Salbatzaile Dantza Taldea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Salbatzaile Dantza Taldea

Datuak
Sortze-data1978
MotaDantza Taldea
Dantza taldeko zuzendariaBegoña Arroyo Aldekoa
HiriaKastaños, Bilbo
Probintzia/EstatuaBizkaia
HerrialdeaEuskal Herria
Webguneahttp://salbatzaile.org/web/index.php/es/

Salbatzaile Dantza Taldea euskal dantzak lantzen dituen talde bat da, Bilboko Kastañosko auzoan (Gazteleku auzoan) du egoitza. Begoña Arroyo Aldekoak sortu zuen 1978an.[1]

2023an taldeak 6 urtetik gorako 400 bat partaide ditu: dantzariak (190), fanfarrearen musikariak (20), Pasamaneria taldea (josten eta elementuak egiten, 16), nagusientzako Popularrak ikastaroetan ibiltzen direnak (150).

Talderen lehenengo saioa 1978an izan zen, Kastaños auzoko jaietan. Begoña Arroyo Aldekoak sortu zuen taldea seme-alabei eta lagunen seme-alabei dantzak irakasteko. Gero lagunei, ilobei.... eta urte hauetan guztietan ehunka lagun pasa dira taldetik. Hasieratik asmoa izan da, dantzei, bertoko musika-tresnei eta ohiturei lotutako euskal kultura eta folklorea sustatzea. Hasieran gazte talde bat elkartzea lortu zen eta, belaunaldiz belaunaldi, 40 urtez, mantentzea lortu da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1974/1975ean auzoko hainbat pertsona elkartzen ziren Maite Mendizabalen eta Gotzon Jauregiren etxean euskara ikasteko. Horiek dantzak ere ikasteko gogoa izan zuten eta Salvador elizako parrokoari eskatu zioten toki bat jota eta arin-arin ikasteko. Bego Arroyo hasi zen erakusten, eta gero seme-alabei ere irakasteko eskatu zioten. Eta horrela apurka-apurka hasi zen taldea entseguak egiten, elizak astean ordu erdi batez utzitako lokalean. Lehenengo emanaldia 1978ko auzoko jaietan egin zuten orduko dantzariek.

Ondoren Federazioan sartu ahal izateko izen baten beharra zegoenez, nahiz eta guztiak parrokiakoak ez izan, ezta eliza-zaleak ere, izen hori hartzea erabaki zuten partaideek. 1981az geroztik Bilboko Udalak utzitako lokaletan (merkadilloan, egungo zentro zibikoaren goiko partean) izan ziren taldearen entseguak, zentroa eraberritzeko lanak hasi arte. Orduan Epalza kaleko lonja batera joan ziren taldeko kideak eta gaur egun Kastaños kaleko 27 zenbakian Udalak utzitako lonja batean egiten dituzte entseguak.

Gainera taldearen inguruan auzoan kultur bizitza sustatzen duten beste talde batzuk osatu dira: Let Hotzak (Euskal Jaia antolatzen hasi zenean berbenarako taldea kontratatzeko dirurik ez zegoenez, osatu egin zen eta orduaz geroztik urtero jo du), Triki-banda (triki, alboka eta panderoa), Gora Bandie txistularien banda (kalejirak), Kastaños Kantari (abesteko elkartzen dira), Kastañosko Gaitariak eta Salbatzaileko Joaldunak, emakumeek osatutako taldea, entseguak egiten eta laster ateratzen hasiko direnak. Eta noski, dantza klaseetarako monitoreak, eta ekitaldiak antolatzerakoan bere laguntza musu-truk eskaintzen duten auzokide ugari, horiek gabe taldeak ezin izango bailuke aurrera egin.

Finantzazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salbatzaile Dantza Taldeak udalak entseguak egiteko utzitako lokala erabiltzen du, eta dantza ikastera joaten diren umeek ordaintzen duten kuota materiala erosteko da. Saio berezietan eta ezkontzetan lortzen den dirua taldearentzat izaten da, dauden beharretarako (tartean jantziak eta elementuak erosteko) eta horregatik esan daiteke talde autofinantzatua dela (diru-laguntza baten bat izan duelako, adibidez, 40.urteurrenerako). Eta adibidez, urtean zehar zozketatzen diren mariskaden dirua Euskal Jaia antolatu ahal izateko da. Baina azpimarratu behar da taldeak duen altxor garrantzitsua dela, zalantzarik gabe, bere partaideek egiten duten lan boluntarioa, gazte eta kide asko dantzaria izateaz gain, dantza-monitore direlako, edo ekitaldien antolakuntzan eta lanetan laguntzen dutelako, guzti guztiak musu-truk.

Taldearen jarduerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldeak Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak irakasten eta eskaintzen ditu emanaldietan. Haur eta gazteentzat egunero dantzak erakusteaz gain, duela urte batzuez geroztik 20 eta 60 urte bitarteko pertsona nagusiei dantza Popularrak erakusten dizkiete dohainik, astean behin antolatutako ikastaroetan.

Salbatzaile Dantza Taldeko kideek dantza saioak eskaintzen dituzte auzoan, Aste Nagusian, Arriaga aurrean Bilbao dantzan programaren barruan, Dantzari Egunetan, Urepelen (Xalbadorren omenaldian), beste toki ugaritan... Horiekin batera, beste ekitaldi mota anitzetan hartzen du parte, esate baterako, Red Bull Jauzien Txapelketan Ohorezko Aurreskua eskaintzen[2] eta adarra jotzen, itsasontzian heldutako turistentzat dantza egiten... Inauterietan auzoan Euskal Herriko toki bateko Inauteria dantzatzen eta antzezten, Santiago plazan erromeria antolatzen hilabetero azken larunbatetan Bilbon Dantzan kanpainaren barruan, Bilboko Erraldoi eta buruhandiak eramaten (Aste Nagusiaren hasieratik, lehenengo Mari Jaia ere eramanda), eta amaitu ezineko abar luzea.

Aipatutakoekin batera, taldea ekainaren lehenengo asteburuan duela 17 urtez geroztik Euskal Jaia antolatzen ari da, auzoko jai batzordea desagertu zenetik, auzoko bizilagun ugariren laguntzarekin; Olentzero eta Gabon Zaharraren brindisa ere ospatzen ditu Funiko plazan, jaiak berotzeko argazki lehiaketak antolatu ditu taldeak auzo bizitza sustatzeko, eta azken hiru urteotan egutegi bat argitaratu du auzoko eta lehiaketetako argazkiekin. Ezin ahaztu, bere egunean, Athleticen finalak ikusteko pantailak jarri zituela eta parte hartu zuela Funiaren mendeurrenaren ospakizunetan. Gainera Salbatzailearen Fanfarreak saioak eskaintzen ditu Aste Nagusiko erromerietan, eta hainbat herritan eta auzotan.

Jarduera horiek guztiez gain, auzoko gainontzeko elkarteekin harremanetan dago etengabe Salbatzaile, hainbat ekimen aurrera ateratzeko, esate baterako, Korrika, Uribarri Eguna, Euskaraldia... (Urribarri Auzolan, Tanttaka, Auzoa Berritzen auzoko merkatarien elkartea...).

Beraz, Salbatzaile Dantza Taldea dantza talde bat baino askoz gehiago da, urtez urte bere kideek egindako lan boluntarioari esker auzoaren bizitzaren ardatz bihurtu delako, auzokideen sare zabala osatzea lortu duelako, auzo bizitza mantentzera laguntzen duelako, parte hartu nahi duenarentzat beti irekita, denok Salbatzaile taldekoak izateagatik harro sentitzea lortuz.

Aratusteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtero, Salbatzaile Dantza Taldeak Euskal Herriko aratuste desberdinak plazaratzen ditu:

Urtea Aratustea Lekua
2014 Kaskarotak Lapurdi
2015 Behenafarroa Nafarroa Beherea
2016 Lantz Lantz, Nafarroa
Sorgin Dantza Lasarte-Oria, Gipuzkoa
Atorrak eta Lamiak Mundaka, Bizkaia
2017 Lantz Lantz, Nafarroa
Sorgin Dantza Oria, Gipuzkoa
Atorrak eta Lamiak Mundaka, Bizkaia
2018 Lapurdi Lapurdi
2019 Atorrak eta Lamiak Mundaka, Bizkaia
Lapurdi Lapurdi
2020 Behenafarroa Nafarroa Beherea
Zaku Zaharrak Lesaka, Nafarroa
2021 COVID-19a dela eta, bertan behera utzi zen.
2022 COVID-19a dela eta, bertan behera utzi zen.
2023 Sorgin Dantza Oria, Gipuzkoa
Momotxorroak Altsasu, Nafarroa
Lapurdi Lapurdi

Landutako Dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko zazpi lurraldetakoak diren honako dantzak landu eta plazaratu ditu Salbatzaile Dantza Taldeak:

Bizkaia:

Araba:

Gipuzkoa:

Nafarroa:

Lapurdi:

Zuberoa:

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pacesita (Fundación Cultural "México, Orgullo y Tradición", 2020)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Salbatzaile dantza taldea (Kastaños-Bilbao)» Dantzagune (Euskal Dantzarien Biltzarra) (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  2. (Gaztelaniaz) «Alberto Dueñas, el dantzari del trampolín» El Correo 2015-09-28 (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]