Pavel Dibenko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Pavel Dibenko
Pavel Dybenko 1.png
1918ko Errusiako Batzar Konstituziogileko diputatu

Bizitza
Jaiotza Novozybkov Itzuli1889ko otsailaren  16a
Herrialdea  Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Heriotza Communarka shooting ground Itzuli1938ko uztailaren  29a (49 urte)
Hobiratze lekua Communarka shooting ground Itzuli
Heriotza modua heriotza zigorra
Familia
Ezkontidea(k) Aleksandra Kollontai
Anai-arrebak
Jarduerak
Jarduerak politikaria
Jasotako sariak
Kidetza Sobietar Batasuneko Batzorde Betearazle Zentrala
Zerbitzu militarra
Gradua Komandarm 2nd rank Itzuli
Parte hartutako gatazkak Lehen Mundu Gerra
Errusiako Iraultza
Uztaileko Egunak
Q4333233 Itzuli
Ukrainian Front (1919) Itzuli
Northern Taurida Operation Itzuli
Kronstadteko matxinada
Tambov Rebellion Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista

Pavel (Pavlo) Efimovitx Dibenko (errusieraz: Павел Ефимович Дыбенко, ukraineraz: Павло Юхимович Дибенко Pavlo Jukhimovitx Dibenko; 1889ko otsailaren 28agreg./otsailaren 16ajul.1938ko uztailaren 29a) erruso-ukrainar marinel boltxebikea izan zen[1].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerbitzu militarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rigako portuan zamaketari bezala lan egin zuen, 1911an Itsas-Armadan sartu zen eta 1912an Alderdi Boltxebikean sartu zen, 1907an kolaboratzen hasi ondoren. 1915an, Pavel I ontziko matxinadan parte hartu zuen; hori zela eta sei hilabetetako kartzela-zigorra jasan zuen, eta gero oinezko tropetara bidali zuten. 1916an, berriz, atxilotu eta bi hilabetez kartzelatu zuten. Askatu zutenean, Finlandiako Helsingfors (egun, Helsinki) hiriburura bidali zuten; pentsatu gabe han egingo zela Dibenko buruzagi iraultzaile ezagun[1].

Otsaileko Iraultza Baltikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917ko otsailean, Otsaileko iraultza Baltikoan hedatzen paper handia jokatu zuen. 1917eko apiril-maiatzean, Baltikoko Itsas-Armadaren Sobietaren Komite Exekutiboko (Tsentrobalt) buru aukeratu zuten (Baltikoko Itsas-Armadako tropak Errusiako sektorerik iraultzaileenen artean zeuden). Dibenkori esker, 1917ko ekainean, Tsentrobaltek, Baltikoko Itsas-Armadaren Sobietak Itsas-Armada horretako komandanteen gaineko jurisdikzioa izatea ahalbideratzen zuen mozioa aurkeztu zuen. Aurretik, martxoan, Helsingforseko Sobieteko diputatu aukeratu zuten. 1917ko Uztaileko Egunak zelakoak izan zuen parte-hartzeagatik atxilotu zuten, eta irailean aske utzi zuten Helsingforsera ez joateko baldintzarekin. Hala ere, Dibenkok baldintza hori hautsi egin zuen eta berriz, Tsentrobalten lanak bete zituen. 1917ko urriaren 11-13an, Iparraldeko Sobieten Biltzar Nagusian, Dibenko Iparraldeko Sobieten Komiteko kide aukeratu zuten. Dibenkoren pe, urrian, Tsentrobaltek Errusiako Behin-behineko Gobernua onartzen ez zuen mozioa bat onartu zuen. Hori, Sobietak boltxebikeen aldera lerratzeko urrats handia izan zen. Gainera, Petrogradeko Sobieteko Komite Militar Iraultzailearen kide ere izan zen[1].

Urriko Iraultzan eta Errusiako Gerra Zibilean parte hartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriko Iraultzaren egunetan, Gatxinako eta Tsarskoie Seloko destakamenduak gidatu zituen. Kontuan izan behar da baita ere, Urriko Iraultzan Aurora ontziak izan zuen garrantzia, honen bestez, Dibenkoren papera gerora ezagutu duguna baino handiagoa zela uste da. Lekuko askoren arabera, Dibenko Neguko Jauregian sartzen lehenetakoa izan zen. Urriko Iraultzaren ostean, Itsas-Armadarako Herri Komisario izendatua izan zen. Hala ere, batzuen ustez, Lenin ez zen Dibenkoren gaitasunaz fio, eta ondoko profesional bat jarri zion. Petrograd Kerenski-Krasnov matxinadaren kontra defendatu zuen. 1918ko urtarrilean, Asanblada Konstituziogilea ireki izen egunean, Dibenko Petrograden zegoen, matxinada kasuan hura defendatzeko tropen arduradun. 1918ko otsailaren 23an, Petrogradetik hurbil zegoen Narva ibaiko lerroa defendatu behar izan zuen alemaniarren kontra, baina kale egin zuen indar askoz ere handiagoen aurka. Porrot horrek Brest-Litovsk ituna sinatzeaz konbentzitu zuen Gobernu Sobietarra (Dibenko itun hori sinatzearen kontra izan zen). Porrot horrek 1918ko apirilean Dibenko kargugabetzea eta alderditik kanporatzea ekarri zuen, baina epaitegi militarrak errudun ez zela ebatzi zuen, esperientzia txikia zuelako eta etsaiaren indarrak handiagoak zirelako. Jacques Sadoul frantziar sozialistaren arabera, Dibenko marinelen artean zuen babes handiak salbatu zuen. Beste batzuen arabera, Aleksandra Kollontaik salbatu zuen orduan bere senarra zen Dibenko. Hala ere, alderditik kanporatua izan zen. Apiril horretan, Dibenko (Kollontairekin batera) Samarara joan zen, hiri horretako Sobieta ez zuten boltxebikeek kontrolatzen (anarkistek, ezkerreko eseristek eta maximalistek baizik). Iturri anarkisten arabera, Dibenkok Samaran boltxebikeen kontra hitz egin zuen eta are hango anarkisten buru aldarrikatu zuen bere burua. Hala ere, maiatzean Dibenkok Samara utzi zuen eta Moskura itzuli zen[1].

Leninek, Dibenko Ukrainara bidali zuen lan ilegala egitera, Odessara hain zuzen (orduan Ukraina, alemaniarren okupaziopeko “Ukrainako Estatuak” gobernatua zegoen). Abuztuan alemaniarrek atxilotu bazuten ere –preso batzuengatik trukatua izan zen-, meritu handiko garaipenak lortu zituen, Kharkov eta Jekaterinoslav (Dnipropetrovsk) askatuz. Dibenkok, Ukrainan boltxebikeak politikoki ahulagoak zirenez, beste indar batzuekin adostasunak egin zituen, adibidez Makhnorekin eta Grigoriev atamanarekin –iturri batzuen arabera, Makhnorekin adiskidetasuna ere egin zuen-. Bere arrakastak, 1919an jeneral postura igotzea ekarri zuen. Hala ere, 1919ko apirilean akats militar handi bat egin zuen: Donbass indartu ordez, Krimea askatu zuen, Krimeako Errepublika Sozialista Sobietarra sortuz. Haatik, honek bere indarrak sakabanatzea ekarri zuen, eta gainera, Moskuko Gobernu Sobietarrak “indiziplinagatik” bera gaitzestea, babes politiko gabe geratuz. Bere akatsaren ondorioz, zuriek lehenik Donbass eta gero Ukraina osoa konkistatu zuten. 1919an zehar, zurien eta ukrainar nazionalisten kontra borrokatzeaz gain, bere lagun ohi Makhnoren Armada Beltza anarkistaren eta tokiko hainbat komandanteren kontrako borroketan Ukrainako Armada Gorria gidatu zuen[1].

Gerra Zibilaren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919an Dibenko Moskuko Armada Gorriaren Akademian sartu zen, eta urte horretako abenduan Tsaritsin hiriaren (Stalingrad) defentsan parte hartu zuen Denikinen indarren kontra. 1920an, Kaukasoko frontean zalditeria unitate bat gidatu zuen. 1921an, Kronstadteko matxinada antiboltxebikea ezeztatzen lagundu zuen, eta geroago Tambov probintziako matxinadaren kontra ere borrokatu zuen. Guztira, borroka merituengatik, Bandera gorriaren hiru Orden irabazi zituen. 1922an, Armada Gorriaren Akademian graduatu zen, eta urte horretan, alderdian berronartua izan zen. 1922 eta 1925 artean Armada Gorriko errifle unitate batzuk gidatu zituen. Armada Gorrian karrera egin zuen, 1925 eta 1928 artean Armada Gorriaren Artilleria Zuzendaritzaren eta 1926 eta 1928 artean Hornikuntza Departamenduaren buru izan zen. 1928an, Asia Erdialdera bidali zuten matxino musulmanen kontra borrokatzera, eta 1930an, Alemaniara joan zen teknika militarrak hobetzera. 1931an Tadjikistango Alderdi Komunistaren eta Uzbekistango Alderdi Komunistaren Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. 1933tik aurrera, Volgako barruti militarreko komandantea izan zen. 1936 eta 1937 artean Leningradeko barruti militarreko burua izan zen. 1935ean jeneral-komandante kargura igo zuten eta 1937an Sobiet Goreneko kide izan zen; baina 1938an, estatu-kolpe sare batzuetan harrapatu zuten eta atxilotu, epaitu eta exekutatu egin zuten[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Dibenko, Pavel (Pavlo), K17 2017-10-30. CC0 Domeinu Publikoa