Ramlösako ura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ramlösako ura
Ramlösa Brunnspaviljongen.jpg
Kokapena
Estatu burujabe Suedia
Suediaren banaketa administratiboaEskaniako konderria
Suediako udalerriaHelsingborg udalerria
Koordenatuak56°01′20″N 12°44′57″E / 56.02222°N 12.74917°E / 56.02222; 12.7491756°01′20″N 12°44′57″E / 56.02222°N 12.74917°E / 56.02222; 12.74917
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaRamlösa (en) Itzuli
Atalakeraikin: 13
Ondarea
Ramlösako konplexuaren aireko ikuspegia 1946 urtean.

Ramlösako urak Helsingborg hego-ekialdean (Eskania, Suedia) sortzen diren ur mineralak dira, 1707tik ustiatzen direnak. Hasieran burdin-ur putzu baten inguruan bainuetxea eraiki zen, XVIII. mendean ospe handia lortu zuena. XIX. mende amaieran, berriz, botilatutako uraren salmenta hasi zen; XX. mendean zehar gero eta indar handiagoa hartzen joango zen negozioa, bainuetxearena gainditzeraino. 1970eko hamarkadatik aurrera, instalakuntza terapeutikoak behin betiko itxi ziren, eta bainuetxe zaharraren ia gune osoa parke babestu gisa sailkatu zen, monumentu-deklarazioarekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Putzuaren aurkikuntza eta lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Johan Jacob Döbelius.

Ramlösako burdin-uren sendatze ahalmena ezaguna zen herri mailan. 1675-1679ko Eskaniar Gerran, esate baterako, Karl XI.aren soldaduek han hartzen zuten atseden; Lagerbring kantzilerraren arabera, "disenteriak jotako soldaduak Ramlösako urak edan ostean sendatu egiten ziren". XVIII. mende hasieran, Gobernuko mediku eta Lundeko Unibertsitateko irakasle Johan Jacob Döbeliusek uren lehen azterketa kimikoa egin zuen. Inguruko biztanleek iturri inguruko basoko lapurrekin kontuz ibiltzeko gaztigatu bazioten ere, Döbeliusek hainbat aldiz aztertu zuen ura: 1701, 1705 eta 1706. urteetan. Ikusi zuenez, urak Suediako beste iturri mineralen osaera burdintsua zuen (burdin oxido karbonatatua), eta uraren indikazio terapeutikoak deskribatu zituen.

Döbeliusek Magnus Stenbock Eskaniako gobernadorearengana jo zuen; hark baimena eta laguntza eman zion putzua ustiatzeko eta 1707ko ekainaren 17an, Karlos XII.aren 25. urtebetetzean, lehen bainuak inauguratu ziren. Milaka pertsona bildu ziren iturrian, bertako urak hartu nahian; baina Döbeliusek argitu zuenean eragin terapeutikoa baliatzeko putzu barruan denbora luzez egon beharra zegoela, 40 pertsona baino ez ziren geratu. [1]

1708an, Döbeliusek Ramlösari buruzko lehen argitalpena egin zuen, bainuen aurkikuntza eta indikazioak azalduz. Hurrengo urtean urek aberatsen artean ospea lortu zuten, eta bainuetxea klinika eta ospitale bihurtu zen. Gaixo asko etortzen ziren urak hartzera: orduko teknikaren arabera, goizero 15-17 edalontzi hartu beharra zegoen, "gorputza garbitzeko"; aktibitate terapeutikoaz gain, bainuetxea aisialdi eta bizitza sozial gune bihurtu zen.

Döbeliusen ostean, 1713an Hans Roslin medikuak hartu zuen bainuetxearen ardura. 1727an Kilian Stobæus medikuak txanda hartu zion, bultzada handia emanez; garai honetan bainuetxean ikasle asko aritu ziren, besteak beste Carl Linneus (loreekin eginiko ordulari bat prestatu zuena, orduaren arabera ireki edo ixten ziren landareekin).[2] Stobæusek 1742an hil arte lanean jardun zuen. [3]

XVIII mendearen erdialdean bost gelatako pabilioi bat eraiki zuten; Ramlösako bainuetxeko bezero gehienak bertan hartzen zuten ostatu. 1749an, Carl Hårleman arkitekto eta gorteko arduradunak deskribatu zuenez, bainuzaleen artean soldadu erretiratuak, nekazari arruntak, diplomatikoak zein funtzionarioak egoten ziren. Garai horretan iturriaren inguruak bere forma naturala mantentzen zuen;[4] baina gero urbanizazio lanak egin ziren, besteak beste iturriaren eremua hesituz, zuhaitz berriak landatuz eta bide eta pasabide berriak prestatuz.

Enpresaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramlösa bainuetxearen zirriborroa Carl Hårlemanen egunkarian 1749–1751.

Bainuetxearen hazkundearekin batera, enpresa iturriaren ondoko lursailak erosten saiatu zen, bertan 200 lekuko hotel berria eraikitzeko; baina lur jabeek ez zuten saldu nahi, udan haiek ere bainuzaleei alokatuz dirua irabazten baitzuten. Bainuetxeak sozietate mugatu forma hartu zuen, lehen jabeak eskaniar lur-jabeak, medikuak eta merkatariak izan zirelarik. Gustavo IV. Adolfo erregeari lur berriak eskuratzeko eskari bat bidali zitzaion, eta honek baietza eman zuen. Gainera bainuetxea handitzeko plana egin zen. [5] 1801ean, putzuak bere lehen errege-pribilegioak jaso zituen, ura kobratzeko eskubidea aitortuz. Bainuetxearen kuota normala riksdaler 1ekoa zen. Aberatsek 2 riksdaler ordaintzen zuten, eta jende arruntak 24 shilling. Hala ere, pobreek ura doan hartzen zuten. [6] 16 000 riksdalerreko kapital sozial berriaren laguntzaz, instalazioak handitu ahal izan ziren: bainuetxea berreraiki, ostatu berri bat –egungo Medikuaren Txaleta–, ukuilu berriak eta gonbidatuentzako lau eraikin berri. Helsingborg eta Råå arteko hondartzan, hiriko lurretan, bainuetxe berri bat eraiki zen. [7] Horrez gain, hainbat lur-jabe familiak txaletak eraiki zituzten bainuetxe nagusiaren ondoan. [7]

Bainuzaleak Ramlösa, Köpinge edo Helsingborgen hartzen zuten ostatu. Ura musika entzunez hartzen zen. Igande eta ostegun arratsaldero dantzaldiak izaten ziren. Helsingborgeko antzerkira joaten ziren. Astean birritan, behartsuentzako diru-bilketak egiten ziren eta botikak doan ematen zizkieten. Pobreek Ramlösa eta Köpinge herrietako ukuilu eta ostatuetan geratzen ziren, harik eta 1802an haientzat aterpetxe berezi bat eraiki arte. Bainuzale kopuruak gora egin zuen urteetan zehar: 1796ean 74rentzat lekua zegoen, 1797: 55, 1798: 81, 1800: 106 eta 1801: 110. Pobreak ere kontatuta, bainuetxean 200 lagun inguru artatzen ziren.

Eberhard Zacharias Munck af Rosenschöld.

Von Platen eta von Dannfelt[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin berriekin, enpresak kapital soziala laster agortu zuen, eta bainuetxea Achates von Platen mariskalari eskaini zion, 50 urterako alokairuan. Honek, Eberhard Zacharias Munck af Rosenschöld medikuarekin batera, bainuetxeari beste bultzada bat eman zion, instalazioetan inbertsioak eginez eta bilgune sozial izaera indartuz. 1807an lehen hotela eraiki zen (20 gelarekin eta 44 zaldi eta 10 gurdi gordetzeko ukuiluarekin) eta parkean hobekuntzak egin zituen, lorategiak eta, 100 fruitu-arbola sartuta. Munck af Rosenschold medikua Karl XIV Johan erregearen arerio politikoa izan arren, errege-familiako kide asko bainuetxearen bezero ziren, bereziki Oskar printzea (gero Oskar I. Suediakoa izango zena). Erret usain horrek Eskaniako gizartea are gehiago erakarri zuen.

1824an von Platenek bainuetxea Carl von Dannfelt koronelari esleitu zion 18.000 riksdalerretan; laster Dannfelt akzio gehienen jabe ere izan zen. Dannfelt-ek von Platenek hasitako bidean jarraitu zuen, adibidez Öresund-eko bainuetxea berreraikiz eta 80 pazienteentzako ospitale berria eraikiz. Parkea estilo ingeles erromantikoan berregin zuen, ibilaldiak egiteko bideekin eta animazioak indartuz: jokoak, musika, zaldien alokairua... 1824an errege familiarentzako egoitza berezi bat eraikitzeko aukera eztabaidatu zen, baina azkenean dirua bainuetxeko egonaldiak ordaindu ezin zituztenei laguntzeko erabiltzea onartu zen. [8] Diru honekin sortutako bainuetxe-ospitalea 1835ean amaitu zen: parkeko eraikin dotoreenetakoa, ospitaleko 46 oherekin. 1828an, Desideria erreginaren bisitarekin, Dannfeltek "erreginaren lorategia" inauguratu zuen bere ostatuaren aurrean (gaurko Villa Desideria).

Jabetza-aldaketak eta noraeza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1840an, bainuetxeak krisi larria izan zuen Rosenschöld medikua eta Dannfelt jabea urtebeteko epean hil zirenean. Honen ostean jabego aldaketa asko eta nahasmen handiko aldia izan zen; 50 urteko alokairua iraungi zenean, eskaniar enpresari talde batek hartu zuen negozioa.

Enpresa berriak eginiko berrikuntzetan bainuetxe berria eraiki zen, eta 1862an areto berria osatu zen, korridoreak jarrita eta parkea zabalduta. 1865ean, Landskronarako trenbideak Ramlösan geltokia ezarri zuen, bainuetxearen komunikazioaren mesederako; gainera zaldi-omnibus linea ezarri zen Helsingborgera. 1875ean, tren-konexioak hobetu ziren Helsingborg-Hässleholm linearekin.

Ramlösa bainuetxeak Curt Wallis-ek argitaratutako "Ramlösa sommaren 1878" liburuxkakoa. Irudiaren beheko eskuinaldean zaldiz tiratutako tranbia ikus daiteke.

1876ean Curt Wallisek hartu zuen negozioa, mediku eta jabe bezala. Wallis-ek zaharkitutako instalazioak berritu zituen, itsasartearen ondoan bainuetxea eraikiz, jatetxe eta musika-pabiloiarekin, eta zaldiz tiratutako tranbia batekin - Suediako lehena- instalazio nagusiekin lotua. Txalet berriak eraiki ziren, eta horretara gela kopurua 100etik 170era handitu zen. 1879an, bainuetxeko hotela erre zen eta handik urte batzuetara beste handiago bat eraiki zen, gaur eguneko hoteleko eraikina alegia (Brunnshotellet). Wallis-ek lan handia egin zuen bainuetxearen ospea berreskuratzeko.

1882an, bainuetxea berriro jabez aldatu zen, Suediako eta Danimarkako inbertitzaileen eskuetara igarota. Instalakuntzak aisialdira bideratu ziren: jolas-parke txiki bat, dantzalekua, tiro-zelaiak, salmenta postuak... 1881-1887 artean arduraduna Truls Johan Hartelius fisioterapeuta izan zen.[9] 1891tik aurrera tren txiki bat ere ezarri zen putzuraino. Ingurune berri honek bisitari asko erakarri zituen, baina hidroterapia zerbitzuen kalterako izan zen; dena den, 1896an Folkets jolas-parkea Helsingborgen ireki zenean, Ramlösak bainuetxe izaera tradizionala berreskuratu zuen.

Iturri berria eta osasun zerbitzuen gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur fabrika 1935 urtean.
Danimarkako errefuxiatuak Ramlösara iristen 1943ko urriaren 5ean, Alemaniako okupatzaileek herrialdeko juduen aurkako jazarpena areagotu ostean.

XIX. mendearen amaieran Rammlösa inguruetan ikatza eta buztina ustiatzeko lanak abiatu ziren, baina horren ordez ur kantitate handiak topatu ziren. Ur hori aztertuta ikusi zuten oso garbia eta mineraletan aberatsa zela, kalitatean orduko Alemaniako osasun-ur onenaren pare (Apollinaris, Bad Neuenahr-ekoa).[10] Lehenengo ur-fabrika 1912an eraiki zen, bainuetxearen ondoan. 1914rako salmentak munto handikoak ziren; gainera, garai berean eginiko beste obra batzuetan, kalitate bereko iturri gehiago aurkitu ziren.

1920ko hamarkadan, ur fabrikaren diru-sarrerak jada bainuetxearenak baino handiagoak ziren, besteak beste suediar gizartean osasun zerbitzuak hobetzen ari zirelako. 1930eko hamarkadan, botilako uraren salmentak gora egiten jarraitu zuen, eta esportazioak abiatu zituzten Danimarka, Finlandia, Britainia Handia, Holanda, Frantzia, Mesopotamia, Turkia, Siria, Palestina eta Egiptora besteak beste. Ordurako bainuetxe zaharra enpresarentzat zama zen, eta gehienbat arrazoi tradizionalengatik mantentzen zuten. Bigarren Mundu Gerran salmentak jaitsi egin ziren eta, horren ordez, bainuetxeko hainbat eraikin errefuxiatuak hartzeko erabili ziren. 1943–45 urteetan, 13.000tik gora iheslari jaso ziren, 200-700 pertsona eguneko. 1945eko apirilaren 9an, Alemaniako kontzentrazio-esparruetatik askatu zituzten presoak Helsingborgera heldu ziren Folke Bernadotteren autobus zurietan, eta hauetako asko ere Ramlösan hartu zituzten.

Bakea itzuli zenean, ur fabrikaren fakturazioa nabarmen igo zen, eta bi aldiz lantegia handitu behar izan zuten lantegia, 1973an Ättekulla Industrialdeko lantegi guztiz berri batera pasatu ziren arte. Urte berean, osasun zerbitzuak behin betiko itxi ziren; artean ospitaleak 66 gaixo artatzen zituen. [11]

Ramlösako konplexua, gaur[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo Ramlösako uren enpresak 1798an sortu zen sozietate mugatu zaharrean sustraiak baditu ere, negozioa ura botilaratzean datza soilik. 2001etik enpresa Carlsberg Breweries garagardo talde daniarrarena da. Lantegiak 80 milioi litro ur baino gehiago botilatzen ditu urtero, horietatik % 10 inguru esportaziora bideratuak.

Parkearen diseinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Ramlösadalen" gunearen ikuspegia. Irudiaren ezkerrean iturri alkalinoa ikus daiteke; eskuinaldean, berriz, landarediaren atzean Ur Pabilioia.

Parkea paisaiaren haran natural batean kokatuta dago, hiru zatitan banatua: hegoaldean bainuetxe zaharraren eraikinez eta txaletez osatutako zati bat; haranean behera, iturriak eta Ur Pabiloia; eta hostozabalen basoaz osatutako iparraldeko zati bat. Parkeak frantziar eta ingeles estiloen nahastea du, bista-lerro luzeak batetik, eta belar soro ondulatuak bestetik.

Hegoaldean bi sarrera daude, bata mendebaldean eta bestea ekialdean. Sarreratik mendebaldera Von Platens etorbide luzea hasten da, gaztainondoez apaindua, bidearen gainean estalki trinkoa sortuz; zumarrak, ezkiak eta astigarrak ere badaude. Etorbidearen bi aldeetako parke ingelesean txaletak ikus daitezke; gero zabalgune bat irekitzen da. Hotelaren sarrera nagusiaren aurrean, legarrez estalitako espazio ireki bat dago eta honen iparraldean 1930eko hamarkadako heskaiez egindako lorategi bat iturri eta loreekin. Lorategiaren iparraldean Villa Linnea eta Villa Viola egurrezko etxeak daude eta honetatik harantzago bainu-etxe zaharra. Hotelaren ekialderago Villa Bellis, Villa Salvia, Läkarvillan, eta Kamrersvillan txaletak daude. Bidearen atzealdean Ospitala dago eta parkearen bigarren sarrerarako bidea.

Haranean kokatuta dagoen parkearen zatia, irekia da, belar-eremu handiekin, zuhaitz eta zuhaixkekin, non rododendroak nabarmentzen diren, giro intimoa sortuz. Ekialdeko aldean Ur Pabiloia dago 1919-21 urteetan eraikia, jatorrizko iturritik hurbil, burdin-urak gorritutako harri hormekin. Hainbat kontzertu eta ekitaldi antolatzen dira hemen. Belar soroaren erdian, haranaren isurialderantz, beste iturri alkalino zahar bat dago: haitzulo artifizial batean, hesi batek itxita. Haranean liken, onddo, intsektu, hegazti eta landareendako biotopo paregabe asko daude.

Muino baten gainerako bidean Ibilbide Filosofikoa deritzona dago, zuhaitz hostozabalen baso mistoan zehar. Hainbat inizial ikus daitezke zuhaitzetan grabatuta, bainuetxe garaian pasealeku erromantiko ezaguna baitzen.

Parkean hainbat zuhaitz berezi daude: Villa Primula inguruan Kaukasoko mahatsondoa ( Ptercarya fraxinifolia ), turkiar hurritza ( Corylus colurna ) eta Txinako sekuoia ( Metasequoia glyptostroboides ) ikus daitezke. Gainera, badago tulipa zuhaitz handi bat (Liriodendron tulipifera) Bellis eta Salvia etxeen artean, uda hasieran loraldi ikusgarria izaten ohi duena. Villa Malvian, berriz, platanoa (Platanus acerfolia) eta sasiakazia (Robinia pseudoacacia). Brunnshotellet ekialdean, gaztainondoa ( Castanea sativa ).

Eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parkean 22 eraikin daude, eta ia guztiak monumentu-aitorpenarekin babestuta daude.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Åberg 1957, 11 orr. )
  2. (Suedieraz) «Carl von Linnés resa till Skåne 1749 - Wikisource» sv.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-20).
  3. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Åbergs2122 izeneko erreferentziarako
  4. Sturzen-Becker, Oscar Patric. Reuterholm efter hans egna memoirer. .
  5. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Åbergs40 izeneko erreferentziarako
  6. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Åbergs42 izeneko erreferentziarako
  7. a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Åbergs4445 izeneko erreferentziarako
  8. (Åberg 1957, 60 orr. )
  9. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :0 izeneko erreferentziarako
  10. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Åbergs119 izeneko erreferentziarako
  11. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman bev18 izeneko erreferentziarako

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]