Teresa Ávilakoa

Wikipedia(e)tik
Teresa Avilakoa» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Teresa Avilakoa
Teresa Avilakoa
Santa Teresa, Rubensen margolana
Datu pertsonalak
Izen osoa Teresa Sánchez de Cepeda y Ahumada
Jaio 1515eko martxoaren 28a
Gotarrendura edo Ávila (Gaztelako koroa)
Hil 1582ko urriaren 4a
Alba de Tormes, Salamancako probintzia (Espainia)

Santa Teresa Avilakoa edo Santa Teresa Jesusena, jatorrizko izen-deiturez Teresa Sanchez de Cepeda y Ahumada (Gotarrendura[1] edo Ávila, 1515eko martxoaren 28a - Alba de Tormes, Salamanca, 1582ko urriaren 4a) espainiar moja karmeldarra eta gaztelaniazko idazle mistikoa izan zen. Karmeldarren ordenako erreformatzaile garrantzitsuena izan zen eta Karmel Mendiko Andre Mariaren ordenako lekaime oinutsen ordena sortu zuen, Joan Gurutzekoarekin batera. Horrezaz gainera, Eliza Katolikoko santu eta doktorea da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teresa Sanchez de Cepeda y Ahumada familia noble bateko alaba zen. Aitaren aldeko aitona kristautasunera bihurtutako judua zen, eta ama ere konbertitutako judu familia batekoa zen[1]. Txikitatik martirien testigantzek liluratu zuten, eta neba batekin batera musulmanen lurraldera joatea erabaki zuen limosna eskatzera, horrela musulmanek hil eta martiri bihurtuko zelakoan. Bi haurrideak ermitau izatera ere jostatzen ziren. Zaldunen historiak ere atsegin zituen[2].

1528an, 13 urte zituela, ama hil zitzaion. Garai hartan, lehengusu bat gorte egiten hasi zitzaion eta aitak, harreman hori begi txarrez ikusirik, Àvilako Nuestra Señora de la Gracia komentuan sartu zuen 1531ean. Han hasi zen kontuan hartzen moja sartzeko aukera[2]. 1535ean, aitaren nahiaren aurka, bere jaioterriko komentu karmeldarrean sartu zen eta bi urte geroago nerbio-krisi sakona jasan zuen. 1539. urtearen erdialdean sendatu zen, Josef Nazaretekoaren laguntzari esker, haren esanetan[3].

Santa Teresaren estasia, Gian Lorenzo Berniniren eskultura, 1652.

1542an Jesukristo agertu zitzaiola aitortu zuen, eta 1544an behin betiko konbertitu zen. Handik aurrera estasi eta esperientzia mistiko ugari izan zituen[2]. 1558. urtetik aurrera, Karmeldar Ordenaren erreforma eta jatorrizko arauen araberako kontenplazio bizitza gogorra eskatzen hasi zen. Pio IV.aren baimena jaso ostean, 1562an San José komentua sortu zuen, Àvilan bertan, Karmeldar Oinutsen lehen komentua.

Karmeldar Oinutsek aurreko Karmeldarrek baino arau zorrotzagoak zeuzkaten, eta bizitza zurrunagoa egiten zuten. Joan Gurutzekoaren laguntzarekin, erreforma Karmeldar fraideetara ere hedatu zen, eta behin ordenako nagusien baimena lortuta arin zabaldu zen Gaztela eta Andaluzian zehar bereziki. 1575. urtean, Karmeldar Oinetakodunek eginiko presioak zirela eta, komentu batera erretirau behar izan zuen. Filipe II.aren ekimenei esker 1580. urtean Gregorio XIII.a Aita Santuak onartu egin zuen Karmeldar Oinutsen ordena.

Denetara 17 komentu sortu zituen: Ávila (1562), Medina del Campo (1567), Malagón (1568), Valladolid (1568), Toledo (1569), Pastrana (1569), Salamanca (1570), Alba de Tormes (1571), Segovia (1574), Beas de Segura (1575), Sevilla (1575), Caravaca de la Cruz (1576), Villanueva de la Jara (1580), Palencia (1580), Soria (1581), Granada (1582) eta Burgos (1582)[2].

1582ko urriaren 4an hil zen Alba de Tormes hirian (Salamanca). 1614an Paulo V.ak dohatsu izendatu zuen, 1622an Gregorio XV.ak santu egin zuen eta 1970ean Paulo VI.ak, Katalina Sienakoarekin batera, Eliza Katolikoko lehen emakume doktore izendatu zuen.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle oparoa izan zen eta erlijio gaiak erabili zituen beti: Camino de la perfección (1565, «Betegintzarraren bidea»), Libro de las siete moradas (1577-1578, «Zazpi egoitzetako liburua»), Libro de las fundaciones (1610, «Fundazioen liburua») eta Libro de las misericordias de Dios (1611, «Jaungoikoaren urrikalpenen liburua»).

Ospakizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere jaieguna urriaren 15ean ospatzen da, hil zen urte berean Gaztelan gregoriotar egutegia abian ipini zelako eta egutegi berri horrekin haren heriotz eguna urriaren 4a izan beharrean 15a zelako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Burgos Madroñego, Manuel, «En torno a santa Teresa de Jesús», Isla de Arriarán: revista cultural y científica (10): 263–280, dialnet.unirioja.es, http://www.dialnet.unirioja.es/descarga/articulo/2571289.pdf. Noiz kontsultatua: 2016-02-28 .
  2. a b c d   Santa Teresa de Jesús: Biografia, santateresadejesus.com, http://www.santateresadejesus.com/santa-teresa-de-jesus-biografia/biografia/. Noiz kontsultatua: 2016-02-28 .
  3.   Libro de la Vida I. Relato autobiográfico, Ediciones Rialp, books.google.com.ar, https://books.google.com.ar/books?id=jy6zBQAAQBAJ&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2016-02-28 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Teresa Ávilakoa Aldatu lotura Wikidatan