Mansaf

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mansaf
arroz-platera eta lamb dish (en) Itzuli
Osagaiakbildoskia eta jameed (en) Itzuli
Historia
JatorriaJordania

Mansaf (arabieraz: منسف‎) Sortaldeko plater bat da. Bildoskia eta hartzituriko jogurt lehorraz egiten da (jameed) eta arrozez edo bulgurez zerbitzatzen da markook ogiaren gainean[1].

Jatorriz beduinoen platera zen eta gaur egun Jordaniako plater nazionala da, UNESCOk hala onartua[2].

Prestaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bildoskia, batzuetan ahuntz haragia, jogurtean bertan egosten da. Arroza aparte egosten da, batzuetan kurkumarekin, eta horrek kolore horixka ematen dio.

Zerbitzatzeko orduan azpilean markook ogia jartzen da, arrozarekin ogia estaltzen da eta gainean jartzen da jogurtean egositako haragia. Azkenik jogurt saltsa (jameed) isurtzen da mahaikidearen gustuaren arabera. Platera apaintzeko intxaurrak, arbendolak edo pinaziak jartzen dira inguruan.

Tradizionalki mahaiaren erdian kokatzen da eta mahaikide bakoitzak eskumako eskuarekin dagokion zatia hartzen du eta mahai-tresnak erabili gabe jaten du[3]. Gaur egun jatetxeetan bezero bakoitzari dagokion anoa ateratzen zaio eta goilara ere bai.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eboluzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko jakiak aldaketa nabarmenak izan zituen XX. mendean zehar. Beduinoen jatorrizko mansaf platera haragiz (gamelu haragia edo bildoskia) eta haragi saldaz edo gheez (gurin iragazia) eta ogiaz osatzen zen[4].

Familian eta eskumako eskuan hartuta jan ohi da mansafa.

1945etik aurrera Transjordanian garia masiboki landatzen hasi zen eta mansafa kozinatzeko errezetan bulgurra sartuz joan zen[5]. 1950. hamarladan Siria eta Palestinako mugetatik hurbil zeuden Jordaniako hirietan merkatal bideak irakitzen hasi ziren eta arrozak arrakasta izan zuenez mansaf platerean ere hura hasi zen bulgurra ordezkatzen[6]. 1960. hamarkadan gehigarriak botatzen hasi zitzaizkion, arbendol eta pinazi txigortuak batez ere.

Jameed jogurt saltsa ere oso berria da, beduinoek ez baitzuten janarietan sartzen sedentario bihurtzen hasi ziren arte[7]. Jameedak haragi zopa eta gurin iragazia ordezkatu zituen. Azkenik jendea haragia jogurtetan erregosten hasi zen, haragia marinatu egiten baitzen horrela eta zapore sendoagoa hartzen baitzuen[8].

Kozinatzeko erak ere izan du eboluziorik. 1970. hamarkadaren aurretik kobrezko pertza handietan kozinatzen zen komunitate osoarentzako. Ondoren kobrezko plateretan zerbitzatu eta etxe barruan jaten zen. Teknologiak aurrera egin ahala etxean kozinatzen hasi zen pertza txikiagoetan eta aluminiozko plater apainduetan zerbitzatzen hasi zen. Familia barruko platera izatera pasatu zen[5].

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jordanian jatorria duen platera bada ere gaur egun Sortalde guztian jaten den plater ezaguna da, Palestinan[9], Libanon[10], Sirian... Handik ekialdera ere zabaldu da, Irakera, Saudi Arabiara eta Kuwaitera esate baterako[11][12].

Aldaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mansaf tradizionala.

Jordaniako mansafik onena egitearen fama Al-Salt eta Karak hirietako biztanleek dute. Dena dela gaur egun mansafaren hainbat aldaera existitzen dira, eskualdeek dituzten ezaugarri eta baliabideen arabera sortu direnak.

Jordaniako hiri handietan shakreyyeh izeneko jogurta erabiltzen da eta herrialdearen iparraldean gero eta gehiago dira haragitarako oilaskoa erabiltzen dutenak, eskuratzen errazagoa baita. Hegoaldeko kostaldean dagoen Aqaba hirian arraina erabiltzen da mansafa egiteko.

2020. hamarkadan Amman hiriburuko jatetxe batean mansafa kopatan zerbitzatzen hasi ziren. Bezero batzuei gustatu zitzaien baina askok uste dute tradizioari eta mansafak duen aintzatespenari kalte egiten diola[13].

Kultura eta tradizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazal-artzain kulturako platera izan zen jatorrian, haragia eta jogurta ekoizten baitzuten[2]. Gaur egungo Jordanian plater nazionala da eta gertakari berezietan zerbitzatzen da, hala nola, ezkontzatan, jaiotzatan, graduaziotan, gonbidatua ohoratzeko edota herrialdeko jaiegun berezietan[14].

Komunitatean jaten da, plater handi batetik beduinoek egiten zuten antzera[15]. Tribuen artean arazoak konpontzeko erabiltzen da, trukeak egiteko (Atwa) eta bakea lortzeko (Ja'ha).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Jordan - Jordanian Cuisine» www.kinghussein.gov.jo (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  2. a b (Ingelesez) Hajjar, Leen. «Jordan’s National Dish Recognized by UNESCO» blog.myjordanjourney.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  3. (Ingelesez) Annacia. «Jordanian Mansaf Recipe - Food.com» www.food.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).[Betiko hautsitako esteka]
  4. (Ingelesez) Massad, Joseph. (1998). Identifying the Nation: The Juridical and Military Bases of Jordanian National Identity. Columbia University (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  5. a b (Ingelesez) Alobiedat, Ammar Abdelkarim Ali. (2016-06). «The Sociocultural and Economic Evolution of Mansaf in Hartha, Northern Jordan» Humanities 5 (2): 22.  doi:10.3390/h5020022. ISSN 2076-0787. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  6. (Ingelesez) Howell, Sally. (2003-10). «Modernizing Mansaf : The Consuming Contexts of Jordan's National Dish» Food and Foodways 11 (4): 215–243.  doi:10.1080/713926376. ISSN 0740-9710. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  7. (Ingelesez) Massad, Joseph Andoni. (2001). Colonial Effects: The Making of National Identity in Jordan. Columbia University Press ISBN 978-0-231-12323-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  8. Hilali, M.; El-Mayda, E.; Rischkowsky, B.. (2011-11-01). «Characteristics and utilization of sheep and goat milk in the Middle East» Small Ruminant Research 101 (1): 92–101.  doi:10.1016/j.smallrumres.2011.09.029. ISSN 0921-4488. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  9. (Ingelesez) «Mansaf (Palestinian Spiced Lamb With Rice and Yogurt Sauce) Recipe» Serious Eats (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  10. (Ingelesez) Lama. (2022-05-24). «TasteGreatFoodie - Mansaf (Lebanese Rice with Meat) - Main Dish» TasteGreatFoodie (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  11. (Ingelesez) Davidson, Alan. (2014). The Oxford Companion to Food. Oxford University Press ISBN 978-0-19-967733-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  12. (Ingelesez) Mansaf Traditional Dish. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  13. (Ingelesez) Hubbard, Ben; al-Omar, Asmaa; Boushnak, Laura. (2022-06-26). «An Innovator Sold Jordan’s National Dish in a To-Go Cup. Controversy Ensued.» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  14. (Gaztelaniaz) «UNESCO - Al-Mansaf en Jordania, un banquete festivo y sus significados sociales y culturales» ich.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  15. Yousef Ghawanmeh. The cultural history of Jordan during the Mamluk period 1250–1517. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]