Namibiako historia

Namibiako historia oso luzea da, gizakiak (san herria) hor duela ia 30.000 urte bizi baitira. Hala ere, estatu moderno gisa, historia laburra du, Hegoafrikak herrialderean gaineko kontrola 1989an baino ez baitzuen utzi.
Aurrehistoria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boskimanoen (Namibiako lehen biztanleak) aitzinekoek labar-pinturak egiten zituzten K. a. 26.000an, Afrikako antzinakoenak. Mendeetan zehar migrazio ugari egon ziren, hasieran khoisan etniakoak eta gero bantu etniakoak (gaur egungo biztanleriaren gehiengoa).
Europar kolonizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Namibian oinak jarri zituzten lehen europarrak portugaldarrak izan ziren XVI. mendean, baina Namib eta Kalahari basamortuak hesi handiak bihurtu ziren europarren esplorazio eta kolonizaziorako.
XIX. mendean ingeles eta alemaniarrak lekutzen hasi ziren Namibian, eta azkenik 1884an alemaniar kolonia bilakatu zen. 1904an hereroak, bantu herri bat, alemaniarren aurka altxatu ziren. Hereroak sarraskituak izan ziren, lehen Waterbergeko guduan eta gero kontzentrazio-zelaietan. Hereroak, gerraren aurretik 80.000 inguru zirenak, 1911n 15.000 baino ez ziren: XX. mendeko lehen genozidioa izan zen. 2021eko maiatzaren 28an, Alemaniako Gobernuak onartu zuen 1904 eta 1907 artean Namibian genozidioa egin zuela.[1]
Hegoafrikaren dominazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1915ean, Lehen Mundu Gerran, hegoafrikarrek Namibia hartu zuten, eta 1920an Nazioen Elkarteak Hegoafrikari agindu bat eman zion Namibia administratzeko. Hurrengo urteetan, Hegoafrikatik etorkin zuri ugari bertaratu ziren, beltzak baztertzeko legeak indartu eta haien matxinadak oso gogor zapaldu ziren.
1946. urtean Hegoafrikak Namibiaren anexioa aldarrikatu zuen. NBEk gaitzetsi zuen, baina Hegoafrikak ez zuen NBEren agintea onartu. 1959an Windhoeken apartheid-aren aurkako manifestapen bat zapaldua izan zen eta 57 pertsona hil ziren. 1960an SWAPO (South-West African People's Organisation edo Hego-Mendebaldeko Afrikar Herriaren Erakundea) sortu zen eta 1967an hegoafrikarren aurkako gerrilla-borroka hasi zuten. 1968an NBEk Namibia izena eman zion herrialdeari (ordu arte Hego-Mendebaldeko Afrika deitzen zen). 1979an apartheida indargabetu zen.
Independentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1989 SWAPOk lehen benetako hauteskunde demokratikoak irabazi zituen eta 1990ean Namibiak independentzia lortu zuen. 1994an Namibiak Walvis Bay (Hegoafrikako barrendegia) berreskuratu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Gaurko egunez: Alemaniako Gobernuak onartu zuen genozidioa egin zuela Namibian» Argia (kontsulta data: 2026-05-28).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Afrikako herrialdeen historia | ||
|---|---|---|
|
Oharra: Zerrenda honetan herrialde nagusien historia ageri da, beraz, baliteke herrialde burujabe guztiak ez agertzea. | ||