Plutarko
Plutarko | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Chaeronea (en) , 40(e)ko hamarkada | ||
Herrialdea | Antzinako Erroma | ||
Heriotza | ezezaguna eta Chaeronea (en) , 120 (70/80 urte) | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Timoxena (en) | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | latina antzinako greziera | ||
Irakaslea(k) | Ammonius of Athens (en) | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | saiakeragilea, apaiza, magistratua, biografoa, historialaria, idazlea eta filosofoa | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Genero artistikoa | biografia | ||
Mestrio Plutarko (antzinako grezieraz: Πλούταρχος; Keronea, Beozia, egungo Grezia, K. o. 46 inguru - K. o. 120) antzinako historialari, biografo eta saio-idazle greziarra izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aristobulo jakintsuaren semea zen eta 20 urte bete zituenean Atenasera bidali zuen aitak matematika eta filosofia ikas zitzan. Atenasko aristotelikoen artean hezi zen, eta Asia Txikian barrena ibili zen; Alexandriara eta Erromara ere iritsi zen.
Bizitzako urterik gehienak, ordea, jaioterrian eman zituen. Kargu publikoak betetzeaz gainera, eskola ospetsu baten zuzendaria izan zen. Harreman estuak izan zituen, bestalde, Atenasko Platonen akademiarekin eta 95. urtetik aurrera Delfosen apaiz izan zen Apoloren tenpluan, eszeptizismoa eta ateismoa nagusi ziren garaian.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Plutarkoren lanik garrantzitsuena eta ospetsuena "Bizitza paraleloak" izenekoa da. Bertan, parez pare kontatzen ditu hainbat biografia, alde batean greziar batena, bestean erromatar batena, bakoitzaren sarreran bizitza horien parekotasunak aztertuz. Poeten eta filosofoen biografiak ere idatzi omen zituen, baina galdurik daude; 50 inguru gorde dira. "Bizitza paraleoak" liburuan politikoak eta militarrak ageri dira, denak historikoak, lehenengo biak izan ezik (Teseo eta Romulo, mitoaren arlokoak). Biografia paralelo horietako batzuk hauexek dira: Perikles eta Fabio Maximo, Koriolano eta Alzibiades, Demostenes eta Zizeron, Dion eta Bruto, Alexandro eta Julio Zesar, Agesilao eta Ponpeio. Plutarkoren ikuspegian, historia gizon handien ekintzen bidez egiten da; ez dira gertakizunak gizon handien bultzatzaile, alderantziz baizik. Lan horretan, Polibio, Tito Livio, Tuzidides, Salustio edo Homero aipatzen ditu Plutarkok.
Saiakera eta hitzaldi moduko testu anitz idatzi zituen, "Moralak" izeneko liburuan bilduak. Arlo anitzez mintzo da bertan: filosofiaz, erlijioaz, izadi jakintzaz, kritikaz, moralaz, arkeologiaz. Platonen filosofiaren oinarria agertzen du liburu horretan. Pizkunde garaiko humanistek ezagutarazi zuten Plutarkok eragin handia izan zuen William Shakespeare eta Michel de Montaignerengan, besteak beste.
Lan euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizitza paraleloak lanaren Alexandro / Zesar atala euskaratu zuen Jesus Maria Arrojeriak, Klasikoak bilduman UPV/EHUk argitaratuta.[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Argitaratu zen 2006 urtean; ISBN 84-96455-17-3 badago sarean irakurtzea Alexandro / Zesar , Bizitza paraleloak[kontsulta data 2022-08-18]