi behar izan zuen lantegia, eskaera guztiei ezin erantzunik.
Margogintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cranachek Danubioko edo Vienako Eskolako maisuekin ikasi zuen, eta horrek errealitatearen ikuspegi itxuraz lasaia eman zion. Bere pintura ez da Durerorena eta Grünewaldena bezain sakona, baina zalantzarik gabe, haiena baino gozoagoa da.
Hasierako lanetan paisaiak du nagusitasuna. Irudiak paisaian galtzen direla dirudi, Atsedena Egiptoko ihesaldian (1504) koadroan ikus daitekeen bezala. Vienan eginak dira, orobat, Johann Stephan Reussen erretratua (1503) eta Johannes Cuspinianena (1503), eta hor ere garrantzi handia dute paisaiak eta kolore beroek. Baina obra askotan paisaiaren lasaitasuna itxurazkoa da soilik. Izan ere, Nekaldiari edo santuen bizitzari buruzko koadroetan batez ere, nabarmenak dira tentsioa eta indarra, eta gai da dramatismo betera iritsi gabe formen erritmoa, konposizioa eta kromatismoa distortsionatzeko.
Baina Wittenbergen egindako obretan espiritu poetikoa nagusitzen zaio patetismoari eta espresionismoari, batez ere 1509an Herbehereetara egin zuen bidaiaren ondorengo koadroetan. Kolore hotzagoak eta espazio geometrikoagoak erabili zituen, eta gai mitologikoak eta antzinako historiakoak irudikatu zituen. Gai horietan emakumearen gorputzari eman zion protagonismoa. Humanismoak maitasun sentsuala goraipatzen zuen, eta maitale eta adiskide eder gisa hartzen zituen emakumeak, eta hori bera egin zuen Cranachek bere pinturan. Azkenaldiko obretan aipagarriak ditu Ehiza (1529) eta batez ere erretratuak: Lutero, Luteroren gurasoak eta abar.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.