Mari Puri Herrero

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mari Puri Herrero
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMaría Purificación Herrero Martínez de Nanclares
JaiotzaBilbo1942ko abenduaren 10a (81 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, eskultorea eta Irarlea
Lan nabarmenak
Mari Jaia, 1978an Mari Puri Herrerok sortua.

María Purificación Herrero Martínez de Nanclares (Bilbo, Bizkaia, 1942ko abenduaren 10a) Euskal Herriko artista margolari, eskultore eta grabatzailea da.[1] 1978an Bilboko Aste Nagusiaren ikurra den Mari Jaia sortu zuen.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mari Puri Herrerok aita Bilbokoa eta ama Artziniegakoa zituen. Hiru anai-arreben artean erdikoa, Bilbon jaio zen, Moyua plazatik hurbil bizi zen. Hirian hazi bazen ere, herria hurbiletik bizi izan zuen, amama sarritan bisitatzen baitzuen Artziniegan, Udak Donostian igarotzen zituen familiarekin eta hamalau urte zituela Ascensio Martiarenarekin Donostian hasi eta gero, ikasketak Madrilen Arte Ederretako Akademian (1958tik 1961era), Arte Ederretako Zirkuluan eta Pradoko Museoan marrazketa eta pintura klaseak jaso zituen. Han egon zen bitartean linolioa eta akuafortea ere ikasi zituen Dimitri Papageorgiuren eta Enrique Ortizen tailerretan. Beka bati esker Amsterdamgo Rijksakademien grabatua ikasi (1966-1967) Norvegia eta Belgikara bidaiatu eta gero, Parisen bizi izan zen 1969tik 1971ra. Bilbon ezkondu eta ume bat izan zuen. Familiarekin bizitza Euskal Herria, Paris, Leioa eta Madril artean pasa du.[2][3][4][5]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal artean hedatutako Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea eta abarren abstrakzioaren ondotik sortu zen Mari Puri Herreroren obra, baina beti errealismo magikoa hurbil izanda.[6] Margolaria da Herrero funtsean baina serigrafia edota xilografia bezalako arlo batzuetara ere hurbildu da. Arte figuratiboa landuz, bere pertsonaiek zertzelada umoristikoa eta errealismoa erakusten dute. Natura eta paisaiak ere gai nagusi bezala ageri dira bere margolanetan. Bere marrazkia eta kolorea apartak dira, konposizioa orekatua da eta irudimen handikoa. 1980 eta 1990eko hamarkadetan bakarkako zein taldekako erakusketak egin zituen grabatuaren alorrean gehienbat. Bere lanik ezagunena Marijaia da. Bilboko Aste Nagusiko jai-batzordeak eskatuta, 1978ko abuztuan sortu zuen eta bost egun behar izan zituen diseinatzeko. Bere obrek nazioarteko erakusketatan egon dira. Bilboko Arte Ederren Museoaren batzordekide izan zen artista, eta gainera, museo hori Herreroren askotariko lanen fondo baten jabe da.[3][4] 1982an Jose Julian Bakedanok egin zuen bere ordura arteko lan grafikoaren katalogazioa eta Bizkaiko Aurrezki Kutxak argitaratu zuen katalogoa.[7]

Marijaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978an sortu berria zen Bilboko Jai Batzordeak ikonoa sortzeko eskatu zion, orduan birjaioko ziren jaien pertsonaia izaera herrikoia izan zedin eskatu ere. Mari Puri Herrerok enkargua onartu eta Marijaia sortu zuen.

Itxura tradizionaleko emakume gisa diseinatu zuen, landa-eremuan erabilitako arropa koloretsuekin eta buruan zapia zuela. Aurpegi alaia du, irribarretsua, formak indartuekin, eta besoak goian ditu beti, dantzan eta festan gogotsu aritzeko keinua da hori.[8]

Arriaga antzokiko balkoian Marijaiaren presentziak hasiera ematen dio Aste Nagusiari, txupinerarekin eta pregoilariarekin batera, txupinaren jaurtiketan parte hartuz. Gero bederatzi egunez jaiaren eragilea da, bederatzi egun ematen baititu Bilbon dantzan. Bigarren igandea iristean, itsasadarraren ondoan su hartzeko gero, eta horrela astea amaitzeko. Hurrengo urtera arte.[8]

Mari Purik ekainaren bukaerara arte itxarongo du Marijaia birsortzeko zain, baina 2000. urteaz geroztik, artista honek Toño Valdiviejorekin batera sortzen du panpina. Pintura-irakasle eta erraldoi-buruhandien ohiko sortzaile da barakaldar hau. Lehenik, aurpegia eta gorputza kartoiz modelatzen dituzte; kartoia lehortu ondoren, espartzuzko ilea gehitzen diote eta, ondoren, Gorbeiako zelaietan bildutako belarrez betetzen dituzte besoak. Janztea besterik ez da geratzen. Gona zabala da, oso zabala dantzatzean hegaldi dotore eta erakargarria izan dezan. Zapiarekin apaindu eta lorea bularrean jarrita prest egongo da urteroko dantzari erraldoi abegikorra.[8]

Urakan suntsitzailearen iragarpena (1984). Olioa oihalean, 170 x 230 cm.

Erakusketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1963an egin zuen lehen erakusketa Bilboko Illescas Aretoan.[3]
  • 1981n, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Aretoan, Bilbon, Intriga erakusketa egin zuen, eta bertan aurkeztu zuen neurri handiko Comedor olioaren lehen bertsioa. Urte berean, Iruñeko Aurrezki Kutxaren Erakusketa Aretoan ere egin zuen zuen bakarkako erakusketa, eta Arteder Arte Garaikidearen Azokan aurkeztu zuen bere lana.
  • 1982an, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren kultura-sailak bere obra grafiko osoari buruzko liburua argitaratu zuen (1962-1982), eta aldi berean Durangoko Ydal aretoetan obra grafiko oso hori erakutsi zuen. Arte Grafikoaren Nazioarteko Erakusketan hartu zuen parte grabatu eta marrazkiekin, eta hurrengo urtean,
  • 1983an, Arteder Arte Garaikidearen Azokan aurkeztu zuen berriz bere obra. Urte berean Lo que se dice erakusketa aurkeztu zuen Granadan eta Madrilen.
  • 1985 eta 1986an Arcon egon zen ordura arte erabilitako teknika guztiak bilduz,
  • 1986an Motivos de sobresalto erakusketa egin zuen Bilboko Arte Ederretako Museoan .
  • 1989an En la tierra como en el cielo izenekoa eta Con los cinco sentidos
  • 1992an Bilbao Bizkaia Kutxak M.P. Herrero-Dibujos 1959-1992 lana argitaratu zuen, bere marrazkien katalogoa, alegia, eta erakusketa handi bat antolatu zuen Bilbon izenburu berberarekin.
  • 1993an, A tiempo, por lo visto erakusketa antolatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
  • 1994an, beste agerpen askoren artean. Aipagarria da aldi horretan (1984tik 1994ra) Donostiako Galería 16 aretoarekin izan zuen lan-harreman estua.
  • 1995ean akuaforteak erakutsi zituen Zaragozan eta Bilbon, eta Donostiako DV galerian ere erakutsi izan ditu bere lanak.
  • 1997an Gonzalo Txillidarekin batera egin zuen erakusketa. Liburu bat argitaratu zen erakusketa haren ondoren, Gonzalo Chillida y Mari Puri Herrero.
  • 2019an Madrilgo Koreako Kulturgunean Álvaro Alcázar galeriarekin lankidetzan Diálogos Artísticos de las artistas Kim Yunshin y Mari Puri erakusketa.[9]

Sariak eta errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2019: Bilboko udaleko "Ospetsu" izendapena. Bilboko Aste Nagusiaren eta, ondorioz, bilbotar guztien Marijaiaren sortzailea izateagatik, bere ibilbide artistiko oparoagatik eta Bilboko imajinarioari egin dion ekarpenagatik eman zioten Ospetsu izendapena. 1978an, Bilboko Jai Batzordeak, lehendabiziko Aste Nagusien irudia sortzea agindu zion. Pertsonaia alaia, Bilboko hiriaren irudi. Baina urte baterako besterik ez zena gutxienez 42 iraun zituen, izendapena jaso arte.[6]
  • 2022an Gure Artea saria jaso zuen, Gasteizko Artium museoan, bere ibilbide artistikoaren saria hain zuzen. 20.000 euroko saria. Herrerok mende erdi baino gehiagoko ibilbidea egin du artean, eta jardunean dago oraindik ere. Lazkanoren epaimaburuaren iritziz, «koherentzia bat mantendu du» urte hauetan guztietan. Horregatik, beraz, zalantza izpirik gabe «erreferentzia» bat dela azpimarratu du «Jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da —margolaria, grabatzailea eta eskultorea—, eta haren obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Haren obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du, gainera, eta erreferentzia sinbolikoz betea dago»[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «María Purificación Herrero Martínez de Nanclares» Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  2. a b «Mari Puri Herrero: 'Beharbada jende gutxiagok joan behar du museoetara!'» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  3. a b c «Gaiak: Mari Puri Herrero - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  4. a b Herrero, Mari Puri. «Museo de Bellas Artes de Bilbao - ARTEDER» www.bd-arteder.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  5. «Mari Puri Herrero. Margolaria: Batzuetan ametsak diruditen bizipenak izaten ditugu, nik ez ditut bereizten» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  6. a b Goikoetxea, Cristina. (2020-01-01). «Bilbok lau Ospetsu gehi ditu» Bilbao (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
  7. «Arrotza norbere etxean» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  8. a b c (Gaztelaniaz) «Bilbao.eus, Publicaciones Municipales, Periódico Bilbao, 10.- De Bilbao al mundo: Mari Puri Herrero. Dos años sin Marijaia. Tomás Ondarra / La tira de Kike Infame» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-19).
  9. Centro Cultural Coreano en España. (2019-04-23). Diálogos artísticos: KIM YUNSHIN y MARI PURI HERRERO. (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  10. Etxenausia, Unai. «Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni dira 2022ko Gure Artea sarien irabazleak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]